Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zer da Bikain eremu publikoan?

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Erakunde publiko eta pribatuan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Izen ofiziala hauxe da: Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria.

Bikain ziurtagiria Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen aitortza-sistema integral baten katebegia da. 97/2023 Dekretuak arautzen du une honetan erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzen sistema, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen bidez garatzen ditu EAEko arlo publiko eta arlo sozioekonomiko pribatuan Bikain -  Euskararen Kalitate-ziurtagiriak lortzeko prozesuak.

Eremu Publikoari dagokionez, indarrean dagoen ebazpena 2023ko uztailaren 14koa da: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2023/07/2303710e.shtml

Ziurtagiria sortu zuen Eusko Jaurlaritzak lehendabizi Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez. Gero, 2009ko martxoaren 3ko Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautu zituen 53/2009 Dekretuaren bitartez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez». Horren ostean, eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sektore publikora berariaz zabaltzeko asmoz eta, bide batez, ebaluaketa eredua berraztertu eta eguneratzeko helburuarekin, indarrean zen dekretua indargabetu eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen maiatzaren 30eko 162/2017 Dekretua eman zen.

Bikain ebaluazio-sistemaren muinean dago prozesuaren etengabeko berrikuspena eta antzemandako beharren araberako egokitzapena. Filosofia horretan oinarrituta, ezinbestekotzat jo zen, berriro ere, zenbait egokitzapen egitea: prozedura malguagoa eraikitzea, berrikuntzak txertatzea eta ebaluazio- eta ziurtatze-aukerak hedatzea eremu sozioekonomiko pribatuaren eta sektore publikoaren ezaugarrietara egokituz. Ondorioz, 2023ko ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua onartu zen, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena.

Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten sektore publikoko erakundeek, osorik edo partzialki. Zehazki honako hauek:

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduen Estatutuko Administrazioak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra; lurralde historikoetako foru-administrazioak eta toki-administrazioak, baita haien guztien administrazio instituzionala eta haien mende eta atxikita dauden gainerako ente instrumentalak ere; eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 4. artikuluaren arabera Euskal Sektore Publikoa osatzen duen entitate orok.  

Aurretik Bikain - Euskaren Kalitate-ziurtagiri maila bat egiaztatu duen erakunde batek ezingo du ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea pasatu arte.

Bikain – euskararen Kalitate-ziurtagiriak hiru egiaztapen-maila ditu:

  1. Oinarrizko mailako ziurtagiria

oinarrizkoa

  1. Erdi-mailako ziurtagiria

erdi mailakoa

  1. Goi-mailako ziurtagiria

goi mailakoa

Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 5. eta 6. artikuluek jasotzen dute zeintzuk izango diren aitortza-sistemaren –eta honen barnean Bikain – Euskararen kalitate-ziurtagiriaren– gobernu-organoak.

  • Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordea. Honako ardurak izango ditu: esparru publiko eta sektore sozioekonomiko pribatuan aitortza-sistemaren zabalkundea egitea; sistemaren koherentzia mantentze aldera, bi sektore edo esparruen arteko beharrezko koordinazioa bermatzea; aitortza-sistemari jarraipena egitea, eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
  • Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua: bere egitekoa izango da urteko ekintza-plana onartzea, aholkuak ematea eta jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea.

Horrez gain, Sektore Publikoko Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren kudeaketa-organoak hauek izango dira:

  • Zuzendaritza: erakunde publikoetan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren menpeko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio.
  • Erakunde Publikoentzako Bikain Bulego Teknikoa: Bikain ebaluazioen kudeaketaren ardura Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren baitako Toki-erakundeetan Hizkuntza Normalizazioa eta Hizkuntza Eskubideak Zerbitzuaren barnean sortuko den Erakunde Publikoentzako Bikain Bulego Teknikoarena da. Bulego teknikoari dagokio sektore publikoko erakundeen ebaluazio-eskaerak kudeatu eta ebaztea; ebaluazio-prozesua kudeatzea; Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren zabalkundea egitea; ebaluazioak egoki egiteko ebaluatzaileekin beharrezko koordinazioa bermatzea; ebaluatzeko irizpideak eta baldintzak adostu eta zehaztea; ebaluazio-prozesuari, eta oro har, aitortza-sistemari jarraipena egitea, eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea; baita ebaluazioen izapidean sortutako zalantzak argitu eta ebaztea ere.