Euskal Herriko Artisau Industriei buruzko Azterlana Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatu eta IKERTALDE Aholkularitza Taldeak egin du, eta hiru ataletan edo informazio-multzotan dago egituratuta:
- Lehenengoak Artisau Lanen Kokapen Orokorra jorratzen du. Artisautza-kontzeptuan sakontzen du, kontuan hartuta kulturaren eta produkzioaren artean dagoela eta lurraldean errotutako elementua dela. Sartutako oharretatik eta proposatutako ikuspegitik abiatuta, estatu osoan sektore hori nola dagoen araututa azaltzen da, baina bereziki Euskal Herriko egoerari erreparatuz.
- Bigarren atala Sektorearen Enpresa Ezaugarriei buruzkoa da. Sektoreko zifra nagusiak eman eta, zenbait adierazleren bidez, sektoreko enpresen eta enpleguen ezaugarriak azaltzen ditu. Horrela, sektorearen testuingurua kokatu ondoren, mikroenpresen lehiakortasunari lotutako xehetasunak sakonago lantzen ditu, hainbat alderdi jorratuz, besteak beste: balio-katea, antolamendua eta kudeaketa, ekoizpen-instalazioak, diseinua eta merkaturatzea.
- Hirugarren atalean diagnostiko laburtua egiten da eta etorkizuneko jarduera-planerako oinarriak edo proposamenak zehazten.
Metodologiari dagokionez, azaldutako iritzi eta argibide guztiak hiru lan-ildo osagarriren emaitzak dira. Batetik, erakundeetako solaskideekin eta sektoreko funtsezko informatzaileekin izandako elkarrizketak erabili dira. Bestetik, inkesta bidali zaie 277 artisauri ezaugarri pertsonalak eta lanbidearen eta enpresaren ingurukoak ezagutzeko. Eta azkenik, bisitaldiak eta elkarrizketa sakonak -Kasu Azterketak- egin zaizkie 21 artisauri, jardueran, proiekzioan, ibilbide profesionalean eta bestelako ezaugarrietan oinarritutako irizpideen arabera interes berezikoak zirelako.
|