Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Ondare etnologikoa, ondare ez-materiala, Valentziako Erkidegoan

Ondarea kudeatzeko, ezagutu egin behar da, batez ere alor guztietan kudeatu nahi bada. Izan ere, ondarea balio erantsia da, gauza jakin bat -ez-materiala, higigarria nahiz higiezina- lurralde batentzat, edo herri batentzat, garrantzitsu bihurtzen duena.

Valentziako Erkidegoan badugu ondare ez-materialaren balioa aitortzeko nolabaiteko ohitura. Ezin dugu ahaztu Errepublikak 1931n monumentu historiko izendatutako lehen ondareetako bat Misteri d'Elx izan zela. Llei del Patrimoni Cultural Valencià (1998) Legeak ere horrelako ondasunak zaindu egin behar direla dio, eta gainera, mailarik handieneko babesa merezi dutela, Kultura Intereseko Ondasuntzat hartzen baititu, Ondasun Higigarriekin eta Higiezinekin batera.

Ondareaz arduratzen den zuzendaritza-zentroak, orain Direcció General del Patrimoni Cultural Valencià deritzonak, egindako inbentarioak, beraz, interesgarriak dira oso: batetik, lehenbizi ezagutu egin behar delako, gero aitortzeko; eta bestetik, ezagutarazi egin behar delako, babesik onena hiritarren aitormena izan dadin, batik bat ondasunetik hurbilen daudenena.

Ondare etnologikoaren inbentarioetan ez dira agertzen erraz ezagutzeko moduko elementuak soilik; harantzago heltzen dira, beste erabateko sistemak, pentsaerak eta lan egiteko moduak ere sartzen dituzte eta, adibidez: urtero eskualdeka aztertutako ureztapen-multzoak edota harri lehorrezko eraikuntzei buruzko ezagutzak.

Oinarrizko hedapen-tresnetako bat Internet denez, Zuzendaritza Nagusiak 1996tik bitarteko hori darabil, guztion kultura-ondaretzat hartu beharreko ondasun ezagunen zerrendak denei helarazteko.

Dirulaguntzak edo zuzeneko ekintzak dira valentziar guztion ondarearen osagaiak konpartitzeko eta balioz hornitzeko beste bide batzuk.