Luís Bará Torres (Vilaboa, 1965)
Filologia Hispanikoan eta Galiziar-Portugesean lizentziatua da Santiagoko Unibertsitatean.
1988tik aurrera, Hizkuntza eta Literatura Galiziarreko irakaslea izan zen. Hizkuntzaren didaktikari buruzko lau liburu argitaratu zituen, Manuel Lourenzo Gonzálezekin batera.
1999tik lan-utzialdian dago, Pontevedrako kultura-zinegotzia baita. Zeregin horretan, udalaren oroimen historikoa berreskuratzeari eta kultura suspertzeari lotutako hainbat ekimen jarri ditu abian.
2000n 'Voces de Pontevedra' Saria eman zioten, Kulturaren alorrean, Castelaoren Urteko programazioarengatik, eta 2004an Galiziako Liburu Saltzaileen Elkarteak Irmandade do Libro saria eman zion Pontevedrako Kultura Zinegotzigoari erakundeen alorrean, liburuak eta irakurketa sustatzeko egindako lanarengatik. Aipatutako sailak Galiziako Kritikaren Saria ere eskuratu zuen musikaren alorrean, "2004 Ano da Música. Centenario do disco galego (1904-2004)" ekimeneko programazioarengatik.
Kultura Zinegotzigoaren buru izanik egindako ibilbidean honako ezaugarri hauek nabarmendu behar dira, besteak beste: izaera irekia eta parte-hartzailea, eta hiritarren eta gizarte-entitateen partaidetza sustatzeko ahalegina. Gizartearen partaidetza handia izan da benetan hainbat ekimenen antolamenduan eta garapenean. Ildo horretan, aipatzekoak dira Musikaren Urtea, Haur eta Gazteentzako Liburuen Erakusketa, Azoka Frankoa eta Rede de Entidades Amigas da Lingua (REAL) sarearen sorrera. Adibide horiek guztiek argi erakusten dute azken sei urteotan heldutasun handia lortu duen talde-proiektu horretan Pontevedrako hiritarrei eta elkarte-mugimenduari sarbidea emateko asmoa egon dela.