Lehendakaritza

Ateratze-prozeduraren lehenengo fasearen garapena: Atariko gaiak

Erresuma Batua EBtik ateratzeko prozesua 2017ko martxoaren 29an hasi zen. 

Egun horretan, EBTaren 50.2. artikuluak ezartzen duen bezala, Erresuma Batuko Lehen Ministro Theresa May-k eskabide bat helarazi zion Kontseilu Europarreko Presidente Donald Tusk-i, erreferendumaren emaitzaren berri emanez eta Erresuma Batuak EBtik atera nahi zuela jakinaraziz. 

Gutun hori jasota, Kontseilu Europarreko Presidenteak prozedura abiatzeko beharrezkoak ziren tramiteak hasi zituen.  

Lehenengo urratsa izan zen EBko Estatuei Orientazioak proposatzea. Proposamen hori 2017ko apirilaren 29ko Kontseilu Europarrean eztabaidatu eta onartu zen. Orientazioek, negoziazioen esparrua definitzen dute, eta EBk negoziazio horietan izango dituen posizioak eta printzipio orokorrak ezartzen dituzte. Kontseilu Europarrak eguneratu egin ditzake orientazio horiek negoziazioek dirauten bitartean, beharrezkotzat jotzen duenean. 

Halaber, EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 218. artikuluaren 3. atalaren arabera, Kontseiluak negoziazioen hasiera baimentzeko erabaki bat hartuko du; horri lotuta, aurreikusitako akordioaren edukia kontuan hartuta, EBko negoziatzailea edo negoziazio-taldeko burua izendatuko du.

Artikulu hori oinarritzat hartuta, Gai Orokorren Kontseiluak negoziazioen hasiera baimendu zuen 2017ko maiatzaren 22an egindako bileran. Era berean, Negoziazioen Gidalerroak onartu zituen, eduki zehatzekin, eta EBtik ateratzeko prozedura garatzeko mekanismo instituzionalak ezarriz (Kontseiluaren eta bere prestatze-organoen arteko harremana, eta Kontseiluaren eta EBren Negoziazioaren arteko harremana). Gidalerro horiek agindu zehatzagoa ematen diote Batzordeari. Gainera, bilera horretan, Kontseiluak Europako Batzordea izendatu zuen ofizialki EBko negoziatzailea izateko; negoziazioaren burua Michel Barnier Komisario ohia izango da. 

Negoziazioaren Gidalerroek ezartzen duten bezala, EBko negoziatzaileak Erresuma Batuarekin negoziazioak gidatuko ditu, Kontseiluarekin koordinatuta eta harekin elkarrizketa jarraia izanez. Kontseiluak aholkua eskainiko dio EBko negoziatzaileari, negoziazioaren gidalerroetan eta onartutako orientazioetan ezarritakoarekin bat etorriz. 

Gidalerroek diotenez, EBtik ateratzeari buruzko negoziazioek bi fase izango dituzte. Lehenengo fasean, Erresuma Batua modu ordenatuan aterako dela bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren gaiak soilik jorratuko dira, alegia, hiru gai hauek: herritarren eskubideak (bai EBn bizi diren Erresuma Batuko herritarrak eta baita alderantziz ere), finantza-akordio bateratua, eta Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko muga, Ipar Irlandako egoera kontuan hartuta.

Kontseiluari dagokio negoziazioen aurrerapena arretaz begiratzea, eta berak soilik erabaki dezake zer unetan egin den aurrerapen nahikoa hurrengo fasera pasatzeko –trantsizioari eta Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harremanen esparruari buruzkoa–. Fase berri horretarako, negoziazio-gidalerro berriak ezarriko ditu.  

Testuinguru horretan, eta negoziazioen hasiera baimendu ondoren, lehenengo faseari buruzko errondak 2017ko ekainaren 19an hasi ziren. Egun horren eta 2017ko azaroaren 10aren artean, 6 negoziazio-erronda egin dira Europar Batasunak eta Erresuma Batuak horretarako izendatutako taldeen artean.  

Bere behatze-eginkizuna betez, Kontseilu Europarra hiru aldiz bildu da negoziazio-taldeek egindako aurrerapenak baloratzeko.  

Hala, 2017ko ekainaren 22ko bileran, Kontseilu Europarrak negoziazio-errondei buruzko informazioa jaso zuen, besterik ez.  

2017ko urriaren 20ko bileran, berriz, Kontseilu Europarrak konklusio batzuk onartu zituen. Testu horrek negoziazio-taldeen lanak positiboki baloratu zituen arren, Kontseilu Europarraren konklusioa izan zen, ez zela artean aurrerapen nahikorik lortu, eta, hortaz, negoziazioekin jarraitzeko eskatu zuen. 

Abenduaren 8an, Erresuma Batuko eta Europako negoziazio taldeak, hiru gai nagusien inguruan akordio batera ailegatu ziren; zehazki hiritarren eskubideak, finantzak eta Irlandako mugaren inguruan (txosten bateratua). Adostasuna 3 gai hauetan bigarren faseko negoziazioak hastea ahalbidetu zuen.

Azkenik, 2017ko abenduaren 15eko Kontseilu Europarrean, Estatu eta Gobernuetako Buruek Orientazio batzuk onartu zituzten, egindako aurrerapenak ontzat emanez. Halaber, erabaki zuten bigarren fasea hasteko baimena ematea negoziazio-taldeei, trantsizioa eta etorkizuneko harremanen esparrua jorratzeko. Horri begira, Kontseilua jadanik hasi da lanean negoziaziorako gidalero berriak urtarrilean onartzeko.  

Bere behatze-eginkizunaz gain, Kontseilua arduratu da euren egoitza gaur egun Erresuma Batuan duten EBko bi Agentzia birkokatzeaz: Sendagaien Europar Agentzia (SEA) eta Europako Banku Agintaritza (EBA). 2017ko ekainaren 22an, Kontseilu Europarrak birkokapenerako prozedura onartu zuen, eta Gai Orokorren Kontseiluak, 2017ko azaroaren 20an izandako bileran, erabaki zuen zer herrialdetan kokatuko diren egoitza berriak: Sendagaien Europar Agentzia (SEA) Amsterdam-en egongo da eta Europako Banku Agintaritza (EBA) Paris-en, hain zuzen. 

Negoziazioen dokumentu nagusiak:

Azken aldaketako data: