Pertsonak eta Antolakunde Publikoak kudeatzeko Euskal Aldizkaria
“Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkaria” (ISSN paperezko bertsioan: 2173-6405; ISSN online bertsioan: 2531-2103) 2011n hasi zen argitaratzen giza baliabideak kudeatzeko arloan, antolakuntzakoan eta etengabeko hobekuntzakoan zegoen argitaratze-hutsunea betetzeko asmoz. Eta aldizkari berri hau horretan laguntzera dator; bertan, lekua egin nahi diegu, gure erakunde publikoen eta erakunde horietan lan egiten duten pertsonen lana hobetze aldera, ideiak eman ditzaketen azterketa, ikerketa, proposamen, esperientzia eta lan guztiei, gizarte-zientzien esparruko diziplinen (psikologia, zuzenbidea, politika-zientzia, ekonomia eta soziologia) gaien inguruan. Aldizkaria sei hilabetean behin argitaratuko da (ekainean eta abenduan), baina zenbaki berezi edo monografikoak gaineratu daitezke.
Argitalpen honen Erredakzio Kontseiluak ez du loturarik IVAPen egitura organikoarekin, bere independentzia eta jarduteko askatasuna berma daitezen. Kontseilu hori Valentziako Unibertsitateko José María Peiró Silla katedradun ospetsuak, besteak beste, President of the International Association of Applied Psychology (IAAP) kargua ere izan duenak, zuzentzen du. Arlo publikotik zein pribatutik datozen hainbat lagun ere Kontseiluko kide dira; pertsona horiek eskarmentu handia dute irakaskuntzan eta lan-arloan, argitalpeneko gaiei dagokienez.
Nazioarteko kalitatezko kolaborazio guztietara zabalduta dago, eta 2014tik hona kanpoko Aholku-Kontseilu bikaina du. Bere kideak ikertzaileak eta izen handiko profesionalak dira pertsonen eta erakundeen kudeaketaren esparruarekin zerikusia duten diziplinetan. Euren jakinduria intelektualari esker aldizkariaren kalitate akademiko eta zientifikoa bermatzen dute.
Artikuluak jasotzen ditugu urte osoan zehar. Artikuluak jaso bezain pronto ebaluatzen dira, honako prozedura hau jarraituta: a) artikulua jaso bezain laster, jaso izanaren adierazpena bidaltzen zaio bidaltzaileari, e-postaren bidez; b) aldizkariaren erredakzioak erabakitzen du atzera botatzea (aldizkariak landutako gaietatik haratago doazen lanen kasuan) ala kanpo ebaluazioaren prozesua hastea, eta horren berri ematen dio egileari; c) gaian adituak diren pertsonen ebaluazio anonimoa aplikatzen dio, “itsu-bikoitza” prozedura jarraituta (ebaluazio desegokien kasuan, Erredakzio Kontseiluak testua ebaluatzaile berri bati bidaltzea du); d) eta, azkenik, ebaluatzaileen txostenen arabera, Erredakzio Kontseiluak ondorengo erabakietako bat hartuko du, egileei jakinaraziko zaiena: artikulua onartzeko edo atzera botatzeko behin betiko erabakia. Prozesu guztia batez beste 16 astez luzatzen da, artikulua Idazkaritza Teknikoan (rvgpop@ivap.eus ) jasotzen denetik argitaratzen den arte. Epe hori dirauen bitartean, autoreei eskatzen zaie euren artikulua beste aldizkarietara ez bidaltzea.
Prozesu honek dirauen bitartean idazkaritza teknikoak artikuluaren bertsioen eta euren lanaren egoeraren berri emango dizkie autoreei. Argitalpen-prozesu aren inguruan autoreek informazioa behar badute, idazkaritza teknikoarekin (rvgpop@ivap.eus)) harremanetan jar daitezke.
IVAPen aldizkako argitalpen guztiak biltzen dituen atari hau sortuta, bilaketa-sistema erraz baten bidez, argitaratutako zenbaki eta artikulu guztien kontsulta eta deskarga erraztu nahi da, inolako murrizketarik gabe, “Aldizkarien aurkibidea” eta “Aldizkarien eta edukien kontsulta” fitxetan.
IVAPeko Zuzendaritzak eta Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak pentsatzen dute tresna horrek argitalpenaren edukiak eskuratzen lagunduko duela eta sarbidea ere bultzatuko dela, eta horrela argitalpena finkatu, aberastu eta erabilgarriagoa bihurtuko den konfiantza osoa dute.
IRIZPIDE IREKIKO POLITIKA ETA EGILE-ESKUBIDEAK
Aldizkari honek berehalako irispide irekian eta testu osoarekin eskaintzen ditu bere edukiak, ikerketaren emaitzetarako irispide librearen politikak ezagutza-trukea maila globalean areagotzen duelako printzipioan oinarrituta. Erabiltzaileek aldizkari honetako artikuluen testu osoak irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo lotu ditzakete, aurretik editorearen edo egilearen baimenik eskatu gabe. Hori bat dator “Budapest Open Access Initiative” (BOAI) delakoak irispide irekiaz egindako definizioarekin.
IVAPek kontserbatu egiten ditu argitaraturiko lanen ondare-eskubideak (copyright), eta lan horien berrerabilpena baimentzen eta sustatzen du, BY-NC-ND erabilera-lizentziaren pean.
Lanak aldizkariaren edizio elektronikoan argitaratzen dira, Creative Commons-en BY-NC-ND lizentziaren pean. Lanak kopiatu, erabili, zabaldu, transmititu eta erakutsi daitezke, honako baldintza hauek beteta: 1) egiletza eta argitalpenaren jatorrizko iturria aipatzea (aldizkaria, argitaletxea eta lanaren URLa); 2) helburu komertzialetarako ez erabiltzea; 3) erabilera-lizentzia eta berorren espezifikazioak aipatzea.
Artikulurik irakurrienak azken sei hilabeteetan
2025eko urtarrilaren 2an, beste etapa bat hasi da Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkarian, eta une horretan erantzukizunez eta ilusioz hartu dut nire gain haren lehendakaritza. Gertaera garrantzitsu horrek aukera ematen du aldizkaria erreferentziazko espazio gisa sendotzeko kudeaketa publikoan eta pertsonen garapenean, haien eztabaidatzeko eta hausnartzeko gaitasuna indartuz.
Aldizkaria 2011n sortu zen, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan (IVAP), eta, harrezkeroztik, oso gogoan izan ditu institutu horren balioak eta oso errotuta egon da bere gizartean. Jatorri horrek ezaugarritzen gaitu, baita aurrerantzean ere kudeaketa publiko jakin bat sustatzera behartzen ere: kultura- eta lurralde-aniztasuna errespetatzen eta baloratzen duena eta gure erakundeak indartzen eta pertsonen garapena bultzatzen laguntzen duena.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot José María Peiró Silla doktoreari, kargua uzten duen presidenteari, argitalpen honen gidaritzan lan bikaina egiteagatik, eta haren eraginkortasuna agerian geratu zen agur-aurkezpenean.(PDF, 1 MB) Era berean, aitortu egiten dut beren etapa amaitu duten Erredakzio Kontseiluko kideek egindako lan baliotsua; haien lanari esker, asko aurreratu dugu. Jarraitzen dutenei eskerrak ematen dizkiet etorkizuneko ikuspegi horrekin duten konpromisoa berritzeagatik. Berriei eskerrak ematen dizkiet erronka hau onartzeagatik. Eta IVAPeko taldeari ere bai, ezinbesteko lana egiten baitu.
Etapa berri honetan, gure ikerketa- eta eztabaida-arloak indartu eta handitu nahi ditugu. Berrikuntza nagusien artean, lanaren eta antolakundeen psikologia gehitzeko zeregina dago, edukien, ikerketaren eta berrikuntzaren eremu zehatz eta esanguratsu gisa. Ikuspegi horri esker, aztertu eta azaldu ahal izango da nola printzipio psikologikoek eragin ona duten ongizatean, errendimenduan eta lan-dinamiketan, batez ere administrazio publikoen eremuan.
Horrekin batera, antolaketaren diseinuari emango diogu lehentasuna, datorren hamarkadan administrazio publikoek izango dituzten erronkei aurre egiteko erabakigarria delakoan. Horrek, besteak beste, eraginkortasuna, efizientzia, inklusioa eta berrikuntza bultzatuko dituzten ereduak bilatzea dakar berekin, belaunaldien arteko erreleboaren, automatizazioaren eta adimen artifizialaren garai korapilatsu hauetan giza baliabideen berezitasunak kudeatzearen ikuspegitik betiere. Sinetsita gaude jokatzeko era bateko eta besteko moduak kudeatzea ez dela agindu etiko bat soilik: ezinbesteko estrategia ere bada herritarren eskaerei eta beharrei eraginkortasunez erantzuteko gai izango diren antolakunde publikoak eraikitzeko.
Euskarri juridikoa funtsezko oinarria izango da etapa honetan. Administrazio-zuzenbidean, funtzio publikoaren zuzenbidean, lan-zuzenbidean eta berdintasunerako zuzenbidean oinarrituko ditugu gure gogoetak, eta ziurtatuko dugu proposamenak eta azterketak behar den zorroztasun eta segurtasun juridikoarekin egingo direla.
Sei hilean behin argitaratzen jarraituko dugu, eta berdinen arteko berrikusketa-sistema erabiltzen, edukien kalitatea eta garrantzia bermatzeko. Artikulu enpirikoak eta sintesi zorrotz eta proposamen berritzaileak aterako ditugu, txandaka. Gainera, administrazio publikoetan aurrerabidea bultzatzen duten jardunbide onak ikusarazi nahi ditugu; sarritan, izan ere, batere nabarmendu gabe bultzatzen dute.
Orientazio berritu horrekin, berresten dugu foro plurala izateko eta akademikoek, gidariek eta arduradun publikoek ideiak trukatzeko irekita dagoena izateko dugun konpromisoa. Aldizkari hau aurrerantzean ere eztabaidarako eta antolakunde publiko gizatiarragoak, eraginkorragoak eta berritzaileagoak egiteko ezinbesteko topagunea izatea nahi dugu.
Mikel Gorriti Bontigui
Egungo Erredakzio Kontseiluko Presidentea
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 10a