Arautegia
Inprimatu186/2003 DEKRETUA, uztailaren 29koa, kanpoko euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko diru-laguntzen araubidea ezartzen duena
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 160
- Hurrenkera-zk.: 4684
- Xedapen-zk.: 186
- Xedapen-data: 2003/07/29
- Argitaratze-data: 2003/08/19
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 1. artikuluaren arabera, honako hau du helburu lege horrek: Euskadik, euskal gizarteak eta bertako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekin dauzkaten harremanak sustatzea, harremanoi laguntzea eta harremanok areagotzea.
Lege horren arabera, harreman horiek sustatuz honako hauek lortu nahi dira: euskal gizatalde eta etxeak sendotzen laguntzea, horien barne kohesioa eta elkarte ekintzen eraginkortasuna bultzatuta; euskal gizataldeen eta Euskal Herriaren arteko harremanak zaindu eta bultzatzea; Euskadiko egoera euskal gizataldeak dauden tokietan ezagutaraztea, euskal kultura zabaltzeko, bultzatzeko eta garatzeko ekimenak sustatuz; eta euskal gizataldeak dauden herrialdeekiko harreman kulturalak bultzatzea.
Lege horri jarraiki, euskal etxeek diru-laguntzak edo beste edozein laguntza jaso ahal izango dute. Laguntza horiek euskal administrazio publikoek lege horretan jasotako helburuak betetzeko eman ditzakete beren aginpide alorrean.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek euskal etxeei, alde batetik, euskal kulturaren jardueretan parte hartu eta jarduera horiek kanpoan ezagutzeko aukera emango diete; eta bestetik, EAEn kokatuta dauden elkarteek duten kultura ondarea tratatzeko modu bera eskainiko diete.
Horregatik guztiarengatik, Lehendakaritzaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko uztailaren 29an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen helburua kanpoko euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko diru-laguntzen araubidea ezartzea da.
Diru-laguntza horietara biltzeko deia egingo du urtero Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak ebazpen batez. Ebazpen horretan, dena dela, honako hauek jasoko dira: deialdiaren helburua; indarraldia; diru-laguntzak esleitzeko irizpideen pisua eta, hala balegokie, zehaztasuna; diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa; eskabideak aurkezteko tokia eta epea; eta Ebaluazio Batzordearen kideak.
Dekretu honek araututako diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den edozein pertsona fisikok nahiz juridikok eska ditzake, beti ere kultura zerbitzuak eskaini nahi baditu.
Onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren menpeko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzak direla-eta hasitako edozein prozesu (itzulketa edo zehapen) bukatuta egotea.
Diru-laguntzak bira kulturaren bidai gastuak ordaintzeko izango dira eta deialdi ebazpenean ezarritako muga izango dute. Bidaiok hartzaileek programatutako dituzte eta euskal etxeen, etxeon federazio eta konfederazioekin adostu beharko dira, maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
1.– Lehiaketa erabiliko da diru-laguntza esleitzeko. Horretarako, hona hemen zer ulertu behar den lehiaketatzat: diru-laguntza esleitzeko prozedura bat da lehiaketa, aurkeztutako eskabideak alderatzen dituena eta aurretik ezarritako balorazio irizpideen arabera lehentasun-ordena ezartzen diena, irizpide horiek ezarriz balorazio handiena lortu duten eskabideei bakarrik dirulaguntza esleitzeko.
Ebaluazio Batzordeak baloratuko ditu deialdi ebazpenean ezarri eta zehaztutako alderdiak. Honakoak izango dira alderdi horiek:
a) kanpoko gizataldeen arteko biran kontratatutako ekitaldiak
b) programaren balizko hartzaileak
c) eskatutako diru-laguntzaren aurrekontuaren egokitasuna
d) jardunak Euskadin izan duen arrakasta (sariak, kontratu diren ekitaldiak)
e) jardunak euskal etxeen bizitzarako duen garrantzia
f) euskal etxeetako gazteen parte hartzea
g) genero ikuspuntua
2.– Deialdi ebazpenak gutxieneko puntuazioa ezarriko du edozein bira kultural diruz laguntzeko. Pertsona fisiko nahiz juridikoak lortutako puntuen proportzioan esleituko dira kopuruak; eta onartutako aurrekontuaren eta deialdirako diru-horniduraren %100a izango da horretarako muga.
Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia arduratuko da diru-laguntzon araubideak berekin dakartzan kudeaketa lanez.
Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bera lortzeko eman ditzakeen beste laguntza batzuekin, beti ere, horrek gainfinantzatzerik ez badakar. Gainfinantzatzerik izanez gero, ahalik eta gehien gutxituko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Pertsona edota erakunde eskegileak urteko deialdi-ebazpenean ezarritako moduan aurkeztu beharko eskabidea, eta eskabide horri honako dokumentu hauek erantsi beharko dizkio ezinbestean:
a) Burutu nahi den ekintza azaltzeko txostena, dokumentazio grafikoa erantsiz.
b) Euskal etxeekin, etxeon federazio edota konfederazioekin adostutako biraren azalpen zehatza eta non burutuko den.
c) Eskatutako diru-laguntzaren aurrekontua zehatza eurotan.
d) Proposatutako ekimenak Euskadin izan duen arrakasta eta eragina (sariak, ekitaldi kopurua) justifikatzeko dokumentuak.
e) Eskatzailearen NAN edo IFZren fotokopia.
f) Estatutuen kopia, elkarteak edo enpresak izanez gero.
g) Bira kulturala egingo den euskal etxe, etxeon federazio edo konfederazioekin adostu dela ziurtatzeko agiri idatzia
2.– Eskabidea eskatzaileak izenpetuko du, eta dirulaguntza elkarte edo enpresa batek eskatzen duenean legezko ordezkariak izenpetu beharko du.
1.– Aurkeztutako agirietan zerbait falta bada, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak erakunde eskegileari eskatuko dio agiri osagarriak bidal ditzala hamar eguneko epean.
2.– Epe hori igarota –jakinarazten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen epea– eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko da. Horretarako, ebazpen bat eman beharko da aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.
Deialdi bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertzeko, ebaluazio batzordea bat eratuko da. Honako hauek izango dira batzorde horretako kide: Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia – buru izango da–, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko bi pertsona. Diru-laguntzen urteko deialdia egiteko ebazpenaren bitartez izendatuko dira bi pertsona horiek.
Ebaluazio Batzordeak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideak kontuan hartuta, alta batean jasoko du baremazioaren emaitza, puntu gehiago jaso dituenetik gutxien jaso dituenera, eta diru-laguntzak nori eman proposatuko du. Beste zerrenda batean beste hamar programa jasoko ditu lehentasun ordenaren arabera, 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Akta kontuan hartuta, Ebaluazio Batzordeak esleipen proposamena egingo du eta horren berri emango dio Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak –berori baita batzordean burua- Lehendakaritzaren idazkari nagusiari, diruz lagundutako programen zehaztasunak jasotzen dituen esleipen ebazpena eman dezan Lehendakaritzako idazkari nagusiak. Ebazpen horrek administrazio bidea amaituko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; erakunde eskatzaile bakoitzari ere emango zaio esleipen ebazpenaren berri, deialdi ebazpena indarrena jarri denetik sei hilabete igaro baino lehen. Esleipen ebazpen horren kontra aukerako berraztertzeko errekurtso aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean. Epeok aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Epe hori igaro ondoren, interesa duen erakundeari inolako ebazpenen berri eman ez bazaio, gaitzetsitzat jo beharko da diru-laguntza eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Dekretu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo erakundeek etxeek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Esleitutako diru-laguntza onartzea. Horretarako, pertsona/erakunde onuradunek hamabost eguneko epea dute, diru-laguntza esleitu zaiela jakinarazten zaienetik aurrera, diru-laguntzari uko egiteko berariaz eta idatziz. Horrela egiten ez badute, diru-laguntza onartutzat emango da.
2.– Agindutako helburua betetzeko erabiltzea dirulaguntza.
3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunak betetzeko, deialdi bakoitzean jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea.
4.– Edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik helburu bera betetzeko bestelako diru-laguntza edo baliabiderik lortzen badute, horren berri ematea Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari.
Bi alditan ordainduko da esleitutako diru-laguntza: %50 diru-laguntza onartu ondoren; eta gainontzeko %50, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian diru-laguntza osoa estaltzen dituzten ordainketen ziurtagiriak jaso ondoren.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte bira kulturala amaitu eta handik hiru hilabete igaro baino lehen:
a) Diru-laguntza jaso duen bira burutzeari buruzko txosten zehatza.
b) Diru-laguntza jaso duen ekintzak sortutako gastuak justifikatzeko agiriak.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira –beti ere, diru-laguntzaren helburua bete dela ulertuz gero– edota beste edozein erakunde publiko edo pribatutik helburu bera betetzeko bestelako diru-laguntzarik lortu bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du horrek. Horretarako, Lehendakaritzako idazkari nagusiak aldatze ebazpena emango du emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.
2.– Programa, jarduera edo ekintza bat euskal etxeen aurrekontuen kontura diruz lagundu eta, dena delakoarengatik, eskaeran ezarritako baldintzetan aurrera eramaterik ez badago, egoera horren berri eman beharko zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari. Horrelakoetan, eta esleipen ebazpena aldatzea egoki ez bada, Lehendakaritzaren idazkari nagusiak beste ebazpen emango du emandako diru zenbatekoa itzul dadin eskatzeko eta, hala balegokie, beste programa, jarduera edo ekintza batzuk diruz laguntzeko.
3.– Horrelakoetarako, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten beste hamar programa ere jasoko ditu esleipen ebazpenak lehentasun ordenaren arabera, esleitutako diru-laguntzen baldintzak ez betetzeagatik, baldintzok aldatzeagatik, edota diru-laguntzei uko egiteagatik aurrekontu baliabide berririk izanez gero diru-laguntza jaso dezaten programa horiek beste ebazpen batzuen bitartez. Dena den, beste ebazpenok deialdi ebazpenak argitaratzen den urtean eta esleipen ebazpenean ezarritako diru zenbatekoan eman beharko dira.
Egindako gastuak Dekretu honetan jasotakoaren arabera justifikatzen ez badira, aurkeztutako datuak okerrak badira, jasotako diru-laguntza eskabidean adierazitako helburuaz bestera erabiltzen bada, edo Dekretu honetan edo urteko deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ordura arte jasotako diru-laguntza guztiak gehi legezko interesak itzuli beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren II. Tituluan diru-laguntzak itzultzeko jardunbide orokorraz aurreikusitakoaren arabera.
Diru-laguntzok berekin dakartzaten betebeharrak ez betetzeak oso larritzat jo daiteke –aurretik zigor espedienteari hasiera eman bazaio- eta diru-laguntza hauek jasotzeko gaitasuna gehienez hiru urtez kentzeko bidea eman dezake horrek, 1/1997 Legegintza Dekretuaren 63. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko uztailaren 29an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.