Sarrera
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailean eta Osakidetzan botikak agindu, ikus-onetsi eta emateko sistema berri bat garatu da, fidagarriagoa eta seguruagoa, bai herritarrentzat bai Osakidetzako eta Farmazietako osasun-langileentzat abantaila asko dituena: errezeta elektronikoa edo e-rezeta.
E-rezeta proiektua funtsezkoa da Euskal Osasun Sisteman. Beraren bidez, botiken erabilera segurua eta efizientea sustatzen da, eta, era berean, errezeten eta ikus-onetsien izapide administratiboak eraginkorrago bilakatzen dira.
E-rezetarekin paperezko errezetak desagertu egingo dira. Orain osasun-aginduaren informazioa bide telematikotik kargatzen da, eta zuzenean iristen da Farmaziara. Horrela, pazientea kontsultara joan ondoren, zuzenean Farmaziara abiatuko da bere osasun-txartelarekin, eta han emango diote agindutako botika. Hori egin daiteke Osakidetzako Osasun Zentroak eta Euskadiko Farmaziak informazio teknologien bidez komunikatuta daudelako, eta agindutako botiken datuak denbora errealean telematikoki helarazten direlako.
Sisteman sartzeko giltza osasun-txartela da, egungoa ordezkatuko duena. Nahitaezkoa da txartela erakustea botikak lortzeko eta gainerako osasun-zerbitzuak erabiltzeko.