Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Kataluniako Museu de la Ciència i de la Tècnica-ren bultzatzailea Industria Ingeniarien Elkartea izan zen, teknologia-aldaketa zela-eta galtzen ari ziren objektu tekniko baliotsuei eusteko helburua zuela. 1982an, Generalitatek bere gain hartu zuen proiektua eta, 1984an, publikoari ireki zitzaion. Kataluniako Legebiltzarrak kategoria nazionala onartu zion. Behin Museoaren proiektua abian jarrita, bere diskurtsoa aldatu eta industrializazioaren gaiari heldu zion. Horrek esan nahi zuen Museoaren helburua, ondasun higigarrien kontserbazioa ez ezik, higiezinena ere bazela.
Industria-ondarearen kontserbazioaren gaineko politikari ekin zioten eta, gaur egun, Museoak loturak ditu Katalunian arlo horretan egiten diren ekimen guztiekin. Aldi berean, Museoak lurralde guztietan kokatzeko erabakia hartu zuen, eta horretarako, lehenagotik bazeuden bildumak hartu zituen oinarritzat eta erabiltzen ez ziren produkzio-guneak museo bihurtu.

Historikoki lurraldekako espezializazio produktiboa gertatua zen eta horrek erraztu egin zuen diseinatutako ereduaren ezarpena. Izan ere, museo-antolakunde horretan parte hartzeko baldintzetako bat museo bakoitza gaiaren aldetik besteak ez bezalakoa izatea zen.

Antolakunde hori ez da ez elkarte bat ez sare bat. Sistema deitzen diogu, "osagarri guztiak lege batzuen bidez erlazionatuta dauzkan multzoa" den aldetik. Museo bakoitzak bere jabea du eta ez dago erlazio hierarkikorik. Zuzendari Batzordeak museoek jarraitu beharreko programak zehazten ditu, hala nola, erakunde-irudiarena, hedapenarena, kontserbazioarena eta didaktikoa. Europako Batasunaren ereduaren antzekoa da. Zentro koordinatzailea Terrassako Museu de la Ciència i de la Tècnica da, eta eraikin modernista bikain batean dago kokatua.