Argitalpen-data: 2017/04/06
Eusko Jaurlaritzak elikagaien segurtasuna indartzeko ikerketa bultzatuko du Euskadin
Euskal nekazaritzako elikagaien sektoreko ehun eragile baino gehiago, zentro teknologiko eta unibertsitateetako ikertzaileak eta administrazioko teknikariak elkartu dira Euskadiko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketa Planaren emaitzen zabalkundea egiteko egin den laugarren jardunaldian.
Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egin da Euskadiko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako 2011-2016 adiko Planaren emaitzen zabalkundea egiteko egin den IV. jardunaldia, ELIKAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpe dagoen Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Sailak antolatuta.
Jardunaldian, zeina balio kate osoaren ordezkari diren elkarte eta erakundeentzat (ekoizpenaren sektorea, industria eraldatzailea/banatzailea, kontzumitzaileak eta taldeko sukaldaritza) eta ikerketa zentro eta administrazio publikoentzat izan baita, ehun aditu baino gehiagok hartu dute parte, 2016an EAEn kontsumitzen diren elikagaien bitartez transmititu daitezkeen arriskuak prebenitu, murriztu eta kontrolatzeko egin diren ikerketa proiektuen emaitzak ezagutzeko.
Jardunaldia Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok inauguratu dute.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak hitz egin duenean, gogora ekarri du “baserritik edo itsasotik mahaira” doazen elikagaien segurtasuna lehentasun politikoa dela Eusko Jaurlaritzarentzat, Europako jarraibideekin bat etorriz.
Horretarako, beharrezkoa da nekazaritzako elikagaien katean egiten diren kontrolak indartzea, bai eta aholkularitza zientifikoa areagotzea ere, Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak seguruak eta osasungarriak izatea bermatzeko.
Jardute lerro horri jarraipena emateko eta EAEko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako 2011-2016 aldiko Plan Operatiboa”-ren emaitzak ebaluatu ondoren, “EAEko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketa Koordinatzeko Plan” bat egin da hurrengo 2017-2020 aldirako.
Plan berri honek Elikagaien Segurtasunak dituen erronka berriei erantzuteko beharrezkoa den ikerketa lana bultzatuko du, erronka horien artean hauek daudelarik: bakterio patogenoen erresistentziak antibiotikoekiko, elikagaien segurtasuna merkaturatze zirkuitu laburretan, kontsumo ohituren aldaketak eta elikagaien osaera nutrizionala, elikagaien hondakinak, besteak beste.
Era berean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendari Miren Dorronsorok iragarri du Osasun Sailak laster aurkeztuko duela Elikadura Osasungarrirako Plana; plan horrek ikerkuntza aukera batzuk proposatzen ditu, eta alde batera uzten ditu gauzak egiteko era zaharkituak, lortu nahi baita prozesu berritzaile eta eguneratu bat abian jartzea, hau da, eredu malguago eta biziagoa ezartzea.
Miren Dorronsorok adierazi duenez, Planean inplikatu dira gai honetako adituak eta pertsonen elikaduran esku hartzen duen eragile anitz produkzioan, banaketan, kudeaketan, kontsumoan eta kontzientziazioan lan-esparru argiak identifikatzeko asmoz, elikatze-osasunerako jarduera-lerro jakin batzuk susta daitezen.
Elikagaien Segurtasunari buruzko Ikerketaren koordinazioa Euskadin
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak 2017-2020 aldirako dituen helburuetako bat da nekazaritzako elikagaien katearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea, bai eta Elikagaien kalitatea eta segurtasuna hobetzea ere, elikagaien ekoizpena eta kontsumoa iraunkorrak izateko.
Horregatik, beharrezkoa ikusten da batera eta lankidetzan aritzea Osasun Sailarekin, ikerketa eta berrikuntza (I+B) bultzatuz, Euskadiko nekazaritzako elikagaien balio katean ekonomia suspertzeko funtseko zutabeak diren heinean.
2011tik 2016ra arte, Euskadiko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako Plan Operatiboa egiten aritu da, Euskadin elikagaien segurtasuna ahalik eta handiena izan dadila lortzeko.
2011 – 2016 aldian 80 ikerketa proiektu jarri dira abian, 3,3 milioi eurorekin finantzatuta. Proiektuak baliagarriak izan zaizkio EAEko Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Zientifikoari, euskal nekazaritzako elikagaien katean sartu daitezkeen eta gizakien eta animaliengan osasun arazoak eragin ditzaketen arriskuak murrizteko eta prebenitzeko asmoarekin egin duen Arriskuen ebaluaziorako.
Proiektu horietan landu diren gaien artean, hauek aipatu daitezke, besteak beste: elikagaietako alergeno berria, arrantzako elikagaien segurtasuna bermatzeko metodologiak, jakietan agertzen ari diren patogenoak, animalien eta landareen osasuna, eta euskal hiritarren pertzepzioa Elikagaien Segurtasunaren inguruan.
Aldi berean, Elikagaien Segurtasunerako Ikerketa Plataforma garatu da, proiektuen emaitzak publikoki partekatzeko.
Bukatu berri den Plan honen balorazioa oso positiboa izan da Elikagaien Segurtasunaren Ikerketaren Koordinazio Mahaiaren lanari esker . Mahaiko kideak dira lehen aipatutako Eusko Jaurlaritza-ko bi zuzendaritzak, alor honetan ikerkeketan eta berrikuntzan diharduten lau erakunde nagusiak (AZTI-Tecnalia, NEIKER-Tecnalia, UPV/EHU eta LEARTIKER), BIOEF eta ELIKA, Eusko Jaurlaritzari Euskadiko Elikagaien Segurtasuna hobetzeko funtsezko laguntza ematen dion erakundea.
Lan horren guztiaren emaitza gisa, EAEko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketa Koordinatzeko Plan berri bat egin da hurrengo 2017-2020 aldirako, erronka izanik Elikagaien Segurtasunean I+B alorra indartzea, azken 6 urteetan bultzatu izan baita.
Informazio interesgarria:
• Euskadiko Elikagaien Segurtasunari buruzko Ikerketaren koordinaziorako plana, 2017-20 aldirako
• 2011-2016 Elikagaien Segurtasun arloko Ikerketarako Plan Eragilearen ekintzak eta emaitzak zabaltzeko laburpena
• Elikagaien Segurtasuna Ikertzeko Plataforma
• Euskadiko Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako Plan Operatiboa, 2011-2016 aldirako