Zer da Harrobi
Eusko Jaurlaritzak ematen duen diploma ofiziala, publikoa eta doakoa da.
Arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa aitortzen ditu. HARROBIko ebaluazioa jasotzen duten entitateek ebaluatzaile baten ikuspegia eta kontrastea jasotzen dute aurrera egiten laguntzeko. Gainera, kanpoko ikuspegi hau jaso ondoren, hala badagokio, erakundeei egindako lana aitortzeko diploma ematen zaie ekitaldi publiko batean.
Harrobi ebaluazio-prozesuaren gakoak. (PDF, 184 KB)
Orain arte indarrean egon den ziurtagiri eskema hizkuntzaren kudeaketan maila aurreratua duten erakundeei zuzenduta egon da. Bere ezaugarriengatik, ematen duten zerbitzuagatik, edota erakunde txikiak edo baliabide gutxikoak izateagatik Bikain ziurtagiri-maila bat eskuratzerik ez duten erakundeen lana aitortzea da Harrobiren helburua.
Harrobi diploma Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen aitortza-sistema integral baten katebegia da.
- 97/2023 Dekretuak (PDF, 187 KB) arautzen du erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema.
- Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen urriaren 13ko ebazpenak EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma berria lortzeko prozesua garatzen du.
Hauek dira, besteak beste, Harrobi aitortzaren helburuak arlo sozioekonomiko pribatuan:
- Aitortza-sistema osatzea, momentu jakin batean Bikain ziurtagiri-maila bat egiaztatzeko aukerarik ez duten erakundeetara egokitutako ebaluazioa eskaintzea eta horiek euskararekin duten konpromisoa aitortzea.
- Esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa indartzea.
- Bikain ziurtagirien harrobia sortzea, hots, euskararen erabileran eta kudeaketan lehen pausoak ematen ari diren erakundeak Bikainera bideratzea.
- Euskararen erabilera areagotzeko eta kudeaketa sendotzeko dinamikan diharduten erakundeei ekarpen kualifikatuak jasotzeko aukera ematea, kanpoko adituen ebaluazioaren bitartez beren indarguneak sendotu, zer hobetuak begiz jo, eta aurrera egiteko oinarrizko orientabideak jaso ditzaten.
- Honelako prozesuak abian dituzten erakundeei egindako lanaren eta ahaleginaren aitortza egitea eta berme instituzionala eskaintzea.
- Harrobiko ebaluazioa jaso dezakete beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan duten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek, osorik edo partzialki.
- Boluntarioekin jarduten duten elkarteek Harrobi ebaluazio-prozesua jaso ahal izango dute, eta boluntario horiek ere erakundearen partetzat hartuko dira ebaluaziorako.
- Erakundeen izaera kontuan hartuko da ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-prozesuak zehazteko. Egitura, osaera eta antolaketa bereziki konplexua denean, ebaluazioaren bideragarritasuna edo ebaluazio egiteko modurik egokiena aztertuko da kasu bakoitzean.
- Ebaluazioa eskatzen duten erakundeek gutxieneko autonomia izan behar dute ebaluatuak izan ahal izateko.
- Harrobi aitortza-diplomak hiru urteko balioa izango duenez, agiria eskuratu duen erakunde batek ezingo du Harrobi berritzeko ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta diplomaren indarraldia bukatzen den urtearen azken hiruhilekora arte. Erakunde horrek, ordea, Bikain-Euskararen Kalitate ziurtagiria eskuratzeko prozesuetako batean (oinarrizkoa eskuratzeko ebaluazio-prozesu sinplifikatua edo ohiko ebaluazio prozesua) parte hartu ahal izango du Harrobi ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea igaro ostean.
Hau da Harrobi aitortza-diplomaren marka:
Erakundeek Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren baitan aitorpenei dagokien iruditegia erabili ahal izango dute beren barneko zein kanpoko dokumentuetan. Halaber, eskubidea izango dute publizitatean, beren webguneetan, kontsumitzaileei eta bezero potentzialei zuzendutako komunikazio orotan txertatzeko, baita enpresa-komunikazioan ere
Aitorpena erakundearen zati batek edo batzuek lortu badute, baina ez erakundeak bere osotasunean, agiriaren eta honen marken erabileran modu argian adierazi beharko da nori dagokion; agiria erakunde osoari dagokiola ulertzeko biderik eman gabe.
Harrobi diplomak hiru urteko indarraldia izango du, eta hori diploma lortu duen erakundeari emango zaion logoan islatuko da.
Marken zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera bat etorriko da abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren bidez onartutako Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan markentzako ezarrita dagoen araudiarekin.
Halaber, markek erakunde-nortasunaren berariazko eskuliburua edukiko dute, eta eskuliburu hori erakundearen eskura jarriko da behin aitortza-agiria egiaztatuta. Markaren zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera egitean, eskuliburuan ezarritako jarraibideak bete beharko ditu erakundeak.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza arduratzen da sektore pribatuko ebaluazio-prozesuen kudeaketaz.
Bestalde, Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren gobernantzarako honako organo hauek daude:
Jarraipen Batzordea: berari dagokio aitortza-sistemaren koordinazioa, eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:
- esparru publiko eta sektore sozioekonomiko pribatuari dagokien aitortza-sistemaren zabalkundea egitea
- bi sektore edo esparru horien arteko beharrezko koordinazioa bermatzea
- sistemaren koherentzia mantentze aldera; aitortza-sistemari jarraipena egitea
- beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
Artezkaritza Kontseilua: partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da. Urteko ekintza-plana egitea dagokio, baita aitortza-sistemaren ereduari jarraipena egitea eta hobekuntza-jarduerak proposatzea.
Hauek dira Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakundeak:
a) Eusko Jaurlaritzako sailburuordetza
b) Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia
e) Euskal Udalen Elkartea (Eudel)
f) Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA)
g) Euskal Enpresaren Konfederakuntza (Confebask), Gipuzkoako Enpresen Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK) eta Arabako Enpresak (SEA)
h) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop)