Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua

Sarrera
Batzordeak
Egitaraua
Prentsa





Joseba Abaitua Odriozola

Deustuko Unibertsitateko Filosofiako eta Letretako Fakultateko Filologia Departamentuko irakasle titularra da. Filologian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritza Konputazionaleko masterra eta doktorea Manchesterko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Institutuan (UMIST). Hizkuntza-teknologietan da espezialista, batik bat itzulpen automatikoaren eta ordenagailuz lagundutako itzulpenaren alorretan, baita horiei lotutako beste arlo batzuetan ere: edizio digitalean eta hipertestualean, web argitalpenean eta web semantikoan, edukien kudeaketan, testuen etiketatzean eta kategorizazioan, metadatuetan. Gaur egun, bere ikerketaren ildo nagusia baliabideen kategorizazioa eta haien atzipen eleaniztuna da. Ildo horretatik, software sozialeko inguruneen arteko interferentziak (folksonomien araberako kategorizazioa) eta teknologia semantikoak (taxonomiak eta ontologiak) interesatzen zaizkio.

Dozena bat ikerketa-proiektutan hartu du parte, erakunde publikoek finantzatuta (Europako Batzordeak, Zientzia eta Teknologia Ministerioak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak) eta hainbat enpresak (Emergia Tech-ek, CodeSyntaxek, AutomaticTransek, Sarenetek, Stellak, Fujitsuk) eta Unibertsitateko zenbait taldek (UPCko TALPek, UBko CLICek, UPFko IULAk, EHUko IXAk, UNESek) lagunduta. Bere ikerketen emaitzak espezialitate horretako tokiko nahiz nazioarteko foroetan argitaratu dira (SEPLN, JOTRI, ACL, COLING, AMTA, ASLIB, CLOP, etab.etan). Hitzaldiak ematera, mahainguruetan parte hartzera eta mintegietara gonbidatu dute, eta ebaluazioak eta irizpenak egin izan ditu hogei bat aldiz. Arlo horretan, hogeita hamar zientzia-argitalpen baino gehiago dauka eginda, artikuluak eta liburuetako kapituluak barne hartuta. Deustuko Unibertsitateko DELi ikerketa-taldearen bazkide sortzailea da (argitalpen digitalean eta web semantikoan espezializatua) eta hainbat ikerketa-saretako partaidea da (itzulpen-teknologietakoak eta edizio digitalekoak). Graduatuondoko hogei bat ikastaro (masterrak eta doktoretzak) eman ditu, eta gaiaren inguruko lau tesi zuzendu.

Hiru aldiz, Europako Batzordeko DGXIIIan egin du lan proiektu-ebaluatzaile (hogeita hamar bat proiektutan): IV. Programa Markoan (Lenguage Research and Engineering), V.ean (Creating a user-friendly information society [IST]) eta eContent-en (European digital content on global networks). Era berean, ebaluatzaile dihardu Espainiako Gobernuko Zientzia eta Teknologia Ministerioen arteko Batzordeko (CICYT) Ebaluaketa eta Prospektiba Elkarte Nazionalean (ANEP) (sei aldiz). Kulturaren Euskal Planeko "Kultura digitalari buruzko ponentziaren" erredakzio-taldean hartu du parte, baita Eusko Jaurlaritzaren Zientziako, Teknologiako eta Gizarteko 2005-2008 Planaren Hizkuntza Teknologien Programarako ponentzia lantzen ere.