Eutanasia: zure zalantzak argituko ditugu
- Sarrera
- Eutanasia arautzen duen legearen edukia
- Galdera-erantzunak
- Profesionalentzako berariazko informazioa
- Emaitzen txosten estatistikoak
- Lotutako berriak
- Kontzientzia-eragozpenaren erregistroa
Sarrera
Batzuetan egoera konplexuak, mingarriak, azaltzeko eta ulertzeko zailak eta benetan funtsezkoa zer den planteatzea dakarten egoerak bizi ditugu. Egoera horiek, batzuetan, hainbesteko sufrimendua eragiten dute, zaila da egoera horiek imajinatzea, eta are zailagoa jasatea.
Egoera horiek, esaterako, pairamen larri, kroniko edo eragozle baten ondoriozko sufrimendu fisikoak edo psikikoak eragiten ditu, edo gaixotasun larri eta sendaezin batek, pertsona batek jasanezin gisa bizi duenak eta beste baliabiderik arindu ezin izan duenak.
Zenbait hamarkadaz sakon eztabaidatzen jardun ondoren (arlo sozialean, politikoan, osasunekoan, akademikoan, juridikoan, etikoan…), 2021ean ordenamendu juridikoan eskubide indibidual berria sartu duen legea iritsiko da; eskubide hori eutanasia da, zeinak, etimologikoki, “heriotza on” esan nahi baitu.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bermatu egingo du lege hori betetzea. Lege horren helburu nagusia da eskubide berri bat eta osasun-prestazio berri bat despenalizatzea eta arautzea: eutanasia edo hiltzeko laguntza medikoa. Hala, Osasun Sailak konpromisoa hartu du prestazio berri horretan laguntzeko eta hura baliatzeko bide emateko, bai hura erabili beharra duten gaixoei, bai bokazioz eta konpromisoz Euskadin bizi diren pertsona guztiei haien bizitzaren hasieratik amaiera arte kontzientziaz arreta ematen dieten profesional sanitario guztiei.
Osasun Sailaren webguneko atal honetan, eutanasia nork, noiz, nola eta zer egoeratan eska daitekeen azaltzeko informazioa jasotzen da, bai eta profesionalentzako informazioa ere, bertan jasotzen dena betetzen dela bermatzeko.
Eutanasia arautzen duen legearen edukia
Eutanasia arautzen duen 3/2021 Lege Organikoak hiltzeko laguntza medikoa ematea legez onartzen duen testuingurua bermatzen du; horretarako, kontuan hartzen ditu sufrimendu fisikoa edo mentala bizi duen pertsonaren egoera fisikoan edo psikikoan eragiten duten baldintza batzuk, sufrimendua arintzeko asmoz esku hartzeko dauden aukerak eta pazienteak bere duintasun pertsonalarekin bateraezintzat jotzen dituen baldintzetan bere bizitza babesteari buruz dituen uste moralak.
Lege horrek zehazten duenez, eutanasia konstituzioan babesten den pertsonaren funtsezko eskubide batekin dago lotuta, bizitzarekin, bai eta konstituzioan ere babesten diren beste eskubide eta ondasun batzuekin ere, hala nola osotasun fisikoarekin eta moralarekin, giza duintasunarekin, askatasunaren balio nagusiarekin, ideologia eta kontzientzia aldetiko askatasunarekin edo intimitaterako eskubidearekin.
Hala, bost kapitulutan eta hamahiru xedapenetan legeztatzen du gaixoentzako eta eutanasia baliatzen laguntzea edo ez laguntzea kontzientziaz erabakitzen duten profesional sanitarioentzako eskubideen esparru berria; hala, haien guztien segurtasun klinikoa eta juridikoa bermatzen da.
Galdera-erantzunak
3/2021 Lege Organikoa oro har ezagutzeko, jarraian laburpen bat dago, galde-erantzunen formatuan. Dokumentu hau eguneratzen, zabaltzen eta/edo eguneratzen joango da, legearen ezarpenaren ondoriozko informazioarekin, paziente, familia eta profesionalekin harremanetan egotean eskuratutako informazioarekin eta Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearekin berarekin.
Zer da eutanasia?
- Hiltzeko laguntza medikoaren osasun-prestazioa da; 3/2021 Lege Organikoan jaso da. Hiltzeko laguntza medikoa legeak eutanasiaren osasun-prestazioa deskribatzeko erabiltzen duen terminoa da. Eskubide indibidual berri horren bidez, pertsona batek bere heriotza aurreratzeko eska dezake, Legeak jasotzen dituen kasuetan.
Zer kasutan edo egoeratan eska daiteke eutanasia?
- Eutanasia edo hiltzeko laguntza medikoa honako bi egoera hauetan eskatu ahalko da, mediku arduradunak ziurtatuta, baldin eta pertsonak onartezintzat jotzen dituen sufrimendu fisikoa edo mentala eragiten badute eta beste bitarteko batzuen bidez arindu ezin izan bada:
- Gaixotasun larria eta sendaezina, bizi-pronostiko mugatua eragiten duena eta etengabeko narriaduraren testuinguruan.
- Pairamen larria, kronikoa eta eragozlea. Hau da, desgaitasun handia, autonomia fisikoaren narriadura, nor bere kabuz baliatzeko ezintasuna edo adierazi nahi dena adierazteko edo harremanetarako gaitasunaren galera.
Noiz hasi ahalko da eutanasia eskatzen?
- 2021eko ekainaren 25ean, legea indarrean sartzen denean, argitaratu eta hiru hilera.
Non egin daiteke eutanasia?
- Hiltzeko laguntza-prestazioa osasun-zentro publiko edo pribatuetan eta eskatzailearen etxean (etxe gisa nagusien egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak ere ulertzen dira) eman ahalko da.
Nork eska dezake eutanasia?
- Aurreko bi egoera horietan dagoen edozein pertsonak eska dezake eutanasia, baldin eta adinez nagusia bada eta eskabidearen unean kontziente eta gai bada.
- Hiltzeko laguntza-prestazioa eskatzeko erabakiak autonomoa izan behar du, pazientearen prozesu medikoari buruzko ezagutzan oinarritua, osasun-talde arduradunak informazio egokia eman ondoren hartua.
- Gainera, eskatzaileak Espainiako nazionalitatea izan behar du edo bertan izan legezko bizitokia edo hamabi hilabete baino gehiago egon dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria eduki beharko du.
Eutanasia-eskaera jaso dezaket aurretiazko borondateetan?
- Bai. Legeak honako hau dio: deskribatutako egoeretan pertsona batek dagoeneko bere adostasun librea, boluntarioa eta kontzientea emateko gaitasun nahikoa ez duen, baina aurretik aurretiazko borondateen dokumentua edo legezko beste dokumentu baliokide bat sinatu eta, hartan, egoera jakin batzuetan eutanasiara jotzeko duen borondatea jasota utzi duen kasuetan, eutanasiaren eskabidea aurretiazko borondateen dokumentuan ageri den ordezkariak edo pazientearen inguruneko pertsona batek aurkeztu ahalko du, eta, beste pertsonarik egon ezean, haren “mediku arduraduna”k.
- Lege hau argitaratu aurretik aurretiazko borondateen dokumentuan adierazi baduzu egoera eta baldintza jakin batzuetan, legez araututa egonez gero, eutanasia aplikatzeko, ez da beharrezkoa izango aurretiazko borondateen dokumentua aldatzea.
Nola egin eutanasiarako eskaera?
- Hiltzeko laguntza-prestazioaren eskaera boluntarioa, autonomoa eta idatzizkoa izango da; eskabidean pazienteak idatzi beharko du data eta hura sinatu, osasun-arloko profesional bat aurrean dagoela, eta profesional horrek ere sinatu eta Historia Klinikoan sartuko du. “Mediku arduraduna”k informazio egokia eman beharko du eta deliberazio-prozesua ezarri pazientearekin, eta modu pertsonalizatuan erantzun, idatziz, gehienez bost eguneko epean.
- Lehen eskaera horren ondoren, pazienteak bigarren aldiz egin beharko du eskaera, eta berriro eztabaidatu “mediku arduraduna”rekin hiltzeko laguntza-prestazioaren eskaerarekin jarraitzeko edo hari uko egiteko erabakiaren inguruan. Bi eskaeren artean, 15 egun igaro beharko dira, gutxienez.
- Lehenengo eta bigarren eskaeren ereduak hemen deskarga daitezke:
- Pazienteak aurrera jarraitzea erabakitzen badu, “mediku arduraduna"k “mediku aholkulari” bati egingo dio kontsulta, eta hark legean ezartzen diren baldintza guztiak betetzen diren egiaztatuko du.
- Aurretiko eskakizun horiek guztiak bete ondoren, Berme eta Ebaluazio Batzordeak eskakizun horiek egiaztatuko ditu eta behin betiko jakinaraziko dio “mediku arduraduna”ri, 7 eguneko epean, laguntza-prestazioarekin aurrera jarraitzeko.
- Oro har, eskaera bat edozein unetan geroratu edo atzera bota daiteke. Gainera, uko egin ahalko dio, baldin eta eskabideak legearen babesa ez badu.
Zer profesionalek esku hartzen dute eutanasiaren prozesuan?
- Legeak funtsezko eginkizuna ematen dio gaixoari arreta ematen dion asistentzia-taldeari, eta berariaz aipatzen ditu Medikuntzako eta Erizaintzako profesionalak.
- Zehazki, “mediku arduradunak”, “mediku aholkulariak" eta gaitasun etikoak eta lotura duten beste batzuk dituzten pertsonal sanitarioek eta juridikoek eratzen duten “Berme eta Ebaluazio Batzordeak” parte hartuko dute prozedura bakoitzean, legea betetzeko.
Nork baimentzen du hiltzeko laguntza medikoaren prestazioa?
- Eutanasia egin ahal izateko azken baimena Berme eta Ebaluazio Batzordeak ematen du; horretarako, aurretik “mediku aholkularia”k behar beste informazio emango dio, “mediku aholkularia”ri “mediku arduraduna”k eskaeraren berri eman ondoren.
Zer da Berme eta Ebaluazio Batzordea?
- Administrazio-mailako eta diziplina anitzeko organoa da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburuaren Aginduz sortua ; arlo sanitarioko eta juridikoko 25 profesionalek osatzen dute. Adituek prozesuaren segurtasun klinikoa eta juridikoa bermatuko dute, eta, gerora, prozesuaren egokitasuna ebaluatuko dute.
Nola errekurritu daiteke hiltzen laguntzeko eskaera bat ukatzea?
- Pazienteak erreklamazio bat aurkeztu ahal izango du Eutanasia Bermatzeko eta Ebaluatzeko Batzordean, E9 formularioaren bidez, eta helbide elektroniko honetara bidaliko du:: CGyE-Eutanasia@euskadi.eus
- Inprimaki hori goian adierazitako helbide elektronikora bidaliko da, eskatzaileak aurkeztutako hiltzeko laguntza-eskaeraren izapidetzeari buruzko edozein erreklamazio egiteko.
Nor da behar den farmakoa emateko pertsona arduraduna?
- Legeak dio “mediku arduradunak eta gainerako profesional sanitarioek pazienteari lagunduko diotela, harik eta hil arte”.
- Gainera, legeak dio hiltzeko laguntza-prestazio hori bi modalitatetan eman ahalko dela:
- Pazienteari zuzenean ematea profesional sanitario eskudunak substantzia bat (Eutanasia)
- Pazienteari profesional sanitarioak substantzia bat agintzea edo hornitzea, pazienteak berak administratzeko, bere heriotza berak eragiteko (Medikuak lagundutako suizidioa).
Onartzen du lege honek medikuak lagundutako suizidioa?
- Bai. Eutanasiarako aurreikusitako gaixotasun- eta pairamen-egoera beretan.
- Desberdintasun bakarra da legeak aukera ematen duela prozesuaren azken unean pazienteak aukera dezan berak hartzea substantzia hilgarria, betiere osasun-talde horren laguntzarekin eta presentziarekin.
Eutanasia eta zainketa aringarriak bateragarriak dira?
- Bai. Eutanasiak ez du ordezkatu behar eta are gutxiago eragotzi, inolaz ere, zainketa aringarrietarako sarbide zuzena eta egokia. Gainera, ez litzateke eutanasia-jarduketarik egin beharko –gaixotasun larriaren, konponezinaren eta bizi-pronostiko mugatua duenaren egoeran–, aurretik zainketa aringarri egokietarako sarbidea eskaini gabe.
- Euskadiko Etika Komiteen Batzorde Soziosanitarioak esan bezala, pertsona batek hiltzeko laguntza eskatzeko motiboak sufrimenduarekin egongo dira lotuta. Sufrimendu fisikoa, psikikoa edo existentziala; hura arintzeko, fase aurreratuko gaixotasuna eta bizi-pronostiko mugatua duten pertsonetan, zainketa aringarriak proposatzen dira, eta aproposena da zainketa horiek gizarte-laguntzako beste neurri eta/edo mendekotasunerako beste laguntza batzuekin osatzea, zeinek arreta integrala eskaintzen baitiete pazienteari eta haren familiari, profesional sanitarioen eta soziosanitarioen eskutik, gaixoaren sintoma fisikoak ez ezik, arlo emozionalari eta espiritualari ere erreparatuz. “Begirada aringarria” da askotan pertsonekin beren bizitzaren amaieran izaten dena.
- Baina egia da, halaber, pertsona batzuek, hala ere, eutanasia eskatzen jarraituko dutela. Lege honek eskubide hori arautzen du, berme kliniko eta juridiko guztiekin.
Profesional sanitario batek eutanasiarekin lotutako kontzientzia-eragozpena balia dezake? Nola?
- Bai. Legeak jaso duenez, hiltzeko laguntza-prestazioan zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioek eutanasiarekin lotutako kontzientzia-eragozpenerako eskubidea balia dezakete. Kontzientzia-motiboak direla eta prestazio hori emateari uko egitea hura egiteko zuzenean inplikatuta dagoen profesional sanitarioaren erabaki indibiduala da; erabaki hori aurretik eta idatziz eman beharko da.
- Osasun Saila hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpena adierazten duten Medikuntzako eta Erizaintzako profesional sanitarioentzako erregistroa sortu du; haietan inskribatuko dira beren adierazpenak. Erregistro horren bidez, osasun-administrazioari hiltzeko laguntza-prestazioaren antolamendu egokia kudeatzeko eta bermatzeko behar den informazioa emango zaio.
- Erregistroak erabateko isilpekotasunaren printzipioa eta datu pertsonalak babesteko araudia beteko ditu.
Hiltzen laguntzeko eskaerari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, konfiantzazko medikuarengandik edo erizainarengandik jaso dezakezue, edo mezu elektroniko bat bidali helbide honetara:: CGyE-Eutanasia@euskadi.eus
Profesionalentzako berariazko informazioa
Eutanasia arautzen duen 3/2021 Lege Organikoa oro har ezagutzeko, jarraian laburpen bat dago, galde-erantzunen formatuan. Galde-erantzun hauek eguneratzen, zabaltzen eta/edo Legearen beraren ezarpenetik eta profesionalekiko harremanetik datorren informazioarekin egokitzen joango da.
Gainera, "Eutanasiako jardunbide egokien eskuliburua (Gazteleraz)(PDF, 1 MB) " gehitu da, Lurralde arteko Kontseiluaren esparruan egin dena, Legea bera betetzeko.
Zer da eutanasia?
- Desgaitasun handia eragiten duen gaixotasun sendaezina duen pertsona baten edo bizi-pronostiko mugatuko egoera batean dagoen eta sufrimendu jasanezina bizi duen pertsona baten heriotza nahita eragitea da, pertsonak berak eskatuta eta testuinguru mediko batean.
Zer da hiltzeko laguntza medikoa?
- Hiltzeko laguntza medikoa legeak eutanasiaren osasun-prestazioa deskribatzeko erabiltzen duen terminoa da. Eskubide indibidual berri horren bidez, pertsona batek bere heriotza aurreratzeko eska dezake, Legeak jasotzen dituen kasuetan.
Noiz hasi ahalko da eutanasia eskatzen?
- 2021eko ekainaren 25ean, legea indarrean sartzen denean, argitaratu eta hiru hilera.
Zein da lege honen aplikazio-eremua?
- Lege hau pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu guztiei aplikatu ahalko zaie; alegia, hiltzeko laguntza-prestazioa osasun-zentro publiko, pribatu eta itunduetan eman ahalko da, bai eta etxean ere (etxe gisa nagusien egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak ere ulertzen dira); laguntza emateko aukera eta asistentzia-kalitatea ezingo dira gutxitu osasun-arloko kontzientzia-eragozpenagatik edo prestazioa emateko lekuaren arabera.
- Hiltzeko laguntza medikoa ematen duten talde profesionaletan ezingo dute esku hartu interes-gatazkan daudenek, ez eta eutanasia egitearen onuradun direnek ere.
Profesionalentzako prestakuntza bereizirik egongo da?
- Egon behar du; hala zehazten du legeak. Osasun-administrazio eskudunek mekanismo egokiak gaitu beharko dituzte, profesional sanitarioen eta herritarren artean lege hau ahalik eta gehien zabaltzeko, bai eta herritarren artean aurretiazko borondateen dokumentua egitea sustatzeko ere. Era berean, pertsonal sanitarioaren artean legean aurreikusten diren egoerak zabaldu beharko dituzte, ezagutza egokia eta orokorra zabaltzeko eta, hala badagokio, profesionalek kontzientzia-eragozpenerako eskubidea balia dezaten bide emateko.
- Osakidetza prestakuntza berezia diseinatzen ari da, prestazio berri horren ezarpenari bide emateko. Hala, zerikusia duten alderdi tekniko klinikoak ez ezik, prozesu horretan parte hartuko duen profesional bakoitzari hiltzeko laguntza erraztu diezaioketen alderdi etiko eta juridikoak ere ari dira kontuan hartzen. Hasierako eta oinarrizko prestakuntza hori ez da aurrez aurrekoa izango; ikus-entzunezko euskarria baliatuko da, eta, hala, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleko Arretako eta zentro pribatu eta zentro soziosanitarioetako ahalik eta profesional-kopuru handienera heldu nahi da.
- Gainera, legeak ezartzen du Osasun Sistema Nazionaleko Profesional Sanitarioen Etengabeko Prestakuntza Batzordeak, urtebeteko epean, etengabeko prestakuntza bereziaren eskaintza koordinatuko duela.
Zer kasutan eska daiteke eutanasia?
- Eutanasia edo hiltzeko laguntza medikoa honako bi egoera hauetan eskatu ahalko da, baldin eta pertsonak onartezintzat jotzen dituen sufrimendu fisikoa, mentala edo existentziala eragiten badute eta beste bitarteko batzuen bidez arindu ezin izan bada:
- “gaixotasun larria eta sendaezina: berez etengabeko sufrimendu fisiko edo psikiko jasanezinak eragiten dituena, sufrimendu hori arintzeko aukerarik ematen ez duena, bizi-pronostiko mugatua eragiten duena, pixkanakako hauskortasunaren testuinguruan”.
- “pairamen larria, kronikoa eta eragozlea: egoera honek autonomia fisikoan eta eguneroko jardueretan zuzenean eragiten duten mugak ditu, eta muga horiek ez diote pertsonari aukerarik ematen bere kabuz moldatzeko; muga horiek eragina dute, halaber, adierazi nahi dena adierazteko eta harremanetan jarduteko gaitasunean, eta egoera hori jasaten duenari etengabeko sufrimendu fisiko edo psikiko jasanezina eragiten dio, eta ziurra da edo aukera handia dago muga horiek denboran irauteko, sendatzeko edo hobekuntza nabarmena izateko aukerarik gabe. Batzuetan, laguntza teknologikoarekiko erabateko mendekotasuna ekar dezake”.
Nork eska dezake eutanasia?
- Aurreko bi egoera horietan dagoen edozein pertsonak eska dezake eutanasia, baldin eta adinez nagusia bada eta eskabidearen unean kontziente eta gai bada.
- Hiltzeko laguntza-prestazioa eskatzeko erabakiak autonomoa izan behar du, pazientearen prozesu medikoari buruzko ezagutzan oinarritua, osasun-talde arduradunak informazio egokia eman ondoren hartua.
- Gainera, eskatzaileak Espainiako nazionalitatea izan behar du edo bertan izan legezko bizitokia edo hamabi hilabete baino gehiago egon dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria eduki beharko du.
Zer profesionalek esku hartzen dute eutanasiaren prozesuan?
- Legeak funtsezko eginkizuna ematen dio prozesuaren eztabaidan eta hausnarketan gaixoari arreta ematen dion asistentzia-taldeari, eta berariaz aipatzen ditu Medikuntzako eta Erizaintzako profesionalak.
- Zehazki, “mediku arduradunak”, “mediku aholkulariak" eta gaitasun etikoak eta lotura duten beste batzuk dituzten pertsonal sanitarioek eta juridikoek eratzen duten “Berme eta Ebaluazio Batzordeak” parte hartuko dute prozeduretan, legea betetzeko.
Nor da “mediku arduraduna”?
- Legeak “mediku arduraduna”ren irudia honako hau dela dakar: pazientearen informazio eta osasun-asistentzia guztia koordinatzeko ardura duen medikua, asistentzia-prozesuan arretaren eta informazioaren inguruko guztian solaskide nagusia izango dena; hala ere, asistentzia-jarduketetan parte hartzen duten beste profesional batzuen betebeharrak ere hartu beharko dira kontuan”.
- Sarritan, “mediku arduraduna” eskatzailearen familia-medikua izango da, baina, beste batzuetan, eskatzailearen asistentzia-testuinguruaren arabera, ospitale-eremuko mediku bat izan daiteke (Onkologia, Erradioterapia, Kirurgia, Nefrologia, Neurologia, Pneumologia, Psikiatria, etab.).
- Eskatzaileak erabakiko du, azkenean, zein izango den “mediku arduraduna”, eutanasia eskatzeko borondatea noren esku uzten duen erabakiko baitu.
Nor da “mediku aholkularia"?
- Legeak dio pazienteak jasaten dituen patologien eremuan prestakuntza duen eta mediku arduradunaren talde berekoa ez den medikua dela.
- “Mediku arduraduna”k aukeratu beharko du, kasu bakoitzean, betiere asistentzia-talde bereko kide ez bada.
Nola eskatu behar du paziente batek eutanasia? Zer prozedura bete behar da?
- Hiltzeko laguntza-prestazioaren eskaera boluntarioa, autonomoa eta idatzizkoa izango da; eskabidean pazienteak idatzi beharko du data eta hura sinatu, osasun-arloko profesional bat aurrean dagoela, eta profesional horrek ere sinatu eta Historia Klinikoan sartuko du.
- “Mediku arduraduna”k informazio egokia eman beharko dio, eta deliberazio-prozesua ezarri eskatzailearekin. Historia klinikoan, pazienteak informazioa jaso eta ulertu duela ageri beharko da, eta pazienteak, 5 egun naturaleko epean, bere prozesu medikoari buruz dagoen informazioa idatziz jaso beharko du. Lehen eskaera horren ondoren, pazienteak bigarrenez egin beharko du eskaera berriro, eta berriro ere eztabaidatu bere “mediku arduraduna”rekin hiltzeko laguntza-prestazioaren eskaerarekin jarraitzeko edo hari uko egiteko erabakiaren inguruan. Bi eskaeren artean, 15 egun igaro beharko dira, gutxienez.
- Pazienteak aurrera jarraitzea erabakitzen badu, “mediku arduraduna"k “mediku aholkulari” bati egingo dio kontsulta, eta hark legean ezartzen diren baldintza guztiak betetzen diren egiaztatuko du, eta txostena emango du; txosten hori ere historia klinikoan sartuko da. Txosten horren ondorioak pazienteari jakinaraziko zaizkio.
- Aurretiko eskakizun horiek guztiak bete ondoren, mediku arduradunak Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari emango dio egoeraren berri, eta eskakizun horiek egiaztatu eta behin betiko jakinaraziko dio “mediku arduraduna”ri, 7 eguneko epean, laguntza-prestazioarekin aurrera jarraitzeko.
- Beste eskakizun bat da pazienteak, hiltzeko laguntza-prestazioaren aurretik, baimen informatua eman beharko duela; baimen hori historia klinikoan sartuko da.
- Oro har, eskaera bat edozein unetan geroratu edo atzera bota daiteke. Gainera, eskaerari uko egin ahalko zaio, baldin eta legearen babesik ez badu; egoera horretan, pazienteak Berme eta Ebaluazio Batzordearen aurrean aurkeztu ahalko du errekurtsoa.
Nor da behar den farmakoa emateko pertsona arduraduna?
- Legeak dio “mediku arduradunak eta gainerako profesional sanitarioek pazienteari lagunduko diotela, harik eta hil arte”.
- Gainera, legeak dio hiltzeko laguntza-prestazio hori bi modalitatetan eman ahalko dela:
- Pazienteari zuzenean ematea profesional sanitario eskudunak substantzia bat (Eutanasia)
- Pazienteari profesional sanitarioak substantzia bat agintzea edo hornitzea, pazienteak berak administratzeko, bere heriotza berak eragiteko (Medikuak lagundutako suizidioa).
Onartzen du lege honek medikuak lagundutako suizidioa?
- Bai. Eutanasiarako aurreikusitako gaixotasun- eta pairamen-egoera beretan.
- Desberdintasun bakarra da legeak prozesuaren azken unea hautatzeko aukera jasotzen duela; pazienteak aukeratuko luke berak hartzea substantzia hilgarria, betiere osasun-talde horren laguntzarekin eta presentziarekin.
Nork baimentzen du hiltzeko laguntza medikoaren prestazioa?
- Eutanasia egin ahal izateko azken baimena Berme eta Ebaluazio Batzordeak ematen du; horretarako, aurretik “mediku aholkularia”k behar beste informazio emango dio, “mediku aholkularia”ri “mediku arduraduna”k eskaeraren berri eman ondoren.
Zer da Berme eta Ebaluazio Batzordea?
- Administrazio-mailako eta diziplina anitzeko organoa da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren Aginduz sortua ; pertsonal sanitarioak (Medikuntzakoa, Erizaintzakoa, Psikologiakoa) eta juridikoak eratzen dute; gutxienez zazpi pertsonak osatu behar dute, eta pertsona horiek, aditu diren aldetik, bermatu egingo dute prozesuaren segurtasun klinikoa eta juridikoa, eta, ondoren, haren egokitasuna ebaluatuko dute.
Zein izango dira Berme eta Ebaluazio Batzordearen eginkizunak?
Legeak honako eginkizun hauek zehazten ditu, besteak beste:
- a) Hogei egun naturaleko epean, gehienez, prozesuan izan diren erreklamazioak ebaztea, eta, epe berean, egiaztatzeko dauden eskaerak eta osoko bilkurari eman zaizkionak –izendatutako pertsonek irizpide desberdinak dituztelako eta, ondorioz, aldeko edo kontrako txostena eman ezin delako–.
- b) Bi hileko epean, gehienez, hiltzeko laguntza-prestazioa legean aurreikusitako prozedurekin bat etorriz egin den egiaztatzea.
- c) Lege horretan aurreikusiten diren eskakizunak betetzeko orduan egon daitezkeen arazoak detektatzea eta, hala badagokio, hobekuntza zehatzak proposatzea, jardunbide egokien eta protokoloen eskuliburuetan sartzeko.
- d) Legea aplikatzean egon daitezkeen zalantzak edo galderak ebaztea; haren lurralde-eremu zehatzean kontsulta-organo ere izan ahalko da.
- e) Haren lurralde-eremu zehatzean legearen aplikazioari buruzko urteko ebaluazio-txostena prestatzea eta jendaurrean jartzea. Txostena osasun-arloan eskumena duen organoari bidali beharko zaio.
Kasu guztietan, Berme eta Ebaluazio Batzorde hori eratzen duten pertsonek deliberazioen edukia isilpean gordetzera eta profesional sanitario, paziente, familiarteko eta/edo hurbileko pertsonen inguruan ezagutu dituzten datu pertsonalen isilpekotasuna babestera behartuta daude.
Nola ulertzen da legez eutanasia bidezko heriotza?
- Hiltzeko laguntza-prestazioaren ondoriozko heriotza legez heriotza naturaltzat joko da, ondorio guztietarako.
Paziente batek aipa dezake eutanasia-eskaera aurretiazko bizi-borondateetan?
- Bai. Legeak honako hau dio: deskribatutako egoeretan pertsona batek dagoeneko bere adostasun librea, boluntarioa eta kontzientea emateko gaitasun nahikoa ez duen, baina aurretik aurretiazko borondateen dokumentua edo legezko beste dokumentu baliokide bat sinatu eta, hartan, egoera jakin batzuetan eutanasiara jotzeko duen borondatea jasota utzi duen kasuetan, eutanasiaren eskabidea aurretiazko borondateen dokumentuan ageri den ordezkariak edo pazientearen inguruneko pertsona batek aurkeztu ahalko du, eta, beste pertsonarik egon ezean, haren “mediku arduraduna”k.
- Kasu horretan, profesional hori telematikoki sartu beharko da pertsona horren aurretiazko borondateen dokumentura. Profesionalak Osakidetzaren historikoa kliniko elektronikoko sarbiderik ez duen zentro pribatu batean lan egiten badu, dokumentua Eusko Jaurlaritzaren Aurretiazko Borondateen Erregistroari eskatu beharko dio.
- “Mediku arduraduna”k balioetsiko du, haren asistentzia-taldearekin, eskatzaileak horrelako erabaki bat behar bezala, kontzienteki, arduratsu eta barneko edo kanpoko derrigortzerik gabe hartzeko duen egitatezko gaitasunaren egoera. Zalantzarik edukiz gero edo egoera konplexua bada, aholkularitza eskatu ahalko die adituei edo asistentziaren etikako batzorde bati.
- Era berean, legeak gaitasunaren balioespen hori Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak zehazten dituen jarduketa-protokoloen arabera egingo dela aurreikusten du.
Eutanasia eta zainketa aringarriak bateragarriak dira?
- Bai. Eutanasiak ez du ordezkatu behar eta are gutxiago eragotzi, inolaz ere, zainketa aringarrietarako sarbide zuzena eta egokia. Gainera, ez litzateke eutanasia-jarduketarik egin beharko, aurretik zainketa aringarri egokietarako sarbidea eskaini gabe.
- Euskadiko Etika Komiteen Batzorde Soziosanitarioak esan bezala, pertsona batek hiltzeko laguntza eskatzeko motiboak, gehienetan, guztietan ez esatearren, sufrimenduarekin daude lotuta. Sufrimendu fisikoa edo existentziala; hura arintzeko, fase aurreratuko gaixotasuna eta bizi-pronostiko mugatua duten pertsonetan, zainketa aringarriak proposatzen dira, eta aproposena da zainketa horiek gizarte-laguntzako beste neurri eta/edo mendekotasunerako beste laguntza batzuekin osatzea, zeinek arreta integrala eskaintzen baitiete pazienteari eta haren familiari, profesional sanitarioen eta soziosanitarioen eskutik, gaixoaren sintoma fisikoak ez ezik, arlo emozionalari eta espiritualari ere erreparatuz. “Begirada aringarria” da askotan pertsonekin beren bizitzaren amaieran izaten dena.
- Baina egia da, halaber, pertsona batzuek, hala ere, eutanasia eskatzen dutela. Lege honek eskubide hori arautzen du, berme kliniko eta juridiko guztiekin.
Profesional sanitario batek eutanasiarekin lotutako kontzientzia-eragozpena balia dezake?
- Bai. Legeak jaso duenez, hiltzeko laguntza medikoaren prestazioan zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioek “osasun-arloko kontzientzia-eragozpen”erako eskubidea baliatu ahalko dute. Legeak honela ulertzen du: “profesional sanitarioek lege honetan arautzen diren baina beren usteekin bateraezinak diren osasungintzako jarduketen eskaerei ez erantzuteko eskubide indibiduala”.
- Zuzen eta modu onargarrian baliatutako kontzientzia-eragozpena honako ezaugarri hauetan oinarritzen da:
- Kontzientzia-eragozpena eskubide indibiduala da, ez kolektiboa. Izaera pertsonala, besterenezina eta zehatza du. Beraz, ezingo du erakunde batek, zentro batek, zerbitzu batek edo unitate batek baliatu.
- Eutanasiaren prestazioan zuzenean inplikatuta dauden profesionalek baino ezingo dute kontzientzia-eragozpenerako eskubidea baliatu. Beraz, ezingo du medikua edo erizaina ez den beste profesional batek baliatu.
- Kontzientzia-eragozpenerako motiboa profesional bakoitzaren balio moralen hierarkian oinarritzen da. Horrenbestez, kontzientzia-eragozpena ez da benetakoa, baldin eta arrazonamendu tekniko, juridiko, laneko edo kontzientzia moralaz bestelako edozeinetan oinarritzen bada.
- Kontzientzia-eragozpena ez da legeak aldatzeko tresna bat, ezta beste batzuek norberak moralki onartezintzat jotzen duen portera izan dezaten saihestekoa.
Nola balia dezake profesional batek prestazio horretarako kontzientzia-eragozpena?
- Kontzientzia-motiboak direla eta prestazio hori emateari uko egitea hura egiteko zuzenean inplikatuta dagoen profesional sanitarioaren erabaki indibiduala da; erabaki hori aurretik eta idatziz eman beharko da.
- Osasun Saila hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpena adierazten duten Medikuntzako eta Erizaintzako profesional sanitarioentzako erregistroa sortu du; haietan inskribatuko dira beren adierazpenak. Erregistro horren bidez, osasun-administrazioari hiltzeko laguntza-prestazioaren antolamendu egokia kudeatzeko eta bermatzeko behar den informazioa emango zaio.
- Profesionalak edozein unetan inskribatu ahalko dira erregistroan, baina, hala badagokio, erregistroa erabilgarri dagoenean egitea gomendatzen da. Halaber, inskripzioa edozein unetan baliogabetu ahalko da.
- Erregistroak erabateko isilpekotasunaren printzipioa eta datu pertsonalak babesteko araudia beteko ditu.
Emaitzen txosten estatistikoak
Atal honetan, eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoaren aplikazioaren Euskadiko emaitzen urteko txosten estatistikoak azaltzen dira. Hirugarren xedapen gehigarriak honela dio: Urteko txostena. Autonomia-erkidegoek 18. artikuluko e) idatz-zatian aipatzen den txostena igorriko diote Osasun Ministerioari. Ceuta eta Melilla hirien kasuan, Osasun Ministerioak Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalaren bitartez eskatuko du txosten hori. Autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen baterako datuak publiko egingo dira eta Osasun Ministerioak aurkeztuko ditu.
Lotutako berriak
- Euskadik 25 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, duela urtebetetik eustanasia arautzen duen legea indarrean sartu zenetik
- Euskadik 25 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, duela urtebete Eustanasia arautzen duen Legea (martxoaren 24ko 3/2022 Legea ) indarrean sartu zenetik.
- EAE-k hamahiru pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, eustanasia arautzen duen legea indarrean sartu zenetik
- 5.000 profesional inguruk parte hartu dute Osakidetzak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan.
- Gobernu Kontseiluak eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio batzordea sortzeko dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2021-5-25)
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Eutanasiaren eskubidea arautzen duen Lege Organikoa (martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa) betetzen dela bermatzen duten jarduketa guztiak ari da betetzen. Gaur beste urrats bat gehiago eman da norabide horretan, Gobernu Kontseiluak, Osasuneko Sailburuak eskatuta, eutanasiaren arloan “Berme eta Ebaluazio Batzordea” sortzen duen dekretua onartu baitu.
- Osasun Sailak eutanasiaren legeari buruzko informazio pedagogikoa argitaratu du haren web-orrian
- Osasun Sailak eta Osakidetzak eutanasiarako eskubidea arautzen duen lege organikoari buruzko informazio didaktikoa argitaratu dute haien web-orrietan. Sentsibilizazioa eta informazio pedagogikoaren inguruko argitalpena da Osasun Sailak Eutanasia arautzen duen 3/2021 Lege Organikoa egoki betetzen dela bermatzeko aurreikusten duen ekintzetako bat. Legea 2021eko ekainaren 25ean sartuko da indarrean.
- Osasun Sailak eutanasiari buruzko Legea "berme guztiekin" betetzeko beharrezko jarduerak hasi ditu
- Jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzea, eta herritarrek eta osasun-arloko profesionalek beren eskubideak eta betebeharrak ezagut ditzaten beharrezko informazioa eta sentsibilizazioa zabaltzea
Kontzientzia-eragozpenaren erregistroa
Sarrera
Eutanasia arautzen duen martxoaren 21eko 3/2021 Lege Organikoaren arabera, hiltzeko laguntza medikoan zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioek “kontzientzia sanitarioaren eragozpenerako” eskubidea baliatu ahal izango dute. Lege honen arabera, eskubide hori honela onartzen da: “profesional sanitarioen eskubide indibiduala lege honetan erregulatutako jarduketa sanitarioko eskaerei ez erantzuteko, baldin eta eskaera horiek bateraezinak badira beren konbikzioekin”.
Zer da kontzientzia-eragozpenaren erregistroa?
Kontzientzia-eragozpenaren Erregistroan inskribatu behar dira kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak. Erregistroaren helburua da osasun-administrazioari beharrezko informazioa ematea, horrek bermatu ahal izan dezan hiltzeko laguntza behar bezala kudeatzen dela.
Nork erregistra dezake kontzientzia-eragozpenaren adierazpena?
- Osasun-langile fakultatiboak, erizaintzakoak, psikologia klinikokoak eta farmaziakoak, zerbitzu aktiboan daudenak, bai esparru publikoan, bai pribatuan.
Kontzientzia-eragozpenaren erregistroan, zerekiko adieraz daiteke eragozpena?
- Ofizialki erregistratutako kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak berekin dakar Legeak deskribatzen duen eutanasiaren prozesu osorako beharrezkoak diren jarduketa batekiko, batzuekiko edo guztiekiko eragozpena aditzera ematea, baina profesionala horietan guztietan jarduteko desgaitzen du.
- Beraz, eragozpena adieraziz gero, asistentzia- eta prozedura-prozesu osoarekiko adierazten da eragozpena, ez soilik prozesu horren zati batekiko.
Noiz erregistra daiteke kontzientzia-eragozpenaren adierazpena?
- Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena edonoiz erregistratu ahal izango da, eta pertsonak berak modu berean ezeztatu ahal izango du. Horretarako, nahikoa izango da erregistro telematikoan baja ematea.
Sare publikorako, pribaturako edo soziosanitariorako erregistro desberdinak egongo dira?
- Ez. Erregistroa zentralizatua eta bakarra izango da Osakidetzako profesional guztientzat, eta irekia izango da osasun-zentro pribatuetako (itunpekoak edo ez) eta zentro soziosanitario edo sozialetako (adineko pertsonen egoitzak edo pertsona desgaituen zentroak) edozein osasun-profesionalen (medikua, erizaina, psikologo klinikoa edo farmazeutikoa) kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak jasotzeko. Horrek ez du galarazten zentro edo erakunde horiek kontzientzia-eragozpenaren erregistro propioak izatea.
Publikoa izango al da eragozpena adierazten duten profesionalen erabakia?
- Ez. Konfidentziala izango da. Datuen konfidentzialtasuna guztiz babestu behar da. Prestazioa kudeatzeko eta antolatzeko erantzukizunak dituztenek izango dute sarbidea.
Erregistroa
3 tramite mota egin ahal izango dituzu. Zer egin nahi duzu?
- Nire kontzientzia-eragozpena jakinarazi.
- Nire kontzientzia-eragozpena deuseztatu.
- Lantokia aldatu dudala jakinarazi. (*) Informazio hau esparru pribatuan lan egiten duten pertsonei buruzkoa da.
Osasun-profesionala identifikatzeko, egoitza elektronikoko “Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak” atalean zehaztutako ziurtagiri elektronikoak erabiliko dira (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/).
Erregistroa konsultatzea
Kontsultatu zeure dokumentazioa.
Kudeatzeko eta antolatzeko baimena duten pertsonen kontsulta. (*) Erregistroko informazioa konfidentziala da, eta hiltzeko laguntza emateko kudeaketa- eta antolaketa-erantzukizunak dituzten pertsonek soilik izango dute sarbidea.
Azken aldaketako data: