Osasun Saila

Herritarrentzako informazioa

Zergatik sor ditzaketen ondorio kaltegarriak medikamentuek?

Edozein medikamentuk sor ditzake ondorio kaltegarriak.

Ondorio kaltegarrietariko asko erlazionatzen dira paziente baten tratamendurako medikamentuaren funtzionatzeko moduarekin.  Esate baterako, “beta-blokeatzaileak” diren medikamentuek hipertentsio arteriala tratatzen dute, odol-hodien giharretako atal jakin batzuetan eraginez, erlaxarazten eta presio arteriala gutxitzen. Medikamentu mota horiek, ordea, bihotzeko atal-mota berdinetan eragiten dute, eta zenbait pazienterengan ondorio kaltegarria sor dezakete.

Ondorio kaltegarri batzuk, ordea, ez daude argiro lotuta medikamentuak gorputzean eragiteko duen moduarekin, eta, horrenbestez, ezin dira aurreikusi. Pazienteek modu desberdinetan erantzun dezakete medikamentu bera hartuz, eta horregatik oso zaila da aurreikustea pazienteren batek ondorio kaltegarriren bat nozituko duen ala ez.

Medikamentu guztiek ondorio kaltegarriak sor baditzakete, ez dago medikamentu segururik?

Medikamentu eraginkor bat ere ez dago ondorio kaltegarrietatik salbu. Dena den, oso gutxitan gertatzen da medikamentu batek ondorio kaltegarri asko eragitea. Oro har, medikamentu bat hartzen duten pertsona gehienek ez dute inolako ondorio kaltegarri larririk nozitzen. Ohikotzat jotzen diren ondorio kaltegarriak ere medikamentua hartzen duten pertsonen portzentaje txiki batean baino ez dira gertatzen.

Medikamentu bat hartzea erabakitzen duzunean, medikuarekin batera betiere, bi aukerak hartu behar dituzu aintzat: ondorio kaltegarria izateko arriskua zein onura.

Zeinek kontrolatzen ditu medikamentuak Espainian?

Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak. Izan ere, organismo horrek hartzen du medikamentuen zaintzaren gaineko ardura, eta arazoren bat egonez gero neurriak hartzen ditu herritarrak babesteko. Lan horretan lankidetzan aritzen da autonomia?erkidegoekin, zaintza farmakologikoen zentroen bidez, haien lurraldean izaten diren jakinarazpenak jasoz (herritarrek eta osasun-arloko profesionalek bidaltzen dituzte).

Zer egin behar dut medikamentu batek ondorio kaltegarriren bat eragiten badit?

Uste baduzu medikamentu batek ondorio kaltegarriren bat eragin dizula, zure medikuarengana edo farmazeutikoarengana jo behar duzu. Osasun-arloko profesional batek susmatzen badu ondorio kaltegarriren bat izan dezakezula, informazioa eskatuko dizu, Zaintza Farmakologikoko Unitateari jakinarazteko “txartel horia” izeneko formularioa betez.

Horrez gain, zuk zeuk eman dezakezu horren berri, web honen bidez: https://www.notificaRAM.es/

Zer egingo dute bete berri dudan jakinarazpenarekin?

Datu-base espezializatu batean sartzen dira jakinarazpenak, azkar aztertu eta ebaluatu ahal izateko. Pazienteek edo osasun-arloko profesionalek bidalitako gainerako jakinarazpenen testuinguruan hartuko da aintzat zurea ere.  Zaintza Farmakologikoko Unitateak eta Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak zenbait modutan erabil dezakete zure jakinarazpena:

  • Antzeko jakinarazpenen azterketa espezifiko bat egiteko, medikamentuen segurtasunari buruzko informazio berria identifikatze aldera.
  • Pazientearen ikuspuntua kontuan hartu, eta medikamentuak erabiltzen dituzten pertsonengan ondorio kaltegarriak duten inpaktua hobeto ulertzeko.
  • Beste erakunde batzuei informazio gehigarria eskatzeko.
  • Ondorio kaltegarriari buruzko eztabaida izateko medikamentuak arautzen dituzten beste organismo batzuekin, Europar Batasunekoak zein handik kanpokoak izan.

Benetan inportantea al da nire jakinarazpena?

Bai. Jasotzen ditugun datuak oso garrantzitsuak dira jendea babesteko egiten dugun lanean, medikamentuak segurtasunez erabil daitezen ziurtatze aldera. Izan ere, datu horiek izan behar ditugu ondorio kaltegarri berriak ezagutzeko  eta ezagutzen ditugun ondorio kaltegarrien arriskuak nola gutxitu antzemateko.

 

Azken aldaketako data: 2017/05/26