Osasun Saila

Bizitzaren amaiera

Sarrera

Final de la vida

Euskadin ondo bizi gara, ez dago zalantzarik; gure bizi-itxaropena munduko altuenetakoa da, eta gure inguruko herrialdeetako jendea bezala hiltzen gara: gero eta zaharrago. Horregatik, gaitzak izateko aukera ere handiagoa da gaur egun: gaitz kronikoak; transmititzen ez direnak, minbizia, esaterako, eta berriagoak edo interes handiagoa sortzen direnak, hala nola GIB/HIESa, Alzheimerra eta beste gaitz neurodegeneratibo batzuk.

Bizi dugun une sozial eta historiko honetan, pertsonon premiak politika sozial eta sanitarioen erdigunean daude. Politika horiek pertsonon bizi-kalitatea hobetzea dute helburu, jaiotzen garenetik hasi, eta hiltzen garen arte. Orobat daude erdigunean, modu esplizituan gainera, heriotza artatzeko eta heriotza-kalitatea hobetzeko prozesuak.

Heriotza, prozesu natural eta saihestezina da; modu askotan gerta daiteke, poliki edo azkar eta bat-batean, baina, ziurrenik, beti ekarriko du sufrimendua, pertsonala, fisikoa, psikologikoa, soziala, familiarra eta espirituala, eta premiak sortuko ditu, askotarikoak eta garrantzi handikoak. Egoera horiei erantzuteko, beharrezko da baliabide sanitario eta sozialen esku-hartze aktibo eta koordinatua.

Heriotza on bat izateko eskubidea gai delikatua da, bereziki delikatua, eta, beraz, babes berezia eman behar zaio, ikuspuntu etikotik zein juridikotik.

Hala, gaixoek zainketa integral eta kalitatezkoak jasotzeko eta beren autonomia izateko duten eskubidea finkatzeko helburuarekin, lege bat egin zen, hirugarren sektoreko eta profesionalen talde askoren eta alderdi politiko guztien arteko partaidetzaz, Euskal Legebiltzarrean onartu zena: 11/2016 Legea, uztailaren 8koa, Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa.

Lege horrek ezartzen du, eta garatzen, zein diren bizitzaren amaierako fasean dauden pertsonen eskubideak, eta zehazten du zer betebehar dituzten pertsona horiek artatzen dituzten ekipo profesionalek eta erakunde sanitario eta sozialek, publiko zein pribatuek.

Oinarrizko printzipioak

Legearen oinarrizko printzipioek berme-egitura oso bat eratzen dute, bereziki garrantzitsua dena bizitzaren amaierako prozesuan:

  • pertsonaren duintasunarekiko errespetua bizitzaren amaierako prozesuan.
  • pertsonaren askatasuna, autonomia eta borondatea sustatzea, haren desirekin, lehentasunekin edo balioekin bat, laguntza- eta osasun-arloko langileekin elkarrizketan arituz eta horiekin batera gogoeta eginez.
  • gaixoaren eta haren senide edo hurbilekoen intimitatea, eta aurreko horiek jaso beharreko informazio medikoen isilpekotasuna ere.
  • egiazko berdintasuna eta diskriminaziorik eza, gizarte- nahiz osasun-zerbitzuak jasotzerakoan bizitzaren amaierako prozesuan.
  • gizarte- nahiz osasun-laguntza integrala jasotzeko eskubidea, baita diagnostiko bat, tratamendu bat edo informazio bat bere borondatez eten badu ere.
  • pertsona bakoitzak zainketa aringarri integralak eta tratamendu egokia jasoko duela bermatzea, aurre egin ahal izan diezaien prozesu horrek berezko dituen sintoma fisikoei eta problema emozionalei, sozialei eta espiritualei.
  • gizarte- eta osasun-arloko arreta pertsonalizatua izateko eskubidea, osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren arteko koordinazioaren eta lankidetzaren bidez, zainketen jarraipenaz arduratuz;
  • kontuan hartzea, orobat, prozesu horri buruzko alderdi praktikoak, hala nola gaixoak artatua izateko aukeratu duen lekuaren kokapena.

Eskubide eta betebeharrak gaika

11/2006 Legeak ezartzen dituen eskubide eta betebeharren lehen ikuspegi orokor bat edukitzeko, hona hemen legearen artikulatuaren laburpen bat, gaien arabera antolatuta:

Informazio klinikoa

Legearen artikulu horietan, bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen informazio-eskubideari buruzko alderdiak jaso dira: informazioa klinikoa eta laguntza- eta gizarte-informazioa izateko eskubidea; eskubide horri uko egitea, edo eskubide hori beste pertsona batzuengan delegatzea, dela lotura familiarra edo izatezkoa dutenengan, edo, hala badagokio, ordezkari bezala izendatutako pertsonarengan. Eta erregulatu da da nola eman behar duten profesionalek informazio klinikoa: modu ulergarrian, eta pazienteen eskubideak bermatuz.

Adostasuna eta erabakiak hartzea

Artikulu horietan, honako hau jaso da: bizitzaren amaierako prozesuan dagoen edozein pazientek du eskubidea, betiere behar bezala informatua izan ondoren, esku-hartze kliniko orori buruzko adostasuna eska dakion, dela diagnostiko bat egiteko edo tratamendu terapeutiko edo aringarriak aplikatzeko, dela ez duela esku-hartzerik nahi adierazteko. Orobat erregulatu da nola eman dezaketen pazienteek beren adostasuna aitorpenaren edo ordezkoaren bidez, baldin eta beren egoera fisiko edo mentala dela-eta ez badute erabakiak hartzeko gaitasun nahikorik.

Adingabeen eskubideak

Artikulu horietan, zehazten da zer eskubide dituzten bizitzaren amaierako prozesuan dauden adingabeek gai hauei buruz: informazioa; adostasun informatua; ospitaleratze-baldintzak, halakorik behar balitz, eta gauzatzen diren jarduketa guztiak pazientearen ahalik eta onurarik handiena lortzeko egingo direlako segurtasuna. Era berean, adingabe horien guraso edo legezko tutoreen eskubideak jaso dira.

Zainketa aringarri integralak

Artikulu horien bidez, Legeak bizitzaren amaieran zainketa aringarriak jasotzeko eskubidea ezartzen du. Zainketa horiek kalitatezkoak eta jasaten duten egoeraren konplexutasunera egokituak izango dira, barnean hartuz sedazioa eta zainketa horiek non jaso nahi diren erabakitzea.

Intimitatea, pribatutasuna eta konfidentzialtasuna

Artikulu horietan, bizitzaren amaieran dauden pertsonen eskubide hauek jaso dira: beren intimitatea edozein une eta tokitan errespetatu beharra eta haien datu pertsonalak babestu beharra. Eta honako hau ere bai: bizitzaren amaieran dauden pertsonek ospitalean egon behar badute, gela indibidual batean egon daitezen saiatu behar dute administrazio, zentro eta erakunde eskudunek.

Aurretiazko borondateak

Legearen artikulu horietan, honako alderdi hauek erregulatu dira: jarraibideak egilesteko eskubidea, aurretiazko borondateen aitorpenaren bidez, eta egilespen hori egiteko modua; ordezkari bat izendatzeko eskubidea, eta profesionalek pazienteekin dituzten betebeharrak, dela zainketak planifikatzeko prozesuan aholkatzeari dagokionez, dela egiletsitako borondateak zehatz-mehatz errespetatzeari dagokionez.

Berme soziosanitarioak

Artikulatuaren parte honetan, berriz, jaso da zer egin behar den erakunde sozialen eta jarduketa soziosanitarioen arloan bizitzaren amaieran daudenen eskubideak bermatzeko. Honako eskubide hauek ere zehaztu dira: zer eskubide dituzten pazientearen hurbileko pertsonek eta zaintzaileek pazientea hilez gero, eta laguntza espirituala jasotzeko bermea, dolu-prozesuetakoa barne.

Zehapen-prozedura eta xedapen gehigarriak

Legearen V. tituluan, alderdi hauek zehaztu dira: profesionalek egin ditzaketen arau-hausteak eta ezar dakizkiekeen zehapenak; sistemaren prestazioen zorroan zerbitzuak sartzea; Legea zenbateraino betetzen den aztertzea; zer sustapen-lan egiten den Legea ezagutarazteko; zer prestakuntza eman profesional sanitarioei zainketa aringarrien arloan; zainketa aringarrien arloko ikerketa, Aurretiazko Borondateen Erregistroko kontsultak eta Legearen indarraldia.

Azken aldaketako data: