Orain hamarkada batzuk hasitako bateratze-prozesua oso aurreratuta dago. Kulturaren kontsumo gehiena modu digitalean egingo da, lehen aldiz. Une honetan, multimedia-gailu ugari daude eskuragarri, era guztietako inguruneak eta testuinguruak kontsumitzeko. Terminal funtzio anitzak atera dira eta horiek lagundu egin dute ikus-entzunezkoen formatuak, gehiago edo gutxiago, haiek sortzen eta banatzen dituzten euskarrien eta plataformen ezaugarri teknologikoetara egokitzen (pantaila-neurriak, biltegiaren ahalmena, erresoluzioa, transferentzia-abiadura...). Era berean, periferikoak erabat ugaritu zaizkigu eguneroko inguruneetan, eta hainbat kultura-erabilera eta -ohitura ekarri dituzte. Horietako batzuk lankidetzan daude oinarrituta, harreman sozialen behar berriei erantzuteko, batez ere gazteen artean. Erregistro digitalean sortutako ikus-entzunezko mezuak makina bat terminaletara (telefono, ordenagailu, PDA, irrati, Mp3 erreproduktore eta abarretara) atxikitako hainbat pantailatan banatu daitezke. Orain arte inoiz ez da egin halakorik. Monitore horiek, era berean, beste gailu batzuekin lotu daitezke, gordetzeko eta manipulatzeko ahalmena areagotzeko, eta beraz, mezuak bakoitzak nahi bezala kontsumitzeko. Joera berriak indarra hartuko du, gero eta eraginkorragoak diren transmisio- eta biltegiratze-sistemen bidez. Horixe iragartzen dute atera berri diren Lurreko Telebista Digitalak (TDT), hirugarren belaunaldiko telefoniak, bideo-grabatzaile pertsonalek (PVR) eta biztanle-multzo jakin batzuen artean ugaritu diren interneterako banda zabaleko konexioek. Egungo eta etorkizuneko traste-pila erronka handia da multimedia-produktoreentzat; izan ere, sormena areagotu beharko dute aurreko etaparen mugak gaintzeko. Komunikazio-esperientziak, kasurik gehienetan, ohiko euskarrietarako sortutako ikus-entzunezkoak itxura hobetuta erreproduzitzera mugatu dira. Eskuragarri eta amortizatuta dauden ikus-entzunezko ugari berriro paketatu eta merkaturatzen dituzte, beste bilgarri bat jarrita, nolabaiteko berrikuntza (faltsua bada ere) erakutsi nahian. |