Antolamendu farmazeutikoa
Autonomia Estatutuen 10.15. artikuluak eskumen esklusiboa esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari antolamendu farmazeutikoaren arloan, Konstituzioaren 149.1.16. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Estatutuaren beraren 18. artikuluan ebatzitakoa kontuan hartuta.
Antolamendu farmazeutikoa, oro har, farmazia-establezimenduak eta –zerbitzuak erregulatzen dituzten arauen multzoa da.
Erregulazio horrek farmazia-establezimendu eta -zerbitzu horiek bete behar dituzten funtzioen eta baldintzen multzoa ezartzen du, eta bere funtsezko helburua da Euskadiko populazioari arreta farmazeutiko egokia eta homogeneoa bermatzea. Horregatik, farmazia-establezimendu eta -zerbitzu guztiak daude Osasun Sailaren baimenaren eta kontrolaren pean.
Hauek dira farmazia-establezimenduak eta -zerbitzuak: Farmazia-bulegoak eta haien menpeko botikinak, banaketa-erakundeak, Ospitaleko Zerbitzu Farmazeutikoak, Espetxeetako medikamentuen gordailuak, eta albaitaritzako medikamentuen establezimendu banatzaileak.
Establezimendu eta zerbitzu horietan erregulatuta daude eta baimena eskatu behar dute prozedura hauek: irekiera, itxiera, lekualdaketa, obrak, transmisioak, ordutegiak, arduradunen izendapenak edo, ahal badagokio, giza baliabideak eta abar.
Farmazia-bulegoei dagokienez, eta 11/1994 Legean, EAEko Antolamendu Farmazeutikoari buruzkoan ezarritakoaren arabera, Osasun Sailak ofizioz ematen dio hasiera bere jatorria eta sorkuntza adierazten dituen prozedurari. Horretarako, populazio-banaketaren irizpide demografikoak eta geografikoak hartzen dira kontuan, eta Farmazia Gunea deritzona erabiltzen da lurralde-mugapen gisa.
Farmazia-bulegoen sorkuntzak berdintasunaren, merituaren eta gaitasunaren printzipioei jarraitzen die eta merezimendu-lehiaketa baten bidez burutzen da, farmazialariak –etorkizuneko titularrak– hautatzeko.