Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

357/2013 DEKRETUA, ekainaren 4koa, Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituena, eta eremu horien kontserbazio-neurriak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 5109
  • Xedapen-zk.: 357
  • Xedapen-data: 2013/06/04
  • Argitaratze-data: 2013/11/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (HBBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EB eta 2006/613/EB Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa.

Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluan (habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoa da zuzentaraua) eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoa betez, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri aurretik, BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) deklaratuko dituzte, eta beren lurraldeko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) ere deklaratuko dituzte. Horretaz gain, behar adina kontserbazio-neurri ezarriko dituzte, eremu horietako habitat natural mota eta espezie mota guztien premia ekologikoei erantzuteko. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta tresnak, eta, bestetik, erregelamenduzko arauak, administratiboak edo kontratuzkoak. Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen gehienez 6 urte pasa daitezke, Europako Batzordeak lekuen zerrenda onartzen duenetik. Gainera, kontuan izan behar da, 42/2007 Legearen 2.f artikuluan ezarritakoaren arabera, hiri- eta lurralde-antolaketarekiko lehentasuna duela ingurumena babesteak, eta hori arautegi horren printzipio bat dela.

Halaber, Habitat Zuzentarauak eskatutako lehentasunak hiru mailatan finkatu dira: lehendabizi, lehentasuna eman zaio Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari inolako babes figuraren menpe ez dauden eta presio eta mehatxu handiak jasaten dituzten guneak; bigarren mailan, gune bakoitzaren barruan babesteko dauden objektuen artean funtsezkoak direnak aukeratu dira; eta, hirugarren mailan, kontserbazio neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantziarik handiena emanez premia gehiena dutenei edo objektuen eta, oro har, gunearen kontserbazioan hobekuntza nabarmenagoa dakartenei.

EAEko Natura 2000 Sareko Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) izeneko guneetan Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak daude, hain zuzen, habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotakoak, bai eta basoko hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hegazti-espezieak ere. Eremu horiek, gainera, erkidego honetara iritsi ohi diren hegazti migratzaileentzako atsedenleku eta janleku dira.

Uliak eta Jaizkibelek itsaslabarrak dituzte, eta bertan ingurune gazi eta haizetsuetako belarren eta zuhaitz-formako landareen komunitateak daude, bai eta flora kasmofitiko silizikolako zenbait espezie ere. Jaizkibelen, Euskal Autonomia Erkidegoan arraro-arraroak diren espezieen babesleku diren mikrohabitat ugari daude. Ulian, berriz, Armeria euskadiensis endemismoa dugu. Bi guneetan, garrantzitsuak dira itsas hegaztiak, eta horien artean, habiagile urri batzuk ere badaude. Horrez gain, hegaztien migraziorako gune garrantzitsuak dira. Horrexegatik eman zitzaien Natura 2000 gune izendapena.

Leku horietako bakoitza Europar Batasunaren intereseko leku izendatu zen, baina Uliako eta Jaizkibelgo itsaslabarrek continuum bat osatzen dute: Pasaiako badiak soilik banatzen ditu, baina hegaztiek erraz gaindi dezakete tarte hori, baita bi lekuetako osagai biologiko gehientsuenek ere. Ezaugarri abiotiko eta ekologiko berberak dituzte, eta kudeatze-arazo berberak. Hori dela eta, dokumentu bakar bat idaztea erabaki da, kudeatzen errazago izateko, eta baliabideak erabiltzerakoan, efikazia eta eraginkortasun handiagoz erabiltzeko.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu dira gune horiek, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokapena. Horrez gain, fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Mugaketa eguneratua Europako Batzordeari bidaliko zaio, hark onar dezan. Laneko eskala hobetzeak eragin du eguneratze hori, eta ez dakar muga-aldaketa garrantzitsurik, ez du funtsean aldatzen habitat naturalen azaleraren irudikapena, ez eta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioena ere.

Ulia eta Jaizkibelen kontserbazio-neurriak egiteko, Europako Batzordearen printzipioei jarraitu zaie, 92/43/EEE Zuzentarauan adierazten diren habitaten eta taxonen premia ekologikoei erantzuna ematea baita helburua. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa betez, KBE bakoitzarentzat berariazko kudeaketa-tresna bat sortzea erabaki da.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendapenerako prozeduran, ondo bete da nahitaezko parte hartzearen prozesua, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, dekretua tramitatzerakoan, bete egin da informazio publikoaren nahitaezko tramitea.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kontserbazio-neurriak ezartzea eta izendatzea, honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa, 44. artikulua; eta 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa, 17. artikulua eta 13.d) artikulua.

Horrenbestez, Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 17. artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2013ko ekainaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Gipuzkoako Lurralde Historikoan, Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremu horien mugaketa dekretu honen eranskinean dago jasota. Eranskin horretan, deklaratzen diren Kontserbazio Bereziko Eremu horien bi mugaketa adierazten dira: batetik, Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakiari (eskualde biogeografiko atlantikoan Europar Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onartzekoari) dagokion mugaketa, eta, bestetik, eguneratua, laneko eskala hobetzeak eragindakoa eta Europako Batzordeari bidaltzen zaiona.

  3. Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) horien kontserbazio-neurriak onartzea.

  1. Arau honen xedea da Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KEB) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantenduko direla edo haiek lehenera ekarriko direla. Horiek Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan ezarrita daude, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzen.

  2. Bi Kontserbazio Bereziko Eremu horietan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. Natura 2000 Sarea osatzen duten eremuak kontserbatzeko neurriak, dekretu honen helburu direnak, dokumentu hauetan zehazten dira:

    1. Kontserbazio-neurrien eta helburuen dokumentua.

    2. Mapak.

      KBEen mugaketa.

      KBEetako habitat naturalak.

      Zonakatzea, KBEen kudeaketarako.

    3. Gehigarria: kontserbatu behar diren habitat- eta espezie-moten kontserbazio-egoeraren jarraipenari buruzko fitxak.

  2. Zehaztapen arau-emaileak dira:

  1. Kontserbazio-neurrien eta helburuen agiritik:

  1. puntua (funtsezkoak edo kudeatzekoak diren elementuak).

  1. puntua (identifikazioa eta mugaketa).

  1. puntua (habitat naturalak eta basoko espezieak, babes bereziko erregimenekoak).

  1. puntua (babes bereziko erregimeneko habitat natural, flora eta faunarako neurri espezifikoak).

  1. puntua (zonakatzea).

  1. puntua (segimendu-adierazleak).

    Helburu eta neurriei buruzko koadroak, 6. puntukoak (funtsezkoak edo kudeatzekoak diren elementuentzako helburuak eta neurriak).

    Helburu eta neurriei buruzko koadroak, 8. puntukoak (kudeaketarako tresnak).

  1. Bi eremuak mugatzeko mapa.

  2. Kudeaketarako zonakatze-mapak.

    Zehaztapen horiek guztiak dekretuaren eranskinean argitaratzen dira. Gainerako atalak informatzekoak eta orientagarriak dira.

    Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriei buruzko dokumentazio osoa interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.euskadi.net/natura2000

  1. Kontserbazio-neurrien berrikusketa edo aldaketa, zeina ez baita funtsezkoa, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua baita kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz joatea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta harik eta dekretu hau aldatzen ez den babes eremu periferiko bat ezarri ahal izateko, gune hori zaintzea bermatuko da 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3. artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

  1. Europako Batzordeak hartutako Erabakiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Kontserbazio Bereziko Eremuen mugaketaren eguneratzea.

  2. Dekretu hau indarrean jartzen den unetik aurrera, eguneratu behar diren eremuetan, prebentziozko erregimena aplikatuko da; hain zuzen ere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.2 eta 6.3 artikuluan ezarritakoa eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.2 eta 45.4 artikuluetan ezarritakoa.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Baimenak.

    Ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean beharrezkoak diren izapide eta jakinarazpenak egin ditzan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Europar Batasunaren aurrean.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ministeriora bidaltzea.

    Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak dekretu honen onarpena bidaliko du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora, handik Europako Batzordera bidal dadin.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Busturian, 2013ko ekainaren 4an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

    ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.