90eko hamarkadatik gaur egunera arte, berriz, politika publikoak eragiten dituzten arrazoiak garapen ekonomikoarekin, komunikazio-inpaktuarekin eta berezitasunaren bilaketarekin lotuta daude. Formula pribatuekin bat datorren kudeaketa bultzatzen da (sozietate anonimoak, fundazioak, etab.). Bestalde, ondorio argia da kultur proiektu berezien ugaritzeak aurrekontu publikoen eskaria areagotuko duela, proiektu berriek diru publikoa behar baitute euren programak aurrera eraman ahal izateko. Egungo zerga-egoera ona bada ere, ezin da ukatu zerga-kultura nagusiak mugatu beharreko gastuen artean sartzen dituela gastu eta transferentzia arruntak, eta inbertsio-politikako kapituluak, berriz, aberastasun-sortzailetzat hartzen dituela. Gastu publikoa ulertzeko modu hori sakonki aldatzen ez bada, litekeena da aurrekontu publikoen bidez ekimen "berri" eta "zaharrei" aurre egitea ezinezkoa izatea... Beraz, hurbileko kultur politikei eutsi eta maila horretan ekimenak garatu ahal izateko, kudeaketa-modu berriak beharko dira: ahalik eta zerbitzu deszentralizatu gehien sortu, eta herritarrei kudeaketarako organo mistoak eratzea proposatu beharko zaie, kultur ekintza komunak sortzeko eta hiriburuetan zentralizatutako kultur ekitaldien eskualde-egoitzak era eraginkorrean eta egonkorrean deszentralizatzeko.
|