OAC eta OAI demoaz gain, badugu esku artean, hala ez dirudien arren, artxibatze digitalarekin zerikusia duen beste proiektu bat: Aurki.com RSS iturrien agregatzaile euskalduna da Aurki, eta hainbat alderdi biltzen ditu: batetik, albistegi automatizatua da; bestetik, erabiltzaileentzako harpidetza-agregatzailea, eta baita eguneroko euskarazko produkzio digitalari buruzko katalogoa ere. Artxibo digitala zer den edo nire ustez izan beharko lukeena irudikatzen dute OAI ereduak eta Aurkik RSS iturrien agregatzaile gisa . Ez da inongo gobernuren lurrazpiko solairuan gordetako ordenagailutzar zentrala. Nire iritziz artxibo digitalaren eredu irekiak honako ezaugarri hauek ditu:
Ez dut uste artxibo digital irekiaren eredu hori inongo utopia denik. Badabil. RSS iturrien agregazioa hor dago: Interneten bidez irakurri eta gaurkotasuneko azken gaien berri izateko modurik zuzenena da. Aurki.com-ek ia 10 hilabete daramatza eguneroko berri digitalak artxibatzen: 270 RSS informazio-iturri euskaldun; blogak, korporazio-albistegiak, tokiko komunikabideak... Argitaratzen duten guztia jasotzen da. Hori da 2005eko Euskal Hemeroteka Digitala. Ba ote da beste erakunderik bestelakorik duenik? Dena den, badira zalantzak utopia horren bideragarritasunaren inguruan. Gaur egun, hainbat gara ondarea digitalizatzen dihardugun erakundeak: paperean diren dokumentuak, Euskadiko Filmategiko pelikula kimikoa... Aldi berean, paperean jasotzen da Lege Gordailua... Baina, gaur egungo produkzioa dagoeneko ez al da erabat digitala? Inork jasotzen al du argitaletxeetatik dokumentu digitalik? Gaur egun era digitalean sortu arren paperean gordetzen dena berriro digitalizatu beharko al da hogei urte barru? Edo, beste esparru batera joanda, inork jasotzen al du Interneten sortzen den eguneroko produkzio digitala? Egin daiteke: Aurkik egiten du. Ingurune mugatu batean, euskaraz, gutxi gorabehera modu boluntarioan, eta bururatu egin zaigulako. Ez da gauza katramilatsua. Begiratu ditzagun gastuak: memoriak eta disko gogorrak zeroranzko joera dute. Sekretua estandarretan dago: bakoitzak berea bere modura gorde, artxibatu eta ekoiztu dezala, baina gutxienez aurkibidea estandarrean argitaratu dezala. Eta azpiegiturari dagokionez, ez da beste munduko ezer behar: armiarmak, robotak, irakurgailuak, estandarretan kodifikatutako informazio-agregatzaileak. Ez, ez da utopia. Liburutegi Nazionalak (Euskal Herrikoak eta edozein naziotakoak) egin beharko luke. Ez eraikin gisa ulertutako Liburutegi Nazionalak... Agian eraikina eta hori dena eraiki behar da, baina nik diodan horretarako ez, ez da inolako eraikinik behar. Ez dira 20 funtzionario kontratatu behar. Lau robot eta disko gogorra bakarrik behar dira. Ez bada egiten, ez da utopia delako, beste arrazoiren bat egongo da: arduragabekeria, ignorantzia, _______ , _____ , ... (zuek bete hutsuneak)
|