Alkohola
Alkohola droga da, nahiz eta gizartean erabat normalizaturik egon. Hain dago erroturik, nekez egingo baitugu ekitaldirik edo ospakizunik alkohola kontsumitu gabe. Gure kulturak hain sakon barneraturik duenez alkohola, ez da erraza droga honek zer arrisku duen zuzen ohartzea. Eta, hala, drogen arriskuaren pertzepzioaren eskalan, behe-behean agertzen da alkohola (Euskadi eta drogak 2012). Hortik atera kontuak.
Jendeak alkohol-kontsumoaz duen irudipen subjektibo horrek ez du zerikusirik osasunean benetan eragiten duen kaltearekin. 60 gaixotasun-mota eta egoera gogaikarrirekin lotu dago edari alkoholdunen kontsumoa. Besteak beste: buruko lesioak, jokabide-nahasmenak, urdail-hesteetako gaixotasunak, arnasetako gaixotasunak, kardiobaskularrak, hezurretakoak eta giharretakoak, minbizia, nahasmen imunologikoak eta ugalketakoak, eta baita jaiotza-aurreko kalteak ere (azkarregi erditzeko eta haurrak pisu txikia izateko arrisku handiagoa) eta trafiko-istripuak.
Gazteen artean, alkohola kontsumitzea kaltegarria da burmuinaren garapenerako (oroitzeko eta ikasteko arazoak), eta nerbio-sistemari ere eragiten dio (edozein estimuluk erreakzio motelagoa izaten du, alkohol asko edateko gaitasunaz uste okerra izaten dugu, eta arriskuez ez gara jabetzen). Errazagoa da, gainera, indarkeria erabiltzea (borroka eta sexu-eraso gehiago) eta sexua babesik gabe praktikatzea (nahi gabeko haurdunaldiak eta sexu-transmisioko gaixotasunak, hala nola HIESa).