Osasun Saila

Airearen eta kontsumoko uren kalitatearen egoera Zaldibar inguruan

Zaldibarko zabortegiko luiziarekin eta sutearekin lotutako airearen kutsaduraren ebaluazioa



Egoeraren eguneraketak

DIOXINEN ETA FURANOEN AZKEN ANALISIEK NORMALTASUNA EGIAZTATU DUTE VERTER RECYCLING ZABORTEGIAREN INGURUNEKO AIREAREN KALITATEAN

Verter Recycling zabortegiaren inguruko dioxina- eta furano-mailen normaltasuna hiri-esparruetarako ohiko mailetan finkatu da, azken laginen emaitzek egiaztatu dutenaren arabera (otsailaren 22tik 26ra bitartekoak, biak barne). Emaitza horiek osatu egiten dute hil horretako 9tik 21era bitartean lortutako sekuentzia.

 Sutea itzaltzeko lanak hasi zirenetik, emaitzek jadanik beheranzko joera erakutsi zuten. Sua itzali ondoren, dioxina- eta furano-mailak nabarmen murriztu ziren, eta orain murrizketa hori finkatu egin da, azken emaitzek berresten dutenez.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken asteetan jendaurrean jartzen ari izan den balioen taula jasotzen da, eskura dauden azken emaitzekin eguneratua:

Dioxinen eta furanoen azken analisiek normaltasuna egiaztatu dute Verter Recycling zabortegiaren inguruneko airearen kalitatean

Osasun Sailak airearen kalitatea monitorizatzen jarraituko du, normaltasun-egoera finkatzen dela zaintzeko

 dioxinen furanoen analisia

Verter Recycling zabortegiaren inguruneko dioxina- eta furano-mailak nabarmen murriztu dira lurrak irristatu ondoren sortutako sutea itzali zenetik, hiri-eremuetan ohiko mailetan kokatzeraino.

Hala egiaztatzen dute otsailaren 17tik 21era bitarteko (biak barne) aldiari dagozkion azken laginen analisien emaitzek. Horrela, osatu egiten da otsailaren 9tik 16ra bitartean lortutako sekuentzia.

 Sutea itzaltzeko lanak hasi zirenetik, emaitzek jadanik beheranzko joera erakusten zuten, eta maila horiek nabarmen murriztu dira sua itzali denetik.

Osasun Sailak iragarri du airearen kalitatea monitorizatzen jarraituko duela, Ingurumen Sailburuordetzarekin koordinatuta; normaltasun-egoera finkatzen dela zaintzeko. Horrez gain, gogorarazi du dioxinen eta furanoen indizeek osasunerako arriskua dakartela esposizio handi eta denbora luzekoetan soilik. Era berean, berriro azpimarratu du sutea aktibo zegoen bitartean gomendatutako neurriak prebentziozkoak zirela, eta suaren iraupenari buruz ziurgabetasun egoera batean hartuak.

Goizean jakinarazi den bezala, Osasun Sailak zabortegian sua berpiztu ezkero, leihoak ez zabaltzea eta kirol-jarduera saihestea gomendatzen du Ermuko San Lorenzo auzoan. Kontutan izanda surik ez dagoela, gomendio hauek ez dira beharrezkoak.

Nolanahi ere, herritarrei gogorarazi nahi zaie gomendiook neurri prebentiboak direla, izan ere, dioxinak eta furanoak soilik denbora luzean eta dosi altuetan baitira osasunerako arrisku.

 Zaldibarko Verter Reciclyng zabortegian sua berpiztu ezkero, leihoak ez zabaltzea eta kirol-jarduera saihestea gomendatzen du Osasun Sailak. Prebentzio-neurriok bereziki aholkatzen dira kea egonez gero, sutetik gertuen dagoen ingururako eta egoerak iraun bitartean, zehazki Ermuko San Lorentzo auzoaren inguruan, zabortegitik gertu egonik.

Nolanahi ere, herritarrei gogorarazi nahi zaie gomendiook neurri prebentiboak direla, izan ere, dioxinak eta furanoak soilik denbora luzean eta dosi altuetan baitira osasunerako arrisku.

Era berean, aire-laginak hartzeko beste ekipo bat ipintzen ari da, Ermuko hirigunean, informazio osagarria eskuratze aldera; hartara, unean uneko egoeraren gaineko ahalik eta informaziorik zehatzena edukita, jarraibideen azterketa edota berrikuspena egin ahal izateko.

Osasun Sailak bertan behera utzi ditu Zaldibar inguruko prebentzio-neurriak, sutea amatatua eta CSIC-ek aireko dioxinen eta furanoen maila murriztu dela egiaztatu ondoren.

Osasun Sailak segituko du airearen eta uraren kalitatearen jarraipena egiten, sutea itzalita egon arren. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi ditu Zaldibarko Verter Reciclyng zabortegiaren inguruko prebentzio-neurriak, sutea amatuta egonik eta CSICen analisietan inguruko aireko dioxinak eta furanoak, joan den otsailaren 14an emandako gomendioak eragin zituztenekin alderatuta, murriztu direla egiaztatu eta gero.

Erabakia gaur arratsaldean jakinarazi da, ingurumen-kutsaduraren arloan erreferentziazko erakundea den Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) egindako azken lagin-analisien emaitzak ebaluatu dituen adituen batzordeak eskatuta.  Hain zuzen ere, CSICeko ikertzaile eta arlo horretako aditu Begoña Jiménezek Bilbon iritzi publikoari informazioa emateko egindako prentsaurrekoan parte hartu du. Prentsaurreko horretan, halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko sailburuorde Iñaki Berraondok, osasun publikoko teknikari eta Biodonostiako ikertzaile Jesús Ibarluzeak eta EHU/UPVko Prebentzioko irakasle eta ingurumen-teknikari Aitana Lertxundik esku hartu dute.

Guztira (otsailaren 9an hartutako hasierako laginaz gain), 9 lagin hartu dira otsailaren 10etik 16ra bitarte, eta CSICera bidali dira. Adituen arabera, garrantzitsua da lagin horiek guztiak izatea, horrek emango baitu aukera hainbat egunetako bilakaera aztertzeko eta datuak testuinguruan kokatzeko.

CSICetik gaur bertan jaso diren emaitzek adierazten dutenez, dioxinen eta furanoen mailek beheranzko joera nabarmena hartu dute. Egiaztapen horrek eta sutea joan den asteartetik itzalita egoteak eragin dute, hain zuzen ere, joan den astean emandako arreta- eta prebentzio-gomendioak bertan behera uzteko erabakia.

Nolanahi ere, Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondok adierazi duenez, airearen zein uraren kalitatearen neurketak, jarraipena, kontrola eta zaintza egiten jarraituko da, Osasun Sailaren jarduna gidatu duen arreta-printzipioari jarraikiz. Edonola ere, Sailak gogorarazi du dioxinen eta furanoen indizeak esposizio handi eta luzeen kasuan baino ez direla osasunerako arriskutsuak.

Berraondok azpimarratu duenez, suteak itzaltzea oso garrantzitsua izan da inguruko airearen kalitatearen bilakaera onerako. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie azken asteotan suteak itzaltzeko lanetan buru-belarri aritu diren ehunka profesional eta boluntarioei, eta esker ona agertu die, halaber, Osasun Saileko osasun publikoko teknikari guztiei eta UPV/EHUri, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariekin koordinatuta egindako lanagatik.

  • OTSAILAREN 7A.- Zaldibarko zabortegian sutea piztean, osasunerako kaltegarriak izan zitezkeen substantziak sortzeko arriskua kontuan hartuta, isurketetako sustantzia guztiak zein kea bera aztertzea erabaki zen.
  • ASTEAN ZEHAR hainbat substantzia kimikoren 180 emaitza baino gehiago jaso ziren. Denak ere, osasunerako arriskuez babesteko ezarritako muga-estandarren azpitik.
  • OSTIRALEAN, OTSAILAK 14, arratsaldez, dioxinen, furanoen eta PCB jakin batzuen azterketen emaitzen berri eman zen. Emaitzok otsailaren 9an hartu eta otsailaren 10ean (Madrilgo CSIC delakoaren zentro baimenduan) aztertzen hasi zen laginari dagozkio. Dioxinak eta furanoak zehazteko prozesua konplexua denez gero, otsailaren 9ko laginaren emaitzak otsailaren 14ean jaso ziren. Lagin honetan atzemandako mailak ohikotzat har daitezkeenak baino nabarmen handiagoak izan ziren;  erreferentzia-balioetan (hots, dioxinak sortzeko kutsadura espezifikorik ez duten hiri-inguruneetan ohikoak direnetan) ezarritakoak baino 50 bat bider.  
  • Adituek esandakoaren arabera, detektatutako dioxinen eta furanoen maila handiok ez dira berehalako arriskua osasunerako. Hala eta ere, Osasun Sailak kontuz jokatzea lehenesten du, nahiz eta dioxinen edo dioxinen antzeko substantzien kutsadura atmosferikoari dagokionez, ezarritako mugarik –ez eta osasunerako kaltegarri gerta daitekeen gutxieneko mailarik- ez egon. Osasun Mundu Erakundeak berak ere ez du aireko kutsatzaileontzako estandarrik zehaztu edo iradoki. 
  • Egun bati bakarrik dagozkion balioez ari garenez, berauen bilakaera ezagutu arte, eta su aktiboak bere horretan jarraitzen duenez, kontsultatutako adituek (Osasun Publikoko taldekoak, EHUkoak eta kanpokoak) neurri hauek hartzea gomendatzen dute, kontuz jokatze aldera:
    • BAT Etxebizitzak ez aireztatzea eta leihoak ahalik eta denbora gehien itxita edukitzea gomendatzen da. Bereziki gauez.
    • BI – Ahal den neurrian, aire zabalean kirol-jarduerarik ez egitea gomendatzen da, bestelako abisu eman bitartean.
    • Non? Zabortegiaren inguruan (Ermua, Zaldibar inguruko auzoak, Eibar). Osasun Sailak ez du baztertzen babes-eremua zabaltzeko aukera, beti ere meteorologiaren eta zabortegiko errekuntzaren iraunkortasunaren arabera.
  • Helburua da inguruko airearekiko esposizioa ahalik eta gehien mugatzea, dioxinen kontzentrazioa ohiko balioetan kokatzen ez den bitartean.
  • Ermuan otsailaren 9an antzemandako zifretan oinarritutako gomendioak dira, eta hurrengo egunetako zehaztapen analitikoak eskuragarri daudenean berrazterketa egingo da.
  • Eusko Jaurlaritzak airearen kutsatzaileen behaketa egiten jarraitzen du hainbat ekipo eta kokapenetan; zehazki, dioxinei dagokienez, laginak hartu ditu azken aste honetako egun guztietan (otsailaren 10etik 14ra). Horrez gain, ostiralean, hilak 14, kutsatzaileak hartzeko beste bi puntu gehitu dira (Eibar eta Eitzaga).
  • Lagin horiek guztiak baimendutako bi zentroetan prozesatuko dira: CSIC Madrilen eta Abaden laborategia Bartzelonan. Emaitzak aste amaieran (osteguna edo ostirala) jakingo dira.
  • Dioxinen emaitzak azkarrago eta berme berdinez emateko gauza liratekeen zentroak identifikatzen saiakera egin da Estatuan eta Europan (Herbehereak), baina erantzuteko denborak luzeagoak direla egiaztatu da.
  • Emaitza berriak izan eta dioxinen eta furanoen bilakaera ezagutu bezain laster, herritarrei jakinaraziko diegu.
  • Orain arte bezala, airean eta uretan egon daitezkeen gainerako aire-kutsatzaileen zehaztapenak egiten jarraituko dugu.

Zaldibar, Ermua eta Eibarko horniduren egiturek normaltasunez funtzionatu dute, zabortegia eraitsi ostean. Herri horietako iturriko ura KONTSUMORAKO EGOKIA  izan da eta, gaur egun ere, bada, eskatutako kalitate-irizpideak eta osasun-bermea betez.

Kontsumoko uren hornidura-sistemetan ohikoak diren zaintza eta aldizkako analisiak mantentzen dira.

Azken aldaketako data:

 

Argibideak

Konposatu organiko hegazkorrak: pisu molekular oso baxuko mikro-kutsatzaileak dira, lurrunkorrak eta airean gas-fasean daudenak. Orain arte ikusitako mailak ohikoak dira hiri-ingurune batean.

Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak: suteetan sortzen diren partikulekin lotzen diren konposatuak dira. Herritarrak nabaritzen ari diren usaina sortzen dute substantzia horiek. Laginek hasieran balio altuak eman zituzten, baina gutxituz joan dira eta beti mantendu dira osasuna babesteko legezko estandarren azpitik. Ikusitako mailak ez dira kezkagarriak osasunarentzat.

Amiantoa: kristal itxuran dago, airean esekiduran dauden zuntzak, eguneroko laginketen emaitzak. Ez da bere presentzia antzeman.

Kutsatzaileak diren dioxina, furano eta PCB mailak ere neurtzen dira, lehen adierazi bezala ostiraleko laginean balio altuak erakusten zituztenak, dioxinen eta furanoen zehaztapenei dagokienez. PCBentzat, emaitzak ez ziren altuak izan.

Dioxinak eta furanoak dira, funtsean, materia organikoa erretzean sortzen diren kutsatzaileak (plastikoak, lohiak, etxeko edo hiriko hondakinak), kloroa duten materialen aurrean.

Ohikoa da industria-jarduera batzuetako isurketetan horrelako substantziak aurkitzea, hala nola sintesi-substantzia organikoen kutsatzaileetan, kontrolatu gabeko suteetan, baita garraiorako ibilgailuen emisioen eta tabako-kontsumoaren ondorioz ere. Egunotan sutea gertatzen ari da Zaldibarko zabortegiaren gainaldean, eta hori da Eusko Jaurlaritzak sortu duen erakunde arteko talde teknikoaren kezketako bat. Litekeena da itzaltzen denean, mailak azkar eta zorrotz jaistea, iturri nagusia desagertu egingo bailitzateke.

Dioxinen lagin bat aztertzeak teknika konplexu bat behar du, Europan laborategi jakin batzuek soilik egin dezaketena. Estatuan bi baino ez daude, biak CSICen menpe. Analisiek hainbat egun behar dituzte emaitzak lortzeko. Hortik, otsailaren 9ko lagina bidali zenetik emaitza jaso zen 14ra arteko denbora.

Informazioa une bakoitzean eskuragarri dauden datuen arabera eman da. Ostiralera arte, aire-laginek ez zuten anomaliarik izan aztertutako substantzien eta parametroen gama zabalean. Lortutako datuek ez zioten inolako arriskurik eragiten osasunari, eta halaxe jaso zen.

Dioxinen emaitzak eskuratu bezain laster, horien berri eman zen. Behatutako balioak ohikoak baino askoz handiagoak direnez, aurrez aipatutako arreta-neurriak hartu dira.

Dioxinen eta furanoen indize altuak ez dakar berehalako arriskurik osasunarentzat. Ez dira espero inolako ondorio akutuak. Efektu akutuak esposizio askoz handiagoekin zerikusia duten egoeretan gertatzen dira, beste sarrera-bide batzuk erabiliz, digestio-bideak batez ere.

Dioxinen eta furanoen pilaketa da, esposizio luzea, epe luzera osasunean eragina izan dezakeena.

Ez dago Osasunaren Mundu Erakundeak kasu konposatu horietarako ezarritako kutsadura atmosferikoaren erreferentzia-baliorik.

Dioxinek ez dute berehalako arriskurik osasunean, baina zentzuzkoa da esposizio handiak murriztea, haien pilaketa saihesteko.

  • BAT Etxebizitzak ez aireztatzea eta leihoak ahalik eta denbora gehien itxita edukitzea gomendatzen da. Bereziki gauez.
  • BI – Ahal den neurrian, aire zabalean kirol-jarduerarik ez egitea gomendatzen da, beste abisu bat eman arte.

Bi gomendio horiek Eibar, Ermua eta Zaldibar eremuetara zabaltzen ditugu.

Gomendioak herritar guztientzat dira, baina bereziki zaurgarriak direnez, arreta areagotzea gomendatzen da haurdunaldian eta haurren kasuan.

Bai. Kalera atera eta ohiko lanak egin daitezke. Esan dena da esposizioa ahalik eta gehien saihestu behar dela. Kalean edo aireztatutako eremuetan denbora gutxiago egotea, batez ere usainak badaude edo zabortegitik haizeak jotzen duen lekuetan.

Gomendioak herritar ororentzat dira, eta bi dira: etxea aireztatzea saihestea, bereziki gauez; eta aire zabaleko kirolaririk ez egitea.

Ariketa egiten dugunean, maizago arnasten dugu, eta horrek gorputzean substantzia hori kantitate handiagoan xurgatzea errazten du.

Kontu handiz ibili behar dira haurrak eta haurdun dauden emakumeak, substantzia horren pilaketa txikiagoa izan dadin.

Une honetan maskarak ez dira beharrezkoak. Gomendioak aipatutakoak dira. Hiri batzuetan edo telebistan ikusi ohi ditugun maskarek, baina, ez dute balio airearen kutsatzaile gehienekiko esposizioa saihesteko.

Berariazko gomendioa da zabortegitik gertu dauden eremuetan egotea saihestea, kanpoan egonaldi luzerik ez egitea eta kanpoan ariketarik ez egitea. Baina ez, ez da beharrezkoa beste leku batera eramatea.

Substantzia horien analisi berriak aste amaieran (otsailak 20-21, osteguna edo ostirala) jasotzeko asmoa dugu. Ezin dira lehenago lortu.

Nahiz eta substantzia horien balioak astean zehar alda daitezkeen, suaren intentsitatearen eta meteorologiaren arabera (haizearen norabidea, adibidez), beharrezkoa da arreta-neurri horiek mantentzea dioxina-mailen bilakaerari buruzko behin betiko daturik izan arte.

Astean zehar suari eusteak substantzia horiek murrizten lagunduko luke, baina horrek ez du eragozten gomendioek indarrean jarraitzea, ohiko mailetatik hurbil dauden emaitzak lortu arte.

Azken aldaketako data: