Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

39. Zumaiako alde zaharra eta errebalak (Zumaia)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Zumaiari buruzko lehen dokumentu-aipamenak fundazio aurrekoak dira. Zumaia itsaslabar baten gainean kokatzen da; kokagune horretan itsas errota bat zegoen (errotarria itsasoak mugiarazten zuen). XIII. mende hasieran azpiegitura estrategiko hori Orreagako Ospitalearen esku geratu zen. Bien bitartean, eskualdean itsas jardueren (arrantza, balea-ehiza eta merkataritza) goraldia bizi zuten, Getarian eta Mutrikun bezalaxe.

Jarduera horiek ekarri zituzten aberastasun eta garapenak bi prozesu paralelo eragin zituzten, hiribilduaren fundazioa modu erabakigarrian bultzatu zutenak. Batetik, jaunen diru-gosea piztu zuten: itsas jarduera horietan ziharduten biztanleen gaineko errentak eta diru-sarrerak handitu nahi zituzten. Bestetik, Zumaiako jaun nagusi zen Orreagako Monasterioa izan zen ekimen horien protagonista. Zehazki, 1292an Gaztelako Antso IV.a Bipila erregeak Zumaiako Andre Maria monasterioa edo eliza-parrokiaren patronatua Orreagari eman zizkion. Horrez gain, Zumaia herrixkako biztanleen ekonomia-boterea eta eragin politikoak gora egiteaz batera, jaunen diru-goseak eta gehiegikeriek biztanleen nahigabea sortu zuten. Egoera horren aurrean, instituzionalizazio-prozesua abian jarri zuten hamarkada gutxiren buruan, eta negoziazio eta aliantzen bidez hiribildu estatusa lortu zuten 1347an.

Pentsatzekoa da Zumaiako biztanleek Artadi eta Oikia herrixkekin akordioak egin zituztela ahaleginak batu eta hiribildua sortzeko. 1346an Orreagako Monasterioarekin beste akordio bat egin zuten enfiteusi-errolda bat ekarri zuena: haren ondorioz, Andre Maria (laster gaur egungo adbokazioa hartu zuen: San Pedro) elizaren zenbait lurren lagapena egin zuen monasterioak hiribildua bertan koka zedin. Azkenik, akordio horiek lortuta, gortera joan ziren Villagrana de Zumaia hiribilduaren fundazioa lortzeko. Haren jurisdikziopean geratzen ziren Zumaia, Artadi eta Oikia herrixkak. Gertaera horren ondorioz itsas jarduerak areagotu egin ziren, eta hiribildu berriaren arrakasta ekonomikoaren erakusgarri, harresietatik kanpo Odieta, Arritokieta eta San Telmo errebalak sortu ziren. Handik aurrera, itsas jarduerek garapen handia izan zuten Zumaian, eta, hala, XVI. mendean Gipuzkoako ontzigintza-gune nagusietako bat izatera iritsi zen.

Monumentu-ibilaldia

Nabarmentzekoa da Zumaiako erdigune historikoaren triangelu itxurako oinplanoa, sei kale dituena. Haren ertz batean San Pedro parrokia gotiko bikaina altxatzen da, XV-XVI. mendekoa. Eliza bikain horrek nabe bakarra du, oinaldean kanpandorre nabarmena, eta trazeria gotikodun gangak ditu estalki gisa. Barnean arte-balio handiko artelanak ditu: Juan Martinez Mendarokoaren kaperako taula flandriarra (1475), Elorriaga eta Sasiola kaperetako triptiko fladriarrak eta Joanes Antxietaren erretaula nagusi errenazentista.

Hiribilduko eta errebaletako kaleetan zehar hainbat garai eta estilotako eraikin zahar, dorretxe eta jauregiz gozatzeko aukera izango dugu. Nabarmentzekoa da Ubillos dorrea, geroago gaztelau kutsuko jauregi errenazentista bilakatua: patioa, erdiko gorputzeko galeria eta ertzetan bi dorre ditu. Jatorrizko eraikina, XVI. mende hasierakoa, zutik dirau fatxadako ezker dorrean: leiho lobulatuak, gezileihoak eta leiho konopial bat (gero handitua). Atal errenazentistaren sarrerako ate handiaren gainean Ubillos leinuko armarria ikus daiteke.

Juan Olazabalen jauregia ere nabarmenduko dugu. Filipe IV.aren gorteko idazkaria eta Inkisizioko Kontulari Nagusia izan zen. XVII. mendean eraiki zen, gehienbat harlanduz, eta baoak simetrikoki ordenatuak ditu. Ate nagusia eta atzeko fatxadak altuera desberdinetan kokaturik daude (atzekoa beherago), eta sarrera lehen solairura egiten da zuzenean. Teilatu-hegalaren apaingarriak nabarmentzekoak dira, bai eta fatxada nagusiko armarriak ere.

Aipatzekoa da, halaber, San Jose komentua, karmeldar oinutsena. Francisca Labaienek fundatu zuen 1609an, eta hartarako bere etxea eman zuen. Nabarmentzekoa da fatxadaren soiltasuna, garai hartako karmeldar komentuetan ohikoa zen estiloa. Zenobioak Kristo Gurutziltzatu bat du: haren estiloa erromanista da, komentua sortu zen garaikoa.

Partekatu

Parte de

unesco