Azterketak hiru helburu nagusi ditu. Lehena, azken hiru urteotan Arte Plastikoen eta Ikus-Arteen sektorean EAEn izandako jarduera aztertzea da. Horretarako, inkestak bete dituzte arte-galerietan, erakusketa-aretoetan, museoetan eta sorkuntzako eta produkziorako guneetan. Inkesten bidez hainbat datu bildu dira, hala nola, erakusketa- eta produkzio-jarduerari, komisarioei, katalogoei, nazioarteko azokei, fondo eta erosketei, aurrekontuei eta finantzaketari buruzkoak. Euskal erakundeek sektorean izan duten esku hartzea aztertzea izan da bigarren helburu nagusia. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren lege-edukiak (1984-2004) eta Foru Aldundietakoak (1990-2004) aztertu dira. Azkenik, aurre-azterketen arabera eta sektoreko eragile esanguratsuekin (ikertzaile, artista, galeria-arduradun, komisario, kudeatzaile eta politikariekin) egindako elkarrizketak abiapuntutzat hartuta, gai kritikoen diagnosia egin da, eta planteatutako beharrei erantzuteko sektoreak jarraitu beharko lituzkeen etorkizuneko ildoak zehaztu dira. |