Etnografia garaikidea egiteko ahaleginetan:
Euskal Autonomia Erkidegoan ondare etnografikoa kudeatzeko zenbait proposamen
Euskal etnografiaren eta ondare etnografikoaren diagnostiko laburra: bilakabidea eta oraingo egoera.
Bizimodu tradizionalaren gainbeherak, landa-munduaren eraldaketa azkarrak eta antropologiaren interesgune berriek etnografiaren kontzeptu bera jarri du krisian: zer da eta zertarako?, zer da ondare etnografikoa, nola identifikatzen da?
Administrazioaren egitekoak: tokiko, lurraldeko eta erkidegoko eskumenak eta eginbeharrak.
Administrazioen arteko koordinazio beharra dago, ondare etnografikoaren identifikazio,sailkapen eta babeserako; babes juridikoa eta horren aplikazio praktikoa, bertako errealitateari begira eta inguruko ereduei erreparatuz.
UNESCOren ondare inmaterialaren Konbentzioa, eta bere etorkizuna: estatuek (eta gurean autonomia erkidegoek) egin beharreko inbentarioak
UNESCOREN maisulan izendapenen azterketa kritikoak erakarritako proposamen berriak inbentarioen zerrenda proposamenaren bideragarritasuna eta praktikotasuna aztertu beharra dakar, jada ondare inmaterialaz gure inguruan egindako proiektuen aldean batez ere: Eibartarren ahotan adibidea.
Erakunde eragileen partaidetza: nor bere bidetik orain arte; elkarbideak bilatu behar dira, komeni da, interesgarria?
Publiko/pribatu dikotomia edo elkarkidetza; museo motak eta haien betebeharrak, eredu klasikotik berrienetara; kultur elkarte edota eragile partikularrak versus unibertsitatearen esparrua; etniker eta metodo etnografikoak… etorkizunik bai gutxieneko adostasunik gabe?
Teknologia berrien ekarpena: datuen bilketa eta kudeaketarako nahiz difusiorik zabalena lortzeko.
Datu baseak eta hauen eskuragarritasuna, eta batez ere ondare inmateriala jaso eta indexatzeko aukera berriak izugarri handitu dira, teknologiari esker. Era berean, sarean lan egin daiteke, datuak sartu zein kontsultatzeko, eragile bakoitzaren ekarpenak pantaila batetik edonoren eskura jarriz.
Ondare etnografikoa osotasun batean ulertu: espazio etnografikoaren kontzeptua landu beharra.
Babestu beharreko ondare etnografikoa ez da ongi egokitzen gaurko figura juridikokoekin; horregatik, "interes etnografikoko gune" delako figura berri batek ondare hau osorik bildu eta gordetzen lagun dezake: higiezin eta higigarri, hauen multzoek sorrarazi paisaia, eta zentzua ematen dioten giza jarduerak, hots, ezagupen, sinesmen eta erritualak, inmaterial izenez bilduak.
Eztabaida piztearren, Euskal Autonomia Erkidegoan holako izendapena jaso lezaketen guneen zerrenda aurkeztuko da, adibide desberdinak paratuz.
|