Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko otsailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzen dira, baita aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 41
  • Hurrenkera-zk.: 1028
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/02/26
  • Argitaratze-data: 2018/02/27

Testu legala

Hezkuntza Sailak, dagokion eskumenean eta Jaurlaritza gidatzen duen «Euskadi auzolana» printzipioari leial izanda, kalitatezko enplegu publikoa sustatu nahi du eta euskal hezkuntza-sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa eman nahi die; egonkortasun hori gure gazteen eta, oro har, gure herritarren prestakuntza eta hezkuntza hobetzeko lagungarri izango delakoan.

Helburu hori betetzeko xedearekin, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2018ko otsailaren 14ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2018rako lan-eskaintza publikoa onartu da. Eskaintza hori onartu da 2017rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017ko Legean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozeduren arloan aurreikusitakoari jarraituz.

Otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 16. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa) ezarritakoaren arabera, hezkuntzaren alorreko karrerako funtzionarioak hautatzeko sistema lehiaketa-oposizio bidezkoa izango da, eta aurretik deialdi publikoa egingo da.

Era berean, Hezkuntzaren gaineko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen duen Irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen duen eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrak irakaskuntza-kidegoetan sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 3. artikuluak ezarritakoaren arabera, deialdia egiten duten administrazio publikoek, behin lan-eskaintzak onartuta, lan-eskaintza horietan aipatutako lanpostu baimenduak betetzeko deialdiak egingo dituzte, betiere aplikagarri zaizkien funtzio publikoko arauak betez.

Aipatutako araudian ezarritakoa betetzeko, Agindu honen bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzen ditu. Horrez gain, aipatutako kidegoetako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko prozedura ere deitzen du.

Irakaskuntza-kidegoetara sartzeko prozedurari dagokionez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. tituluan eta horren hirugarren xedapen iragankorrean jasotako xedapenak aplikatu behar dira (xedapena Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017ko Legean aldi baterako enplegua egonkortzeko aurreikusitako prozesuen ondorio diren sarrera-prozedurei buruzkoa da). Irakaskuntza-kidegoetara iristeko eta espezialitate berriak eskuratzeko prozedurei dagokionez, IV. eta V. tituluetan jasotako xedapenak aplikatu behar dira, hurrenez hurren.

Adierazitakoaren babesean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan xedatutakoa betez, eta Sail honi esleitutako eskumenak baliatuta,

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2018rako enplegu publikoaren eskaintza onartzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2018ko otsailaren 14ko Aginduan iragarritako lanpostuei dagokienez.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko prozedura deitzea.

Hirugarrena. Aipatutako hautaketa-prozedura horiek arautuko dituzten oinarriak onartzea.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabete bateko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salari, gehienez ere bi hilabeteko epean, aipatu egun beretik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK

AURKIBIDEA

  1. kapitulua Oinarri orokorrak.

    1. Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta araudi aplikagarria.

  2. kapitulua Parte hartzeko betekizunak.

    1. Parte hartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak ezartzea.

  3. kapitulua Parte hartzeko eskabidea eta dokumentuak.

    1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

  4. kapitulua Onartutako eta baztertutako izangaiak.

    1. Izangaiak onartzea.

  5. kapitulua Hautaketa-organoak.

    1. Hautaketa-organoak: Epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.

  6. kapitulua Oposizio-fasea.

    1. atala Aurreko probak.

    1. Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.

    1. atala Oposizio-faseko proben definizioa eta ezaugarriak.

    1. Oposizio-fasea.

  7. kapitulua Lehiaketa-fasea.

    1. Dokumentuak entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.

  8. kapitulua Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditzea.

    1. Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.

    2. Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.

    3. Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.

  9. kapitulua Praktika-fasea.

    1. Praktiketako funtzionario izendatzea.

    2. Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.

  10. kapitulua Karrerako funtzionarioak.

    1. Karrerako funtzionario izendatzea.

  11. kapitulua Ordezkoen zerrendetan sartzea.

    1. Zerrendak irekitzea hautaketa-prozesuko probak gainditu dituztenentzat.

  1. Datu orokorrak.

  2. Betekizunak.

  3. Eskabideak.

  4. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

  5. Hautaketa-organoak.

  6. Probaren hasiera eta garapena.

  7. Probaren ezaugarriak.

  8. Kalifikazioa.

  1. Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta araudi aplikagarria.

  1. Lehiaketa-oposizioa deitu da Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko eta horra iristeko.

  2. Guztira, 1.511 lanpostu eskainiko dira, A-1 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa) eta A-2 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa).

    Lanpostu horietatik 732 txanda irekirako izango dira (A txandarako); 109, desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako (B txandarako), eta 670, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedurarako (D txandarako).

  3. Honela banatuko dira lanpostuak kidego, espezialitate, eskatzen den hezkuntzako hizkuntza-eskakizun eta txandaren arabera:

    1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

  4. Lanpostuen ehuneko zazpi desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gordeko dira, hala ezartzen baitu Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 59. artikuluak.

  5. Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan eta goragoko talde bateko irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran eman gabe geratzen diren lanpostuak txanda irekian eskainitako lanpostuei gehituko zaizkie.

  6. Araudi aplikagarria.

    Hautaketa-prozedura honetan aplikatzekoak dira honako hauek:

    Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE), Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua.

    Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

    Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

    Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

    Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen duena eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duena.

    Otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Europako Esparru Ekonomikoaren inguruko Akordioa osatzen duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, modu askean zirkulatu eta egoitza izateari buruzkoa; azaroaren 18ko 1710/2011 Errege Dekretuak aldatua.

    Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dituena.

    • Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Agindua, irakaskuntza-ondorioetarako baliokidetzat jotako titulazio bat izanik master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea ezartzen duena, ekainaren 7ko ECD/1058/2013 Aginduak aldatua.

      Azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretua, Espainiako antolamendu juridikoan txertatu zituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko irailaren 7ko 2005/36/EE Zuzentaraua eta Kontseiluaren 2006ko azaroaren 20ko 2006/100/EE Zuzentaraua, lanbide-kualifikazioen onarpenari eta abokatu lanbidean aritzearen alderdi jakin batzuei buruzkoak.

      Azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretua, unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

      Otsailaren 19ko 2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa.

      Martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak ezartzen dituena, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak aldatua.

      Urriaren 6ko 263/1998 Dekretua, Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle-postuetarako Hizkuntz Eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituena.

      Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

      Abuztuaren 30eko 190/2011 Dekretua, Lanbide Heziketako irakasleentzat hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko irizpideak ezartzen dituena.

      Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

      Maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.

      Oro har, aplika daitezkeen gainerako xedapenak eta deialdi honetan ebatzitakoa.

  1. Parte hartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak ezartzea.

  1. Betekizun orokorrak.

    Betekizun orokor hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozeduretan onartu ditzaten nahi dutenek:

    1. Europar Batasuneko estatuetako bateko nazionala izatea, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen aplikazio-eremuan egotea, eta ondorioz langileen zirkulazio librea aplikatzekoa den estatu batekoa.

      Horrez gain, parte hartu ahal izango dute Europar Batasuneko estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio librea aplika dakiekeen estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta dagokion itunean hala ezarrita badago, edozein nazionalitatetakoak izan arren, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izan arren, gurasoen ardurapean bizi badira.

    2. Hamasei urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.

    3. Aukeratzen diren kidego eta espezialitatearen funtzioetan aritzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

    4. Zigor-espedientearen bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, eta funtzio publikoetan aritzeko ezgaituta ez egotea.

    5. Aukeratu nahi den kidegoko karrerako funtzionario edo praktiketako funtzionario ez izatea edo karrerako funtzionario izendatua izateko zain ez egotea, espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran parte hartzen bada salbu.

    6. Irakasle-lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, 2.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

      Dena den, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako/OHOko eta Irakaskuntza Ertainetako ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek eta aldi baterako irakasle kontratatuek funtzionario izaera lortu bazuten dekretu hori indarrean sartu zenean (1993ko apirilaren 3an), honako epe hau izango dute egiaztatzeko:

      hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, euskaraz irakasten ari badira edo euskarazko izendapenarekin irakasten ari badira eta berehalako derrigortasuna duten 2. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaien lanpostuetan hasiko badira.

      hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, berehalako derrigortasuna duten 1. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaien lanpostuetan hasiko badira.

      bost urteko epea, berehalako derrigortasuna ez duten lanpostuetan hasiko badira.

    7. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala espainola ez bada, hizkuntza horren ezagutza jakin bat egiaztatu beharko dute, deialdi honen 6.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

    8. Epai irmoaren bidez zigorrik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa sartzen dira delitu horietan.

  2. Berariazko betekizunak.

    1. Betekizun orokor horiez gain, hautaketa-prozeduretan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte:

    1.1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    1. Doktoretza, Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo dagokion graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

      Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (III. eranskinean daude zerrendatuta).

    2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      1.2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    1. Unibertsitate Diplomatura, Arkitektura Tekniko, Ingeniaritza Tekniko edo dagokion graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (IV. eranskinean daude zerrendatuta).

    2. Aipatutako kidegoan atal honen amaieran aipatutako espezialitateren batetik sartzeko, a) atalean adierazitako titulazioaren ordez, nahikoa izango da honako bi hauek batera betetzea:

      Gutxienez bi urteko irakaskuntza alorreko esperientzia, lortu nahi duen espezialitatean, 2007ko abuztuaren 31 baino lehen eskuratutakoa, autonomia erkidego honetako ikastetxe publikoetan.

      Teknikari espezialistaren titulua edo goi-mailako teknikariaren titulua edukitzea, lortu nahi duen espezialitatearen lanbide-arloko espezialitateren batean.

    1. atal honetan xedatutakoa honako espezialitate hauei aplikatuko zaie: Instalazio elektroteknikoak, Ibilgailuen mantentze lanak, Makinen mekanizazioa eta mantentzea, Merkataritza-prozesuak, Administrazio-kudeaketako prozesuak eta Informatika sistemak eta aplikazioak.

    2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      2. Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, hauetako betekizunen bat egiaztatu beharko da:

    1. Titulazioaren homologazioa, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriko dena. Errege Dekretu horrek Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

    2. Bigarren Hezkuntzako irakaslearen edo Lanbide Heziketako irakaslearen lanbide arautura iritsi eta lanbidean jardun ahal izateko lanbide-kualifikazioa aitortua izatea, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

      3. Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.

      Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa betetzeko, beharrezkoa da ondoren zerrendatzen diren titulazio, ziurtagiri edo lanbide-esperientziaren bat izatea:

    1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako araututako irakasle gisa jarduteko gai egiten duen Masterraren titulu ofiziala.

    2. Ondorengo zerrendako edozein titulu edo ziurtagiri, 2009ko urriaren 1a baino lehenagotik aterata:

      Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Trebakuntza Pedagogikoko Ziurtagiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.

      Maisu- edo maistra-titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua, Lehen Hezkuntzako maistra- edo maisu-titulua, Pedagogiako lizentziatura edo Psikopedagogiako lizentziatura, edo prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jasotzen duen lizentziatura edo titulu baliokideren bat.

    3. 2008-2009 ikasturtea bukatu aurretik lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, betiere derrigorrezko bigarren hezkuntzako edo batxilergoko, lanbide heziketako edo hizkuntza eskola ofizialetako irakaskuntzetan aritu badira, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan aurreikusten den arabera.

    4. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko, baldin eta titulazio ez-unibertsitarioa onartzen duten espezialitateetan -irakaskuntzaren ondorioetarako baliokidea aitortuta-, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen dela ulertuko da, goian aipatutako egoeraren bat emateaz gain, honako hauetako bat ematen denean:

      Ziurtagiri ofiziala, egiaztatu beharko duena izangaiak badaukala Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitakoaren baliokidea den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa, irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan aurreikusitakoaren arabera.

      2014ko irailaren 1a baino lehen lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, dagokion mailetan eta irakaskuntzetan.

  3. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartzeko betekizunak (Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoa).

    Prozedura honetan parte hartu ahal izango dute A-2 azpitaldean sailkatutako Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle diren karrerako funtzionarioek, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

    1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko 2.2 oinarrian adierazi den tituluren bat izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

    2. Jatorrizko kidegoan gutxienez sei urtez egon izana karrerako funtzionario gisa.

    3. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

      Iristeko prozedura hori aukeratzen dutenek ezin izango dira beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.

  4. Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzeko betekizunak.

    Txanda horretan parte hartu ahal izango dute lortu nahi duten kidegoan sartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak betetzeaz gain, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, gutxienez % 33ko desgaitasuna aitortuta dutenek (desgaitasuna, kasuan kasuko, eskuduntzak dituzten foru aldundietako gizarte-ongizate saileko, dagokion autonomia-erkidegoetako edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek aitortuta behar du izan) edo, irakaskuntzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa aitortuta dutenek. Nolanahi ere, kasu batean zein bestean, desgaitasun hori ezin izango da bateraezina izan irakaskuntzan aritzearekin.

    Gordetako txandaren aukera parte hartzeko eskabidean egin beharko da, eta esanbidezko deklarazioa egingo da horretarako eskatutako baldintza betetzen dela adierazteko. Lanpostua lortuz gero, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.

    Hala ere, oposizio-faseko edo praktika-faseko probak egitean, epaimahaiak zalantzarik izango balu izangaiak sartu nahi duen kidegoan eta espezialitatean funtzionarioek egin ohi dituzten jarduerak egiteko izangaiaren gaitasunaren inguruan, epaimahaiak edo praktika-faseko kalifikazio-batzordeak, hala badagokio, probak deitu dituen organoari jakinaraziko dio, eta organo horrek auziari buruzko irizpena eskatu ahal izango dio eskumena duen organoari. Kasu horretan, irizpena azaldu bitartean, izangaiak baldintzapean jarraitu ahal izango du hautaketa-prozesuan; eta, adierazitako irizpena jaso arte, etenda geratuko da prozesuan onartzeko edo prozesutik baztertzeko behin betiko ebazpena.

    Txanda irekiko izangaien baldintza berberetan egingo da hautaketa-prozedura, baina egokitzapenak egin ahal izango dira denboraren eta baliabide materialen aldetik. Egokitzapen horiek 3.1.2 oinarrian adierazitakoaren arabera eskatu beharko dira.

    Sartzeko txanda hau aukeratzen dutenek ezin izango dute beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.

  5. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eduki beharko dituzte 2.1, 2.2 eta 2.3 oinarrietan zerrendatutako betekizun guztiak, eta eutsi ere egin beharko diete karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetzen diren arte, hizkuntza-eskakizunaren betekizuna izan ezik; azken hori deialdi honen 6.2 oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probaren emaitzak argitaratzeko egunean eduki beharko baitute.

  6. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.

    1. Deialdi honen 2.1.f) oinarrian adierazitako betekizuna betetzeko, ondorengo egoeraren bat eman behar da:

  1. Deialdi honen 6.2 oinarrian adierazitako proba gainditzea.

  2. Ondorengo titulazio edo ziurtagiriren bat izatea:

    1. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.

    2. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen Gaitasun Ziurtagiria edo 5. mailaren ziurtagiria (ikasketa-plan zaharra, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren arabera).

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako gaitasun-mailaren (C1) ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren arabera).

    5. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.

    6. HABEko 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

    7. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.

    8. Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.

    9. Euskaltzaindiko D ziurtagiria.

    10. Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 5. artikuluetan zehaztutako betekizunak betetzen duen unibertsitate-titulazioa, (apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

    11. Euskararen jakite-mailaren beste titulu edo ziurtagiri batzuk, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 eta C2 mailekin parekatutakoak, (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

      2. Aurreko 2.6.1 oinarriaren 2. atalak zerrendatzen dituen tituluak edo ziurtagiriak aurkeztea.

      1. Ez da beharrezkoa aurkeztea a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan adierazitako tituluak eta ziurtagiriak, baldin eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan badaude, edo Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan badaude. Era berean ez da beharrezkoa izango titulua edo ziurtagiria aurkeztea, aldez aurretik aurkeztu bada. Kasu horretan adierazi behar da zein une, prozedura eta erakundetan aurkeztu zen.

      2. Titulua edo ziurtagiria aurkeztu behar den kasuetarako, Langileak Kudeatzeko zuzendariak epe bat irekiko du 2018ko maiatzean, eta interneteko helbide hauetan emango da horren berri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira). Era berean, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.

        3. Hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik prozeduratik baztertu diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

        Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den ikusgai zerrenda hori. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori.

        Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

        Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

        Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

        Langileak Kudeatzeko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen berak onetsitzat joko du eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote izangaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

        Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.

  1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

  1. Parte hartzeko eskabideari buruzko argibideak.

    1. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskabideak Interneteko helbide honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ «2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» «Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Onartzeko eskabidea».

    Eskabidea betetzean, hartu izanaren adierazpena sortuko da (Erakunde laguntzailearentzako alea), esleitutako eskabide-zenbakia eta tasa 3.2 oinarrian aurreikusitako moduan ordaintzeko beharrezko diren datuak barne hartuta. Halaber, izangaiak frogagiria ere eskuratuko du (Interesdunarentzako alea). Eta azkenik, hirugarren frogagiri bat ere sortuko da (Administrazioarentzako alea), eskabideak betetzeko epean aurkeztu beharreko dokumentuei erantsi beharrekoa, baldin eta 3.3.1 oinarrian aipatutako kasuren batean egonez gero.

    Hortik aurrera, irakaslegunean argitaratuko da hautaketa-prozesuan zehar izangai bakoitzaren espedientearen inguruko informazio guztia. Irakaslegunean sartzeko, erabiltzailea (NANa) eta pasahitza sartu beharko dira. Interneteko helbide hauetatik sartu ahal izango da irakaslegunera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus.

    Hezkuntza Sailak emandako pasahitza baduten izangaiek hori erabili beharko dute aipatutako informazioaren berri jasotzeko (pasahitz hori lehendik izango dute 2017-2018 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan daudenek eta beste prozesuren batean parte hartu dutenek). Pasahitza ahaztu edo galdu badute, beste bat lortu ahal izango dute www.irakasle.eus helbidean, «Pasahitza eskuratzea (edo berreskuratzea)» izeneko atalean.

    Izangaiek ez badute pasahitzik, sistemak bat esleituko die prozesuaren informazioa eskuratu ahal izan dezaten; pasahitz hori SMS baten bidez jasoko dute, eskabidean adierazitako telefono mugikorrean, eskabidea betetzen bukatzen dutenean. Izangaiaren NANa izango da erabiltzailea.

    Espezialitate baterako baino gehiagotarako eskabideak aurkeztuz gero, ez da bermatuko izangaiak eskatutako espezialitate guztiei dagozkien probak egin ahal izatea. Espezialitate ezberdinen proben hasiera bat etorriz gero, ez dute atzera jasoko azterketa-eskubideengatiko tasaren kontzeptuan ordaindutako zenbatekoa.

    2. Desgaitasuna duten izangaiek horren berri eman beharko dute eskabidean, dagokion laukian, eta probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez zer egokitzapen behar duten ere adierazi beharko dute, era horretan gainerako izangaien baldintza berberetan jardun ahal izan dezaten. Eskabidean horretarako utzitako eremuan ezin bada behar bezala adierazi zer egokitzapen behar duten, erantsitako orrian adieraziko da. Egokitzapena eskatuz gero, 3.3.1.b) oinarrian adierazitako dokumentua ere aurkeztu beharko dute.

    3. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egin behar duten ala ez adierazi beharko dute. Baldin eta 6.1.1 oinarrian xedatutakoaren arabera salbuetsita badaude, beren-beregi eman beharko dute horren berri eskabidean, eta 3.3.1.c) oinarrian kasu bakoitzerako adierazitako dokumentuak erantsi.

    4. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egin behar dutenek eskabidean adieraziko dute hori eta, baldin eta 2017-2018 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan jasota ez daudenek, 3.3.1.a) oinarrian adierazitako dokumentuak ere aurkeztu beharko dituzte.

    5. «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.h) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen dela egiaztatzeko. Atal hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 11. oinarrian adierazitakoaren arabera.

    Hala ere, baimen hori aurretiaz eman dutenek ez dute aipatutako atala ikusiko eskabidean. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan daudenek eta Euskal Autonomia Erkidegoko karrerako funtzionario direnek aurretiaz eman ahal izan dute baimen hori.

  2. Tasak.

    Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginaren 36. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izena emateko tasa ordaindu beharko du izangai bakoitzak:

    1. 1 azpitaldea: 22,57 euro.

    1. 2 azpitaldea: 18,82 euro.

      Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak, eta bi moduotako bat aukeratu ahal izango da horretarako:

    1. Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank (BBK-Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoa Donostia Kutxa), BBVA, Santander, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia, La Caixa edo Bankoa. Inprimakiek barra-kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz atzemanez.

    2. Online ordainketa: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

      Azterketa egiteko eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik baztertuko da. Ordaindutako zenbatekoa ez badator bat ordaindu behar zenarekin, hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

      Banku-erakundean tasak ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den denboran eta eran, oinarri honetan adierazitako moduan, betetzeko izapidea.

  3. Parte-hatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

    1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko ezarri den epe berean, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

    1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egitea eskatzen dutenek, 2017-2018 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan jasota ez badaude, 2.2.1 oinarrian eskatutako betekizunei dagozkien egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

      Horrenbestez, azpiatal honetan adierazitako dokumentua ez dute aurkeztu beharko proba egitea eskatu arren ordezpenetarako izangaien aipatutako zerrendan ageri direnek.

      Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, lanbide-kualifikazioaren aitorpen edo homologazioa ere aurkeztu beharko da, 2.2.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz.

      Dokumentazio hori aurkeztu ezean, ezin izango dute egin hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.

    2. Desgaitasuna duten izangaiek egokitzapenak eskatzen badituzte probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez, nahitaez aurkeztu beharko dute daukaten desgaitasun-maila zehazteko organo tekniko eskudunak egindako Irizpen Tekniko Medikoa (dokumentu fede-emailearen bidez egiaztatu beharko dira aitortutako minusbaliotasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak) edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena (ezintasun iraunkor osoa aitortzen duena irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako), hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.

      Aurkeztutako dokumentuen eta eskatutako egokitzapenen arabera, bai eta aplikagarria den araudiaren arabera ere, eskatutako egokitzapenak onartu edo ukatu egingo dira. Erabakia gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko zaio izangaiari, eskabidea aurkeztu zuenetik aurrera zenbatzen hasita.

    3. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala espainiera ez bada eta 6.1.1 oinarrian adierazitakoaren arabera gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita geratu nahi badute oinarri horretan aipatutako tituluren bat dutelako, titulu horien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gainditu eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria.

      Halaber, aurreko deialdietan proba gainditu dutela-eta salbuetsita geratu nahi duten izangaiek proba gaindituta dutela egiaztatuko duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

      Dokumentu horiek aurkeztu ezean, interesdunak ezingo dira salbuetsi, eta, hortaz, 6.1 oinarrian ezarritako proba egin beharko dute.

      2. Deialdi honen 3.3.1 oinarrian adierazitako dokumentuak «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera aurkeztuko dira (eskabidea betetzean lortu ahal izango da).

      Fotokopia bidez aurkezten diren dokumentuak konpultsatuta aurkeztu beharko dira.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

      Dena den, zalantza edo erreklamaziorik sortuz gero, dokumentu horien inguruko beharrezko argibideak eskatu ahal izango ditu Administrazioak.

      Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

  4. Aurkezteko lekua.

    1. Deialdi honen 3.3.1 oinarrian adierazitako dokumentuak («Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaizkio. Helbide hauetan aurkeztu ahal izango dira:

    1. Araban: Zuzenean, Ramiro Maeztu 10, behea Vitoria-Gasteiz.

      Bizkaian: Zuzenean, Kale Nagusia 85 Bilbao.

      Gipuzkoan: Zuzenean, Andia 13 Donostia.

    2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako lekuetan, hargatik eragotzi gabe lege horren xedapen iragankorretatik laugarrenean xedatutakoa.

      Dokumentuak posta-bulegoren batean aurkeztu nahi badira, 3.4.2 oinarrian adierazitako helbidea idatzi beharko da gutun-azalean. Irekita eraman beharko da gutun-azala, posta-bulegoko langileak eguna eta zigilua jar ditzan, gutun-azala ziurtatu aurretik. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den egunean aurkeztu dela ondorioztatuko da.

      2. Atzerrian egindako eskabideen dokumentuak tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dira, eta erakunde horiek igorriko dituzte eskumena duen erakundera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Vitoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010).

      Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeko, deialdi honetako 3.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

  5. Eskabideak eta dokumentuak aurkezteko epea.

    Deitutako prozeduran parte hartu nahi dutenek hogei egun naturaleko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, 3.1 oinarrian adierazten den parte-hartzeko eskabidea betetzeko.

    Epe berean aurkeztu beharko dituzte 3.3.1 oinarrian aipatutako dokumentuak, 3.4 oinarrian aurreikusitako lekuetan, «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera.

  6. Bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

    1. Euskararen hizkuntza-eskakizunaren betekizuna betetzen dela egiaztatzeko egiaztagiria 2.6.2 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko da.

    2. Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko da .

    3. Merezimenduen egiaztagiriak 8.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko dira.

    4. Gainerako baldintza orokorren eta berariazko baldintzen egiaztagiriak 11.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko dira.

  1. Izangaiak onartzea.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Langileak Kudeatzeko zuzendariak gehienez hilabeteko epean emango du ebazpena. Horrela, onetsitzat joko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda eta, era berean, zerrenda hori non ipiniko den ikusgai adieraziko du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

    Zerrendan, datu hauek agertuko dira: izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo antzekoren batena atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, izangaiak parte hartzen duen txanda edo prozedura eta espezialitatea, eta, baztertutakoen kasuan, baita ere, baztertzeko arrazoiak. Halaber, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba zein izangaik egin behar duten ere adieraziko da.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena adierazitako lekuetan argitaratuta, interesdunei behar bezala jakinarazi zaiela ondorioztatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Erreklamazioak.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; gainera, hala badagokio, zuzendu ahal izango da zerrendatik baztertzea eragin duen akatsa. Halaber, datu pertsonaletan akatsak atzeman dituzten izangaiek akatsak daudela adierazteko aukera izango dute epe horretan.

    Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio, eta 4.1 oinarrian adierazitako ebazpenean esaten diren lekuetan aurkeztuko dira.

    Baldin eta interesdunak ez badu adierazitako epe horretan zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak xedatutakoaren arabera.

  3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen berak onetsitzat joko du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Oinarri honetan aurreikusi den prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, programazio didaktikoa entregatu eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezarritako epeak amaitutakoan, baldintza bi horiek betetzen ez dituztelako baztertu direnen zerrendak argitaratuko dira. Era berean, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiak, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita ez badaude eta proba gainditzen ez badute, baztertuta geratuko dira.

    Bestalde, onartutako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honetan eskatzen diren gainerako betekizunak beteta dituztela aitortzen zaienik. Deialdi honen 11. oinarriak xedatutakoari jarraiki hautatuko diren izangaiek aurkeztu behar dituzten dokumentuak ikusita egiaztatzen bada interesdunen batek betekizunen bat betetzen ez duela, prozedura honetan parte hartzeak eman ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu izangai horrek.

  1. Hautaketa-organoak: Epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.

  1. Hautaketa-organoek egingo dute prozedura honetako parte-hartzaileen hautaketa; hargatik eragotzi gabe 6.1 eta 6.2 oinarrietan, hurrenez hurren, gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko proben balorazio-epaimahaiei dagokionez aurreikusitakoa.

    Nahitaez hartu behar da parte hautaketa-organoetan; hala ere, kontuan hartuko da 5.5 oinarrian abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiei buruz eta 5.2.2 eta 5.4 oinarrietan salbuespen-kasuei buruz aurreikusitakoa.

    Hautaketa-organoetako kideek justifikatu ezin badute zergatik ez diren joan prozeduraren batzar eta ekitaldietara, eraketakora barne, eta organoaren buruak edo Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako titularrak egin badu deialdia, indarrean den araudiaren arabera dagokien erantzukizuna izango dute.

    Organo horien jarduteko prozedurak, une oro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraitu beharko dio.

  2. Epaimahaiak.

    1. Epaimahai kopurua.

    Beharrezko ikusten den beste epaimahai izendatu ahal izango dira, espezialitate bakoitzeko eskatzaile kopuruaren arabera.

    2. Osaera eta izendapena.

    Epaimahaiak bost kidek osatuta egongo dira: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide. Bostek izan beharko dute irakasleen funtzionarioen kidegoetako jarduneko karrerako funtzionario edo hezkuntzako ikuskari. Izangaiek zein kidegotara iritsi nahi duten, kidego horren sailkapen-maila bera edo handiagoa duten kidegoetakoak izango dira kideak, eta gehienak kidego horretakoak izango dira.

    Espezialitatearen printzipioa hartuko da kontuan epaimahaiak osatzeko orduan; horren arabera, kide gehienek epaitu behar duten espezialitateko titular izan beharko dute eta, ahal dela, espezialitate horretan izango dute destinoa gaur egun. Halaber, arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Hezkuntzako sailburuak askatasunez izendatuko du epaimahaiburua. Lau epaimahaikideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da oinarri honetan aipatzen diren funtzionarioen artean. Salbuespen gisa, titularren kopuru txikiagatik zozketa egiterik ez dagoen espezialitateetan, espezialitate horietako funtzionario titular guztiak zuzenean izendatuko ditu Hezkuntzako sailburuak.

    2018ko apirilaren 11n egingo da zozketa, goizeko 10:00etan, Lakua-2 eraikineko 3. gelan (sarrera Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz).

    2017-2018 ikasturtean zuzendari, ikasketaburu edo idazkari karguak betetzen dituzten funtzionarioak, baita sindikatuen ordezkaritzako eginkizunak egiten aritzegatik baimena dutenak ere beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude, salbuetsita egongo dira hautaketa-organoetan parte hartzetik; hortaz, horiek ez dira kontuan hartuko zozketa egiteko garaian. Era berean, ez dira kontuan hartuko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bitartez deitu ziren hautaketa-prozeduretan parte hartu duten epaimahaikideak (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitu ziren, baita aipatutako kidegoko funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere; 2016ko otsailaren 9ko EHAA). Salbuespena izango da espezialitateren batean ezin bada epaimahai osoa izendatu parte hartzeko moduan dauden karrerako funtzionarioen kopurua kontuan hartuta.

    Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira epaimahai guztietako epaimahaikide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako epaimahaietan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.

    Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiengatik, hezkuntza-arloko beste administrazio batzuei eskatu ahal izango zaie espezialitateko edo, hala badagokio, kidegoko funtzionarioak proposa ditzatela epaimahaietako kide izateko. Salbuespen gisa ere, eta justifikatutako arrazoiengatik, beste espezialitate batzuetako funtzionarioekin osatu ahal izango dira epaimahaiak eta, horrelakoetan, aholkulari espezialistak izendatu ahal izango dira, 5.6 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

    Epaimahaiak izendatzeko orduan autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-konpetentzia bermatu beharko da.

    Epaimahai bakoitzerako ordezko epaimahai bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    Hezkuntzako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu epaimahaiak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

    Kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, epaimahaiak besterik erabaki ezean.

    3. Borondatezko parte-hartzea.

    Euren borondatez epaimahai batean mahaikide izan nahi dutenek idazkia aurkeztu beharko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, 3.5 oinarriaren arabera eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epe berean. Aipatutako organoak ebatziko ditu eskabideak, kontuan hartuta espezialitatean titularra den, zein destino duen bertan gaur egun eta dagokion espezialitatearen epaimahaiek zein lurralde historikotan izango duten egoitza kasu bakoitzean.

    Borondatezko parte-hartze honetatik salbuesten dira 2017-2018 ikasturtean zuzendari, ikasketaburu edo idazkari karguak betetzen dituzten funtzionarioak.

  3. Hautaketa-batzordeak.

    Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta epaimahai bat baino gehiago eratu beharko bada espezialitate baterako edo batzuetarako, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkion espezialitateetarako.

    Espezialitateko epaimahaiburuek osatuko dituzte batzordeok. Gutxienez bost kide izango dituzte batzordeek, eta epaimahaiburuen kopurua bost baino txikiagoa izanez gero, epaimahaikideetara joko da, harik eta bostekoa osatu arte. Honela egingo da:

  1. Lau epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2., 3. eta 4. epaimahaietako buruak eta 1. epaimahaiko idazkaria.

  2. Hiru epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2. eta 3. epaimahaietako buruak eta 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak.

  3. Bi epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2. epaimahaiko burua, 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak eta 1. epaimahaiko 1. epaimahaikidea.

    Batzorde horietako burua izango da espezialitateko zenbaki txikiena duen epaimahaiko burua. Hala ere, 10 epaimahai edo gehiago dauden espezialitateetan, Hezkuntzako sailburuak izendatuko du batzordeburua, hezkuntzako ikuskarien kidegoan lanean dauden karrerako funtzionarioen artean.

    Batzordearen atal diren kidegoetan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-batzordeak besterik erabaki ezean.

    Epaimahai bakarra izendatzen den espezialitateetan, epaimahaiak jardungo du hautaketa-batzorde gisa, ondorio guztietarako.

  1. Batzorde barematzaileak.

    Espezialitate bakoitzean egon daitekeen eskatzaile kopuruaren arabera, behar diren batzorde barematzaileak eratuko dira, betiere espezialitateen edo espezialitate-taldeen arabera. Batzordeak gutxienez bost eta gehienez zazpi kidek osatuta egongo dira: batzordeburu bat eta gainerakoak batzordekideak. Batzordeburua hezkuntzako ikuskari bat izango da eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko du. Batzordekideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da, kidegoko eta dauden batzordearen espezialitateko edo espezialitateetako jarduneko karrerako funtzionarioen artean.

    Arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Batzordekideak izendatzeko zozketa epaimahaikideen zozketarekin batera egingo da.

    2017-2018 ikasturtean zuzendari, ikasketaburu edo idazkari karguak betetzen dituzten funtzionarioak, baita sindikatuen ordezkaritzako eginkizunak egiten aritzegatik baimena dutenak ere beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude, salbuetsita egongo dira hautaketa-organoetan parte hartzetik; hortaz, horiek ez dira kontuan hartuko zozketa egiteko garaian. Era berean, ez dira kontuan hartuko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bitartez deitu ziren hautaketa-prozeduretan parte hartu duten batzorde barematzaileko kideak (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitu ziren, baita aipatutako kidegoko funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere; 2016ko otsailaren 9ko EHAA). Salbuespena izango da espezialitateren batean ezin bada batzorde barematzaile osoa izendatu parte hartzeko moduan dauden karrerako funtzionarioen kopurua kontuan hartuta.

    Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira batzorde barematzailetako batzordekide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako batzorde barematzailetan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.

    Salbuespen gisa, nahiz eta aurretiaz adierazitako guztia aplikatu ezin badira batzordekide guztiak izendatu, beste espezialitate batzuetako karrerako funtzionarioekin osatu ahal izango dira batzorde barematzaileak, lurralde-irizpidea ere kontuan hartuz.

    Batzorde barematzaileak izendatzeko orduan autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-konpetentzia bermatu beharko da.

    Batzorde barematzaile bakoitzerako ordezko batzorde barematzaile bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    Hezkuntzako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu batzorde barematzaileak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

    Kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, batzorde barematzaileak besterik erabaki ezean.

    Batzorde horiek Hezkuntza Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzen eta zerbitzuen aholkularitza baliatu ahal izango dute.

  2. Hautaketa-organoetako kideak abstenitzea eta errekusatzea.

    1. Abstenitzea.

    Hautaketa-organoetako kideak esku hartzetik abstenituko dira, eta egiaztagirien bitartez jakinaraziko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusten diren inguruabarren batean badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan lanik egin badute kidego eta espezialitate berean sartzeko hautaketa-probetarako izangaiak prestatzen.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarretan ez daudela agertzeko, esanbidezko deklarazioa eskatuko diete hautaketa-organoetako buruek hautaketa-organoetako kideei. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluko 5. puntuan adierazita dagoen bezala, inguruabar horietakoren bat dagoen kasuetan ez abstenitzeak dagokion erantzukizuna ekarriko du.

    Hamar egun naturaleko epea egongo da abstentzioa eskatzeko, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Organo eskudunak dagokion erabakia hartu beharko du.

    2. Errekusatzea.

    Izangaiek hautaketa-organoetako kideak errekusa ditzakete, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak ematen badira.

  3. Hautaketa-organoak eratzea.

    Buruek deialdia egin ondoren, hautaketa-organoak eratuko dira, izendatutako kide guztiak (titularrak zein ordezkoak) bertan daudela, ahal bada behintzat. Hala ere, eratutzat joko dira burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertan badira.

    Hautaketa-organoak eratu ostean, ahalik eta lasterren bidali beharko dizkiete, guztiek, eratze-aktak (kide guztien sinadurekin) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen aparteko inguruabarrik gertatu ezean, hautaketa-organoak eratu ondoren, honako kide hauek egon beharko dute organoaren jarduera baliozkoa izateko: burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak.

    Epaimahaiek edo, hala badagokio, hautaketa-organoek, aukera izango dute haien lanean aholkulari espezialistak edo laguntzaileak sartzea proposatzeko. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenengoen eginkizuna izango da hautaketa-organoetako kideei aholkuak ematea euren espezialitateko ezagutza eta merezimenduak ebaluatzean. Laguntzaileek, aldiz, organoek esleituko dizkieten laguntza-zeregin teknikoak egingo dituzte. Batzuek zein besteek dagozkien eskumenetako eginkizunak baino ez dituzte egingo. Aholkulari eta laguntzaileek esleitu zaien eginkizunerako behar den lanbide-gaitasuna izan beharko dute.

  4. Hautaketa-organoen eginkizunak.

    1. Epaimahaiei dagokie:

    1. Hautaketa-prozesuko faseak garatzea, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

    2. Oposizio-faseko probak kalifikatzea, IX. eranskinean adierazitako baloratzeko irizpideei jarraituz.

    3. Lehiaketa-faseko merezimenduak baloratzea.

    4. Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak, halako batzorderik ez badago.

      2. Hautaketa-batzordeei dagokie:

    1. Epaimahaien arteko koordinazioa.

    2. Epaimahaien jarduera-irizpideak zehaztu eta homogeneizatzea.

    3. Proba praktikoaren edukia nola zehaztuko den erabakitzea, deialdi honetako VII. eranskinean zehazten diren premisak kontuan izanda.

    4. Lehiaketa-faseko puntuak epaimahaiek oposizio-fasean emandako puntuei batzea, izangaiak ordenatzea eta lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituzten izangaiak aditzera ematea.

    5. Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituztenen izangaien zerrendak egin eta onestea, eta zerrenda horiek deialdia egin duen organoari helaraztea.

      Hautaketa-prozedurak garatu bitartean, epaimahai bakarrek edo, hala badagokio, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.

      3. Batzorde barematzaileei dagokie: I. eranskineko III.1 eta III.2 ataletako eta II. eranskineko II., III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 ataletako merezimenduak baloratzea, epaimahaiek delegatuta.

  5. Beharrezkoa izanez gero, hautaketa-organoek bidezko diren neurriak hartuko dituzte desgaitasunak dituzten izangaiek gainerako parte-hartzaileen aukera berak izan ditzaten ariketak egiterakoan. Horretarako, desgaitasunak izan eta 3.1.2 oinarrian aurreikusten den moduan egindako eskabidea onartzen zaien pertsonentzat, ariketak egiteko dagoen denborari eta baliabideei dagozkien egokitzapenak ezarriko dira, betiere baldin eta egokitzapen horiek probaren edukia desnaturalizatzen ez badute eta desgaitasun horiek bateragarriak baldin badira irakasle-lanean normaltasunez aritzearekin.

  6. Beste organo batzuen lankidetza: Koordinatzaileak.

    Epaimahaiek eta hautaketa-batzordeek koordinatzaileen laguntza izango dute. Ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionarioak izango dira, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko ditu. Aipatutako hautaketa-organoei koordinazioa eta administrazio-laguntza eskaintzea izango da koordinatzaileen zeregina. Funtzio horien garapenean, prozedura era egokian garatzen dela zainduko dute, eta horretarako epaimahaiekin eta hautaketa-batzordeekin elkarrekin lan egingo dute: orientabideak emango dituzte prozeduraren administrazio-kudeaketaren eta antolaketaren inguruan, proba praktikoa egin eta ebaluazio irizpideak aplikatzeko, etab; tresnak eskainiko dizkiete, prozeduran zehar gerta daitezkeen zailtasunak edo ezbeharrak ebazteko; laguntza emango diete, epaimahaien lanean, jardueretan eta erabakietan irizpide-homogeneotasuna bultzatzeko, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatzen lagunduko dute une oro.

  7. Kalte-ordainak eta dietak.

    Agindu honen bidez deitu diren prozeduretan parte hartuko duten epaimahai, hautaketa-batzorde, batzorde barematzaile, koordinatzaile, aholkulari espezialistek eta laguntzaileek eskubidea izango dute Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zehaztutako kalte-ordainak jasotzeko.

1. ATALA

AURREKO PROBAK

  1. Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.

    Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko eta euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probekin hasiko da hautaketa-prozedura, probak egin behar dituzten izangaien kasuan.

  1. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaientzat.

    1. Oposizio-faseko probak egin aurretik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko. Proba hori baloratzeko epaimahaia izendatuko duen ebazpenean zehaztuko dira probaren lekua, data eta ordua.

    Dena den, proba egitetik salbuetsita daude honako tituluren edo ziurtagiriren bat dutenak (eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute horren egiaztagiria):

    Espainieraren Goi Mailako Diploma edo espainieraren C2 mailako diploma, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarria eta otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua.

    Atzerritarrentzako espainierako gaitasun-ziurtagiria edo maila aurreratuaren ziurtagiria, hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak.

    Filologia hispanikoan edo erromanikoan lizentziadun titulua edo gradu-titulu baliokidea.

    Kidegora sartzeko alegatutako titulua, Espainiako estatuan edo, bestela, hizkuntza ofiziala espainiera duen estaturen batean igorri eta egindakoa.

    Era berean, salbuetsita daude Espainiako nazionalitatea ez duten baina hizkuntza ofiziala espainola duen herrialderen batekoak diren pertsonak, baita proba hau aurreko deialdiren batean gainditu izana egiaztatzen dutenak ere.

    2. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko probaren edukia izangaiei egindako deialdian zehaztuko dute epaimahaiek. Horretarako, aintzat hartuko da urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (BOE, azaroaren 8koa), Atzerriko Hizkuntza gisa Espainieraren Goi Mailako Diploma arautzen duena, otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua.

    3. Epaimahaiburu batek eta lau kidek osatuko duten epaimahaiak baloratuko du atal honetan aipatzen den proba. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu epaimahaikideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen kidegoetako (Gaztelania eta Literatura espezialitatekoak) edo hizkuntza-eskola ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen kidegoetako (Atzerritarrentzako espainiera espezialitatekoak) jarduneko funtzionarioen artean, betiere, egungo destinoa espezialitate horietan baldin badaukate.

    Ordezko epaimahai bat ere izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    4. Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.

    Proba bukatu eta kalifikatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena egingo du emaitzen argitalpena onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den emaitza horiek dituen zerrenda.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Behin-behineko emaitzen aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko dira, behin-behineko emaitzetarako adierazitako leku beretan.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    5. Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, izangairen bat probara aurkezten ez bada edo, aurkeztuz gero, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badu, hautaketa-prozesutik baztertuko da.

  2. Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.

    1. Deialdi honen 2.6.1 oinarrian adierazitakoaren arabera, irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna izatearen baldintza, deialdi honetan horretarako berariaz egingo den proba gaindituz egiaztatu daiteke. Proba horretan onartua izateko, 3.1.4 eta 3.3.1.a) oinarrietan ezarritako betekizunak bete beharko dira.

    2. Proba horren edukia, forma eta probak baloratzeko modua ezartzeko, araudi hauetan ezarritakoa beteko da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Agindua eta Hezkuntzako sailburuordearen 2017ko azaroaren 16ko Ebazpena, 2018. urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten duena (EHAA, 2017ko abenduaren 5ekoa).

    3. Aurreko puntuan adierazitako araudiaren arabera izendatutako epaimahaiek baloratuko dute proba hori.

    4. Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.

    5. Proba amaitu eta kalifikatu ondoren, Interneteko helbide honetan argitaratuko dira emaitzak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/, "Euskara" atala. Emaitzak argitaratu eta hiru egun balioduneko epean, interesdunek idatzizko erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, kalifikazioa berrikusteko; horretarako, dagokion azterketako epaimahaiburuari egin beharko diote erreklamazioa.

    6. Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez daukaten izangaiak, salbuetsita ez dauden izangaiak edo 2.1.f) oinarriak aurreikusi duen erregimen iragankorraren arabera egiaztatzetik salbuetsita ez daudenak, probara aurkezten ez badira edo, aurkeztuz gero, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badute, hautaketa-prozesutik baztertuko dira.

    2. ATALA

    OPOSIZIO-FASEKO PROBEN DEFINIZIOA ETA EZAUGARRIAK

  1. Oposizio-fasea.

  1. Txanda irekiaren eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandaren oposizio-faseen ezaugarriak.

    Oposizio-fasean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak, gaitasun pedagogikoa eta aditua izatea irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren tekniketan.

    Oposizio-faseak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egongo da egituratuta. Proba guztiak kanporatzaileak izango dira.

    1. Lehenengo proba.

    Helburua izango da aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea. Bi zati izango ditu, eta batera baloratuko dira bi zatiak.

    Lehenengo proba honen bi zatiak saio berberean egin ahal izango dira.

    1.1. A zatia: proba praktikoa izango da, izangaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa dutela eta trebetasun teknikoetan adituak direla frogatzeko.

    1. eranskinean aurreikusitakoan oinarrituta prestatuko da proba praktikoaren edukia.

      Proba praktikoa idatziz egiten denean, izangaiek hiru ordu izango dituzte, gehienez, proba egiteko. Idatziz egiten ez denean (tresnen edo makinen erabileraren erakustaldi praktikoa eskatzen duten espezialitateak direlako), proba egin baino lehen dagokion epaimahaiak iragarki-taulan adieraziko duena beteko da.

      1.2. B zatia: epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik izangaiak gai bat aukeratu eta garatu beharko du idatziz. Gai-kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

      1. 25 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu beharko da.

      2. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

      3. 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.

        Zati hau prestatzeko, V. eranskinean zehaztutako gaiak aplikatuko dira.

        Izangaiek bi ordu izango dituzte B zatia egiteko.

        Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 10.1.h) artikuluan ezarritakoa betetzeko, Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu ziurtatzeko lehenengo probako idatzizko ariketak era anonimoan zuzendu eta baloratuko direla. Ondorioz, idatzizko ariketa baliogabetuko da baldin eta izangaia identifikatu dezakeen edozein izen, marka edo seinale badu.

        2. Bigarren proba.

        Helburua izango da izangaiaren gaitasun pedagogikoa frogatzea, eta ikustea ea aditua den irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren tekniketan. Proba horretan, izangaiak programazio didaktiko bat aurkeztu, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu beharko du.

        2.1. A. Programazio didaktiko bat aurkeztea.

        Programazio didaktikoa EAEn indarrean den eta parte hartzen den espezialitateari lotutako gai edo eremu baten curriculumari buruzkoa izango da edo, hala eskatzen duten planteamendu metodologikoak erabiliz gero, hainbat gai edo eremurenak, horietako bat izango dela parte hartzeko aukeratu den espezialitatearekin lotutakoa. Bertan, honako alderdi hauek azaldu beharko dira: helburuak (edo ikaskuntzaren emaitzak, berariazko lanbide-heziketako espezialitateen kasuan), edukiak, ebaluazio irizpideak eta adierazleak, metodologia, baliabide didaktikoak, etengabeko ebaluaziorako prozedura eta tresnak, zeharkako nahiz diziplinazko oinarrizko konpetentziak eskuratzeari egiten dion ekarpena, kasuan kasuko lanbide-profilari berez dagozkien konpetentzia-atalekin lotutako amaierako gaitasunak eskuratzeari egiten dion ekarpena, bai eta dibertsitateari ematen dion erantzuna ere, bereziki azpimarratuz hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak.

        Izangaiak ikasturte bat garatuko du programazioan, espezialitate horretako irakasleek emateko eskumena duten hezkuntza-maila edo -etapa bateko ikasturte bat. Gainera, VI. eranskinean aipatu den araudiak araututako indarreko curriculumak hartu beharko dira kontuan.

        Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko izangaien kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren, Batxilergoaren edo Lanbide Heziketako heziketa-zikloen etapari buruzkoa izan daiteke.

        Programazio didaktikoak zorrotz bete beharko ditu baldintza hauek: DIN-A4 formatuko 50 folio izango ditu gehienera ere, alde bakarretik idatzita, espazio bikoitzean, eta «Arial» letra-tipoan idatzita, 12 puntuko tamainan (taula, koadro, eskema edo halakorik izango balu, horiek ere bete beharko dituzte betekizunak). 9 unitate didaktiko izan beharko ditu gutxienez, eta zenbakituta eta garatuta egon beharko dute lehenago aipatutako alderdietan. Unitate didaktiko hauek proiektuak, egoera-arazoak, lan-unitateak, erronkak, etab. eduki al dituzte. Dena den, programazioan agertu behar dira aukeratutako mailarako edo ikasturterako araudiak ezartzen dituen gutxienezko elementu curricularrak. Ez da eranskinik sartuko. Programazio didaktikoaren azala, aurkibidea eta erreferentzia bibliografikoak ez dira 50 folioen barruan zenbatuko, eta ez dituzte adierazitako betekizunak bete behar izango.

        Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian ezarritakoaren arabera emango zaio epaimahaiari, eta izangaiari programazioa defendatzeko deitzen zaionean defendatuko du epaimahaiaren aurrean. Proba hau ezin denez era anonimoan zuzendu, nahiz eta programazioan izangaia identifikatzeko moduko daturen bat azaldu, ez da aplikatuko lehenengo probarako adierazi den baliogabetze-irizpidea.

        Izangaiek ezin izango dute material osagarririk erabili programazio didaktikoa aurkezteko eta defendatzeko (publikoa izango da); izangaiek emandako programazio didaktikoaren kopia berdina bakarrik erabili ahal izango dute.

        2.2. B. Unitate didaktiko bat prestatzea eta ahoz azaltzea.

        Prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz azalduko den unitate didaktikoa izangai bakoitzak aurkeztutako programazioarekin lotuta egon daiteke, edo espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik landuta; izangaiak berak hautatuko du.

        Lehenengo kasuan, izangaiak berak bere programaziotik ausaz aterako dituen hiru unitate didaktikoren artetik bat aukeratuko du.

        Bigarren kasuan, espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik izangaiak ausaz ateratako hiru gairen artetik bat aukeratuko du.

        Unitate didaktikoak egitean, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira gutxienez: lortu nahi diren ikaskuntza-helburuak, edukiak, garatu behar diren helburu-konpetentziak edo gaitasunak, gelan planteatuko diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak, gelaren edo bestelako ikaskuntza-espazioen antolaketa eta metodologia, ebaluazio irizpideak eta adierazleak, eta ikasleen ebaluazio eta segimendurako prozedura eta tresnak.

        Unitate didaktikoa prestatzeko, ordubete eta hamabost minutu izango ditu izangaiak. Prestatzeko eta azaltzeko (publikoa izango da), lagungarri zaion material osagarria erabili ahal izango du berak eraman beharko du materiala, bai eta gidoi bat ere ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa; azalpena bukatutakoan, epaimahaiari emango dio gidoia.

        2.3. Bigarren probaren garapena.

        Bigarren proban, lehenengo eta behin, aurretiaz eman den programazio didaktikoa aurkeztu eta ahoz defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Horretarako, hogei minutu emango zaie, gehienez, izangaiei.

        Gero, epaimahai beraren aurrean eta gehienez berrogei minutuz, unitate didaktikoaren ahozko azalpena emango da.

        Izangaiaren azalpena bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta edo bere ariketa praktikoari buruz; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo. Guztira, pertsona bakoitzak ordubete eta hamabost minutu izango ditu gehienez jarduera horiek guztiak egiteko.

        3. Hizkuntza modernoetako espezialitateen proba guztiak dagokion hizkuntzan egingo dira osorik.

  2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko oposizio-fasearen ezaugarriak (Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa).

    Proban, izangaiak gaiari buruz dituen ezagutzei eta haren baliabide didaktiko eta pedagogikoei erreparatuko zaie. Bi zatitan banatuko da:

    Lehenengo zatia: epaimahaiak, ausaz, zortzi gai aukeratuko ditu V. eranskinean adierazitako kidego eta espezialitateari dagokion gai-zerrendatik, eta izangaiak zortzi gai horietatik bat aukeratu eta ahoz azalduko du. Azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egingo du izangaiak, askatasunez aukeratuko duen ziklo edo maila zehatz bati buruz. Izangaiak daukan titulazio akademikoa eta bete nahi duen espezialitatea bat etorriz gero, VIII. eranskinean adierazitakoaren arabera, epaimahaiak ausaz aukeratutako bederatzi gairen artean aukeratu beharko du bat izangaiak.

    Izangaiak daukan titulazio akademikoa ez bada agertzen VIII. eranskineko zerrendan, bat datorren aztertu beharko da. Horretarako, aintzat hartuko dira izangaiak unibertsitate-karreran izan dituen ikasgaiak eta dagokion espezialitateko irakasle titularrek esleituta daukaten gai-curriculuma. Helburu horrekin, batzorde bat izendatuko da, eta honako hauek izango ditu kide:

    Burua: Langileak Kudeatzeko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

    Kideak:

    Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako ordezkari bat.

    Hezkuntzako ikuskatzaile bat.

    Izangai bakoitzak ordubete izango du azalpena prestatzeko, eta azalpen horretan lagungarri zaion material osagarria erabili ahal izango du berak eraman beharko du materiala, bai eta gidoi bat ere ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa; azalpena bukatutakoan, epaimahaiari emango dio gidoia.

    Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.

    Bigarren zatia: ariketa praktiko bat izango da. Ariketa horrek 7.1.1.1. oinarrian txanda irekirako eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako deskribatu direnen ezaugarri berberak izango ditu.

    Hizkuntza modernoetako espezialitateen proba dagokion hizkuntzan egingo da osorik.

  3. Oposizio-fasearen egutegia eta garapena.

    1. Programazio didaktikoa entregatzea.

    2018ko maiatzaren 2tik 14ra bitartean, hautaketa-prozedurarako onartuta dauden izangaiek, Agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), programazio didaktikoa entregatu beharko dute.

    Interneteko helbide hauetakoren batean entregatu beharko dira programazio didaktikoak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira). Bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har ezarritako bideren bat erabili beharko da, hargatik eragotzi gabe lege horren laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa.

    Programazio didaktikoak formatu elektroniko hauetako batean entregatu beharko dira:

    Microsoft Office 2016 edo aurrekoren bat.

    Libre Office 5.3 edo aurrekoren bat

    Portable Document Format (PDF).

    Programazio didaktikoa entregatu ondoren, frogagiria inprimatu beharko da, horixe izango baita dokumentua entregatu izana egiaztatzeko agiria. Frogagiri horretan, izangaiaren NANa eta izangaia identifikatzen duen eskabide-zenbakia agertuko dira, baita dokumentua zein data eta ordutan entregatu den ere.

    Espezialitate bererako programazio didaktiko bat baino gehiago entregatuz gero, aurkeztutako azkena besterik ez da kontuan hartuko. Erregistroan begiratuko dira entregen data eta orduak, azkena zein den zehazteko.

    Programazio didaktikoa epe barruan entregatzen ez duten pertsonek galdu egingo dute hautaketa-prozeduran parte hartzen jarraitzeko eskubidea, eta baztertu egingo dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, programazio didaktikoa ez entregatzeagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den ikusgai zerrenda hori. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira). Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

    Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen berak onetsitzat joko du eskatutako programazio didaktikoa ez entregatzeagatik baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote izangaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.

    Programazio didaktikoa entregatu eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ondoren prozesuan onartuta jarraitzen dutenek egin ahal izango dituzte oposizio-faseko probak. Gainera, probak egin ahal izango dituzte, baztertuta agertu arren, deitutako ekitaldian bertan egiaztatzen dutenek gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela baina oraindik ebatzi gabe dagoela.

    2. Oposizio-faseko proben garapena.

    Oposizio-fasea 2018ko ekainetik aurrera hasiko da. Maiatzeko bigarren hamabostaldian, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira epaimahaien egoitzak, bai eta oposizio-fasea egiteko lekuak eta datak ere.

    Ariketa kolektiboetan parte hartzeko deialdia jaso duten pertsonak azterketa lekuan agertu beharko dira ezarritako data eta orduan. Banakako ariketen kasuan, egun bakoitzerako deialdia jaso duten pertsonak epaimahaiak ariketak hasteko ezarri duen orduan agertu beharko dira.

    Epaimahaiek banakako probak lehendabizi egin behar dituzten izangaien zitazioak iragarriko dituzte, eta egokitzat jotzen diren beste gai batzuk ere; iragarpen horiek probak egingo diren ikastetxeetako iragarki-tauletan jarriko dituzte. Era berean, informazio moduan, Interneteko helbide hauetan ere iragarriko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Behin epaimahaien aurrean banakako jarduketak hasita, izangaientzako hurrengo deialdiak ere probak egingo diren ikastetxeetan iragarri beharko dira, hasi baino hogeita lau ordu lehenago, gutxienez. Era berean, informazio moduan, Interneteko helbide hauetan ere iragarriko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://www.irakasle.eus

    Izangaiek epaimahaien aurrean banakako probetan jarduteko ordena zehaztean, kontuan hartuko da zer prozeduratan eta zer txandatan hartzen duten parte. Hortaz, proba aurrena egingo dutenak izango dira goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartzen dutenak, eta, ondoren, txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzen duten izangaiek egingo dute proba azken bi txanda horietakoek batera egingo dute. Txanda horien barruko ordenari dagokionez, izangaien abizenen alfabeto-ordenari jarraituko zaio, K letratik hasitako abizena duen lehenengo pertsona izanik lehena, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2017ko martxoaren 23ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara eman zen 2017-2018 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan -baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere- alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letra zozketaren emaitza.

    Izangaien lehenengo abizena aipatutako letraz hasten ez den kasuetan, hurrengo letrarekin edo letrekin hasiko dute epaimahaiek jarduketen ordena. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die izangaiei identifika daitezela; horretarako, izangaiek NANa edo jatorriko herrialdeko antzeko dokumentu bat, pasaportea edo titularraren argazkia duen gidabaimena aurkeztu beharko dute.

    Epaimahaiak jakinez gero izangairen batek ez dituela betetzen deialdi honetan ezarritako betekizun guztiak, epaimahaiak, lehendabizi izangaiari entzunda, izangaia baztertzea proposatuko dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta, era berean, pertsona horren hautaketa-probetarako onarpen-eskabidean zer-nolako desegokitasunak edo faltsukeriak dauden jakinaraziko dio, dagozkion ondorioak izan ditzan. Kasu horretan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpena eman bitartean, hautaketa-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du izangaiak, modu baldintzatuan. Izangaia baztertzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Halaber, epaimahaiek ahalmena dute ariketak egiten direnean edozein iruzur egiten duten izangaiak hautaketa-prozeduratik baztertzeko, iruzur horren eraginez proba ezin denean normaltasunez garatu, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta.

    Epaimahaiburuak egitate horien berri emango dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta dagokion bilkura-aktan jasoko du.

    Izangaia baztertzeko epaimahaiaren erabakiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    3. Sindikatuei hautaketa-prozesuaren jarraipen egokia egiteko behar duten informazioa eta/edo dokumentazioa emango die Hezkuntza Sailak.

  4. Oposizio-fasearen kalifikazioa.

    Epaimahaiek, oposizio-faseko probak kalifikatzeko, IX. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideak hartuko dituzte kontuan.

    Epaimahaikide guztien irizpideek bat egiteko eta ebaluazioa ahalik objektiboena izateko, ebaluatu beharreko konpetentzia bakoitzarentzat beharrezko diren errubrikak erabiliko.

    1. Txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.

    1.1 Lehenengo proba (A eta B zatiak).

    Proba hau 0 eta 10 puntu artean baloratuko da; proba osatzen duten bi zatiei dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio hori. Probaren A zatia eta B zatia 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko dira, eta honela haztatuko dira:

    1. A zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,6 egingo da.

    2. B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,4 egingo da.

      Proba gainditzeko, zati bakoitzean lortutako puntuazioak horiei esleitutako puntuazioaren % 25ekoa edo gehiagokoa izan beharko du, eta guztizko puntuazioak (bi zatien puntuazio haztatuen baturak) bost puntu edo gehiagokoa izan beharko du.

      1.2. Bigarren proba.

      Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; proba osatzen duten bi zatiei (A eta B) dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio global hori, honela haztatuta:

    1. A zatia: programazioaren idatzizko dokumentuak % 40 balioko du (0 eta 10 puntu artean esleitutako kalifikazioa bider 0,4 egingo da) eta ahozko defentsak % 60 balioko du (0 eta 10 puntu artean esleitutako kalifikazioa bider 0,6 egingo da). Era berean, haztatu egingo da kalifikazio horien baturatik eskuratzen den 0 eta 10 puntu arteko kalifikazioa (adierazitakoaren arabera kalkulatuta), eskuratu den kalifikazio hori bider 0,4 eginda.

      Eskatutako lanaren zehaztasun-maila zalantzarik gabe zehaztearren eta aukera-berdintasuna bermatzearren, baldin eta epaimahaiak ikusten badu programazio didaktikoa ez datorrela bat 7.1.2.1 oinarriaren laugarren paragrafoan ezarritako baldintza formalekin (DIN-A4 formatuko 50 folio gehienera ere, alde bakarretik idatzita, espazio bikoitzean, «Arial» letra-tipoan idatzita, 12 puntuko tamainan eta 9 unitate didaktiko gutxienez), programazio didaktikoaren dokumentu idatziaren puntuazioa 0 izango da.

    2. B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa (0 eta 10 puntu artekoa) bider 0,6 egingo da.

      Bigarren proba gainditzeko, izangaiek 5 puntu edo gehiagoko puntuazio global haztatua lortu beharko dute.

      1.3. Oposizio-faseari dagokion kalifikazioa fase hau osatzen duten bi zatietan lortutako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izango da, izangaiak bi zatiak gainditu dituenean.

      2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedura.

      Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; proba osatzen duten bi zatiei dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio global hori, honela haztatuta:

    1. Lehenengo zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da.

    2. Bigarren zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da

      Proba gainditzeko, izangaiek 5 puntu edo gehiagoko puntuazio global haztatua lortu beharko dute.

      Epaimahaiak, balorazioa egiteko, izangaiak gaiari buruz dituen ezagutzak, baliabide didaktikoak eta baliabide pedagogikoak hartuko ditu kontuan.

      3. Izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortutako puntuazioa epaimahaian dauden kide guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoaren bidez finkatuko da. Epaimahaian dauden kideek emandako puntuazioetan hiru puntu edo gehiagoko aldea badago, kalifikazio altuena eta baxuena ez dira kontuan hartuko, eta gainerako kalifikazioekin egingo da batez bestekoa.

  5. Oposizio-fasean lortutako kalifikazioak argitaratzea.

    Proba bakoitza amaitutakoan, jakinarazteari begira, epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean ipiniko dituzte epaimahaiek izangaiek lortutako kalifikazioen behin-behineko zerrendak. Era berean, Interneteko helbide hauetan ere ikusi ahal izango dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Kalifikazio horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek dagokien epaimahaiari, bi egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazioak epaimahaiburuari bidaliko zaizkio, eta epaimahaiaren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute epaimahaiek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, epaimahaiek kalifikazioen behin betiko zerrendak jakinaraziko dituzte, aipatutako tokietan; puntuazioak aldatu ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.

    Ondoren, oposizio-fasean lortutako guztizko kalifikazioak argitaratuko dira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez. Kalifikazio horiek lortzeko, batez besteko aritmetikoa egingo da fase hori osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioekin, proba guztiak gainditu direnean. Interneteko helbide hauetan ikusi ahal izango dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Guztizko kalifikazio horien aurka ez dago errekurtsoa aurkezterik; interesdunek, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute deialdi honen 10.3.2 oinarrian aurreikusten den azken ebazpenaren aurka.

  6. Oposizio-fasea gainditu duten izangaiek lortutako puntuazioak jakinaraziko dizkiote epaimahaiek hautaketa-batzordeari, batzorde horrek lehiaketa-faseari dagozkion kalifikazioak batu ditzan, 9. oinarriak aipatzen duen puntuazio globala lortzearren.

  1. Dokumentuak entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.

  1. Lehiaketa-fasea I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduei puntuazioa esleitzean datza.

    2018ko maiatzaren 2tik 14ra bitartean, hautaketa-prozeduran onartuta dauden izangaiek, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak), oinarri honetan eta aipatutako eranskinetan aurreikusitakoaren arabera.

    Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko betekizun gisa alegatutako tituluaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratu ahal izateko, titulua atzerrian lortu duten izangaiek, merezimenduak aurkezteko epea agortu ondoren, beste hogei egun natural izango dituzte titulua eman zuen herrialdeko Hezkuntza Administrazioak karrera osoan lortutako kalifikazioen batez besteko notaren ziurtagiria eman dezan. Horrez gain, Espainiako kalifikazioekiko baliokideak zehazteko, atzerriko sistema akademiko horretan lor daitezkeen kalifikazio gorenak zein diren ere adierazi beharko du.

    Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte burututako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

    Izangai bakoitzak gehienez ere 10 puntu jaso ditzake lehiaketa-fasean bere merezimenduak baloratzean.

  2. Agindu honen I. eta II. eranskinetan merezimendu hauek daude: inola ere ez ofizioz zenbatesten direnak, bai eta ofizioz zenbatesten direnak ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan badaude (ofizioz zenbatesten direnean, dagokion merezimenduen ataletan espresuki adierazten da, aipatutako eranskinetan). Jasota dauden merezimenduak kontsultatzeko, www.irakasle.eus helbidera jo behar da («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) «Espediente Pertsonala», atal hauetan:

    Zerbitzu-orria.

    Tituluak (atal honetan, espediente akademikoaren batez besteko nota ere agertu ahal izango da).

    PREST_GARA ikastaroen eta homologatuen ziurtagiriak lortzea.

    Zuzendaritza-karguak (goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedurarako).

    Halaber, ikastaroak ere kontsulta daitezke Interneteko helbide berean: «Administrazio-izapideak» atalean «2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» «Norberari egokitutako kontsultak».

    www.irakasle.eus helbidera sartzeko erabili beharreko pasahitza izango da izangaiak beste prozesu batzuetan (ordezpenetarako izangaien zerrendak, etab.) parte-hartzeagatik daukana; edo, pasahitzik ez dutenentzat, eskabidea betetzerakoan sistemak berak sortu duena, 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

  3. Izangaiek honako egiaztagiriak bakarrik aurkeztu behar dituzte: ofizioz zenbatesten ez diren merezimenduenak eta ofizioz zenbatetsi arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan jasota ez dauden merezimenduenak. Aipatutako egiaztagiriak «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera aurkeztuko dituzte (eskabidea betetzean edo dokumentuak entregatzeko aurretiko hitzordua eskatzean lortu ahal izango da). Frogagiri horretan, «Aurkeztutako dokumentazioa» atalean, barematzeko aurkezten dituzten egiaztagirien merezimendu guztiak alegatu behar dituzte.

  4. Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

    Administrazioak eskubidea izango du edozein unetan behar diren azalpenak eta dokumentuak eskatzeko, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak edo erreklamazioak ebazteko.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

    Salbuespen gisa, hizkuntza modernoetako espezialitateetan, eta bakar-bakarrik ondoren adierazten diren merezimenduei dagokienez, dagokion hizkuntzan aurkez daitezke egiaztagiriak:

  1. Izangai bakoitzari dagokion puntuazioaren esleipena, epaimahaiek delegatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren Unitateek egingo dute, I. eranskineko III.1 eta III.2 ataletako eta II. eranskineko II, III.2.1, III.2.2 y III.2.3 ataletako merezimenduak izan ezik. Azken horiek batzorde barematzaileek baloratuko dituzte.

  2. Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioak argitaratzea.

    1. Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko I eta II atalak eta III.3 eta III.4 azpiatalak eta II. eranskineko I atala eta III.1 eta III.2.4 azpiatalak (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako unitateek barematuak).

    Espezialitate guztietako izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrenda 2018ko uztaileko lehenengo hamabostaldian argitaratuko da. Argitaratzeko data zehatza aldez aurretik iragarriko da Hezkuntza Sailaren web-orri hauetan: http://www.irakasle.eus eta http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/.

    Lortutako puntuazioen behin-behineko zerrenda hemen argitaratuko da:

    http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira): «2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» > «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» > adierazi kidegoa eta espezialitatea > «Emaitzak» > «Lehiaketa-aldia Partziala».

    Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta lurralde historiko bakoitzeko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu beharko dira.

    Puntuazioen behin betiko zerrenda, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrenda bezala argitaratuko da.

    2. Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko III.1 eta III.2 azpiatalak eta II. eranskineko II atala eta III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 azpiatalak (batzorde barematzaileek barematuak).

    Espezialitate bakoitzeko izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrendak dagokion batzorde barematzaileak argitaratuko ditu 2018ko uztaileko lehenengo hamabostaldian; argitaratze-data zehatza espezialitate bakoitzean barematu behar diren izangai kopuruaren arabera eta, ondorioz, baremazio-lana amaituko den dataren arabera izango da.

    Behin-behineko zerrendak, lortutako puntuazioekin, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileak argitaratuko ditu bere «Iragarki-taulan»:

    http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira): «2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» > «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» > adierazi kidegoa eta espezialitatea > «Baremazio-Batzordeak» > adierazi batzorde zk. > «Iragarki-taula».

    Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrendak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek dagokion espezialitateko batzorde barematzailearen buruari zuzenduko zaizkio, eta batzorde horren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute batzorde barematzaileek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.

    Puntuazioen behin betiko zerrendak, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrendentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.

    3. Behin betiko puntuazioen aurka, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu; hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute interesdunek 10.3.2 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

    4. Irakaskuntza-kidegora sartzeko prozeduran (txanda irekiko eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txanda), oposizio-faseko lehenengo proba gainditu duten izangaien merezimenduengatik esleitu zaizkien puntuazioak barematu eta argitaratuko dira. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduraren kasuan, izangai guztiei esleitutako puntuazioak barematu eta argitaratuko dira.

  3. Lehiaketa-fasean lortutako kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten izangaiei soilik aplikatuko zaie.

  4. Izangaiek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko III.1 atalean eta II. eranskineko III.2.1 atalean «Argitalpenak» barematzeko aurkeztu zituen dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, prozesua amaitu ondoren, betiere izangairen batek erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa. Dokumentuak epe horretan jasotzen ez badira, horiek berreskuratzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta jasotzeko eskubidea galduko da.

  1. Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.

    Puntuazio globala da oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen batura, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan sartzeko eta iristeko prozeduretarako aurreikusitako haztapena egin ostean.

    Horrela, sartzeari dagokionez, hau izango da puntuazio globala osatzeko haztapena: % 60 oposizio-faserako eta % 40 lehiaketa-faserako. Iristeari dagokionez, haztapena % 55ekoa izango da oposizio-faserako eta % 45ekoa lehiaketa-faserako.

  2. Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.

  1. Izangaiak ordenatzea.

    1. Fase bakoitzeko puntuazioak atera eta haztatu ondoren, hautaketa-batzordeek lehiaketa-faseko puntuazioak gehituko dizkiete oposizio-fasean lortutako puntuazioei azken fase horretan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaien kasuan, eta ordenatu egingo dituzte prozedura, txanda eta espezialitate bakoitzean, lortutako puntuazio globalaren arabera.

    2. Ordenatzean berdinketarik balego, hurrenez hurren ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira:

    2.1. Txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.

    1. Oposizio-fasean puntuazio handiagoa lortu izana.

    2. Oposizio-faseko ariketa bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, ariketak deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.

    3. Lehiaketa-faseko merezimenduen ataletan puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    4. Lehiaketa-faseko merezimenduen azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    5. Berdinketak bere horretan badirau, dagokion hautaketa-organoak egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egin daitezela aginduko du. Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako probak egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egingo dira.

      2.2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedura.

    1. Proban puntuazio handiagoa lortu izana.

    2. Merezimenduen baremoaren ataletako bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    3. Merezimenduen baremoaren azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    4. Berdinketak bere horretan badirau, dagokion hautaketa-organoak egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egin daitezela aginduko du. Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako probak egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egingo dira.

  2. Hautaketa-prozesua gainditzea.

    1. Praktika-fasera pasatzeko hautatuko dira izangaiak, baldin eta, dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izanik, edota aldi baterako hori egiaztatzetik salbuetsita izanik, eta gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba gaindituta, hala badagokio, aukeratutako prozeduran, txandan eta espezialitatean deitutako lanpostu-kopuru osoaren berdina edo txikiagoa den hurrenkera-zenbakia badute, puntuazio globalaren arabera ordenatu ondoren.

    2. Aipatutako jarduerak egin ondoren, hautaketa-batzordeek hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak osatuko dituzte. Zerrenda horietan, zeinak espezialitateen arabera bereiziko baitira, batetik, txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartu dutenak egongo dira (batera), eta, bestetik, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartu dutenak.

    Txanda irekian hautatutako pertsonen zerrendak eratzean, hautaketa-organoek hasieran txanda horri esleituta zeuden lanpostuei gehituko dizkiete desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan eta goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran bete gabe geratu diren lanpostu guztiak.

    Espezialitate bakoitzerako zenbat lanpostu eskaini diren, hautaketa-organoek inoiz ezin izango dute gainditutzat eman kopuru horretatik gorako izangai-kopurua hautaketa-prozesuan.

  3. Oposizio-lehiaketa gainditu duten hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

    1. Hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak argitaratzea, eta bertan adieraziko du zerrendak non egongo diren ikusgai.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrendak, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Era berean, informazio moduan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da adierazitako ebazpena.

    Behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, horietan egon litezkeen akatsak direla-eta.

    2. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin betiko zerrendak; zuzendariak ebazpena emango du, zerrenda horiek argitaratzea xedatzeko. Ebazpena eta hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere, interesdunei jakinarazteari begira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Zerrenda horien ale bat deialdia egiten duen organoari helaraziko zaio, eta prozesuaren garapenean sortutako gainerako dokumentazioa Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren zaintzapean geldituko da.

    3. Hautaketa-organoek, espezialitate bakoitzerako hautatu dituzten izangaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat ere prestatuko dute hautatutako izangai ordezkoekin, zerrendakide-kopuru bera izango duena, aurkez daitezkeen errekurtsoak onetsiz gero edo hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egin izanagatik Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aurrean aurkeztuak 2018ko abuztuaren 18a baino lehenago, hautatutako izangairen batek izaera hori galtzen badu edo.

  1. Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.

  1. Dokumentuak aurkeztea.

    Hogei egun naturaleko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, pertsona horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte agiri hauek, «Hautatuek agiriak entregatzea» izeneko ereduarekin batera:

    1. Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gainditu dituela eta titulua emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.

      Atzerrian lortutako tituluen kasuan, Bigarren Hezkuntzako irakaslearen edo Lanbide Heziketako irakaslearen lanbide arautura iritsi eta lanbidean jardun ahal izateko lanbide-kualifikazioa aitortzen duen kredentziala edo dagokion homologazioa erantsi beharko dira, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

    2. Indarrean den Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, kasu honetan izan ezik: «Hautatuek agiriak entregatzea» ereduan esanbidezko adostasuna adieraztea Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsulta ditzan, nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bitartez.

      Espainian bizi diren atzerriko izangaiek aurkeztu beharko dituzte nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua, eta indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo horren senidearen txartelaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo langile mugakidearen aldi baterako txartelaren fotokopia konpultsatua.

      Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako bateko nazionalak diren izangaiek, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalak badira eta Espainian bizi ez badira, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi-araubidean daudelako, nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

      Izangaiak atzerritarrak izanik, Europar Batasuneko estatu kideren bateko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalen ezkontideak badira (baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude), eta euren edo ezkontidearen ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, mendekoak badira, hauek aurkeztu beharko dituzte: pasaportearen edo bisatuaren eta, hala behar izanez gero, dagokion txartela eskatu izanaren frogagiriaren edo bisatuaren eta txartel horren salbuespena eskatu izanaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua. Dokumentu horiek eskatu ez badira, agintari eskudunek emandako dokumentuak, ahaidetasuna frogatzen dutenak, aurkeztu beharko dituzte; aurkeztu beharko dituzte, halaber, Europar Batasuneko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalaren zeinarekin lotura hori duen zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non adieraziko baita ezkontidearengandik ez dagoela zuzenbidez bananduta eta, hala badagokio, izangaia horren pentzudan edo kargura bizi dela.

    3. Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, hauek adieraziz: diziplina-espediente baten ondorioz ez dutela baztertu inongo administrazio publikotatik, ez dutela funtzio publikoak egiteko desgaitu, eta ez dagoela sartuta Herri Administrazioetako Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezintasun eta bateraezintasunen inolako legezko kausatan.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, bestalde, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, hauek adieraziz: ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

    4. Desgaitasunen bat izan eta hori baliatu duen izangaiak foru-aldundiko, autonomia-erkidegoko, edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko du, non jasoko baita izangaiak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela; bestela, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena aurkeztu beharko du, zeinaren bidez ezintasun iraunkor osoa aitortzen baitzaio irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako. Bi kasuetan egiaztatu beharko du aukeratu dituen kidegoari eta espezialitateari dagozkien zereginak eta egitekoak burutzeko bateragarritasuna.

      Eskabideak aurkezteko hasierako epean aurkeztu badu, orain ez du aurkeztu behar.

    5. Aukeratutako kidego eta espezialitateko egitekoekin bateraezina den muga fisiko edo psikikorik edo gaixotasunik ez duela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria.

    6. Deialdi honen 2.2.3 oinarrian aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea egiaztatzen duen ziurtagiri edo tituluaren fotokopia konpultsatua; edo, hala badagokio, betekizun horretatik salbuetsita daudela egiaztatzen duen tituluarena. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.

      Oinarri horrek aipatutako prestakuntzaren baliokidea dela aitortzen duen aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia egiaztatzeko, I. eranskineko I. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

    7. Epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik kondenatuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sartzen dira sexu-erasoak eta -abusuak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez, 3.1.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek honako hau ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute: jatorrizko herrialdeetan ez dutela kondenarik izan aipatutakoen izaera bereko delituei dagokienez.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

  3. Ezarritako epean dokumentazioa aurkezten ez dutenek ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo dokumentu horien azterketatik ondorioztatzen bada 2.1, 2.2, 2.3 eta 2.4 oinarrietan adierazitako betekizunen bat betetzen ez dutela, karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte, alde batera utzi gabe hasierako eskabidean faltsukeria egin izanagatik izan dezaketen erantzukizuna.

    Ezinbesteko kasuren batean dagoenak berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari, idatziz, aipatutako zuzendaritzak azter dezan.

    Kode Zibilaren 1105. artikuluaren arabera, ezinbesteko kasuak dira aurreikusi ezin diren gertaerak, edo, aurreikusita ere, saihetsezinak direnak.

  4. Deialdi honen 12.3 oinarrian aipatzen diren pertsonek bi aukera dituzte: praktiketako funtzionario izendatuak izatea edo, karrerako funtzionario izendatu arte, haien jatorrizko kidegoetan jarraitzea. Idatziz adierazi beharko dute zer aukeratzen duten. Idatzia Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidali beharko diote, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  5. Praktika-fasean hastea ikasturte akademiko batez atzeratu behar dutenek amatasun-bajan, aldi baterako ezintasun egoeran edo ezinbesteko beste kasuren batean daudelako eta horren ondorioz ezin dutelako praktika-fasea ohiko eran egin idatziz eskatu beharko diote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, beharrezko egiaztagiriak erantsita. Zuzendaritza horrek ebazpena emango du, eskabidea baiesteko edo ukatzeko.

    Atzeratze-epea igaro eta gero praktika-fasea hasten ez duenak karrerako funtzionarioaren izendapenari dagozkion eskubide guztiak galduko ditu.

  6. Atzerrian bizi diren hautatutako izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, Espainiaren ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dute, eta erakunde horiek organismo eskudunera igorriko dute dokumentazioa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Vitoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010). Toki horietan aurkezteko epea oro har 11.1 oinarrian adierazitakoa izango da.

  7. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatutako izangaiek ez dituzte dokumentu bidez justifikatu beharko karrerako funtzionarioaren aurreko izendapena lortzeko dagoeneko egiaztatu zituzten baldintzak eta betekizunak; horrela, 11.1.a oinarrian ezarritako dokumentazioa bakarrik aurkeztu beharko dute.

  1. Praktiketako funtzionario izendatzea.

  1. Hezkuntzako sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatutako izangaiak, praktikak egiteko betebeharretatik salbuetsita ez badaude, edo, salbuetsita izanik ere, praktikak egitea erabaki baldin badute; kasu horretan, ez dituzte ebaluatuko.

  2. Praktika-fasetik salbuetsita egoteak edota praktikak egiteko atzerapena lortzeak ez du aldaketarik ekarriko gainerako izangaiei esleitutako lanpostuetan, ez eta hautatutako pertsonen zerrendan ere.

  3. Hautatutako izangaiek ez dute praktika-faserik egin beharko baldin eta egiaztatzen badute irakasleen kidego batean karrerako funtzionario gisa gutxienez ikasturte batean lan egiten dutela, edo goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduraren bidez sartzen badira. Kasu horietan, izangaiek aukeratu dezakete praktika-fasea egin (hori ez da ebaluatuko) edo, karrerako funtzionario izendatu arte, haien jatorrizko kidegoan jarraitu.

  4. Praktika-fasea egiteko destinoen esleipena egingo da hautatuak izan diren espezialitatean eta hautaketa-prozeduran lortutako puntuazioaren arabera, parte hartzeko erabiltzen den txanda gorabehera, ikasturte akademikoaren hasierako esleipen-prozesuarekin bat etorrita, praktika-fasea egin behar dutenei dagokienez. Prozesu hori 2011ko uztailaren 15eko Aginduak arautzen du (uztailaren 29ko EHAA).

    Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatuak izan diren eta praktikak egitea aukeratu duten pertsonek lehentasuna izango dute esleipen-prozesu horretan, destinoak lortzeari dagokionez, txanda irekiaren eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandaren bidez sartzen direnen aurrean.

  5. Praktika-fasea egiteko lortutako destinoak behin-behinekoak izango dira. Hautatutako pertsonek esleitu zaizkien destinoetan egin beharko dute praktika-fasea, eta, 2018-2019 ikasturtearen hasieran destino horietara agertzen ez badira, hautaketa-prozedurari uko egiten diotela ulertuko da, salbu eta praktika-fasea hastea atzeratzeko aukera eman bazaie edo, behar bezala egiaztatutako kausak direla-eta, destinoetara agertzea ezinezkoa izan bazaie.

    Praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiek eta, praktika-fasea egitetik salbuetsita izanik, jatorrizko euren kidegoetan jarraitu nahi izan duten izangaiek lanpostu-hornikuntzarako deituko diren hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeren batean eta hautatuak izan diren espezialitatean euren lehen behin betiko destinoa lortu arte.

  1. Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.

  1. Praktika-fasearen xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna egiaztatzea. Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira irakaskuntza zuzeneko sei hilabete egin eta gero, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldiarekin.

    Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoeraren batean badago eta horren ondorioz ezin badu praktika-fasea ohiko eran egin kalifikazio-batzordeak baloratuko du, praktika-fasea, gutxienez, hiruhileko batetik gorakoa izan ahalko da, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du. Salbuespenezko kasu horietan ere, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldia egin beharko da.

    Horren garapena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez arautuko da, betiere Ikastetxeen Zuzendaritzak eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

    Fase hori 2018-2019 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko da.

  2. Kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle esperientziadunen tutoretzapean egingo da praktika-fasea. Batzorde horien osaera praktika-fasea arautuko duen ebazpenean xedatuko da.

  3. Praktika-fasean, lanpostuan sartzeko eta trebatzeko jarduerak, kalifikazio-batzordeek programatutakoak, egin ahal izango dira. Horrez gain, batzordeek izangaiei amaierako txostena egiteko eskatu ahal izango diete, topatutako zailtasunak eta jasotako laguntzak balora ditzaten.

  4. Praktika-fasea amaitzean, izangai guztiek «gai» edo «ez gai» kalifikazioa jasoko dute. Dagokion kalifikazio-batzordeak egingo du ebaluazioa, adierazitako ebazpenak ezarritako irizpideei jarraikiz. Betiere, ebaluazioa egitean, aintzat hartuko dira irakasle-tutoreak, praktikak egiteko erabili den ikastetxeko zuzendariak eta programatutako trebakuntza-jardueren arduradunek egindako txostenak.

    Ez gai deklaratutako izangaia praktiketako funtzionario gisa sartu beharko da ez gai deklaratua izan den ikasturtearen hurrengo ikasturtean, eta praktika-fasea behin bakarrik errepikatu ahal izango du.

    Hurrengo urterako kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozesua deituta egongo balitz, hurrengo promozioko hautatuekin batera sartuko da lanera, eta, kasu horretan, sartutako promozioan, bere espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du.

    Lanera sartzen ez direnek edo bigarrenez ez gai kalifikazioa jasotzen dutenek karrerako funtzionarioaren izendapena lortzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Deialdia egin duen agintaritzak deklaratuko du eskubide horien galera, ebazpen ziodun baten bidez.

    1. Karrerako funtzionario izendatzea.

      Aurkeztutako dokumentuak egiaztatu ostean, Hezkuntzako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du praktika-fasea gainditu duten izangaien eta praktikak egitetik salbuetsita zeuden izangaien (praktikak egitea ebaluatu gabe zein ez egitea aukeratu ahal izan dute) izendapena karrerako funtzionario gisa. Praktika-fasea zer ikasturtetan gainditu duten, hurrengo ikasturtearen hasiera-egunetik aurrera izango ditu ondorioak izendapenak.

      Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatutako pertsonek, Euskal Hezkuntza Administrazioan eskatutako kidego eta espezialitateko behin betiko lanpostuak betetzen ari badira, lanpostu horietan behin betiko jarraitzea erabaki ahal izango dute, eta, beraz, ez diete eragingo 12.4 eta 12.5 oinarrietako aurreikuspenek.

    1. Zerrendak irekitzea hautaketa-prozesuko probak gainditu dituztenentzat.

      Hautaketa-prozesuko probak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren izangaiak irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan sartu ahal izango dira, zeina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak arautzen baitu (2012ko abuztuaren 27ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena). Probak gainditu dituzten espezialitatearen zerrendan sartuko dira, betiere lehendik zerrenda horretan ez bazeuden.

      Ondorio horretarako, hautaketa-prozesutik datozen praktiketako funtzionarioen izendapenak argitaratu ostean, Langileak Kudeatzeko zuzendariak deialdi espezifiko bat egingo du, probak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren pertsonek sartzeko aukera balia dezaten. Deialdi hori Interneteko helbide hauetan argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://www.irakasle.eus

      Pertsona horiek aurkeztu beharko dituzte hautaketa-prozesuan eskatutako betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak (11.1 oinarria); horrez gain, honako hauek aukeratu beharko dituzte horretarako ezarriko den epean: zer lurraldetan eman nahi dituzten eskolak, lanaldi-mota eta eskolak emateko hizkuntza-eskakizuna.

      Aukera horretaz baliatzen direnek zerrenda ordenatu bat eratuko dute hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio globalaren arabera.

      Geroago, urtero egiten den ordezpenetarako izangaien zerrendaren birbaremazioan, zerrenda diferentziatuko pertsonak (hautaketa-prozesuaren bitartez sartu direnak) zerrenda orokorrean bateratuko dira.

    1. Datu orokorrak.

      Kapitulu honetan araututako prozeduraren bitartez, espezialitate hauek eskuratu ahal izango dira:

      Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa: Filosofia, Musika, Marrazketa, Ekonomia, Enpresen administrazioa, Analisiak eta industria kimika, Irudi pertsonalerako aholkularitza eta prozesuak, Lanerako prestakuntza eta orientabidea, Gizarte esku-hartzea, Merkataritza-antolaketa eta -kudeaketa, Fabrikazio mekanikoko antolakuntza eta proiektuak, Energia sistemen antolakuntza eta proiektuak, Osasun prozesuak, Sistema elektronikoak eta Sistema elektroteknikoak eta automatikoak.

      Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa: Instalazio elektroteknikoak, Ibilgailuen mantentze-lanak, Makinen mekanizazioa eta mantentzea, Osasun eta laguntza prozedurak, Merkataritza-prozesuak, Administrazio-kudeaketako prozesuak eta Informatika sistemak eta aplikazioak.

      Prozedura honi aplikatuko zaizkio agindu honetako 1.6 oinarrian jasotako xedapenak eta sartzeko eta iristeko prozedurako gainerako oinarriak, baldin eta prozedura honetarako xedatzen denari kontra egiten ez badiote.

      Espezialitate berriak eskuratzeko prozedura aipatutako espezialitateetara sartzeko eta iristeko hautaketa-prozedurarentzat adierazitako leku beretan egingo da.

    2. Betekizunak.

      Prozedura honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek betekizun hauek bete behar dituzte:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko karrerako funtzionario izatea, lortu nahi den espezialitatea zer kidegori dagokion oinarri hartuta, destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko kudeaketa-eremuan izatea.

      2. Eskuratu nahi den espezialitatean sarbide irekia izateko behar diren betekizunak izatea (2. oinarrian daude adierazita).

    3. Eskabideak.

    1. Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskabideak Interneteko helbide honetan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/- 2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Espezialitate berriak eskuratzeko prozedura Onartzeko eskabidea.

  1. Epea.

    Deialdi honen 3.5 oinarrian ezarritakoa izango da.

  2. Tasak.

    Prozedura honen bidez parte hartzen duten izangaiek 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera ordainduko dute tasa.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrenden argitalpena deialdi-agindu honen 4. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriko da.

  2. Hautaketa-organoak.

    Hautaketa-organoak 5. oinarrian irakasleen kidegoetara sartzeko eta iristeko prozeduretarako aipatzen diren berdinak izango dira, eta prozedura honi buruz aipatutako oinarrian zerrendatzen diren egiteko berdinak beteko dituzte.

  3. Probaren hasiera eta garapena.

    Probaren hasiera eta garapena deialdi-agindu honen 7.3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera egingo dira.

    Epaimahaien aurreko proba egiteko hurrenkerari dagokionez, prozedura honetako izangaiak azkenak izango dira parte hartzen; hau da, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran eta txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzen dutenek amaitutakoan hartuko dute parte.

  4. Probaren ezaugarriak.

    Proban, kontuan hartuko dira izangaiak irakasgaiari buruz dituen ezagutzak, bai eta dituen baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere. Lortu nahi duen espezialitateko gai baten ahozko azalpena eman beharko du; epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik, izangaiak gai bat aukeratuko du. Gai-multzoaren kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

    1. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

    2. 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.

      Azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egingo du izangaiak, askatasunez aukeratuko duen ziklo edo maila zehatz bati buruz.

      Izangai bakoitzak ordubeteizango du, gehienez, azalpena prestatzeko, eta azalpen horretan lagungarri zaion material osagarria erabili ahal izango du berak eraman beharko du materiala, bai eta gidoi bat ere ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa; azalpena bukatutakoan, epaimahaiari emango dio gidoia. Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.

  5. Kalifikazioa.

  1. Epaimahaiak aurreko oinarriak aipatzen duen probari «gai» edo «ez gai» kalifikazioa emango dio, eta espezialitate berria «gai» kalifikazioa lortu duten izangaiek eskuratuko dute soilik.

  2. Proba amaitu ostean, jakinarazteari begira, epaimahaiek ikusgai jarriko dituzte izangaiek lortutako kalifikazioen behin-behineko zerrendak, epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean; era berean, Interneteko helbide hauetan ere kontsultatu ahal izango dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Kalifikazio horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek dagokien epaimahaiari, bi egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Erreklamazio horiek epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean aurkeztu beharko dira, 7.5 oinarrian jasotakoaren arabera.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, epaimahaiek kalifikazioen behin betiko zerrendak jakinaraziko dituzte, aipatutako tokietan; eta, puntuazioak aldatu ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.

    Behin betiko kalifikazioen aurka, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu; hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute interesdunek deialdi honetako 23.3 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

  3. Hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko diote «gai» kalifikazioa duten izangaien zerrenda. «Gai» kalifikazioa lortu duten izangaiek deialdi honetako 17. oinarrian eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, «gai» deklaratu diren pertsonen zerrenda argitaratuko da, eta zerrenda horretan adieraziko da zein den eskuratutako espezialitate berria.

    Ebazpena eta behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere, interesdunei jakinarazteari begira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2018ko EPE. Irakasleak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Hogei egun naturaleko epean, espezialitate berria eskuratu duten izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, pertsona horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dute honako hau ziurtatzen duen agiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina: ez direla kondenatuak izan, epai irmoz, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik (horien artean dira sexu-erasoak, sexu-abusuak, sexu-jazarpenak, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea), ez eta gizakien salerosketagatik ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez, 3.1.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

  5. Prozedura honen bidez espezialitate berri bat eskuratzen dutenak praktika-fasetik salbuetsita geratuko dira.

  6. Espezialitate berri bat eskuratzeak ez du esan nahi ordura arte izandakoak galtzen direnik. Espezialitate bat baino gehiago eskuratuta dutenak horietako edozeini dagozkion lanpostuetara sartu ahal izango dira irakasle funtzionarioen lanpostuak betetzeko ezarritako mekanismoen bidez.

  1. Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

    Datu horiek inola ere ez dituzte erabiliko beste batzuek, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada datu pertsonalak babesteko legean jasotako kasuren batean (15/1999 Legea, abenduaren 13koa, 6.2 eta 11.2 artikuluak; 1999ko abenduaren 14ko BOE, 298. zk.).

    Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, datuak eskuratu, zuzendu, ezereztu eta horien aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango ditu.

    Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (14)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.