Ketamina
“Anestesiko disoziatibo” bat da (gorputza eta burua banatzen dituztenetakoa). Gutxi irauten du. Urtuta egoten da; edo merkaturatzen diren sendagai batzuen printzipio aktibo modura; edo, sukaldatu ondoren, hautsetan (likido eszipientea lurrindu ondoren). Normalean inhalatu egiten da edo azalaren azpitik sartu. Depresore eta haluzinogenotzat hartzen da, eta oso mendekotasun psikologiko handia eragiten du.
Ondorioak:
-
Dosi txikia: Ondorioak alkoholaren edo lasaigarrien mozkorraldiak eragiten dituenen antzekoak dira: euforia; koordinazioa eta oreka galtzea; hitz egiteko, ibiltzeko eta pentsatzeko zailtasunak; ikusmen lausoa edo bikoitza; eta hotsak distortsionatzea.
-
Dosi ertaina: lehengo ondorio horiek baina areagoturik. Ondorio psikodelikoak agertzen hasiko dira.
-
Dosi handia: anestesia sortu eta mina ezabatu. Gorputzaren zantzua ia erabat galduta, bidaia psikodeliko oso indartsua izango dugu, haluzinazio eta guzti. Batzuetan “bidaia txarra” izaten da (antsietate-krisia, izua, depresioa). Arnasa gelditzeko arriskua eta heriotzaren hurbileko esperientziaren bat jasateko arriskua (oxigeno-falta, zirkulazio baxua eta epilepsia).
-
Epe luzerako ondorioak: Flashbackak (ezer kontsumitu gabe ere ondorioak berriro agertzea), burmuineko kalteak, oroitzeko eta kontzentratzeko arazoak, hizkuntza-trebeziak trakestea, digestioa egiteko eta gernua egiteko arazoak, ikusteko arazoak, loa nahastea, antsietatea, paranoiak eta depresioa.