Zer da Lanhitz?
LanHitz, lana eta hitza, euskara eta eguneroko lana uztartu eta indartzeko ekimena da. Programa honen helburua enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea da, baina baita euskara entitatearen kudeaketa-sisteman txertatzea ere.
Eusko Jaurlaritzak lan munduan euskararen erabilera sustatzeari ekin zion 90eko hamarkadan. Orduan enpresa handiei eta aldeko baldintzak zituztenei zuzendutako programa pilotua zena, gaur gainontzeko enpresetara zabaldu den egitasmo finkoa da.
Gaur egun arlo sozio-ekonomikoan ohikoak dira kudeaketa aurreratua, kalitatea, ingurumena, gizarte-erantzukizuna, genero-berdintasuna, lan-arriskuen prebentzioa edota berrikuntza kudeatzeko sortu diren jardun-ereduak; zehar lerroak modu integratu batean kudeatzen dira egun.
Euskara ere horrela kudeatzen hasi da arlo sozioekonomikoan, eta horregatik, garai berrietara egokitzeko ahalegina egin du Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, entitate bakoitzaren izaera eta euskararen alorrean egindako ibilbidea kontuan hartuz. Lanhitz deialdiaren bitartez diruz laguntzen dira entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko eta euskara modu integratuan kudeatzeko urtean zehar egindako ekimenak.
Euskararen Aholku Batzordeak, 2012ko uztailaren 18an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean arlo sozio-ekonomikoaren alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du:
“Enpresen eguneroko lanean euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da (edo garrantzitsuagoa) bezeroarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera bermatu eta sustatzea, kontsumitzaileek euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzat hartuz. Herri-administrazioek ematen dituzten diru-laguntzetan enpresen jardueren alderdi horrek lehentasuna izan behar du”
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako programa honek enpresarien, langileen eta sindikatuen parte-hartzearekin euskaren erabilera bultzatzen jarraitu nahi du lan-munduan, hezkuntza sistemak gure gazteak euskalduntzeko egin duen ahaleginari irtenbide logiko bat emanez, kontsumitzaileen eskubideak bermatuz, eta, ondorioz, euskal gizarte integratua eta batuagoa lortuz.