Osasun Saila

Tabakoa

OMEren arabera, guztiz edo neurriren batean tabakoz eginikoak dira tabako-produktuak, berdin dio erretzeko, zupatzeko, murtxikatzeko edo esnifatzeko diren. Guztiek dute nikotina, oso osagai psikoaktibo adiktiboa.

Saihesteko moduko heriotza-kausetan prebenitzen errazena tabakismoa da gaur egun; jende askoren sufrimendu-iturri, eta lan-urte asko galtzeko motiboa izaten da. Gaixotasun kroniko bat baino gehiago sortzeko arrisku-faktorea izanik (minbizia eta biriketako gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak eragiten ditu), gaur egun osasun publikoak duen mehatxu handienetakoa da.

Ugalkortasun-adinean diren emakumeen artean, tabakoa kontsumitzea antzutasun-arazoekin dago loturik, haurdunaldian arazo gehiago edukitzearekin (plazenta prebioa, plazenta askatzea) eta umekiaren arazoekin, esate baterako umekia hiltzearekin eta pisu gutxirekin jaiotzearekin. Geroz eta garbiago dago, gainera, seme-alabengan ere eragiten dituela ondorioak, adibidez, haurren bat-bateko heriotza-sindromea, arnas-funtzioa ahultzea, arazo neurokognitibo gehiago eta obesitaterako eta tabako-adikziorako arrisku handiagoa.

Nerabeen artean ere badu ondoriorik tabako-zaletasunak: itxura eskastea (aho-kiratsa, hortzak horitzea), lanean etekin urriagoa, arnasetako sintomak (eztula, karkasak, txistu-hotsa, arnasa hartzeko arazoak), asma, gaixotasun kardiobaskular goiztiarra eta kostu ekonomikoa.

Zigarro elektronikoa (e-zigarroa) gailu elektroniko bat da, gehienetan zigarrotxo-itxura duena. Nikotina, propilenglikol eta beste osagai kimiko batzuekin eginiko nahasketa lurruntzen du. 2007an iritsi ziren, Internetetik; 2013an hasi ziren ugaritzen, denda berezituetan; eta 2014aren amaieran hasi ziren urritzen.

Oraindik ez dakigu zigarrotxo elektronikoak zer-nolako ondorioak eragingo dituen epe ertainera eta luzera. Eztabaida hori bizi-bizi ibili da esparru zientifikoan eta gizartean.

Erretzaileek kalte txikiagoak pairatzeko tresna gisara aurkeztu izan da, baina zientifikoki ez dago garbi epe luzera erretzeari uzteko lagungarria ote den, eta, gainera, ikusi egin behar zein zigarrotxo-mota erabiltzen den eta zer sarri, horrek ere bai baitu zer esana emaitzetan.

Tabakismoa kontrolatzeko estrategietatik begiratuta, irudipena da kerik gabeko lekuei buruzko legeen aurkako mehatxu bat dela. Eta baliteke, gainera, gazteen artean nikotinarekiko mendekotasuna zabaltzen laguntzea.

Zigarro elektroniko gehienek nikotina edukitzea -hala baitaukate- kaltegarria izan daiteke maila kardiobaskularrean (bihotzekoa, bularreko angina eta abar), arnas-sistemarako (arnasaren maiztasuna handitzea eta biriketako inmunitatea eskastea), eta hormonetarako. Garrantzitsua da gogoan izatea nikotinak plazenta zeharkatzen duela eta esnetatik ere isurtzen dela; horregatik, haurdun dauden emakumeek eta bularra ematen ari diren emakumeek ez dute erre behar, umekia eta haurra substantzia horren eraginetik babesteko.

Azken aldaketako data: