Arautegia
Inprimatu98/2000 DEKRETUA, ekainaren 6koa, Andrés de Irujo Saria arautzeko. Sari hori atzerriko euskal presentziari buruzko sortze edo ikerketa lanak saritzeko da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 121
- Hurrenkera-zk.: 2734
- Xedapen-zk.: 98
- Xedapen-data: 2016/06/06
- Argitaratze-data: 2000/06/26
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional
Testu legala
Mende honetan zehar atzerriko euskaldunen presentzia oso garrantzitsua izan da, eta horren adierazgarri da ehun eta hogeitabostetik baino gehiago direla maiatzaren 27ko 8/1994 Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Gizatalde eta Euskal Etxeekiko Harremanetarako Legea indarrean jarri zenetik onartu diren euskal etxeak. Atzerriko euskaldunen historia Euskal Herriaren historia ere bada, eta euskaldunok bizi izan dutena eta jaso zituzten herrialdeetako kulturari eta oparotasunari eman diotena ezagutzeak aberastu egiten du gure herriaren historia.
Zalantzarik gabe, elkartzeko eta ordezkatzeko bide ezberdinak erabiliz historian eta munduan zehar euskal izaera ezagutarazten aritu eta ari dira atzerriko euskal gizataldeak, eta euskal izaera ezagutarazteko lan hori bultzatua izan da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorretik. Beraz, aurrikusitako zerbitzuen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizataldeen egoera ezagutarazteko laguntza hori sendotu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek bere ardurapeko komunikabideak erabiliz, lege horretan ezartzen den bezala.
1999ko urriko Euskal Gizataldeen II Mundu Biltzarrean 2000-2003 laurterako erakunde Plana onartuta zen Vitoria-Gasteizen. Plan horrek honako hau jasotzen du ondorio proposamenen artean: euskaldunek atzerrian bizi izandakoari buruzko sortze edo ikerketa lanak argitaratzen laguntzea.
Helburu horri erantzuteko sortu da sari hau, sarira urtero deituaz euskal gizatalde eta etxeetako kideek gure historiaren zati bat errekuperatzen parte har dezaten.
Ondorioz, Lehendakaritzak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko ekainaren 6an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XX mendean Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal presentziari edota bizipenei buruzko sortze edo ikerketa lanak saritzeko da «Andrés de Irujo» saria eta dekretu honetan jasotako baldintzak betetzen dituen lan bati egokituko zaio.
Sari hori aukeratutako lana argitaratzeko edo ezagutarazteko izango da eta Lehendakaritzaren idazkariak egingo du sarirako deia urtero ebazpen bidez. Ebazpen horretan sariaren helburua, dotazioa eta kandidaturak aurkezteko tokia eta epea zehaztu beharko dira, besteak beste.
1.– «Andrés de Irujo» sarira aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskaldunek XX mendean zehar izan duten presentziari edota bizipenei buruzko sortze edo ikerketa lanak.
2.– Lan edo obra horiek argitaragabeak izango dira eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatzita edo grabatuta egon beharko dute.
3.– Sarira aurkeztuko diren sortze edo ikertze lan literarioak olerki, antzerki, nobela edo saiakera arlokoak izango dira edota ikus-entzunezkoak (audioa, bideoa, CD-ROMa edo disketeak).
Obra edo lan literarioak ordenadorez idatzi beharko dira, eta euskarri dokumental eta informatikoan entregatu beharko dira. Bideoan egindako obra edo lanen bidez parte hartuko duten pertsonek lan bakoitzaren kopia bat aurkeztu beharko dute VHS formatoan; eta CDan egindako kopia bat, AUDIO euskarria erabiltzen bada. CD-ROMean egindakoak PCrako euskarrian aurkeztu beharko dira.
4.– Sari hau bateragarria da sortze edo ikerketa lanak egiteko bestelako sari, beka eta dirulaguntzekin, beti ere lanok argitaragabeak badira.
1.– Eusko Jaurlaritzak onartutako edozein euskal etxek aurkeztu ahalko ditu kandidaturak.
2.– Horretarako, egoki deritzoten beste proposamen bidaliko dituzte Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari zuzendutako idazki batekin batera.
3.– Obrak edo lanak izenik gabe edo goitizenez aurkeztuko dira. Sarira aurkeztuko diren lan bakoitzarekin batera plika edo gutunazal itxi bat aurkeztu beharko da, eta bertan egilearen datuak idatziko dira (izena,abizena, helbidea, telefonoa eta egileak berariaz emandako baimena).
4.– Sarira aurkeztutako kandidatura bakoitzarekin batera lanaren egileak berariaz emandako baimena igorri beharko da gutunazal itxi batean; horretarako, deialdi ebazpenean onartutako eskabide orria bete beharko dute parte hartu nahi dutenek. Aipatutako dokumentazioa urtero egingo den deialdiak zehazten duen tokian eta epean aurkeztuko da.
Aukeratutako pertsonek bidalitako agirietan hutsak daudela edo dekretu honen 3. artikuluan eskatutakoren bat falta dela konturatuz gero, horren berri emango zaio parte hartzaileari eta horrek hamar egun balioduneko epea izango du jakinarazpena jasotzen duen biharamunetik aurrera hutsok zuzen ditzan. Epea bukatu ondoren aipatutako hutsak zuzendu ez badira, eskaera ez da aintzat hartuko eta hori guztia ebazpen baten jasoko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.
1.– Saria nori esleitu proposatzeko epaimahai bat eratuko da. Epaimahai horretan honako hauek izango dira kide:
– Epaimahaiburu: Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, edo beronek izendatzen duen pertsona.
– Bokalak:
– Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria
– Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko hiru kide, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak proposatutakoak.
– Lehendakaritzako hiru teknikari; horietako batek idazkari lanak egingo ditu. Dena dela, Epaimahaiaren osaketan generoaren parekotasuna lortzen saiatuko dira.
2.– Epaimahaiaren osaketa Lehendakaritzaren idazkariaren ebazpenez emango da ezagutzera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da sariaren esleipen erabakia argitaratu baino hilabete bat lehenago.
3.– Epaimahaiak edozein proposamen akordio onartzeko, kideen gehienek eman beharko dute horren aldeko botoa, eta mahaiburuaren botoak erabakiko ditu berdinketa kasuak. Arau honetan xedatzen ez den gaietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak organo kolegiatuentzat arautzen duenari lotu beharko zaio.
1.– Epaimahaiburuak Lehendakaritzako idazkariari emango dio epaimahaiaren proposamena jasotzen duen akta, eta Lehendakaritzako idazkariak esleituko du saria ebazpen baten bitartez. Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Sarirako deialdi erabakiari bildutako eskabideez erabakitzeko sei hilabeteko epea izango da, deialdi erabakia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, interesdun pertsona fisiko edo juridikoari inolako ebazpenen berririk ematen ez bazaio, kandidatura ez dela aintzakotzat hartu ulertu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Saria esleitu gabe utz daiteke.
3.– Sariaren esleipena irabazleari jakinaraziko zaio; geroago, jendaurreko ekitaldi batean aurkeztuko da argitaratutako obra edo lana.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak banaka edo taldeka argitaratuko ditu saritutako obra edo lanak, beti ere emandako saria eta honi dagokion edizioa bertan adieraziz.
2.– Saritutako obra edo lanen ustiaketa eskubideak doan eta betirako emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, ez beste inori; jabetza intelektualari buruz indarrean dagoen legedian jasotakoaren arabera. Horretarako, saritutakoek dokumentu bat izenpetuko dute jabetza intelektuala EAEko Administrazioaren esku utzi dutela publikoki jasota gera dadin. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eskubidea izango da obra edo lan horiek erreproduzitzea, salduz, alokatuz edo bestelako edozein bidez banatzea, publikoki komunikatzea edota aldatzea. Saritutako lanak beste lan baten zati badira, lan osoa argitaratzea erabaki dezake Epaimahaiak, eta horrelakoetan egileak lan osoaren ustiapen eskubideak emango ditu.
3.– Hala ere, interesatuak aldez aurretik administrazioari eskatzen dionean, administrazioak eskubide horiek itzuli ahal izango dizkio; beti ere, saria eman denetik bi urte igaro badira.
«Andrés de Irujo» sarira aurkezteak sariaren oinarriak onartzea dakar berekin, Dekretu honetan eta urtez urte egingo den deialdi ebazpenean jasotakoaren arabera.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko ekainaren 6an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.