Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Dantzaren Erronkak Etorkizunean

Nik jorratuko dudan arloa euskal dantza tradizionalarekin lotuta dagoena da. Gaur egun, dantza tradizionalak duen errealitatetik abiatuta, jardunbide ezberdinetan dituen beharrak eta etorkizuneko erronka nagusiak jorratu nahiko nituzke. Hona hemen, Kultur Politiken I. Nazioarteko Kongresuan egindako agerraldiaren laburpen txiki bat:

Euskal dantza tradizionalaren etorkizuneko erronka nagusiak:

1-HEZKUNTZA
Dantza tradizionalak  zentzu honetan behar larri-larri-larria duela uste dut. Dantza tradizionalaren etorkizuna  ziurtatuko duen hezkuntza sistema bat ziurtatu behar da lehen bailehen. Dantza tradizionalak ez du ikasketa eremurik, ezta irakasle espezializaturik, eta horrek etorkizuna hari fin-fin baten gainean uzten du.

Ikasketa eremuak: Dantza tradizionalaren ikasketa Musika Eskolen baitan barneratzea posible da. Hor daude, Errenteria, Gasteiz edo Bilboko ereduak, besteak beste. Landu beharreko eremu bat da. Lekuan lekuko errealitatea ezagutu, eta horren arabera jokatu beharko litzateke.

Irakasleen beharra: Dantza maisuen eskasia beste premia larri bat da. Eskolak abian jartzeko beharrezkoak dira irakasle espezializatuak, eta etorkizuneko dantzariak sortzeko ezinbestekoak dira irakasle prestatuak. Irakaskuntzaren beste hutsune handi bat da. Dantza maisuak hezi behar dira, sortzen diren eskola horietan gidari izateko.

Dantza ohiko hezkuntzan: Dantzaren irakaskuntzaz gain, hezkuntza sistema arruntean dantzak leku bat izan behar lukeela uste dut. Hau da, dantzari izan nahi ez duen edozein pertsonari ere dantza egiteko aukera eskaini behar zaio. Jendeak lehen kalean edo etxean ikasten zituen herri dantzak; horrela gertatzen zen belaunaldiz-belaunaldiko transmisioa. Gaur egun, ordea, transmisio hori etenda dago. Herri-kantak edo bertso-zarrak erakusten diren bezala, ikastetxeetan herri-dantzak ere leku bat izan behar duela uste dut.

2-DOKUMENTAZIOA

Euskal dantzaren beste hutsune handi bat dokumentazioaren tratamendua da. Gai honetan, oro har, nahasketa handia dago. Dokumentazio asko formatu zaharretan dago, beste asko esku pribatuetan, dantzari buruzko dokumentazio ugari falta da...
Guztia oso sakabanatua dago, eta ez dago eskuragarri.

Horri guztiari irtenbide bat eman behar zaio, dantzari buruzko dokumentazioa ezinbestekoa baita alor horretan lanean ari diren guztientzat. Beraz, musikan ERESBILekin gertatzen den bezalaxe, dantzan ere egokia litzateke Euskal Dantzaren Artxibategi bat sortzea, edota gaur egun ERESBILen den artxibo horretan dantzaren adar bat sortzea. Gune horrek izan beharko luke dokumentazioaren bilgune, dokumentazio berria sortzeko koordinatzaile eta erabiltzaileentzako kontsulta gune.


3-PRODUKZIOA ETA SORKUNTZA

Ikuskizuen produkzioan eta sorkuntzan oso beharrezkoak diren faktore ugari daude, eta horietan ere astindu handia beharrezkoa da.

  • Formazioa: Sortzaile lanetan ari direnek etengabeko formazioa behar dute. Kanpoko irakasleak, koreografoak, esperientziak... gurera modu erregular batean ekartzea beharrezkoa da, eta baita ere gure sortzaile eta koreografoak kanpora bidaltzea. Kanpoko esperientziak ezagutu, harremanak egin... Euskal Herriko koreografo eta sortzaileek joan-etorriko esperientzia trukaketa bat behar dute. Are gehiago dantza tradizionaletik datozen horiek. Izan ere, dantza garaikidean edo klasikoan aritzen direnek joera gehiago izan dute kanpora ateratzekoa, baina oinarri tradizionaleko sortzaileak apenas ez dira atera.
  • Diru-laguntzak: Erakunde publikoek dantza ikuskizunen produkziorako ematen dituzten diru-laguntzak eskasak dira, eta erakunde pribatuek ez dute parte hartzen horrelako ekimenetan. Diru pribatua jasoko duten fundazioak sortzea beharrezkoa deritzot. Kiroletan jorratzen den eredua kulturara eta, kasu honetan, dantzara aplikagarria dela uste dut, baita diru-publikoaren handitzea ere.
  • Esportazioa: Gaur egun Euskal Herrian jarduten diren dantza konpainia guztien artean oinarri tradizionala lantzen duten biak dira lan gehien egiten dutenak. Beste dantza estilo batzuk ez bezala, Euskal Herriko arte eszenikoen esparruan finkatzea lortu dute. Hala ere, Euskal Herritik kanporako mugak zeharkatzea ezinezkoa da ia. Kanpora begirako harremanak landu beharko lirateke dantza jaialdiekin, feriekin, Gobernuekin... Birak diruz laguntzea ez da nahikoa. Biratako diru-laguntza horiek aurretik egindako beste lan batzuen osagarri izan behar dute.
  • Profesionalizazioa: Oro har, aipatzen diren arazo guztiek badute oinarri bat. Euskal Herrian dantzan jarduten diren gehienak ez dira profesionalak. Konpainietan bada profesionala den norbait, baina konpainia osatzen duten gehienak amateurrak dira. Eta noski, horrek asko baldintzatzen du euskal dantzaren maila. Konpainiek egitura eta dantzari profesionalak izango balituzte egoera oso bestelakoa izan zitekeen. Profesionala ez den konpainia bati ezin dizkiogu eskatu maila eta hedapen profesionala. Horregatik, behin-behineko neurriak hartzen hasi beharrean aztertu eta erabaki beharko genukeen ia konpainia profesionalak nahi ditugun. Erantzuna baiezkoa bada hori gertatzeko beharrezkoa diren neurriak pentsatzen eta hartzen hasi beharko dugu. Hortxe dugu etorkizunerako erronka handi bat.


Oinarri-oinarrizko neurriak dira hemen proposatzen direnak, 12 minutuko agerraldi baten laburpena da. Zalantzarik gabe, gaia gehiago mamitu behar da, xehetasun askoz ere gehiago hartu behar dira kontuan, eta zenbait aspektu jorratu gabe geratu dira. IA horiek lantzeko aukera dagoen.