Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Eduard Miralles



Eduard Miralles  (Bartzelona, 1961)





Filologia Erromanikoan lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatean. Batxilergoan eta Bartzelonako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Institutuan literatur irakasle izan da. Kultur programen eta zerbitzuen kudeatzaile ere aritu da, Bartzelonako Udaleko Auzo-etxeen sarea abiarazteko lanean. 1985etik 1988ra bitartean, Sant Martí de Provençals auzo-etxeko zuzendari izan zen. 1989tik 1993ra bitartean, Bartzelonako Diputazioko Kultur Ikerketen eta Baliabideen Institutuan egin zuen lan, eta hainbat ardura hartu zituen ikerketen arloan (prestakuntza, ikerkuntza eta dokumentazioa). 1993tik 1995era bitartean, berriz, kultur programen zuzendari izan zen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. 1995-1996 epean, kultur politika urbanoen eta erregionalen Interarts Behatokiaren diseinua landu zuen. 1996. eta 2004. urteen bitartean, Bartzelonako Diputazioko Kultur Ikerketen eta Baliabideen Zentroko zuzendari izan zen. Bartzelonako Diputazioak bi urtean behin antolatu ohi dituen "Interacció" jardunaldiak zuzendu zituen 1996an (politika publikoak eta kultura), 1998an (kultura eta tokiko boterea), 2000an (kultura eta zerbitzu publikoa) eta 2002an (kurturartekotasunerako politikak). Gaur egun kultur sareen eta nazioarteko harremanen inguruko aholkulari da Bartzelonako Diputazioan. Hainbat ardura ditu Iberoamerikako hirien Interlocal kultur sarean eta kulturaren eta hurbiltasunaren aldeko Sigma Europako administrazio ertainen sarean.

Hezitzaile-lanetan, hainbat irakaskuntza-erakunderekin batera aritu izan da, hala nola, Bartzelonako Udaleko Sustapenerako Udal Institutuarekin (IMAE), ABASTekin, l'Hospitalet de Llobregateko Udaleko prestakuntza-zentroarekin eta Bartzelonako ELISAVA diseinu-eskolarekin. Erakunde horiez gain, aipatzekoak dira baita ere Kultura Ministerioko Kultur Kooperaziorako Zuzendaritza Nagusia, Valentziako Diputazioa, Cadizeko Diputazioa, Bilboko Udala, hainbat unibertsitate  Balear irletakoa, Pompeu Fabra, Universitat Oberta de Catalunya, Oviedokoa eta Valladolidekoa , Venezuelako Errepublikako Arteen eta Kulturaren Kontseilu Nazionala, Txileko Udalen Elkartea eta Estatu Amerikarren Erakundea -Argentinan, Kolonbian, Costa Rican, El Salvadorren, Hondurasen eta Uruguain eskainitako ikastaroen bidez . Bartzelonako Unibertsitatean kultur kudeaketako hirugarren zikloko ikasketen kontseilu pedagogikoko kide izan da eta ikasketa-buru Iberoamerikako Kultur Kooperazioko Graduatuondoko Diploman. 1992tik 1994ra bitartean, Kultur Administratzaileak Prestatzeko Zentroen Europako Sareko lehendakariorde eta Europako Kontseiluko kultur administratzaileen prestakuntzaren segimendu-taldeko kide izan zen.

Kulturari aplikatutako planteamendu estrategikoari dagokionez, Bartzelonako kultur sektorerako plangintza estrategikoa landu zuen taldeko kide izan zen. Kultur politikak ebaluatzeko Europako Kontseiluko programaren barruan, Andorrako kultur politikari buruzko txostena koordinatu du. CERCeko zuzendari gisa kulturako udal-plangintzen programa diseinatzeko lanen arduradun izan zen, eta Vilafranca del Penedès, Igualada eta Vic udalerrietako planak zuzendu zituen. Era berean, probintziako Lurraldeko Kultur Informazioaren Sistema diseinatu eta abiarazteaz arduratu zen. 2004. urtean, Bilbo Zaharreko barrutia garatzeko plangintzaren diseinuan parte hartu zuen kanpoko aditu gisa. 2005. urtearen hasieratik, Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioko kultur batzordeko informazio-, adierazle- eta ebaluazio-sistemen gaineko talde teknikoa koordinatzen du.