Abiapuntu eta eginkizun nagusiak (laburpena)
- Kultur industria baten jarduera berezi batez ari gara, euskal liburuaren nazioarteko sustapenaz ari garenean.
- Euskal liburugintzaren industri-neurriak ezinbestekoa bihurtzen du sektorearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza. Sustapen publikoak (edo, hobe, sektoreak eta erakunde publikoek elkar hartuta gauzatutako sustapenak) ez du, inolaz ere, sektoreko eragile profesionalen lana ordezkatuko, baizik eta hura bultzatu eta erraztuko du.
- Egitura profesional bereziak sortu/sendotu behar dira argitaletxeen baitan, nazioarteko sustapenaren alorrean.
- Kalitate parametro homologatuak ezartzea, erakunde publikoaren babesera biltzen diren sustapen ekimenetan.
- Euskal liburua nazioarteko merkatuetara bideratzeko garaian, argitalpen sare komertzialak izan behar du jomuga. Bestelako sareak lagungarriak gerta daitezke, baita ezinbestekoak ere, baina ezin dira ahaleginaren helburu nagusitzat hartu.
- Euskararen esparrua, jakina, beti izango da inportatzaileagoa esportatzailea baino. Garrantzitsua da bezero soil izatetik hornitzaile ere izatera iristea, atzerrietako argitaletxeekiko harreman komertzialak normalduz (joan-etorrikoak bilakatuz, alegia).
- Euskal liburugintzaren nazioarteko sustapenak ezinbestekoa du Euskal Herriaren eta euskal kulturaren irudi identifikagarri, moderno eta positibo bat.
- Kultur sustapen publikoa bideratu eta kudeatuko duen erakundea diseinatzea eta sortzea, sektorearekin lankidetzan.
- Euskal kulturak zehar-lerro iraunkorra izan behar du euskal aginteen nazioarteko jardueran, eta ez soilik kultura gai nagusitzat duten ekitaldietan.
- Nahitaezkoa da, kulturgintza osasuntsu baten ikuspegitik, nazioarteko eta barruko sustapenak orekatzea.
|