Osasun Saila

Adingabeak eta alkohola programa

Alkoholaren kontsumoa eta abusua osasunaren funtsezko determinatzailea da, bai eta saihestu daitezkeen gaixotasun goiztiarren eta heriotzen kausetariko bat ere.  Alkoholaren kontsumitzaileengan ez ezik, haien gertukoengan eta gizartean ere ondorioak izaten ditu alkoholaren kontsumoak, problematikoa eta arriskutsua denean. Alkoholaren ondorio kaltegarriak handiagoak dira desabantaila sozial gehiago dituzten taldeetan, eta osasun-arloan ere desberdintasunak egoten laguntzen dute.

Oro har esan daiteke alkoholaren kontsumoa ez dela handitzen ari Euskadin, baina kezkatzeko bi motibo daudela: alkohola edaten hasteko adina ez da atzeratzen ari, eta neska gazteak hasiak dira orain arte maskulinoak izan ohi diren kontsumo?ohiturak hartzen (gero eta gazteago hasten dira edari alkoholdunak edaten, eta gero eta gehiago edaten dute). Gazteek asteburuetan edan ohi dute, denbora gutxian eta kantitate handitan.

“Adingabeak eta alkohola” programak ikuspuntu holistiko batetik ekiten dio problematika horri, adin-tarte eta talde sozial jakin batzuetan alkohola neurririk gabe hartzeak adin-tarte eta talde sozial guztien partaidetza eskatzen duelakoan. Horregatik planteatzen du biztanle guztion ardura dela prebenitzea gazteen alkoholaren kontsumoa.

Guztira, 36 ekintza dira, helburuak gazteei eta ikasleei begira ezarrita dituztenak, baina, aldi berean, ahalegintzen direnak gurasoekin, ostalaritzako profesionalekin, irakasleekin, osasun-arloko profesionalekin eta gainerako eragile sozialekin gaia lantzen.

Helburuak

  • Adingabeen alkoholaren kontsumoaren aurrean, erakundeen ekintza areagotzea.
  • Alkohola kontsumitzen hasten diren adingabeen kopurua jaistea.
  • Kontsumitzen hasteko adina atzeratzea.
  • Adingabeen arrisku handiko kontsumoak eta kontsumoaren maiztasuna murriztea.
  • Kolektibo horrek alkoholaren kontsumoarekin lotuta dituen arazoei heltzea.
  • Gazteek beren osasunarekin lotutako politiketan gehiago parte hartzea, bereziki alkoholarekin lotura duten politiketan.
  • Nerabeek gehiago jakitea alkoholaren kontsumoak eta abusuak duten arriskuari buruz.
  • Gazteek alkohola edateko jasaten dituzten presioak gutxitzea, bereziki alkoholaren sustapenei, babesari eta eskuragarritasunari dagokienez.
  • Bestelako aisialdirako aukerak eskaintzea.
  • Bizi-ohitura osasungarriak eta osasun-kultura aktiboki sustatzea.

Eremuak eta ekintzak

Jarduera-eremu hauek hartzen dituzte aipatu 36 ekintzek:

  • Instituzionala
  • Komunitarioa
  • Adikzioak
  • Hezkuntza
  • Osasun-arreta
  • Araudia
  • Komunikazioa eta zabalkundea
  • Prestakuntza eta ikerketa