Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Arautegia

Inprimatu

Agindua, Justizia eta Giza Eskubideen Sailburuarena, Justizia eta Giza Eskubideen sailaren 2025-2028 Aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Giza Eskubideak
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
  • Aldizkari ofiziala: ---
  • Aldizkari-zk.: ---
  • Hurrenkera-zk.: ---
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: ---
  • Argitaratze-data: ---

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

AGINDUA, JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILBURUARENA, JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILAREN 2025-2028 ALDIRAKO DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEN DUENA

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak garatu beharreko dirulaguntzen jarduera aldez aurretik planifikatu behar da, eta, horretarako, dagokion Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (DPE) onartuko da.

Era berean, ezartzen du izaera programatikoa izango dutela eta haien edukiak ez duela ez eskubiderik ez betebeharrik sortuko. Lau urteko indarraldia izango dute, non eta, jarduketen izaera dela-eta, epe luzeagoa behar ez den, eta hori dokumentuan bertan arrazoituko da.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa dirulaguntzen politikaren plangintza-tresna da, eta halakotzat hartzen da pertsonen, publiko zein pribatuen, aldeko funts publikoak erabiltzea dakarrena, trukean zuzeneko kontraprestaziorik izan gabe, baina, betiere, helburu edo jokabide jakin bat betetzearen, jarduera edo proiektu jakin bat egitearen edo betebehar material eta formal jakin batzuk betetzearen baldintzapean, eta betiere gizarte-onurako edo -intereseko jarduera bat sustatzearen edo helburu publiko bat lortzea sustatzearen esparruan.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen.

Ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu zen, eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu ziren, Jaurlaritzaren eginkizun politiko-administratiboen jarraipena bermatzeko, etenik eragin gabe, eta aurreko administrazio-antolamendutik dekretu honetan onartzen den antolamendura igarotzea antolatzeko, hori guztia XIII. legegintzaldiko Gobernu Programa ahalik eta eraginkortasun handienarekin gauzatzeko.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitekoak eta jardun-arloak zehazten ditu. Sail hori, hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Saileko organo eta unitateek osatzen dute, Gizarte Politiketako Sailburuordetza izan ezik.

Horren ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretua onartu zen.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategiko berri bat onartzea 2025-2028 aldirako.

Plan horrek lortu nahi diren helburuak eta ondorioak jaso behar ditu, bai eta horiek lortzeko epea eta aurreikus daitezkeen kostuak ere; halaber, finantzaketa-iturriak eta helburuen jarraipena eta ebaluazioa ahalbidetuko duten helburuekin lotutako ekintzak eta adierazleak jaso behar ditu, betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betetzearen mende.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren dirulaguntzetan jarraitu beharreko publizitate- eta gardentasun-printzipioak kontuan hartuta, plana bere egoitza elektronikoan argitaratuko da.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera, sail bakoitzeko titularrak onartuko ditu sailei eta haiei atxikitako sektore publikoko erakundeei dagozkien dirulaguntzen planak; hala ere, aukera ematen da, gaiaren berezitasunagatik, saila baino eremu txikiagoko dirulaguntzen planak egiteko, soilik atxikitako erakundeei dagozkienak, kasu honetan gertatzen den bezala; azken batean, Plan honen jarduera-eremua Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025, 2026, 2027 eta 2028 aurrekontu-ekitaldietarako sustapen-jarduerara mugatzen da.

Plana egiteko, datozen aurrekontu-ekitaldietarako erabilgarri egongo diren baliabideen zenbatespena egin da, erreferentziatzat hartuta 8/2024 Legea, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena. Hala ere, kontuan hartu behar da plangintza-ekintzaren izaera programatiko hutsak eragotzi egiten duela eskubide eta betebehar zehatzak sortzea.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa osatzen dute, denbora-eremu horretarako aurreikusitako dirulaguntzen programez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan berariaz kontsignatutako dirulaguntza izendunei buruzko eranskin batek. Dirulaguntza horietan, hain zuzen ere, helburua eta gehieneko zenbatekoa zehaztuta daude, baita onuradunak ere. Era berean, hurrengo hiru aurrekontu-ekitaldietako aurrekontuak onartu ahala, horietan esleitutako dirulaguntza izendunak sartuko dira plan honen eranskinetan.

Horregatik guztiagatik, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.- Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzea.

Bigarrena.- Agindu hau dagozkion bitarteko ofizialen bidez argitara dadila agintzea, eta, betiere, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak euskadi.eus-en duen webgunean argitaratuz.

Vitoria-Gasteiz, sinadura elektronikoaren egunean.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ

ERANSKINA

AGINDUA, JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILBURUARENA, JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILAREN 2025-2028 ALDIRAKO DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEN DUENA (2025-2028-DPE.pdf (PDF, 199 KB))

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik