Argitalpen-data: 2015/12/09

Berrikuntza eta lankidetza, Euskadiko nekazaritzako elikagaien industria eta lehenengo sektorea lehiakorrago bihurtzeko faktoreak

Euskadiko nekazaritzako elikagaien balio-kateko 50 eragilek baino gehiagok parte hartu dute Horizon 2020 programak datozen bi urteetarako ekarriko dituen aukerei buruzko jardunaldi batean. Programa horrek 637 milioi euro ditu elikagaien segurtasunaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, arrantzaren eta bioekonomiaren alorretarako.

Bittor Oroz ha inaugurado el infoday Horizon 2020

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eman dio hasiera HORIZON 2020 jardunaldiari. Bertan, enpresetako, teknologia-zentroetako eta administrazio publikoetako 50 bat aditu bildu dira.

Jardunaldi horren xedea da zehatz-mehatz azaltzea Horizon 2020 Europako programak zer-nolako aukerak ematen dituen ikerkuntzaren eta berrikuntzaren esparruan. Programa horrek 637 milioi euro ditu 2016-2017 eperako, "Elikagaien segurtasuna, nekazaritza eta basogintza iraunkorra, itsas ikerketa, itsasokoa eta barneko uren ikerketa, eta bioekonomia" gizarte-erronkari heltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, ELIKA Fundazioak eta HAZI Fundazioaren Europe Direct zerbitzuak antolatu dute jardunaldia, CDTIren, SPRIren eta Innobasqueren laguntzarekin.

Euskadi, ikerkuntza, berrikuntza eta lankidetza sustatzen dituen aukeren lurraldea: RIS3 estrategia eta zientzia eta teknologia plana (ZTBP)

Orozek nabarmendu duenez, Euskadik, bere espezializazio adimentsuko estrategiari (RIS3) jarraituz, aukeren lurrade gisa ezarri du nekazaritzako elikagaien balio-kate osoa: ekoizpen primarioa, elikagaien kontsumoa, eta elikagaien eraldaketa, banaketa eta merkaturatze eraginkorra eta iraunkorra. Izan ere, nekazaritzako elikagaien balio-kateak ia-ia Euskadiko BPGaren % 10a sortzen du.

Bestalde, Euskadi 2020 Zientzia eta Teknologia Planaz ere mintzatu da: planaren lehendabiziko urrats gisa, elikaduraren arloan, Gidaritza Batzorde bat sortu dute enpresen, zientzia-teknologiaren eta erakundeen arloko zenbait eragilek. Batzorde horrek sektoreko lehentasunei erantzuteko berrikuntza- eta ikerkuntza-esparru batzuk identifikatu ditu.

Euskadi Basque Country Europan, nekazaritzako elikagaien sektoreko I+G+b arloko lankidetza sareen bidez

Eusko Jaurlaritzak H2020 proiektuan parte hartzera dei egiten die euskal erakundeei, aurreko zazpigarren Esparru Programak (2017-2013) izan zuen arrakasta ikusirik. 2014an ere, Horizonte 2020 programaren lehen urtean, Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa izan da itzulkinari dagokionez: 90 milioi euro lortu ditu, estatuak lortu dituen 553 milioietatik.

Gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin den jardunaldiaren ildoari jarraikiz, nekazaritzako elikagaien balio-kateko 7 euskal erakundek 2,39 milioi euro lortu dituzte 10 proiektutan parte hartuta (% 43 ETEek, % 43 teknologia-zentroek eta unibertsitateek, eta % 14 erakunde publikoek).

Orozek azaldu du ELIKAk lan ona egiten duela ikerkuntzaren arloan, Kalitatearen, Elikagai Industrien eta Osasun Publikoko Industrien Zuzendaritzari laguntza ematen baitio Elikagaien Segurtasunaren ikerketa koordinatzeko, AZTINEIKERLEARTIKER eta EHU teknologia-zentroekin batera.

Ikerkuntzari dagokionez, berriz, KATILU aipatu du: nekazaritzako elikagaien eta landa- eta itsaso-ingurunearen sektoreko enpresetan berrikuntza eta lankidetza babesteko eta sustatzeko tresna da, eta Sailburuordetza honekin elkarlanean diharduten erakundeek osatzen dute (INNOBASQUE, HAZI, ELIKA, NEIKER eta AZTI).

Ponentziak

Bittor Orozek jardunaldia aurkeztu ostean, Marta Condek, Bioekonomiako CDTIrekin harremanetan jartzeko puntu nazionalak, bertaratuei azaldu die H2020k zer aukera emango dituen datozen 2 urteotarako “Elikagaien segurtasuna, nekazaritza eta basogintza iraunkorra, itsas ikerketa eta barneko uren ikerketa, eta bioekonomia” gizarte-erronkaren arloan; halaber, proposamen egokiak egiteko faktore gakoez ere aritu da.

Jarraian, Mondragon Unibertsitateko Mustafa Tutarrek Europako ERANET SUSFOOD proiektuan izandako esperientziaz jardun du; proiektuak elikagaien ekoizpena eta kontsumoa ditu ardatz, eta Elikagaien Kalitatearen eta Industrien Zuzendaritzak finantzatzen du. Gero, ELIKAko Monica de Pradok orain dela gutxi onartu duten H2020ren ERANET proiektua azaldu du, animalia ekoizpen iraunkorrari buruzkoa.

Azkenik, Innobasqueko nazioartekotze arloko Garbiñe Larraurik Enterprise Europe Networken euskal nodoak H2020n parte hartzeko ematen dituen laguntza-zerbitzuak aurkeztu ditu.

Ildo horretatik, antolatzaileek CDTIrekin bilera pribatuak egiteko eta proposamen zehatzak aztertzeko aukera ere eskaini dute.