Berritasun nagusiak
Dekretu berriak azaltzen dituen eskubideek zuzeneko lotura dute Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren antolaketa eta kudeaketa egokiekin. Dekretuak aitortu egiten du sistemaren erabiltzaileek eskubidea dutela etika demokratikoaren balioak aintzat hartuta gobernatu dadin, eta osasun-sistema eraginkorra izan dadin, biztanleen osasun-beharrizanetarako egokia. Honako eskubide hau ere bermatzen zaie erabiltzaileei: Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren jarduketetan aktiboki, zuzenean edo herritarrak biltzen edo ordezkatzen dituzten elkarteen bidez parte hartzeko eskubidea.
Halaber, kolektibo ahuletako pertsonentzat babes espezifikoko protokoloak edo programak bete daitezela eskatzen du, kolektibo horiek neurri bereziak hartzea behar baitute, sistema soziosanitarioan berdintasun-baldintzetan sartu ahal izateko. Hori dela eta, pertsona edo kolektibo ahultzat jotzen dira euren autonomia edo autokudeaketa mugatuta daukatenak barne-eragileen ondorioz (egoera edo osasun psikofisikoa) nahiz kanpo-eragileen ondorioz (baliabideak, egoera soziokulturala, eta abar), eta berariazko neurriak behar dituztenak bermatuta egon dadin berdintasunez eta bereizkeriarik gabe erabili ahal izango dituztela osasun-baliabideak edo baliabide soziosanitarioak (nahasmendu mentala edo desgaitasuna duten pertsonak, tratu txarren biktimak, gizartetik baztertuta daudenak edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenak, eta abar).
Beste eskubide batzuk ere jaso dira, berariazko politika batzuei lotuak, zuzentasunez, egokitasunez eta errespetuz arta daitezen oso egoera zehatzetan dauden edo oso gaitz zehatzak dituzten pertsonak, gaixotasun arraroak dituztenak, edo bizitzako fase eta une jakinetan arreta berezia behar dutenak (haurrak eta nerabeak, sexu- eta ugalketa-osasuna, pertsona nagusiak eta bizitzaren amaieran daudenak).
Betebeharrei dagokienez, adierazpenak betebehar sorta bat dakar: araudi administratibo, zibil edo penalari jarraituz eska daitezkeen betebeharretatik harago, etika zibilari jarraituz eska daitezkeenak, eta erantzukizun-ariketa direnak, autokudeaketarako gaitasunarekin lotuta.
Adierazpen horren aplikazio-eremuan ez dira Osakidetzako erabiltzaileak bakarrik sartzen. Aitzitik, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako zentro pribatu itunduei ere aplikatzen zaie, bai eta Osasun Sailarekin kontratuzko loturarik ez dutenei ere —adierazpenaren zati batean, behintzat, azken horientzat—.