Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarra, azken batean, Euskadiko herri-ordezkaritzarako organo gorena da eta bere funtzio nagusiak Eusko Jaurlaritzaren egintza legepetu, bultzatu eta kontrolatzea eta Autonomia Erkidegoko aurrekontuak onartzea dira.

Era berean, bere ahalmenen artean Euskadi ordezkatuko duten senadoreak izendatzea, Estatuko Gobernuari lege-proiektuak egin ditzan eskatzea, Kongresuko Mahaiari lege-proposamenak igortzea edo konstituziokontrakotasun-errekurtsoak jartzea aipa daitezke.

Euskal Herriko legegintza-ganbara lurralde historiko bakoitzeko ordezkari-kopuru berdin batez osatuta dago. Guztira 75 parlamentari dira, lau urteko agintaldi baterako sufragio unibertsal bidez hautatzen direnak.

Legegintza-ekimena parlamentariei, Eusko Jaurlaritzari eta, alderdi jakin batzuetan, lurralde historikoak ordezkatzeko erakundeei dagokie. Euren funtzioen arabera, parlamentariek eskari, galdera, interpelazio eta mozioak egin ditzakete Osoko Bilkuran nahiz Batzordeetan, hots, euren iharduera burutzen duteneko organoetan.

Gaur egun Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak arautzen dituen legea 1990eko ekainaren 15ean onartu zen. Bertan Hauteskunde-Erregimen Orokorraren Lege Organikoak Ähau da, Espainiako Estatuan hauteskundeak arautzen dituen oinarrizko arauakÄ kontuan hartzen ez dituen zenbait alderdi barne hartzen dira, hauteskunde-prozesuen kalitatea hobetzea helburu dutenak hain zuzen ere.

Legearen testuaren arabera, hauteskundeetarako deialdia Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren dekretu baten bidez egiten da eta hauteskundeak dekretu hori EHAAn argitaratu eta berrogeita hamalaugarren egunean egiten dira..

15 eguneko iraupena duen hauteskunde-kanpainari dagokionez, legeak titulartasun publikoko komunikabideetako doako saioen erabilera arautzen du. Horrela, talde politiko bakoitzak Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan lortutako boto-kopuruaren arabera ematen dira saio hauek.