Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 28koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioak behin-behinekoz atxikitzeko prozedura arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 125
  • Hurrenkera-zk.: 3393
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/28
  • Argitaratze-data: 2011/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskadiko herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko den urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak behin-behineko atxikipena arautzen du XI. kapituluan. Bertan ezartzen da lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden eta lanpostuak behin-behinekoz betetzeko sistemaren baten bidez beste lanpostu bat betetzen ari ez diren karrerako funtzionarioak beraien kidego eta eskalako lanpostu bati atxikiko zaizkiola, merezimendu, gaitasun, egokitasun eta berdintasunaren irizpideak eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorra uztartzen dituzten irizpide objektiboekin bat etorriz.

Administrazio publikoak herritarren beharrizanei modu eraginkorrean erantzuteko zerbitzu publikoak ematen ditu. Zerbitzu horiek kalitatezkoak izateko, giza baliabideak modu eraginkorrean kudeatu behar dira eta, horretarako, gaituta dauden eta behar besteko iaiotasuna daukaten langileek gauzatu behar dituzte esleitutako zereginak. Oinarrizko premisa hori are garrantzitsuagoa da administrazio honetako erantzukizun handieneko lanpostuetan. 190/2004 Dekretuak, erantzukizun handieneko lanpostuak lehiaketa edo zerbitzu-eginkizunen bidez betetzen direnean egokitzapen hori bermatzeko sistemak ezartzen ditu. Kasu horietan, hautagaiek proba baten bidez egiaztatu behar dute lanpostua betetzeko ezagupen eta iaiotasunak badituztela. Horregatik, erantzukizuneko postuetan eta horietan bakarrik, atxikiko den pertsona lanposturako egokia dela bermatzeko, agindu honek prozedura objektibo bat ezartzen du, eta prozedura horrek, hautagaiaren lanbide-esperientzia aztertuz, berari hobekien egokitzen zaizkion lanpostuak zein diren ezartzen du.

Lanpostuak betetzeko gainontzeko sistemekin bat datozen behin-behineko atxikipenak arautzeko agindua onartzeak eragin positiboa izango du giza baliabideen kudeaketan, zerbitzuak modu eraginkorrean ematea bermatuko du, eta erakundearen helburuak langileen eskubideekin bateratuko ditu.

Horiek horrela, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 6.1.a) artikuluarekin eta Euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko den urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoarekin bat etorriz, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren eta organo eskudunek aginduzko txostenak eman eta gero, hauxe

  1. Ondoren aipatzen diren arrazoiengatik lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden Euskal Autonomia Erkidegoko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek behin-behinekoz atxikitzeko postua aukeratzeko irizpideak eta prozedura ezartzen ditu agindu honek. Hona hemen aipatutako arrazoiak:

    1. Lehiaketaz edo izendapen askez lorturiko lanpostua ezabatu izana, eta halaber lehiaketaz lorturiko lanpostuaren edukia gerora aldatu delako langilea lanpostutik mugiarazi izana.

    2. Izendapen askeko lanpostu batetik kendu izana.

    3. Lehiaketaz lorturiko lanpostuan jarduteko gai ez izateagatik funtzionarioa lanpostutik mugiarazi izana.

    4. Lanpostuari uko egin eta ukoa izendapena egin zuen organoak onartu izana.

    5. Jarduneko zerbitzura itzuli izana, lanpostua gordeta izan gabe.

  2. Ertzaintzako karrerako funtzionarioei, irakasle funtzionarioei, osasun-erakundeetako funtzionarioei eta estatutupekoei, eta Justizia Administrazioko funtzionarioei ez zaie agindu hau aplikatuko.

  3. Lehenengo paragrafoan adierazitako arrazoiak egon arren, karrerako funtzionarioa behin-behinekoz atxikitzea ez da beharrezkoa izango, aldi baterako betetzeko sistema baten bidez beste lanpostu bat betetzen ari baldin bada.

    Dena den, edozein arrazoirengatik karrerako funtzionarioek behin-behinekoz betetzen ari diren lanpostua uzten dutenean ere agindu honetan adierazitako irizpide eta prozedurak aplikatuko dira.

Karrerako funtzionarioak beraien kidego edo eskalako lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinekoz. Lanpostua betetzeko modua lehiaketa izango da eta, lehiaketan parte hartzeko, lanpostuen zerrendan lanpostuari ezarritako baldintzak bete beharko ditu langileak. Agindu honetako 3. eta 4. artikuluetan adierazitako irizpideekin bat etorriz aukeratuko dira lanpostuak.

Hautatutako lanpostuaren berariazko osagarriaren maila III-A edo hortik gorakoa bada, pertsonaren profila lanpostuarenera egokitzen dela bermatuko da. Horretarako, langilearen lan-eskarmentua aztertuko da agindu honetako 4. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Nolanahi ere, karrerako funtzionarioen behin-behineko atxikipena bermatuko da, beraien kidego edo eskalako lanposturen bat baldin badago eta lanpostuen zerrendan ezarritako betekizun guztiak betetzen baldin badituzte.

  1. Lanpostuari atxikitzeko, lanpostuen zerrendan lanpostu horrentzat azaltzen diren baldintzak bete behar dira, eta lanpostuaren destino-osagarria langileak duen maila baino bi maila beheragokoa izango da gehienez.

  2. Langilearen maila baino gehienez bi maila beheragoko destino-osagarria duen lanposturik ez badago, atxikipena destino-osagarri txikiagoa duen lanpostu batean egingo da, ondorengo paragrafoetan adierazitako hautaketa-irizpideei jarraituz. Ezaugarri horiek dituen lanposturik ez baldin badago, gainontzeko postuetara joko da.

  3. Finkatutako maila pertsonalaren arabera aukeratuko da lanpostua, eta destino-osagarri bera duten lanpostuetatik hasiko da bilaketa. Ezaugarri horiek dituen lanposturik ez baldin badago, destino-osagarriaren goitik beherako bilaketa egiten jarraituko da.

  4. Destino-osagarriaren maila bakoitzeko lanpostuak aukeratzeko, irizpide subsidiario hauek aplikatuko dira:

    1. Bete gabeko lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak titular gisa azken postua izan duen herrian kokatuta dagoena.

    2. Bitarteko funtzionario batek betetzen duen lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak titular gisa azken postua izan duen herrian kokatuta dagoena.

    3. Zerbitzu-eginkizunetan betetako lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak azken postua izan duen herrian kokatuta dagoena.

    4. Bete gabeko lanpostua, lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak titular gisa azken postua izan duen lurralde historikoan kokatuta dagoena.

    5. Bitarteko funtzionario batek betetako lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak titular gisa azken postua izan duen lurralde historikoan kokatuta dagoena.

    6. Zerbitzu-eginkizunetan betetako lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta atxiki beharreko karrerako funtzionarioak titular gisa azken postua izan duen lurralde historikoan kokatuta dagoena.

    7. Bete gabeko lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian kokatuta dagoena.

    8. Bitarteko funtzionario batek betetako lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian kokatuta dagoena.

    9. Zerbitzu-eginkizunetan betetako lanpostu hutsa edo titularduna, denbora luzean hutsik egongo dela pentsatzen dena, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian kokatuta dagoena.

  5. Lanera bueltatzea eskatzen duten langileen behin-behineko atxikipena lanpostu hutsetan egingo da, hurrenez hurren a), b), d), e), g) eta h) idatzi-zatietan adierazitako irizpideak aplikatuz. Irizpide horiek aplikatuz ezin baldin badira karrerako funtzionarioak behin-behinekoz atxiki, c), f) eta i) idatzi-zatiko irizpideak aplikatuko dira hurrenez hurren.

  6. Betetzen duten postua amortizatzearen ondorioz behin-behinekoz atxiki behar diren langileak, ahal bada, amortizatutako lanpostuaren sailean atxikiko dira, artikulu honetako 4. paragrafoko irizpideak betez.

  7. Deskribatutako prozedura aplikatuta III-A edo goragoko berariazko osagarria duen postu bat aukeratuz gero, behin-behineko atxikipena gauzatzeko baldintza bat bete beharko da: lan-eskarmentua postuarekin bat etortzea. Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak zehaztuko du hori hala gertatzen den, 4. artikuluan deskribatutako prozedurarekin bat etorriz.

    b), e) eta h) irizpideak aplikatzetik ateratzen diren lanpostuen artetik, lan-poltsetan leku okerrena duen bitarteko funtzionarioak betetzen duen lanpostua aukeratuko da. Aukeratutako lanpostuen artean hainbat lan-poltsetako funtzionarioak baldin badaude, lan-poltsa horietan guztietan lehentasun-hurrenkera txarrena dutenen artetik administrazio honetan antzinatasun gutxiena duten bitarteko langileen postuak aukeratuko dira.

    c), f) eta i) irizpideak aplikatzetik ateratzen diren lanpostuen artetik, behin-behineko atxikipenaren ondorio-eguna kontuan hartuz lanpostua zerbitzu-eginkizunetan berrikien esleitu zaion eta betetzen duen pertsonaren lanpostua aukeratuko da.

  1. Urtebetetik gorakoak izango direla aurreikusten diren absentziak hartuko dira iraupen luzeko absentziatzat.

  1. Interesdunak 25.etik gorako maila finkatua duela egiaztatzen badu, langilea lanpostuen zerrendan azaltzen diren baldintzak betetzen dituen lanpostu bati atxikiko zaio. Lanpostuaren destino-osagarriak ezingo du izan langileak duen maila baino bi maila beheragokoa eta lanpostuak bat etorri beharko du langilearen lan-eskarmentuarekin.

  2. Atxiki beharreko langilearen lan-eskarmentua eta dauden lanpostuetara ondo egokitzen ote den aztertuko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak. Hain zuzen ere honako hauek aztertuko ditu:

    Bere lan-eskarmentuaren azterketa, batez ere azken 5 urteetakoa (bere gain hartutako erantzukizunak, egindako lanak eta garatu dituen iaiotasunak).

    Titulazioen eta graduondoko espezializazio-diploma akademikoen, egiaztatutako atzerriko hizkuntzen, eta azken 10 urteetan hobekuntza-ikastaroen eta irakaskuntza eta ikerketen bidez bereganatutako ezagupenen azterketa.

  3. Azterketa egiteko, erregistratuta dagoen edo atxiki beharreko pertsonak aurkezten duen dokumentazioa eta pertsona horrek bete beharko duen lan-eskarmentuari buruzko galdera-sorta estandarizatua erabiliko dira. Horrez gain, bere lan-historiako hainbat alderdi sakonago aztertzeko beharrezkoa den informazioa eman dezala eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, interesdunarekin harremanetan jarri eta gehienez 3 egun balioduneko epea emango zaio beharrezko informazioa aurkeztu dezan.

  4. Emaitza gisa, atxiki beharreko pertsonaren eskarmentuari buruzko txosten bat egingo da, bere iaiotasun tekniko nagusiak eta kudeaketarako dituen iaiotasun nagusiak biltzen dituena. Txostenean, gainera, eskarmentu horrekin ondo datozen lanpostuak eta III-A berariazko osagarriaren azpiko maila duten lanpostuak izateagatik inolako eskarmenturik eskatzen ez duten lanpostuak adierazi beharko dira.

  5. Lanpostua aukeratzeko, 3. artikuluan adierazitako prozedurari jarraituko zaio. Prozedura eskarmentuari gehien egokitzen zaizkien postuetatik hasiko da eta txostenean adierazten diren gainontzeko postuetatik jarraituko du. Langilea txostenean adierazitako lanposturen batean atxikiko da, betiere lanpostu hori bere kidego edo eskalakoa izanik eta lanpostuen zerrendan ezarritako betekizun guztiak betez.

    5 Artikulua. Espedienteak izapidetzea.

  1. Honelako egoeraren bat gertatzen denean hasiko da prozedura:

    1. Interesdunak eskatzen duenean, zerbitzu aktibora itzultzeko eskaeraren bidez.

    2. Ofizioz, honako hauen bidez:

      Sailak izendapen askeko lanpostuko titularrari kargu-gabetzearen data jakinaraztea.

      Lanpostua kendu, lanpostutik mugiarazi edo lanpostuari uko egiten zaion kasuetan, ekintza horien ondorioetarako data ezartzea.

  2. Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak ezarriko du, interesdunaren maila finkatuaren eta indarrean dagoen arautegiak kasu bakoitzerako ezarritako bermeen arabera, langilea zein lanposturi atxiki behar zaion.

  3. Funtzionarioa zein lanposturi atxikiko zaion, postu horretan lanean hasi beharreko eguna baino gehienez egutegiko 10 egun lehenago zehaztuko da.

  4. Funtzio Publikoko zuzendariaren ebazpen baten bidez erabakiko da behin-behineko atxikipena. Ebazpen horretan ezarriko da ondorio ekonomiko eta administratiboetarako data. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio eta, horrez gain, atxikipen-postuaren sail edo erakunde autonomoari eta langileen ordezkariari bidaliko zaie.

  5. Interesdunaren berariazko baimenarekin, langileen ordezkariek espedientea eskuratu ahal izango dute Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betez.

Ondorio ekonomikoak.

Indarrean dagoen eta aplikatzekoa den arautegiak kasu bakoitzerako ezartzen dituenak izango dira lanpostuei egindako behin-behiko atxikipenen ondorio ekonomikoak, atxikipena egiten den unean indarrean dagoen lan-baldintzen akordioan bildutako xedapenek ezarritako ondorioak barne.

Lehenengoa. Agindu honen garapena.

Agindu honek izan beharreko ondorioak izateko beharrezkoak diren jarraibideak eman ahal izango ditu Funtzio Publikoko sailburuordeak.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 28a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.