Jokaerazko adikzioak (substantziarik gabe)
Adikzioen historia eta gizakiarena eskutik helduta doaz. XX. mendearen amaieran adikzio-mota berri bat sortu zen. Ez zen jada betiko drogekiko menpekotasunik -alkohola edo tabakoa adibidez-, edo droga sintetiko edo beste substantzia batzuekiko menpekotasunik; eguneroko jarduera edo jokaera zenbaiten menpekotasuna baizik, baina, adikzio bihurturik, gustura bizi ezina zekarten.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, lau pertsonatik batek badu jokabide-nahasmenen bat sustantziarik gabeko adikzioekin zerikusia duena.
Joko patologikoa, internet eta sare sozialen gehiegizko erabilera, erosketetarako adikzioa, sexurakoa edo lanerakoa dira jokaerazko adikzio nagusiak.
Zer diren
Gizakiaren hainbat jarduerarekin zerikusia duten nahasmen mendekotasun-sortzaileak dira. Badira ohitura batzuk, itxuraz inolako gaitzik eragiten ez, baina adiktiboak bihur daitezkeenak. Gure eguneroko bizitzan eragin larriak izan ditzakete. Substantziarik gabeko adikzio bat daukatenentzat ezinezkoa da dena delako jokaera hori behin eta berriz errepikatu gabe egotea (jokoan aritzea, sare sozialetan sartzea, erosketak eta abar).
Jokaerazko adikzioaren gakoa ez baita zer-nolakoa den jokabidea bera, harekiko sortzen dugun harreman-modua baizik. Adiktuak galdua du dena delako jokabidearen kontrola, eta harekin jarraituko du, baita ondorio kaltegarriak eragin arren ere; horixe da nahasmenaren muina.
Arrazoiak
Norberaren ezaugarriak eta zirkunstantziak askotarikoak dira, sozialak ere bai, eta, horregatik, oso prozesu ezberdinetatik irits gaitezke adikziora. Horrek esan nahi du ez dutela beti arrisku-faktore berberek zertan hortxe egon, baina hiru motatako elementuak behar dira adikzioa egoteko:
- Norbanakoaren arrisku-faktoreak: Nork bereak dituenak, inguruak ia ezertan eraginik izan gabe (faktore biologikoak, buruko trastornoak).
- Izaeraren arrisku-faktoreak: Izaerarekin zerikusia dute eta inguru hurbilaren eraginpean egon daitezke (jarrerak, sinesmenak, trebezia sozialak, autoestimua, oldarkortasuna, presentismoa).
- Mikrotaldeen eragina (familia, eskola, parekoen taldea, auzoa, lana) eta testuinguru makrosoziala. Adikzioa eragiteko moduko jokabideek badute beti balore-, estereotipo- eta mito-andana bat inguruan, talde batzuentzat erakargarriak bihurtzen dituztenak. Gizartearen baloreek eta eskakizunek, gainera, gaitzagoa egiten dute gizartearen mailaketan lekurik okerrenean dauden taldeak integra daitezen.
Ondorioak
Patroia berbera da jokaerazko adikzioetan eta substantzia kimikoen adikzioetan. Jokaerazko adikzioetan, aseko bagara -hori nahi baitugu-, dena delako jokabidea geroz eta maizago errepikatzeko geroz eta behar handiagoa izango dugu. Menpekotasuna sortzen dute, abstinentzia-sindromea eta tolerantzia. Ezaugarri horiek bereizten dituzte drogarik gabeko adikzioak zer edo zer sarri-sarri egite hutsetik.
Tratamendua
Ez dago tratamendu bakar bat. Jokaerazko adikzio guztiak oso ezberdinak dira eta bakoitzak baditu bere ezaugarri bereziak.
Baina, eta ezberdintasunak ezberdintasun, badira sintoma batzuk jokaerazko adikzio guztietan agertzen direnak, eta, azaleratzen direnean, laguntza eskatzen dutenak:
- Kontrola galtzea: irrika, premia geldiezina gustua ematen digun dena delako zera hori gauzatzeko.
- Menpekotasun-harremana: nahi duguna egin ezin badugu, haserrea eta ondoeza (abstinentzia); denbora-tarte txiki batekin ase ezina; eta, behin eta berriz saiatu arren jolasteari uzten, ezin.
- Tolerantzia: efektu bera lortzeko geroz eta kantitate handiagoa behar.
- Ezkutatzea: ondokoak ohartzen dira ondorio kaltegarriez, eta adikzioa jasaten duenari esaten diote, baina hark, autobabes-mekanismo modura, arazoa ukatu egiten du.
Drogarik gabeko adikzioetan, dena delako jokabidea kontrolatzen ikastea da helburu terapeutikoa.
Gaur egun, gehienetan, terapia kognitibo koduktuala erabiltzen da nahasmen horiek tratatzeko, eta normalean ez da farmakorik erabili behar izaten.
Babes-faktoreak
Badira faktore batzuk adikzioak jasateko aukerak murrizten dituztenak.
- Norbanakoaren faktoreak: autoestimu handia, erabakiak hartzeko gaitasuna, asertibitatea, baloreak, trebezia sozialak.
- Testuinguru sozialarekin zerikusia duten faktoreak: familian (komunikazio ona, senitartekoekiko atxikimendua, gurasoak afektiboki hurbil); eskolan (eskola-giro ona, kide gatazkatsurik ez, irakasleen jarrera); lanean (lana ondo antolaturik, lan-giro ona, lankideekin elkarreragin ona).