Osasun Saila

Dermatologia

Dermatologia ibotika

Oinetan azkura daukazu? Atleta-oina izan dezakezu

Itzuli>

Oinetan azkura daukazu? Atleta-oina izan dezakezu

BEROA + HEZETASUNA -> ATLETA-OINA. Onddoek eragindako infekzio oso arrunta da. Behatz tarteetan agertzen da normalean, baina zabaldu egin daiteke. Beroak eta hezetasunak onddoa haztea errazten dute: oinetako itxiak eta izerdiak bustitako oinak baldintza paregabeak dira harentzat.

  • Erraz kutsatzen da infektatuta dauden pertsonekiko kontaktuagatik, toallak, arropak edo esterillak partekatzeagatik, edota oinutsik ibiltzeagatik igerilekuetan, aldageletan…
  • Deskamazioa, azkura eta gorritasuna eragiten ditu hasieran, infekzioak aurrera egin ahala, erresumina, hantura, arrakalak, babak edo ultzerak eragin ditzake.
  • Ukitu edo hazka eginez gero, infekzioa zabal dezakezu eskuetara, azazkaletara edo iztaietara.

Oinetan azkura daukazu? Atleta-oina izan dezakezu

Prebentzioa: oinak LEHOR mantendu, behatz tarteak, batez ere

Kotoizko galtzerdiak jantzi, eta aldatu, beharrezkoa denean. Transpiratzen duten oinetakoak erabili, eta txankletak jantzi igerilekuetan, aldageletan…

Tratamendua: zenbat eta lehenago hasi, orduan eta errazago kenduko duzu

Sendagai antifungikoak (bifonazola, klotrimazola eta terbinafina) errezeta gabe eskura daitezke farmazietan, kreman edo espraian.

Oinak garbitu eta ondo lehortu, igurtzi gabe. Ondoren, tratamendua aplikatu infektatutako gunean. Oheratu aurreko momentua da aproposena. Garbitu ondo eskuak tratamendua eman eta gero.

Nahiz eta sintomak desagertu, erabilera-orrian agertzen den denbora tartean tratatu, infekzio berririk ez izateko.

Galtzerdiak, izarak eta toallak sarri garbitu 60 ºC-tan.

Osasun zentrora joan zaitez baldin eta:

  • 1) 1-2 asteko tratamenduaren ondoren infekzioak ez badu hobera egiten.
  • 2) Oina handituta baduzu, oso gorri, bero edo zornearekin.
  • 3) Diabetesa baduzu edo defentsak baxu badituzu (transplantatuak, GIB positiboak…)
  • 4) Infekzioa zure gorputzeko beste atal batzuetara zabaldu bada.
  • 5) 12 urte baino gutxiagoko pertsona bada.

Fotosentikortasuna. Arriskua medikamentuak eta eguzkia elkartzean

Itzuli>

Fotosentikortasuna. Arriskua medikamentuak eta eguzkia elkartzean

Zer da fotosentikortasuna

Eguzki izpiek edo erradiazio ultramoreek eragin dezaketen larruazaleko gehiegizko erreakzioa da. Azkura, larruazaleko hantura edota erredura larriak eragin ditzake.

Nahiz eta zure larruazala ez izan eguzkitan erraz erretzekoa, zenbait medikamentuk (aho bidez hartuta edo larruazalean aplikatuta) kalteak sortu ahal dizkizute larruazalean, baita minutu gutxi batzuk eguzkitan egonda ere. Fotosentikortasuna errezeta gabe erosten diren medikamentuek ere eragin dezakete, baita hainbat kosmetikok eta landarek ere.

Medikamentu hauekin adibidez askotan gertatzen da:

  • Antibiotikoak: lebofloxazinoa, ziprofloxazinoa, norfloxazinoa, doxiziklina…

  • Farmako kardiobaskularrak: hidroklorotiazida, furosemida, amiodarona…

  • AIEE: naproxenoa, ketoprofenoa, meloxikama…

  • Aknearen aurkako farmakoak: isotretinoina, benzoil peroxidoa…

  • Kimioterapikoak: fluorouraziloa, metotrexatoa…

  • Antifungikoak: itrakonazola…

  • Antiepileptikoak: karbamazepina…

  • Antihistaminiko topikoak: difenhidramina, dimetindenoa...

  • Antipsikotikoak, antidepresiboak eta antsiolitikoak: haloperidola, paroxetina, alprazolama…

Fotosentikortasuna. FotosensibilidiadNola babestu fotosentikortasuna eragin dezakeen medikamentu bat erabiltzen baduzu?

  1. Ez zaitez eguzkitan edo izpi ultramoreen eraginpean jarri, ez tratamenduak irauten duen bitartean ezta ondorengo egunetan ere.
  2. Larruazala estali ezazu arropa, betaurreko eta txapelarekin.
  3. Babes-faktore altuko (gomendatua: 50 EBF) eguzkitarako krema erabili eta berriz aplikatu 2-3 orduro.
  4. Medikamentua egunean behin hartu behar baduzu, galdetu medikuari ea posible den gauez hartzea.

Zer egin fotosentikortasuna azaltzen bada?

  1. Eguzkia saihestu eta ez hartu izpi ultramorerik.
  2. Medikuari galdetu ea posible den tratamendua etetea edo dosia murriztea.
  3. Zapi heze hotz bat eta krema hidratatzailea aplika ditzakezu lesio arinetan.
  4. Kasu larrietan medikuarekin kontsultatu.

Garatxo arruntak

Itzuli>

Garratxo arruntak

  • Garatxo arruntak giza papilomaren birus-mota jakin batzuek azalean eragiten dituzten infekzioen zioz sortzen dira.
  • Sarritan eskuetan agertzen dira, baina gorputzeko edozein ataletan aurki daitezke.
  • Maiz agertzen dira haurtzaroan, eta kontaktu bidez hedatzen dira.
  • Berez desager daitezke, baina izan liteke horretarako hilabeteak edo urteak behar izatea.

Tratamendua

  • Ez dago birus honen aurkako tratamendu zehatzik. Tratamendu bat ere ez da % 100 eraginkorra. Garatxo batzuk tratamendua egin arren berriz ager daitezke. Azaleko lesioak ezabatzean, ohiko ehunetan ahalik eta kalterik txikiena eragiten saiatu behar da.
  • Sarritan produktu keratolitikoak erabiltzen dira. Produktu horiek azido salizilikoa edo/eta azido laktikoa dituzte, eta azalaren gainazalean dauden geruzak desegiten dituzte. Soluzioa edo partxea erabil daiteke.
    Soluzioa erabiltzeko: gauez erabili behar da. Lehenengo, tratatu beharreko azalera limatu behar da. Estali garatxoaren ingurua baselinaz edo pomada babesgarriren batekin (azal osasuntsua ez kaltetzeko). Jarri tanta bat garatxoaren gainean eta utzi lehortzen (2-3 minutu). Estali esparatrapu ez porotsuarekin gau osoan. Errepikatu eragiketa hori gauero, garatxoa desagertu arte. Gutxigorabeherako iraupena: 2-4 aste.
    Partxea erabiltzeko: jarri garatxoaren gainean. Aldatu egunero, eta, kentzean, garatxoa limatu. Errepikatu tratamendua garatxoa desagertu arte.
  • Beste aukera bat ere badago: krioterapia. Tratamendu hori izozte-teknikaz baliatzen da garatxoak desagerrarazteko. Teknika hori kontsultan egiten da, nitrogeno likidoa erabilita. Farmazian errezetarik gabe eros daitezkeen beste produktu batzuk ere badaude. Erabili baino lehen irakurri arretaz esku-orria, produktuaren arabera ezberdinak baitira horiek erabiltzeko gomendioak.

Kontuan hartu

  • Ez erabili produktu horiek azala narriatuta, handituta, zaurituta edo infektatuta baduzu.
  • Azaletik irteten den lesio oro ez da garatxoa; garatxoen kontrako produktuak beste lesio batzuetarako, orbanetarako edo jaiotze-marketarako erabiltzea kaltegarria izan daiteke.
  • Oin-zolako garatxoak -“papiloma” ere deitzen direnak- tratatzea zailagoa da, duten kokapenagatik. Batzuetan gogorduren gainean agertzen dira.
  • Garatxoa desagertzen ez bada, kontsultatu zure osasun-profesionala

Sarna

Itzuli>

Sarna

Sekulako azkura daukat. Jasangaitza da

  • Gauez, batez ere, eta bero egiten duenean, are okerragoa da. Gainera, granotxo batzuk agertu zaizkit; hatzen artean eta alboetan hasi ziren.

Auskalo zer den

  • Badirudi SARNA dela (escabiosia): akaro batek larruazalean sortzen duen gaixotasun bat.

Rekontxo! Sarna? Nola liteke?

  • Akaro horrek ez du salto egiten, ezta hegan ere. Edonor kutsa daiteke, hala zuzenean, sarna duen pertsona baten larrua luzaroan ukitzeagatik, nola zeharka, haren arropak ukitzeagatik. Bi eta sei aste bitarteko tartea egon daiteke sarna duen pertsona bat ukitu eta sintomak agertu arte.

Nora joko dut?

  • Joan medikuarenera diagnostikoa egiaztatzeko.
  • Ohiko tratamendua da permetrina (% 5) duen krema bat ematea gauez, gutxienez 8 orduz eragin dezan. Dutxa bat hartzea komeni da kremaren geruza fin bat eman aurretik, lepoaren oinarritik oinazpiraino (tolesduretan batez ere, hatzen artean, bai eta azkazalen azpian ere). Biharamunean, dutxatu berriz.
  • Astebete igaro ondoren, errepikatu tratamendua.
  • Baliteke zurekin bizi direnek ere tratamendua behar izatea.

Aholku gehiagorik?

  • Ez hartu botikarik zure kabuz.
  • Permetrinak narritadura eragin dezake larruazalean, erabili eta hiru eta lau aste igaro arte ere; krema hidratatzailez hobetzen da. Denboraldi hori igaro ondoren jarraitzen baduzu azkura izaten, joan berriz medikuarenera.
  • Komeni da azazkalak moztea eta ez ibiltzea hazka egiten.
  • Garbitu 60º C-tik gorako tenperaturaz zure larrua ukitu duen arropa guztia. Ezin baduzu baten bat garbitu, sartu ezazu poltsa itxi batean, 3 egunez gutxienez.
  • Komeni da xurgagailua pasatzea sofetatik, alfonbretatik...

Azken aldaketako data: