Osasun Saila

Psikofarmakoak

Substantzia batzuekiko mendekotasunaz hitz egiten denean, sarri askotan ez da kontuan hartzen balitekeela farmako batzuek ere -neurri gabe, testuingurutik kanpora eta kontrol erregular eta zorrotzik gabe hartuz gero- adikzio-prozesu larria eta kontrolagaitza sortzea.

Gure bizkor bizi beharra, tentsioa askatu ezina eta asmo zein nahiak eta sentimenduak ondo bideratu ezina dela-eta, geroz eta jende gehiagok du antsietatea, insomnioa eta estresa, eta geroz eta arruntagoa da lasaigarri gehiegi hartzea.

Ondoeza ekiditeko, sendagaiak hartzen dira, baina kontrolik gabe hartzen baldin badira eta, gainera, ez baldin bada tratamendu psikologiko osagarririk edo alternatiborik hartzen arazoaren muina konpontzeko, sendagaiotara lotuta geratzeko arriskua dago.

Psikofarmakoekiko adikzioak, “isilpeko adikzioa” delakoak, hiru mailatan ditu ondorioak: maila fisiologikoan, gorputzak dosi handiagoa eskatzen duelako; maila kognitiboan, pilulak lortu beharra edo kontsumitzea izango dugulako batez ere buruan; eta jokabidean, batzuek adikziorik gabe inoiz egingo ez lituzketen gauzak egiten dituztelako.

Badira sintoma batzuk substantzia horiek gehiegi hartzen ari garela adierazten dutenak: isolamendua, jarrera- edo umore-aldaketak, betiko jarduerak bertan behera uztea, harreman sozialak galtzea edo okertzea, eta laneko arazoak.