Barbero Pérez, David
Kazetari garaikide, antzerkigile eta nobelagilea da. 1944an jaio zen Grijalban (Burgos). Haurtzaroan eta gaztaroan Miranda de Ebron bizi izan zen, baina bere lanbide-jarduera guztia Euskal Herrian egin du. Filosofia eta Letretan (1970) eta Komunikazio Zientzietan (Kazetaritza) lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Unibertsitateko ikasketak bukatu zituenetik Bilbon bizi izan da. Kazetaritzan jardun eta literatura-lanak lantzeaz batera, irakaskuntzan ere aritu da, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakaslea baita. Fakultate horren sortzaile izan zen, hain zuzen. Era berean, irakasle aritu da El Correo egunkariko Kazetaritza Masterrean eta Euskal Herriko Unibertsitate eta Euskal Telebistako Telebista Masterrean. Nobelagile gisa aurrera eraman duen jarduera duela denbora gutxikoa da. Musika-lanetarako libretista ere aritutakoa da.
Prentsa idatzia eta telebista
Prentsako kazetari-lanari El Correo egunkarian ekin zion (Bilbo, 1973-1977). Azken urte horretan Deia egunkariaren talde sortzaileko partaidea izan zen (Bilbo, 1977-1982). Urte horretan Euskal Telebistan (ETB) sartu zen, kasu horretan ere euskal telebista publikoaren talde sortzaileko partaide izanda. Hanburgon izan zen denboraldi batez prestakuntza prozesu batean, beste zortzi kazetarirekin, eta 1982an lehenengo emanaldiak ematen hasi ziren. 1990etik 1992ra etenaldia egin zuen ETBn, El Mundo del Pais Vasco egunkaria sortu eta zuzentzeko, eta ETBra itzuli ondoren ere egunkari horretan kolaboratzen jarraitu du. Kazetaritza-jarduerako denbora gehiena Euskal Telebistan eman du eta, gaur egun, komunikabide horretako Informazio Zerbitzuetako erredakzioburua da. Hainbat programa eta serie aurkeztu eta zuzendu izan du telebista-kate horretan, baita informazio-saioak ere, Teleberri kasu. Egunerokoak ez diren Informazio Saioetako Buru ere izan da eta eztabaida-saioak zuzendu eta aurkeztu izan ditu, esate baterako "El otro punto de vista", baita magazineak ere, adibidez "Entrada libre", eta baita elkarrizketa-saioak ere, hala nola "Al hilo de la noticia" edo "Forum", dagoeneko telebista-kateko saio klasiko bihurtua. Euskal Telebistako "Goenkale" eguneroko serieko gidoigile-taldekoa izan da, eta euskal antzerkiaren historia ere landu du ETBrako. Kazetaritza idatzian El Mundo del Pais Vasco egunkariaren sortzaile eta zuzendaria izan da, Deia egunkariaren sortzaile eta erredakzioburua (1977) eta, lehenago, El Correo (Bilbo) eta Informaciones (Madril) egunkarietako erredaktorea, baita zenbait aldizkaritako korrespontsala ere.
Antzerkigintza
Antzerkigile gisa honako sari hauek irabazi ditu: Kultura Ministerioaren Calderón de la Barca saria (1991), La vida imposible de Marilyn lanagatik; Eusko Jaurlaritzaren Francisco de Avellaneda saria (1990), Un hombre muy enamorado lanagatik; Madrilgo Udalaren Lope de Vega saria (1986), El equipo femenino de la calle Once lanagatik, eta Palencia Hiria bigarren saria, Gambito de dama lanagatik. Era berean, 1986an antzerki-testuetarako Gemma saria irabazi zuen, Nietísima lanagatik. 1999. urtean Rojas Zorrilla-Ciudad de Toledo saria jaso zuen, Charlot en el país de la libertad obragatik. Orain arte estreinatu dituen antzerki-lanak honako hauek dira: Un hombre muy enamorado, Nietísima eta Nunca es tarde. Las confesiones lan kolektiboan ere parte hartu zuen, testu batekin. Halaber, zenbait poema sinfonikotarako testuak idatzi ditu, eta haien artean estreinatu direnak Los leones de Miranda eta El último rabino de Aquende eta Cenicienta la Roja operak dira. Nobelagile gisa bost lanen egile da: La Peregrina (2003), Isla pequeña, En el nombre de la madre, Yo no maté a mi hermano Abel eta La hija de Dios. 2000. urtean Pluma de Plata saria eman zioten Bilboko Liburu Azokan, bere lan osoagatik. Batzuetan, beraren antzerki-lanetako baten gaia nobelara eraman izan du, Yo no maté a mi hermano Abel kasu.
Antzerki-lanak
Nobelak
Musikalak