1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa
1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa (EHAAren 69. zk., 2016ko apirilaren 13koa) 2016ko apirilaren 14an jarri zen indarrean.
Eusko Jaurlaritzak euskarazko eta gaztelaniazko korredakzio prozedura erabiliz izapidetutako lehen legea izan da, eta haren prestakuntzan parte-hartze sozial zabala egon zen.
1.- ARAU-AURREKARIAK
Drogamenpekoen alorreko Aurre-hartze, Laguntza eta Birgizarteratzeari buruzko azaroaren 11ko 15/1988 Legeak jarri zituen prebentzio, laguntza eta birgizarteratze politiken oinarriak Euskadiko Autonomia Erkidegoan.
Drogamenpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak izaera pedagogikoari eutsi zion eta globalizazioa, normalizazioa, plangintza eta parte-hartzea ezaugarri zituen europar erkidegoko estrategia sendotu zuen. (Maiatzaren 18ko 1/1999 Legearen, irailaren 30eko 7/2004 Legearen eta otsailaren 3ko 1/2001 Legearen indarrez erreformatu zen eta, hala, OMEren eta EBren eskakizunetara eta abenduaren 26ko 28/2005 Legeak ekarritako tabakismoaren kontrako estatuko oinarrizko legeriara egokitu zen, zeinaren bitartez erretzea debekatu baitzen, oro har, erabilera publikoko espazio itxietan, bereziki, ostalaritza eta aisialdikoetan).
2.- LEGEAREN FUNTSEZKO OINARRIAK ETA HELBURU OROKORRAK.
Hurrengo hauek azpimarratuko genituzke:
- funtsezko helburua pertsona guztien osasuna da, arloari buruzko diziplina anitzeko gogoeta integral batetik ikusita.
- adikzioei, kasu honetan, osasun publikoaren eta politika guztietan osasuna aintzat hartzearen ikuspegitik heltzen zaie.
- kontuan hartu dira gure gizarteko errealitate sozial berriak eta kontsumitzeko patroi berriak, hala nola teknologia digitalen erabilera handiegia, zigarreta elektronikoa, alkohol kontsumo handiegia, binge drinking delakoa…
- arriskuak eta kalteak murrizteko estrategiak, genero-ikuspegia eta pertsona adingabeen eta kolektibo bereziki zaurgarrien arreta espezifikoa ere sartu dira, adingabeen kontsumoa eragozteko xedearekin eta, oro har, kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko helburuarekin.
- arlo eta gaien terminologia eta egituratze sistematikoagoa erabiltzea.
3.- EGITURA ETA EDUKI OROKORRAK.
Legeak 97 artikulu ditu, honela banatuta: atariko titulua eta zazpi titulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.
ATARIKO TITULUA:
-
ATARIKO TITULUA: xedapen orokorrak arautzen ditu; hor jasotzen dira printzipio inspiratzaile nagusiak, adikzioen prebentzio eta arreta integralerako ereduaren funtsezko oinarriak eta legearen helburu orokorrak. Adikzioa sortzeko gaitasuna duten substantziak kontsumitzen dituzten pertsonen eskubideak eta betebeharrak aitortzen dira, baita jokabide-adikzioak eragin ditzaketen portaera neurrigabeak dituzten pertsonenak ere, aipamen berezia egiten zaielarik kalamu-kontsumitzaileen erakundeetan parte hartzen duten eta adinez nagusi diren pertsonei.
Eremu materialaren ikuspegiari dagokionez, substantzia hedatuenak arautu dira (hala nola alkohola eta tabakoa eta beste berri batzuk, zigarreta elektronikoa, esate baterako), bai eta jokabide-adikzioak ere (ez bakarrik joko patologikoa, teknologien erabilerari lotutako portaera neurrigabeak ere bai, bereziki, gizarte-sareen eta bideojokoen erabilerarekin loturak dituztenak). Jokabide-adikzioak barruan sartzea gauza berria da, izan ere, halako jokabideak gure Autonomia Erkidegoan lehen aldiz arautu izanaz gainera, berorien inguruko erregulazioa oraindik adikzio modura katalogatu ez diren jokabideetara hedatzen baita; horrez gainera, osasunean eragin dezaketen portaera neurrigabe guztiek –oraindik adikzio gisa katalogatuta ez badaude ere– atera dezakete onura legeak kontuan hartzen dituen osasuna sustatzeko eta prebenitzeko neurrietatik.
LEHENENGO TITULUA:
-
osasunaren sustapenari eta adikzioen prebentzioari egiten die erreferentzia; bi horiek lehentasunezko jardute-eremu gisa nabarmentzen dira adikzioen arloan.
Ildo horretan, osasunerako hezkuntza da oinarrizko estrategia, zeina, osasun publikoaren ikuspegitik, ohitura osasungarriak eta osasunaren kultura lortzera bideratu behar baita.
Prebentzio-jarduketei dagokienez, lehentasunezkoak dira familia-esparrua (gurasotasun positiboaren printzipioa), esparru komunitarioa (toki-erakundeen prebentzio komunitariorako taldeen jarduketaren bidez), hezkuntza-esparrua (eskola-ingurunea funtsezkoa da pertsonen osasun gaien garapenean) eta lan-esparrua (laneko arriskuen prebentzioaren barruan).
BIGARREN TITULUA:
-
eskaintzaren murrizketari buruzkoa; substantzien publizitate, salmenta, hornikuntza eta kontsumo arloko kontrolari buruzko arauak hartzen ditu barruan. Tabakoari dagokionez, nahiz eta, oro har, tabakoari buruzko araudiari eusten zaion, debekatuta dago erretzea erabilera publikoko lekuetan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak direnetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan, eta kirol-instalazioetan, baita beroriei erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere; mugaketa gehiago sartu dira alkoholaren publizitate, salmenta eta horniduran; tabakoaren erregulazioa zigarreta elektronikoarekin parekatu da; ausazko jokoen kasuan, jokoaren sektoreko araudian jasota dauden debekuen pean geratzen dira eta joko arduratsuaren ikuspegira orientatutako kontrol-neurriak hartzea sustatu da, hala aurrez aurre nola on-line, eta sektorearen inplikazioa bilatu da helburu hori lortzeko; teknologia digitalen kasuan, fenomeno honen erabilera gehiegizko eta kontrol gabearen arriskuei buruz kontzientziatu eta mentalizatu nahi da gizartea, pertsonen jarrera-aldaketa lortzeko xedearekin. Izaera orokorrez, nolabaiteko oreka mantendu nahi izan da enpresa-askatasunaren eta babestu nahi diren interesen artean, batez ere, arriskuan dauden adingabeko pertsonez ari garenean.
HIRUGARREN TITULUA:
- Asistentzia sanitario eta sozio-sanitarioari buruzkoa; pertsonei arreta integrala eskaintzera zuzenduta dago, administrazioarteko koordinazioaren eta erakunde pribatuekiko lankidetzaren premia azpimarratzen dela.
LAUGARREN TITULUA:
- gizarteratzea arautzen du gizarte-zerbitzuen euskal sisteman eta gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sisteman oinarrituta.
BOSGARREN TITULUA:
- ezagutzaren garapena eta kudeaketa ditu xede, non arautzen diren:
- likerketa, informazioa, prestakuntza eta ebaluazioa adikzioen arloan.
- adikzioen behatokia informazio-zerbitzu zentralizatu modura.
- sariak eta beste ohorezko aipamen batzuk sortzea esparru honetan nabarmendu diren erakundeek zein pertsonek aurrera eraman duten lana publikoki aintzatesteko.
SEIGARREN TITULUA:
erakunde-antolamenduari, plangintzari, gizarte-ekimenari, koordinazioari eta parte-hartzeari egiten die erreferentzia. Eduki hauek ditu:
- Euskal herri-administrazio bakoitzaren eskumenen egikaritza, legearen zeinahi eremu estrategikori (osasunaren sustapena, prebentzioa, asistentzia eta gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa) dagokion sektoreko legeriarekin bat etorririk, betiere, jardungo duten administrazioen artean bikoiztasunak ekiditen direla.
- Plangintzarako tresnak. Euskadiko Adikzioen Plana –Osasun Planari lotua– izango da agiri zuzentzailea administrazio publiko eta erakunde pribatu guztietarako.
- Erakunde-dispositiboak. Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean, Adikzioen Erakundearteko Batzordea –euskal herri-administrazioetako koordinazio, lankidetza eta parte-hartze organoa– eta Adikzioei buruzko Aholku Kontseilua –kontsultarako eta aholku zereginetarako– nabarmentzen dira. Foru- eta toki-administrazioek, beren aldetik, dagozkien koordinazio, aholkularitza eta parte-hartze sozialeko organoak sor ditzakete.
- -Gizarte-ekimena adikzioen alorrean lan egiten duten pertsonek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek osartzen dute, administrazioarekiko lankidetza-baldintzak arauturik direla. Eusko Legebiltzarraren agindua betez, legeak kalamua kontsumitzen duten eta adinez nagusi diren pertsonen erakundeak aipatzen ditu.
ZAZPIGARREN TITULUA:
arau-hauste eta zehapenei buruzkoa. Hauek arautzen ditu:
- arau-hausteen estandarizatze ordenatua, sistematikoa eta zehatza.
- zehatzeko eskumenak egozten zaizkio Gobernu Kontseiluari, izaera orokorrez, sustapen eta publizitate arloan, baita osasun saileko organo eskudunari eta alkateei ere, beroriei egozten baitzaizkie alkoholaren arloko arau-hauste arinei dagozkien zehapenak eta, berritasun modura, tabakoaren eta nikotina aska dezaketen gailuen arloko arau-hauste arinei dagozkienak, ulerturik tokiko esparrua dela hurbilekoena aipatutako arau-hauste horien kontrol eraginkorragoa gauzatu ahal izateko.
- zehapenak arau-haustearen larritasunaren araberakoak eta proportziokoak dira. Hona isunen zenbatekoa:
- 30 eurotik 600 eurora arte, arau-hauste arinak egiteagatik.
- 601 eurotik 10.000 eurora arte, arau-hauste larriak egiteagatik.
- 10.001 eurotik 600.000 eurora arte, arau-hauste oso larriak egiteagatik.
- Arau-hauste oso larriak egin diren kasuan izan ezik, zehapenak ordeztu ahal izatea aurreikusten da erkidegoaren mesederako lanak edo jarduerak gauzatuz, edota legearen garapenerako arauek zehazten dituzten prestakuntza, informazio edo tratamendu izaerako prebentzio-programetan parte hartuz.
Azken aldaketako data: