Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko otsailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzen dira, baita aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 40
  • Hurrenkera-zk.: 1164
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/02/18
  • Argitaratze-data: 2020/02/27

Testu legala

Hezkuntza Sailak, dagokion eskumenean eta Jaurlaritza gidatzen duen «Euskadi auzolana» printzipioari leial izanda, kalitatezko enplegu publikoa sustatu nahi du eta euskal hezkuntza-sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa eman nahi die; egonkortasun hori gure gazteen eta, oro har, gure herritarren prestakuntza eta hezkuntza hobetzeko lagungarri izango delakoan.

Helburu hori betetzeko, Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez (2018ko abenduaren 27ko EHAAn argitaratua), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen 2018rako lan-eskaintza publikoa eta urte horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren bigarren eskaintza onartu ziren. Bigarren lan-eskaintza horrek barne hartzen ditu Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko 849 plaza eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko 48 plaza (Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko 357 plaza eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko 48 plaza, hain zuzen ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2018ko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartutako enplegu publikoaren eskaintzaren ondorioz hutsik geratu ziren plazak).

Halaber, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 17ko 121/2019 Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen 2019rako lan-eskaintza publikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioaren bigarren eskaintza onartzen dituen erabakia argitaratzea xedatu zen (2019-12-30eko EHAA).

Bi eskaintzak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen esparruan onartzen dira. Prozesu horiek 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legean eta 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean daude aurreikusita.

Otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 16. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa) ezarritakoaren arabera, hezkuntzaren alorreko karrerako funtzionarioak hautatzeko sistema lehiaketa-oposizio bidezkoa izango da, eta aurretik deialdi publikoa egingo da.

Era berean, Hezkuntzaren gaineko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen duen Irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen duen eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrak irakaskuntza-kidegoetan sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 3. artikuluak ezarritakoaren arabera, deialdia egiten duten administrazio publikoek, behin lan-eskaintzak onartuta, lan-eskaintza horietan aipatutako lanpostu baimenduak betetzeko deialdiak egingo dituzte, betiere aplikagarri zaizkien funtzio publikoko arauak betez.

Aipatutako araudian ezarritakoa betetzeko, Agindu honen bidez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzen dira, baita aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko ere.

Irakaskuntza-kidegoetara sartzeko prozedurari dagokionez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. tituluan eta horren hirugarren xedapen iragankorrean jasotako xedapenak aplikatu behar dira (xedapena otsailaren 23ko 84/2018 Errege Dekretuak sartua, BOE, otsailaren 24koa). Irakaskuntza-kidegoetara iristeko eta espezialitate berriak eskuratzeko prozedurei dagokionez, IV. eta V. tituluetan jasotako xedapenak aplikatu behar dira, hurrenez hurren.

Adierazitakoaren babesean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan xedatutakoa betez, eta Sail honi esleitutako eskumenak baliatuta, hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedurak deitzea, Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2018ko bigarren lan-eskaintza publikoa onartu zuen) eta Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019ko bigarren lan-eskaintza publikoa onartu zuen), iragarritako plazei dagokienez.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko prozedura deitzea.

Hirugarrena. Aipatutako hautaketa-prozedura horiek arautuko dituzten oinarriak onartzea.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabete bateko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salari, gehienez ere bi hilabeteko epean, aipatu egun beretik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK

AURKIBIDEA

  1. kapitulua. Oinarri orokorrak.

    1. Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta araudi aplikagarria.

  2. kapitulua. Parte hartzeko betekizunak.

    1. Parte hartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak ezartzea.

  3. kapitulua. Parte hartzeko eskabidea eta dokumentuak.

    1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

  4. kapitulua. Onartutako eta baztertutako izangaiak.

    1. Izangaiak onartzea.

  5. kapitulua. Hautaketa-organoak.

    1. Hautaketa-organoak: Epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.

  6. kapitulua. Oposizio-fasea.

    1. atala. Aurreko probak.

    1. Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.

    1. atala. Oposizio-faseko proben definizioa eta ezaugarriak.

    1. Oposizio-fasea.

  7. kapitulua. Lehiaketa-fasea.

    1. Dokumentuak entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.

  8. kapitulua. Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditzea.

    1. Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.

    2. Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.

    3. Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.

  9. kapitulua. Praktika-fasea.

    1. Praktiketako funtzionario izendatzea.

    2. Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.

  10. kapitulua. Karrerako funtzionarioak.

    1. Karrerako funtzionario izendatzea.

  11. kapitulua. Ordezkoen zerrendak.

    1. Zerrendak irekitzea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan oposizio-fasea gainditu duten pertsonentzat.

    2. Puntuazioa ematea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko 2019tik aurrera deitutako hautaketa-prozesuetako oposizio-fasea gainditzen duten pertsonei, hautatuak izan gabe.

  1. Datu orokorrak.

  2. Betekizunak.

  3. Eskabideak.

  4. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

  5. Hautaketa-organoak.

  6. Probaren hasiera eta garapena.

  7. Probaren ezaugarriak.

  8. Kalifikazioa.

  1. Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta araudi aplikagarria.

  1. Lehiaketa-oposizioa deitu da Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko.

  2. Guztira, 1.148 lanpostu eskainiko dira, A-1 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa) eta A-2 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa). Plaza guztiek dute irakaskuntzako lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna.

    Lanpostu horietatik 550 txanda irekirako izango dira (A txandarako); 80, desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako (B txandarako), eta 518, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedurarako (D txandarako).

  3. Honela banatuko dira lanpostuak kidego, espezialitate eta txandaren arabera:

    1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

  4. Lanpostuen ehuneko zazpi desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gordeko dira, hala ezartzen baitu Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 59. artikuluak.

  5. Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan eta goragoko talde bateko irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran eman gabe geratzen diren lanpostuak txanda irekian eskainitako lanpostuei gehituko zaizkie.

  6. Araudi aplikagarria.

    Hautaketa-prozedura honetan aplikatzekoak dira honako hauek:

    Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE), Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua.

    Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

    Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

    Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

    Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen duena eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duena.

    Otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Europako Esparru Ekonomikoaren inguruko Akordioa osatzen duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, modu askean zirkulatu eta egoitza izateari buruzkoa; azaroaren 18ko 1710/2011 Errege Dekretuak aldatua.

    Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dituena.

    Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Agindua, irakaskuntza-ondorioetarako baliokidetzat jotako titulazio bat izanik master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea ezartzen duena, ekainaren 7ko ECD/1058/2013 Aginduak aldatua.

    Azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretua, Espainiako antolamendu juridikoan txertatu zituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko irailaren 7ko 2005/36/EE Zuzentaraua eta Kontseiluaren 2006ko azaroaren 20ko 2006/100/EE Zuzentaraua, lanbide-kualifikazioen onarpenari eta abokatu lanbidean aritzearen alderdi jakin batzuei buruzkoak.

    Azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretua, unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

    Otsailaren 19ko 2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa.

    Martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak ezartzen dituena, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak aldatua.

    Urriaren 6ko 263/1998 Dekretua, Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle-postuetarako Hizkuntz Eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituena.

    Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

    Abuztuaren 30eko 190/2011 Dekretua, Lanbide Heziketako irakasleentzat hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko irizpideak ezartzen dituena.

    Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

    Maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.

    Agindua, 2019ko ekainaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, honako dekretu honen eranskina eguneratzen duena: 73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan irakasgaiak edo irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezarri eta tituluak eta ziurtagiriak onartzen dituena.

    187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua aldatzen duena.

    Oro har, aplika daitezkeen gainerako xedapenak eta deialdi honetan ebatzitakoa.

  1. Parte hartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak ezartzea.

  1. Betekizun orokorrak.

    Betekizun orokor hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozeduretan onartu ditzaten nahi dutenek:

    1. Europar Batasuneko estatuetako bateko nazionala izatea, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen aplikazio-eremuan egotea, eta ondorioz langileen zirkulazio librea aplikatzekoa den estatu batekoa.

      Horrez gain, parte hartu ahal izango dute Europar Batasuneko estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio librea aplika dakiekeen estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta dagokion itunean hala ezarrita badago, edozein nazionalitatetakoak izan arren, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izan arren, gurasoen ardurapean bizi badira.

    2. Hamasei urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.

    3. Aukeratzen diren kidego eta espezialitatearen funtzioetan aritzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

    4. Zigor-espedientearen bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, eta funtzio publikoetan aritzeko ezgaituta ez egotea.

    5. Aukeratu nahi den kidegoko karrerako funtzionario edo praktiketako funtzionario ez izatea edo karrerako funtzionario izendatua izateko zain ez egotea, espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran parte hartzen bada salbu.

    6. Egiaztatzea irakaspostuen 2. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C-1 mailarekin parekatua), 2.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

      Dena den, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako/OHOko eta Irakaskuntza Ertainetako ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek eta aldi baterako irakasle kontratatuek funtzionario izaera lortu bazuten dekretu hori indarrean sartu zenean (1993ko apirilaren 3an), honako epe hau izango dute egiaztatzeko:

      hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, euskaraz irakasten ari badira edo euskarazko izendapenarekin irakasten ari badira eta berehalako derrigortasuna duten 2. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaien lanpostuetan hasiko badira.

      hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, berehalako derrigortasuna duten 1. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaien lanpostuetan hasiko badira.

      bost urteko epea, berehalako derrigortasuna ez duten lanpostuetan hasiko badira.

    7. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala espainola ez bada, hizkuntza horren ezagutza jakin bat egiaztatu beharko dute, deialdi honen 6.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

    8. Epai irmoaren bidez zigorrik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa sartzen dira delitu horietan.

  2. Berariazko betekizunak.

    1. Betekizun orokor horiez gain, hautaketa-prozeduretan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte:

    1.1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    1. Doktoretza, Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo Graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

      Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (III. eranskinean daude zerrendatuta).

    2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      1.2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    1. Unibertsitate Diplomatura, Arkitektura Tekniko, Ingeniaritza Tekniko edo Graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

      Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (IV. eranskinean daude zerrendatuta).

    2. Aipatutako kidegoan deitutako espezialitateren batetik sartzeko, a) atalean adierazitako titulazioaren ordez, nahikoa izango da honako bi hauek batera betetzea:

      Gutxienez bi urteko irakaskuntza alorreko esperientzia, lortu nahi duen espezialitatean, 2007ko abuztuaren 31 baino lehen eskuratutakoa, autonomia erkidego honetako ikastetxe publikoetan.

      Teknikari espezialistaren titulua edo goi-mailako teknikariaren titulua edukitzea, lortu nahi duen espezialitatearen lanbide-arloko espezialitateren batean.

    3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      2. Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, hauetako betekizunen bat egiaztatu beharko da:

    1. Titulazioaren homologazioa, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriko dena. Errege Dekretu horrek Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

    2. Bigarren Hezkuntzako irakaslearen edo Lanbide Heziketako irakaslearen lanbide arautura iritsi eta lanbidean jardun ahal izateko lanbide-kualifikazioa aitortua izatea, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

      3. Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.

      Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa betetzeko, beharrezkoa da ondoren zerrendatzen diren titulazio, ziurtagiri edo lanbide-esperientziaren bat izatea:

    1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako araututako irakasle gisa jarduteko gai egiten duen Masterraren titulu ofiziala.

    2. Ondorengo zerrendako edozein titulu edo ziurtagiri, 2009ko urriaren 1a baino lehenagotik aterata:

      Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Trebakuntza Pedagogikoko Ziurtagiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.

      Maisu- edo maistra-titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua, Lehen Hezkuntzako maistra- edo maisu-titulua, Pedagogiako lizentziatura edo Psikopedagogiako lizentziatura, edo prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jasotzen duen lizentziatura edo titulu baliokideren bat.

    3. 2008-2009 ikasturtea bukatu aurretik lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, betiere derrigorrezko bigarren hezkuntzako edo batxilergoko, lanbide heziketako edo hizkuntza eskola ofizialetako irakaskuntzetan aritu badira, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan aurreikusten den arabera.

    4. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko titulazio ez-unibertsitariorekin IV. eranskina eta 2.2.1.2.b) oinarria, Master ofiziala tituluen ikasketak egitea ez dutenak uzten, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen dela ulertuko da, goian aipatutako egoeraren bat emateaz gain, honako hauetako bat ematen denean:

      Ziurtagiri ofiziala, egiaztatu beharko duena izangaiak badaukala Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitakoaren baliokidea den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa, irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan aurreikusitakoaren arabera.

      2014ko irailaren 1a baino lehen lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, dagokion mailetan eta irakaskuntzetan.

  3. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartzeko betekizunak (Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoa).

    Prozedura honetan parte hartu ahal izango dute A-2 azpitaldean sailkatutako Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle diren karrerako funtzionarioek, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

    1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko 2.2 oinarrian adierazi den tituluren bat izatea, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

    2. Jatorrizko kidegoan gutxienez sei urtez egon izana karrerako funtzionario gisa.

    3. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

      Iristeko prozedura hori aukeratzen dutenek ezin izango dira beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.

  4. Desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzeko betekizunak.

    Txanda horretan parte hartu ahal izango dute lortu nahi duten kidegoan sartzeko betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak betetzeaz gain, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, gutxienez % 33ko desgaitasuna aitortuta dutenek (desgaitasuna, kasuan kasuko, eskuduntzak dituzten foru aldundietako gizarte-ongizate saileko, dagokion autonomia-erkidegoetako edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek aitortuta behar du izan) edo, irakaskuntzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa aitortuta dutenek. Nolanahi ere, kasu batean zein bestean, desgaitasun hori ezin izango da bateraezina izan irakaskuntzan aritzearekin, eta lortu nahi den kidegoari eta espezialitateari dagozkion zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izan behar du.

    Gordetako txandaren aukera parte hartzeko eskabidean egin beharko da, eta esanbidezko deklarazioa egingo da horretarako eskatutako baldintza betetzen dela adierazteko. Lanpostua lortuz gero, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.

    Hala ere, oposizio-faseko edo praktika-faseko probak egitean, epaimahaiak zalantzarik izango balu izangaiak sartu nahi duen kidegoan eta espezialitatean funtzionarioek egin ohi dituzten jarduerak egiteko izangaiaren gaitasunaren inguruan, epaimahaiak edo praktika-faseko kalifikazio-batzordeak, hala badagokio, probak deitu dituen organoari jakinaraziko dio, eta organo horrek auziari buruzko irizpena eskatu ahal izango dio eskumena duen organoari. Kasu horretan, irizpena azaldu bitartean, izangaiak baldintzapean jarraitu ahal izango du hautaketa-prozesuan; eta, adierazitako irizpena jaso arte, etenda geratuko da prozesuan onartzeko edo prozesutik baztertzeko behin betiko ebazpena.

    Txanda irekiko izangaien baldintza berberetan egingo da hautaketa-prozedura, baina egokitzapenak egin ahal izango dira denboraren eta baliabide materialen aldetik. Egokitzapen horiek 3.1.2 oinarrian adierazitakoaren arabera eskatu beharko dira.

    Sartzeko txanda hau aukeratzen dutenek ezin izango dute beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.

  5. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eduki beharko dituzte 2.1, 2.2 eta 2.3 oinarrietan zerrendatutako betekizun guztiak, eta eutsi ere egin beharko diete karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetzen diren arte, hizkuntza-eskakizunaren betekizuna izan ezik; azken hori deialdi honen 6.2 oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probaren emaitzak argitaratzeko egunean eduki beharko baitute.

  6. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna

    1. Deialdi honen 2.1.f) oinarrian adierazitako betekizuna betetzeko, ondorengo egoeraren bat eman behar da:

  1. Deialdi honen 6.2 oinarrian adierazitako proba gainditzea.

  2. Ondorengo titulazio edo ziurtagiriren bat izatea:

    1. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.

    2. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen Gaitasun Ziurtagiria edo 5. mailaren ziurtagiria (ikasketa-plan zaharra, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren arabera).

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako gaitasun-mailaren (C1) ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren arabera).

    5. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.

    6. HABEko 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

    7. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.

    8. Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.

    9. Euskaltzaindiko D titulua.

    10. Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 5. artikuluetan zehaztutako betekizunak betetzen duen unibertsitate-titulazioa (apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

    11. Euskararen jakite-mailaren beste titulu edo ziurtagiri batzuk, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailarekin parekatutakoak (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

      2. Aurreko 2.6.1 oinarriaren 2. atalak zerrendatzen dituen tituluak edo ziurtagiriak aurkeztea.

      1. Ez da beharrezkoa aurkeztea a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan adierazitako tituluak eta ziurtagiriak, baldin eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan badaude, edo Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan badaude. Era berean ez da beharrezkoa izango titulua edo ziurtagiria aurkeztea, aldez aurretik aurkeztu bada. Kasu horretan adierazi behar da zein une, prozedura eta erakundetan aurkeztu zen.

        Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Hezkuntza Sailari baimena ematea datu horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsultatzeko, salbu eta parte-hartzailea berariaz aurka agertzen bada.

      2. Titulua edo ziurtagiria aurkeztu behar den kasuetarako, Langileak Kudeatzeko zuzendariak epe bat irekiko du 2020ko maiatzean, eta interneteko helbide hauetan emango da horren berri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

        3. Hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik prozeduratik baztertu diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

        Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartutzat emateko, 6.2 oinarrian aipatzen den proba gainditzen ez dutelako eta adierazitako titulazio edo ziurtagiriren bat ez dutelako. Ebazpen horretan zerrenda hori non azalduko den adieraziko da.

        Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira, interesdunei jakinarazteko: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («erabiltzailea »eta «pasahitza»sartuz).

        Behin-behineko zerrendaren aurka, hautagaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute bost egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

        Aurkeztutako erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez onartu edo ezetsiko dira. Ebazpen horren bidez, baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartutzat joko da, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote hautagaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

        Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarako adierazitako leku berberetan argitaratuko dira. Era berean, behin betiko ebazpena, xedapen-zatian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

        Oposizio-faseko probak egitera prozesuan onartuta jarraitzen dutenak joan ahal izango dira, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ondoren, bai eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez dutenak deialdiko ekitaldian gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu eta oraindik ebatzi gabe dagoela justifikatzen badute.

  1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, horiek aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

  1. Parte hartzeko eskabideari buruzko argibideak.

    1. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskabideak Interneteko helbide honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» «Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Onartzeko eskabidea».

    Eskabidea betetzean, hartu izanaren adierazpena sortuko da (Erakunde laguntzailearentzako alea), esleitutako eskabide-zenbakia eta tasa 3.2 oinarrian aurreikusitako moduan ordaintzeko beharrezko diren datuak barne hartuta. Halaber, izangaiak frogagiria ere eskuratuko du (Interesdunarentzako alea). Eta azkenik, hirugarren frogagiri bat ere sortuko da (Administrazioarentzako alea), eskabideak betetzeko epean aurkeztu beharreko dokumentuei erantsi beharrekoa, baldin eta 3.3.1. oinarrian aipatutako kasuren batean egonez gero.

    Hortik aurrera, irakaslegunean argitaratuko da hautaketa-prozesuan zehar izangai bakoitzaren espedientearen inguruko informazio guztia. Irakaslegunean sartzeko, erabiltzailea (NANa) eta pasahitza sartu beharko dira. Interneteko helbide hauetatik sartu ahal izango da irakaslegunera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus

    Hezkuntza Sailak emandako pasahitza baduten izangaiek hori erabili beharko dute aipatutako informazioaren berri jasotzeko (pasahitz hori lehendik izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan daudenek eta beste prozesuren batean parte hartu dutenek). Pasahitza ahaztu edo galdu badute, beste bat lortu ahal izango dute www.irakasle.eus helbidean, «Pasahitza eskuratzea (edo berreskuratzea)» izeneko atalean.

    Izangaiek ez badute pasahitzik, sistemak bat esleituko die prozesuaren informazioa eskuratu ahal izan dezaten; pasahitz hori SMS baten bidez jasoko dute, eskabidean adierazitako telefono mugikorrean, eskabidea betetzen bukatzen dutenean. Izangaiaren NANa izango da erabiltzailea.

    Espezialitate baterako baino gehiagotarako eskabideak aurkeztuz gero, ez da bermatuko izangaiak eskatutako espezialitate guztiei dagozkien probak egin ahal izatea. Espezialitate ezberdinen proben hasiera bat etorriz gero, ez dute atzera jasoko azterketa-eskubideengatiko tasaren kontzeptuan ordaindutako zenbatekoa.

    2. Desgaitasuna duten izangaiek horren berri eman beharko dute eskabidean, dagokion laukian, eta probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez zer egokitzapen behar duten ere adierazi beharko dute, era horretan gainerako izangaien baldintza berberetan jardun ahal izan dezaten. Eskabidean horretarako utzitako eremuan ezin bada behar bezala adierazi zer egokitzapen behar duten, erantsitako orrian adieraziko da. Egokitzapena eskatuz gero, 3.3.1.b) oinarrian adierazitako dokumentua ere aurkeztu beharko dute.

    3. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egin behar duten ala ez adierazi beharko dute. Baldin eta 6.1.1 oinarrian xedatutakoaren arabera salbuetsita badaude, beren-beregi eman beharko dute horren berri eskabidean, eta 3.3.1.c) oinarrian kasu bakoitzerako adierazitako dokumentuak erantsi.

    4. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egin behar dutenek eskabidean adieraziko dute hori eta, baldin eta 2019-2020 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan jasota ez daudenek, 3.3.1.a) oinarrian adierazitako dokumentuak ere aurkeztu beharko dituzte.

    5. «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.h) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen dela egiaztatzeko. Atal hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 11. oinarrian adierazitakoaren arabera.

    Hala ere, baimen hori aurretiaz eman dutenek ez dute aipatutako atala ikusiko eskabidean. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan daudenek eta Euskal Autonomia Erkidegoko karrerako funtzionario direnek aurretiaz eman ahal izan dute baimen hori.

  2. Tasak.

    Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginaren 36. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izena emateko tasa ordaindu beharko du izangai bakoitzak:

    1. 1 azpitaldea: 23,14 euro

    1. 2 azpitaldea: 19,29 euro

      Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak, eta bi moduotako bat aukeratu ahal izango da horretarako:

    1. Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank (BBK-Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoa Donostia Kutxa), BBVA, Santander, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia, La Caixa, Bankoa edo Nafarroako Rural kutxa. Inprimakiek barra-kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz atzemanez.

    2. Online ordainketa: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

      Azterketa egiteko eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik baztertuko da. Ordaindutako zenbatekoa ez badator bat ordaindu behar zenarekin, hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

      Banku-erakundean tasak ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den denboran eta eran, oinarri honetan adierazitako moduan, betetzeko izapidea.

  3. Parte-hatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

    1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko ezarri den epe berean, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

    1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egitea eskatzen dutenek, 2019-2020 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan jasota ez badaude, 2.2.1 oinarrian eskatutako betekizunei dagozkien egiaztagirien fotokopia aurkeztu beharko dute.

      Horrenbestez, azpiatal honetan adierazitako dokumentua ez dute aurkeztu beharko proba egitea eskatu arren ordezpenetarako izangaien aipatutako zerrendan ageri direnek.

      Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, lanbide-kualifikazioaren aitorpen edo homologazioa ere aurkeztu beharko da, 2.2.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz.

      Dokumentazio hori aurkeztu ezean, ezin izango dute egin hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.

    2. Desgaitasuna duten izangaiek egokitzapenak eskatzen badituzte probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez, nahitaez aurkeztu beharko dute daukaten desgaitasun-maila zehazteko organo tekniko eskudunak egindako Irizpen Tekniko Medikoa (dokumentu fede-emailearen bidez egiaztatu beharko dira aitortutako minusbaliotasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak) edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena (ezintasun iraunkor osoa aitortzen duena irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako), hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.

      Aurkeztutako dokumentuen eta eskatutako egokitzapenen arabera, bai eta aplikagarria den araudiaren arabera ere, eskatutako egokitzapenak onartu edo ukatu egingo dira. Erabakia hilabete bateko epean jakinaraziko zaio izangaiari, onartutako eta baztertutako behin-behineko zerrendak onartu zirenetik.

    3. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala espainiera ez bada eta 6.1.1 oinarrian adierazitakoaren arabera gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita geratu nahi badute oinarri horretan aipatutako tituluren bat dutelako, titulu horien fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gainditu eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria.

      Halaber, aurreko deialdietan proba gainditu dutela-eta salbuetsita geratu nahi duten izangaiek proba gaindituta dutela egiaztatuko duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

      Dokumentu horiek aurkeztu ezean, interesdunak ezingo dira salbuetsi, eta, hortaz, 6.1 oinarrian ezarritako proba egin beharko dute.

      2. Deialdi honen 3.3.1 oinarrian adierazitako dokumentuak «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera aurkeztuko dira (eskabidea betetzean lortu ahal izango da).

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

      Dena den, zalantza edo erreklamaziorik sortuz gero, dokumentu horien inguruko beharrezko argibideak eskatu ahal izango ditu Administrazioak.

      Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

  4. Aurkezteko lekua.

    1. Deialdi honen 3.3.1 oinarrian adierazitako dokumentuak («Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaizkio. Helbide hauetan aurkeztu ahal izango dira:

    1. Araban: Zuzenean, Ramiro Maeztu 10, behea - Vitoria-Gasteiz.

      Bizkaian: Zuzenean, Kale Nagusia 85 Bilbao.

      Gipuzkoan: Zuzenean, Andia 13 Donostia / San Sebastián.

    2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako lekuetan, hargatik eragotzi gabe lege horren xedapen iragankorretatik laugarrenean xedatutakoa.

      Dokumentuak posta-bulegoren batean aurkeztu nahi badira, 3.4.2 oinarrian adierazitako helbidea idatzi beharko da gutun-azalean. Irekita eraman beharko da gutun-azala, posta-bulegoko langileak eguna eta zigilua jar ditzan, gutun-azala ziurtatu aurretik. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den egunean aurkeztu dela ondorioztatuko da.

      2. Atzerrian egindako eskabideen dokumentuak tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dira, eta erakunde horiek igorriko dituzte eskumena duen erakundera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Vitoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010).

      Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeko, deialdi honetako 3.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

  5. Eskabideak eta dokumentuak aurkezteko epea.

    Deitutako prozeduran parte hartu nahi dutenek hogei egun naturaleko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, 3.1 oinarrian adierazten den parte-hartzeko eskabidea betetzeko.

    Epe berean aurkeztu beharko dituzte 3.3.1 oinarrian aipatutako dokumentuak, 3.4 oinarrian aurreikusitako lekuetan, «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera.

  6. Bestelako dokumentuak aurkezteko egutegia.

    1. Euskararen hizkuntza-eskakizunaren betekizuna betetzen dela egiaztatzeko egiaztagiria 2.6.2 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko da.

    2. Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko da .

    3. Merezimenduen egiaztagiriak 8.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko dira.

    4. Gainerako baldintza orokorren eta berariazko baldintzen egiaztagiriak 11.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko dira.

  1. Izangaiak onartzea.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du gehienez ere hilabeteko epean, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartutzat emateko, eta zerrenda hori non azalduko den adierazteko.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira, interesdunei jakinarazteko: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («erabiltzailea» eta «pasahitza» sartuz).

    Zerrendan, datu hauek agertuko dira: izangaiak parte hartzen duen txanda edo prozedura eta espezialitatea, eta, baztertutakoen kasuan, baita ere, baztertzeko arrazoiak. Halaber, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba zein izangaik egin behar duten ere adieraziko da.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena adierazitako lekuetan argitaratuta, interesdunei behar bezala jakinarazi zaiela ondorioztatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Erreklamazioak.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; gainera, hala badagokio, zuzendu ahal izango da zerrendatik baztertzea eragin duen akatsa. Halaber, datu pertsonaletan akatsak atzeman dituzten izangaiek akatsak daudela adierazteko aukera izango dute epe horretan.

    Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio, eta 4.1 oinarrian adierazitako ebazpenean esaten diren lekuetan aurkeztuko dira.

    Baldin eta interesdunak ez badu adierazitako epe horretan zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak xedatutakoaren arabera.

  3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

    Aurkeztutako erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu edo ezetsiko dira. Ebazpen horren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartutzat joko da.

    Ebazpena zein behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarako adierazitako leku berberetan argitaratuko dira. Era berean, behin betiko ebazpena, xedapen-zatian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Oinarri honetan aurreikusi den prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, programazio didaktikoa entregatu eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezarritako epeak amaitutakoan, baldintza bi horiek betetzen ez dituztelako baztertu direnen zerrendak argitaratuko dira. Era berean, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiak, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita ez badaude eta proba gainditzen ez badute, baztertuta geratuko dira.

    Oposizio-faseko probak egitera prozesuan onartuta daudenak joan ahal izango dira, bai eta, baztertuta egonik ere, deialdiko ekitaldian ebatzi gabe dagoen gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu izana justifikatzen dutenak ere; azken kasu horretan, izangaiak egindako jarduketak ondoriorik gabe geratuko dira ebazpen espresua edo presuntziozkoa errekurtsoa ezesten bada.

    Bestalde, onartutako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honetan eskatzen diren gainerako betekizunak beteta dituztela aitortzen zaienik. Deialdi honen 11. oinarriak xedatutakoari jarraiki hautatuko diren izangaiek aurkeztu behar dituzten dokumentuak ikusita egiaztatzen bada interesdunen batek betekizunen bat betetzen ez duela, prozedura honetan parte hartzeak eman ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu izangai horrek.

  1. Hautaketa-organoak: Epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.

  1. Hautaketa-organoek egingo dute prozedura honetako parte-hartzaileen hautaketa; hargatik eragotzi gabe 6.1 eta 6.2 oinarrietan, hurrenez hurren, gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko proben balorazio-epaimahaiei dagokionez aurreikusitakoa.

    Nahitaez hartu behar da parte hautaketa-organoetan; hala ere, kontuan hartuko da 5.5 oinarrian abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiei buruz eta 5.2.2 eta 5.4 oinarrietan salbuespen-kasuei buruz aurreikusitakoa.

    Hautaketa-organoetako kideek justifikatu ezin badute zergatik ez diren joan prozeduraren batzar eta ekitaldietara, eraketakora barne, eta organoaren buruak edo Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako titularrak egin badu deialdia, indarrean den araudiaren arabera dagokien erantzukizuna izango dute.

    Organo horien jarduteko prozedurak, une oro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraitu beharko dio.

  2. Epaimahaiak.

    1. Epaimahai kopurua.

    Beharrezko ikusten den beste epaimahai izendatu ahal izango dira, espezialitate bakoitzeko eskatzaile kopuruaren arabera.

    2. Osaera eta izendapena.

    Epaimahaiak bost kidek osatuta egongo dira: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide. Bostek izan beharko dute irakasleen funtzionarioen kidegoetako jarduneko karrerako funtzionario edo hezkuntzako ikuskari. Izangaiek zein kidegotara iritsi nahi duten, kidego horren sailkapen-maila bera edo handiagoa duten kidegoetakoak izango dira kideak, eta gehienak kidego horretakoak izango dira.

    Espezialitatearen printzipioa hartuko da kontuan epaimahaiak osatzeko orduan; horren arabera, kide gehienek epaitu behar duten espezialitateko titular izan beharko dute eta, ahal dela, espezialitate horretan izango dute destinoa gaur egun. Halaber, arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Hezkuntzako sailburuak askatasunez izendatuko du epaimahaiburua. Epaimahaikideak zozketa bidez aukeratuko dira, oinarri honen aurreko bi paragrafoetan aipatzen diren karrerako funtzionarioen artean. Hala ere, espezialitate jakin batean espezialitate horretako titularren kopuru txikiagatik zozketa egiterik ez dagoenean, espezialitate horretako epaimahaikideak Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu zuzenean, haren titular diren karrerako funtzionario guztien artetik.

    Epaimahai bakoitzerako ordezko epaimahai bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    2020ko apirilaren 3an egingo da zozketa, goizeko 10:00etan, Lakua-2 eraikineko 3. gelan (sarrera Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz).

    Hezkuntzako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu epaimahaiak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

    Kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, epaimahaiak besterik erabaki ezean.

    Epaimahaietan parte hartzetik salbuetsita egongo dira, eta, beraz, zozketa-ekitaldian ez dira kontuan hartuko hautaketa-prozeduran zehar honako kasu hauetan dauden karrerako funtzionarioak:

    1. Kidegoan zerbitzu aktiboaz bestelako administrazio-egoera.

    2. Funtzionario irakasleei irekitako Administrazio Orokorreko lanpostuan aritzea.

    3. Zuzendari, ikasketa-buru eta idazkari karguetan aritzea 2019-2020 ikasturtean.

      Halaber, 2020-2021 ikasturtean kargu horiek betetzeko izendatzen diren pertsonak epaimahaietan parte hartzetik salbuetsiko dira, baldin eta zozketa-ekitaldian hautatuak izan badira.

    4. Ikasturte osorako ordaindu gabeko baimena.

    5. Partzialki ordaindutako baimena 2019-2020 ikasturtean.

    6. Lanaldia murrizteko baimena 2020ko ekainaren 30ra arte.

    7. Ordezkaritza sindikaleko eginkizunak betetzeagatiko lizentzia, lanera erabat liberatzea dakarrena.

    8. Amatasunagatiko edo aitatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko lizentzia, edo edoskitzea.

    9. Haurdunaldiko arriskuagatiko lizentzia.

    10. Ezkontzagatiko lizentzia, baldin eta lizentzia horrek hartzeko egun guztiak bat badatoz oposizio-fasearekin.

    11. Aldi baterako ezintasun lizentzia, iraupen luzekoa. Dagokion medikuak emandako aldian behingo gaixotasunagatiko aldi baterako ezintasun-egoerari dagokionez, horrek ez du auzitegietan parte hartzeko betebeharretik salbuesten. Zirkunstantzia horrek eragindako funtzionarioa epaimahaiko titular edo ordezko gisa izendatua izan bada eta hautaketa-prozesua hasi baino lehen alta lortzen badu, hautaketa-prozesuan sartu beharko du.

      Zozketan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak izendatu edo aukeratu badira, horiek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eskatuko diote salbuestea, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bost egun balioduneko epean.

      Era berean, zozketa-ekitaldian ez dira kontuan hartuko epaimahaiburu eta epaimahaikide gisa Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan sartzeko hautaketa-prozeduran (Hezkuntzako sailburuaren 2018ko otsailaren 26ko Aginduaren bidez deitu zen) parte hartu zuten pertsonak; hala ere, parte hartzeko moduan dauden karrerako funtzionarioen kopurua kontuan hartuta espezialitateren batean ezin bada epaimahai osoa izendatu, orduko hartan epaimahaikide izandakoak ere zozketan sartuko dira.

      Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira epaimahai guztietako epaimahaikide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako epaimahaietan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.

      Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.

      Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiengatik, hezkuntza-arloko beste administrazio batzuei eskatu ahal izango zaie espezialitateko edo, hala badagokio, kidegoko funtzionarioak proposa ditzatela epaimahaietako kide izateko. Salbuespen gisa ere, eta justifikatutako arrazoiengatik, beste espezialitate batzuetako funtzionarioekin osatu ahal izango dira epaimahaiak eta, horrelakoetan, aholkulari espezialistak izendatu ahal izango dira, 5.6 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      Epaimahaiak izendatzeko orduan autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-konpetentzia bermatu beharko da.

      3. Borondatezko parte-hartzea.

      Euren borondatez epaimahai batean mahaikide izan nahi dutenek idazkia aurkeztu beharko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, 3.5 oinarriaren arabera eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epe berean. Aipatutako organoak ebatziko ditu eskabideak, kontuan hartuta espezialitatean titularra den, zein destino duen bertan gaur egun eta dagokion espezialitatearen epaimahaiek zein lurralde historikotan izango duten egoitza kasu bakoitzean.

      Borondatezko parte-hartze honetatik salbuesten dira 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan zuzendari, ikasketaburu edo idazkari karguak betetzen dituzten funtzionarioak.

  3. Hautaketa-batzordeak.

    Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta epaimahai bat baino gehiago eratu beharko bada espezialitate baterako edo batzuetarako, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkion espezialitateetarako.

    Espezialitateko epaimahaiburuek osatuko dituzte batzordeok. Gutxienez bost kide izango dituzte batzordeek, eta epaimahaiburuen kopurua bost baino txikiagoa izanez gero, epaimahaikideetara joko da, harik eta bostekoa osatu arte. Honela egingo da:

  1. Lau epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2., 3. eta 4. epaimahaietako buruak eta 1. epaimahaiko idazkaria.

  2. Hiru epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2. eta 3. epaimahaietako buruak eta 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak.

  3. Bi epaimahai badaude:

    Batzordeburua: 1. epaimahaiko burua.

    Batzordekideak: 2. epaimahaiko burua, 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak eta 1. epaimahaiko 1. epaimahaikidea.

    Batzorde horietako burua izango da espezialitateko zenbaki txikiena duen epaimahaiko burua. Hala ere, 10 epaimahai edo gehiago dauden espezialitateetan, Hezkuntzako sailburuak izendatuko du batzordeburua, hezkuntzako ikuskarien kidegoan lanean dauden karrerako funtzionarioen artean.

    Batzordearen atal diren kidegoetan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-batzordeak besterik erabaki ezean.

    Epaimahai bakarra izendatzen den espezialitateetan, epaimahaiak jardungo du hautaketa-batzorde gisa, ondorio guztietarako.

  1. Batzorde barematzaileak.

    Espezialitate bakoitzean egon daitekeen eskatzaile kopuruaren arabera, behar diren batzorde barematzaileak eratuko dira, betiere espezialitateen edo espezialitate-taldeen arabera. Batzordeak gutxienez bost eta gehienez zazpi kidek osatuta egongo dira: batzordeburu bat eta gainerakoak batzordekideak. Batzordeburua hezkuntzako ikuskari bat izango da eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko du. Batzordekideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da, kidegoko eta dauden batzordearen espezialitateko edo espezialitateetako jarduneko karrerako funtzionarioen artean.

    Arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Batzordekideak izendatzeko zozketa epaimahaikideen zozketarekin batera egingo da.

    Batzorde barematzaileei aplikatuko zaizkie Epaimahaiei ezarritako salbuespen-kausak berberak (5.2.2 oinarrian aurreikusitakoak).

    Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira batzorde barematzailetako batzordekide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako batzorde barematzailetan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.

    Salbuespen gisa, nahiz eta aurretiaz adierazitako guztia aplikatu ezin badira batzordekide guztiak izendatu, beste espezialitate batzuetako karrerako funtzionarioekin osatu ahal izango dira batzorde barematzaileak, lurralde-irizpidea ere kontuan hartuz.

    Batzorde barematzaileak izendatzeko orduan autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-konpetentzia bermatu beharko da.

    Batzorde barematzaile bakoitzerako ordezko batzorde barematzaile bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    Hezkuntzako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu batzorde barematzaileak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

    Kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, batzorde barematzaileak besterik erabaki ezean.

    Batzorde horiek Hezkuntza Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzen eta zerbitzuen aholkularitza baliatu ahal izango dute.

  2. Hautaketa-organoetako kideak abstenitzea eta errekusatzea.

    1. Abstenitzea.

    Hautaketa-organoetako kideak esku hartzetik abstenituko dira, eta egiaztagirien bitartez jakinaraziko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusten diren inguruabarren batean badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan lanik egin badute kidego eta espezialitate berean sartzeko hautaketa-probetarako izangaiak prestatzen.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarretan ez daudela agertzeko, esanbidezko deklarazioa eskatuko diete hautaketa-organoetako buruek hautaketa-organoetako kideei. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluko 5. puntuan adierazita dagoen bezala, inguruabar horietakoren bat dagoen kasuetan ez abstenitzeak dagokion erantzukizuna ekarriko du.

    Hamar egun naturaleko epea egongo da abstentzioa eskatzeko, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Organo eskudunak dagokion erabakia hartu beharko du.

    2. Errekusatzea.

    Izangaiek hautaketa-organoetako kideak errekusa ditzakete, hautaketa-prozeduran zehar edozein unetan, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak ematen badira.

  3. Hautaketa-organoak eratzea.

    Buruek deialdia egin ondoren, hautaketa-organoak eratuko dira, izendatutako kide guztiak (titularrak zein ordezkoak) bertan daudela, ahal bada behintzat. Hala ere, eratutzat joko dira burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertan badira.

    Hautaketa-organoak eratu ostean, ahalik eta lasterren bidali beharko dizkiete, guztiek, eratze-aktak (kide guztien sinadurekin) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari.

    Hautaketa-organoak eratu ondoren, honako kide hauek egon beharko dute organoaren jarduera baliozkoa izateko: burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak.

    Epaimahaiek edo, hala badagokio, hautaketa-organoek, aukera izango dute haien lanean aholkulari espezialistak edo laguntzaileak sartzea proposatzeko. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenengoen eginkizuna izango da hautaketa-organoetako kideei aholkuak ematea euren espezialitateko ezagutza eta merezimenduak ebaluatzean. Laguntzaileek, aldiz, organoek esleituko dizkieten laguntza-zeregin teknikoak egingo dituzte. Batzuek zein besteek dagozkien eskumenetako eginkizunak baino ez dituzte egingo. Aholkulari eta laguntzaileek esleitu zaien eginkizunerako behar den lanbide-gaitasuna izan beharko dute.

  4. Hautaketa-organoen eginkizunak.

    1. Epaimahaiei dagokie:

    1. Hautaketa-prozesuko faseak garatzea, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

    2. Oposizio-faseko probak kalifikatzea, VIII. eranskinean adierazitako baloratzeko irizpideei jarraituz.

    3. Lehiaketa-faseko merezimenduak baloratzea.

    4. Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak, halako batzorderik ez badago.

    5. Hautagaiak hautaketa-prozeduratik kanpo uztea, ariketak egiten ari direla, proba normaltasunez egitea eragozten duen iruzurrezko edozein jarduera egiten badute, betiere berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioekin bat etorriz.

      Epaimahaiburuak egitate horien berri emango dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta dagokion bilkura-aktan jasoko du.

      Hautaketa-prozesutik kanpo uzteko epaimahaiak hartutako erabakiaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    6. Baztertzeko proposamena, zeina Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko baitiote, baldin eta jakiten badute izangairen batek ez dituela deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak. Baztertzearen aurretik, entzunaldia emango zaio, eta, era berean, berak hautaketa-probetan onartzeko eskaeran egindako zehaztugabetasunak edo faltsutasunak jakinaraziko zaizkio, bidezkoak diren ondorioetarako. Kasu horretan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena eman arte, hautaketa-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du, baldintzapean. Baztertzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

      2. Hautaketa-batzordeei dagokie:

    1. Epaimahaien arteko koordinazioa.

    2. Epaimahaien jarduera-irizpideak zehaztu eta homogeneizatzea.

    3. Proba praktikoaren edukia nola zehaztuko den erabakitzea, deialdi honetako VII. eranskinean zehazten diren premisak kontuan izanda.

    4. Lehiaketa-faseko puntuak epaimahaiek oposizio-fasean emandako puntuei batzea, izangaiak ordenatzea eta lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituzten izangaiak aditzera ematea.

    5. Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituztenen izangaien zerrendak egin eta onestea, eta zerrenda horiek deialdia egin duen organoari helaraztea.

      Hautaketa-prozedurak garatu bitartean, epaimahai bakarrek edo, hala badagokio, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.

      3. Batzorde barematzaileei dagokie: I. eranskineko III.1 eta III.2 ataletako eta II. eranskineko II., III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 ataletako merezimenduak baloratzea, epaimahaiek delegatuta.

  5. Beharrezkoa izanez gero, hautaketa-organoek bidezko diren neurriak hartuko dituzte desgaitasunak dituzten izangaiek gainerako parte-hartzaileen aukera berak izan ditzaten ariketak egiterakoan. Horretarako, desgaitasunak izan eta 3.1.2 oinarrian aurreikusten den moduan egindako eskabidea onartzen zaien pertsonentzat, ariketak egiteko dagoen denborari eta baliabideei dagozkien egokitzapenak ezarriko dira, betiere baldin eta egokitzapen horiek probaren edukia desnaturalizatzen ez badute eta desgaitasun horiek bateragarriak baldin badira irakasle-lanean normaltasunez aritzearekin.

  6. Beste organo batzuen lankidetza: Koordinatzaileak.

    Epaimahaiek eta hautaketa-batzordeek koordinatzaileen laguntza izango dute. Hezkuntzako ikuskariak izango dira, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko ditu. Aipatutako hautaketa-organoei koordinazioa eta administrazio-laguntza eskaintzea izango da koordinatzaileen zeregina. Funtzio horien garapenean, prozedura era egokian garatzen dela zainduko dute, eta horretarako epaimahaiekin eta hautaketa-batzordeekin elkarrekin lan egingo dute: orientabideak emango dituzte prozeduraren administrazio-kudeaketaren eta antolaketaren inguruan, proba praktikoa egin eta ebaluazio irizpideak aplikatzeko, etab.; tresnak eskainiko dizkiete, prozeduran zehar gerta daitezkeen zailtasunak edo ezbeharrak ebazteko; laguntza emango diete, epaimahaien lanean, jardueretan eta erabakietan irizpide-homogeneotasuna bultzatzeko, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatzen lagunduko dute une oro.

  7. Kalte-ordainak eta dietak.

    Agindu honen bidez deitu diren prozeduretan parte hartuko duten epaimahai, hautaketa-batzorde, batzorde barematzaile, koordinatzaile, aholkulari espezialistek eta laguntzaileek eskubidea izango dute Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zehaztutako kalte-ordainak jasotzeko.

1. ATALA

AURREKO PROBAK

  1. Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.

    Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko eta euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probekin hasiko da hautaketa-prozedura, probak egin behar dituzten izangaien kasuan.

  1. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaientzat.

    1. Oposizio-faseko probak egin aurretik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko. Proba hori baloratzeko epaimahaia izendatuko duen ebazpenean zehaztuko dira probaren lekua, data eta ordua.

    Dena den, proba egitetik salbuetsita daude honako tituluren edo ziurtagiriren bat dutenak (eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute horren egiaztagiria):

    Espainieraren Goi Mailako Diploma edo espainieraren C2 mailako diploma, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarria eta otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua.

    Atzerritarrentzako espainierako gaitasun-ziurtagiria edo maila aurreratuaren ziurtagiria, hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak.

    Filologia hispanikoan edo erromanikoan lizentziadun titulua edo gradu-titulu baliokidea.

    Kidegora sartzeko alegatutako titulua, Espainiako estatuan edo, bestela, hizkuntza ofiziala espainiera duen estaturen batean igorri eta egindakoa.

    Era berean, salbuetsita daude Espainiako nazionalitatea ez duten baina hizkuntza ofiziala espainola duen herrialderen batekoak diren pertsonak, baita proba hau aurreko deialdiren batean gainditu izana egiaztatzen dutenak ere.

    2. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko probaren edukia izangaiei egindako deialdian zehaztuko dute epaimahaiek. Horretarako, aintzat hartuko da urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (BOE, azaroaren 8koa), Atzerriko Hizkuntza gisa Espainieraren Goi Mailako Diploma arautzen duena, otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua.

    3. Epaimahaiburu batek eta lau kidek osatuko duten epaimahaiak baloratuko du atal honetan aipatzen den proba. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu epaimahaikideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen kidegoetako (Gaztelania eta Literatura espezialitatekoak) edo hizkuntza-eskola ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen kidegoetako (Atzerritarrentzako espainiera espezialitatekoak) jarduneko funtzionarioen artean, betiere, egungo destinoa espezialitate horietan baldin badaukate.

    Ordezko epaimahai bat ere izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    4. Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.

    Proba bukatu eta kalifikatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena egingo du emaitzen argitalpena onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den emaitza horiek dituen zerrenda.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Behin-behineko emaitzen aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, hiru egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko dira, behin-behineko emaitzetarako adierazitako leku beretan.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    5. Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, izangairen bat probara aurkezten ez bada edo, aurkeztuz gero, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badu, hautaketa-prozesutik baztertuko da.

  2. Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.

    1. Deialdi honen 2.6.1 oinarrian adierazitakoaren arabera, irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna izatearen baldintza, deialdi honetan horretarako berariaz egingo den proba gaindituz egiaztatu daiteke. Proba horretan onartua izateko, 3.1.4 eta 3.3.1.a) oinarrietan ezarritako betekizunak bete beharko dira.

    2. Proba horren edukia, forma eta probak baloratzeko modua ezartzeko, araudi hauetan ezarritakoa beteko da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Agindua eta Hezkuntzako sailburuordearen 2019ko azaroaren 20ko Ebazpena, 2020. urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten duena (EHAA, 2019ko abenduaren 5ekoa).

    3. Aurreko puntuan adierazitako araudiaren arabera izendatutako epaimahaiek baloratuko dute proba hori.

    4. Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.

    5. Proba amaitu eta kalifikatu ondoren, Interneteko helbide honetan argitaratuko dira emaitzak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/, "Euskara" atala. Emaitzak argitaratu eta hiru egun balioduneko epean, interesdunek idatzizko erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, kalifikazioa berrikusteko; horretarako, dagokion azterketako epaimahaiburuari egin beharko diote erreklamazioa.

    6. Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez daukaten izangaiak, salbuetsita ez dauden izangaiak edo 2.1.f) oinarriak aurreikusi duen erregimen iragankorraren arabera egiaztatzetik salbuetsita ez daudenak, probara aurkezten ez badira edo, aurkeztuz gero, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badute, hautaketa-prozesutik baztertuko dira.

    2. ATALA

    OPOSIZIO-FASEKO PROBEN DEFINIZIOA ETA EZAUGARRIAK.

  1. Oposizio-fasea.

  1. Txanda irekiaren eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandaren oposizio-faseen ezaugarriak.

    Oposizio-fasean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak, gaitasun pedagogikoa eta aditua izatea irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren tekniketan.

    Oposizio-faseak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egongo da egituratuta. Proba guztiak kanporatzaileak izango dira.

    1. Lehenengo proba.

    Helburua izango da aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea. Bi zati izango ditu, eta batera baloratuko dira bi zatiak.

    Lehenengo proba honen bi zatiak saio berberean egin ahal izango dira.

    1.1. A zatia: proba praktikoa izango da, izangaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa dutela eta trebetasun teknikoetan (epistemologikoak, curriculumekoak eta didaktikoak) adituak direla frogatzeko.

    1. eranskinean aurreikusitakoan oinarrituta prestatuko da proba praktikoaren edukia.

      Proba praktikoa idatziz egiten denean, izangaiek hiru ordu izango dituzte, gehienez, proba egiteko. Idatziz egiten ez denean (trebetasun instrumentalen edo teknikoen erakustaldi praktikoa eskatzen duten espezialitateak direlako), proba egin baino lehen dagokion epaimahaiak iragarki-taulan adieraziko duena beteko da.

      1.2. B zatia: epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik izangaiak gai bat aukeratu eta garatu beharko du idatziz. Gai-kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

      1. 25 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu beharko da.

      2. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

      3. 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.

        Zati hau prestatzeko, V. eranskinean zehaztutako gaiak aplikatuko dira.

        Izangaiek bi ordu izango dituzte B zatia egiteko.

        Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 10.1.h) artikuluan ezarritakoa betetzeko, Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu ziurtatzeko lehenengo probako idatzizko ariketak era anonimoan zuzendu eta baloratuko direla. Ondorioz, idatzizko ariketa baliogabetuko da baldin eta izangaia identifikatu dezakeen edozein izen, marka edo seinale badu; eta 0 puntu emango zaio.

        2. Bigarren proba.

        Helburua izango da izangaiaren gaitasun pedagogikoa frogatzea, eta ikustea ea aditua den irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren tekniketan. Proba horretan, izangaiak programazio didaktiko bat aurkeztu, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu beharko du.

        2.1. A. Programazio didaktiko bat aurkeztea.

        Programazio didaktikoa EAEn indarrean den eta parte hartzen den espezialitateari lotutako gai edo eremu baten curriculumari buruzkoa izango da edo, hala eskatzen duten planteamendu metodologikoak erabiliz gero, hainbat gai edo eremurenak, horietako bat izango dela parte hartzeko aukeratu den espezialitatearekin lotutakoa. Bertan, honako alderdi hauek azaldu beharko dira: helburuak (edo ikaskuntzaren emaitzak, lanbide-heziketako espezialitateen kasuan), edukiak, ebaluazio irizpideak eta adierazleak, metodologia, baliabide didaktikoak, etengabeko ebaluaziorako prozedura eta tresnak, zeharkako nahiz diziplinazko oinarrizko konpetentziak eskuratzeari egiten dion ekarpena, kasuan kasuko lanbide-profilari berez dagozkien konpetentzia-atalekin lotutako amaierako gaitasunak eskuratzeari egiten dion ekarpena, bai eta dibertsitateari ematen dion erantzuna ere, bereziki azpimarratuz hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak, gaitasun handietakoak barne, eta genero ikuspegia kontuan hartuta. Programazio didaktikoa bera ebaluatzeko estrategiak ere jasoko dira.

        Izangaiak ikasturte bat garatuko du programazioan, espezialitate horretako irakasleek emateko eskumena duten hezkuntza-maila edo -etapa bateko ikasturte bat. Gainera, VI. eranskinean aipatu den araudiak araututako indarreko curriculumak hartu beharko dira kontuan. Edonola ere, programazioan beti jaso behar dira hautatutako maila edo ikasturterako arauak ezartzen dituen gutxieneko curriculum-elementu guztiak.

        Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko izangaien kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren, Batxilergoaren edo Lanbide Heziketako heziketa-zikloen etapari buruzkoa izan daiteke.

        Hezkuntza-orientabideko espezialitatean, izangaiek, programazio didaktikoaren ordez, Orientazio eta Tutoretza Ekintza Plan bat egin dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Instituturen batean kokatuta, edo esku-hartze programa bat hezkuntza-orientabideko edo orientabide psikopedagogikoko talde batean. Kasu horietan, bai Plana bai Programa espezialitatearen gai-zerrendarekin lotutako esku-hartze plan espezifikoetan antolatu beharko dira. Orientazio eta Tutoretza Ekintza Plana eta Esku-hartze Programa VI. eranskinean zerrendatutako araudian ezarritako curriculum-edukietako edozeini buruzkoak izan daitezke.

        Programazio didaktikoak gutxienez 40 orri izango ditu, eta gehienez 60; DIN-A4 formatuan aurkeztu behar da, alde bakarretik idatzia. 9 unitate didaktiko izan beharko ditu gutxienez, eta zenbakituta eta garatuta egon beharko dute lehenago aipatutako alderdi bakoitzari dagokionez. Unitate didaktikoen barruan, proiektuak, egoera-arazoak, lan-unitateak, erronkak eta abar sar daitezke. Ez da eranskinik sartuko. Programazio didaktikoaren azala, aurkibidea eta erreferentzia bibliografikoak ez dira 40-60 folioen barruan zenbatuko.

        Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian ezarritakoaren arabera emango zaio epaimahaiari, eta izangaiari programazioa defendatzeko deitzen zaionean defendatuko du epaimahaiaren aurrean. Proba hau ezin denez era anonimoan zuzendu, nahiz eta programazioan izangaia identifikatzeko moduko daturen bat azaldu, ez da aplikatuko lehenengo probarako adierazi den baliogabetze-irizpidea.

        Programazio didaktikoa aurkezteko eta defendatzeko (publikoa izango da), izangaiek ezin izango dute material osagarririk erabili, salbu haiek entregatutako programazio didaktikoaren kopia berdin-berdina, idatzoharrik, azpimarrapenik, oharrik, azalpenik edo entregatutako dokumentuan jasota ez dauden bestelako elementurik gabe.

        2.2. B. Unitate didaktiko bat prestatzea eta ahoz azaltzea.

        Prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz azalduko den unitate didaktikoa izangai bakoitzak aurkeztutako programazioarekin lotuta egon daiteke, edo espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik landuta; izangaiak berak hautatuko du.

        Lehenengo kasuan, izangaiak berak bere programaziotik ausaz aterako dituen hiru unitate didaktikoren artetik bat aukeratuko du.

        Bigarren kasuan, espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik izangaiak ausaz ateratako hiru gairen artetik bat aukeratuko du.

        Unitate didaktiko hori egitean, honako hauek zehaztu beharko dira, gutxienez: harekin lortu nahi diren ikaskuntza-helburuak, garatu beharreko konpetentzia edo gaitasun terminalak, edukiak, planteatuko diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak, ikasgelaren edo beste ikaskuntza-espazio baten metodologia eta antolamendua, erabili beharreko baliabide didaktikoak, ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak, ikasleak ebaluatzeko eta haien jarraipena egiteko prozedurak eta tresnak, errekuperaziorako estrategiak, hala badagokio, lortu ez diren helburuenak eta unitate didaktikoa bera ebaluatzeko prozedurak.

        Hezkuntza-orientabideko espezialitatean (baldin eta aukeratu bada Orientazio eta Tutoretza Ekintza Plan bat egitea edo esku-hartze programa bat hezkuntza-orientabideko edo orientabide psikopedagogikoko talde batean egitea), unitate didaktikoa Orientazio eta Tutoretza Ekintza Planean edo esku-hartze programan jasota dauden esku-hartze plan espezifikoetako bati buruzkoa izango da.

        Lanbide Heziketako espezialitateetan, unitate didaktikoa lan-unitateei buruzkoa izan daiteke, eta dagokion lanbide-profilari dagozkion gaitasun-unitateei lotutako gaitasun terminalekin erlazionatu beharko da.

        Unitate didaktikoa prestatzeko, izangaiak ordu bat eta hamabost minutu izango ditu. Prestatzeko eta ahoz azaltzeko (publikoa izango da), azaltzeko lagungarri zaion material osagarria erabil daiteke, zeina izangaiak berak eraman beharko baitu (ordenagailu eramangarria, telefono mugikorra, eta abar). Interneterako konexioa baimenduko da, baina probaren zati hau ondo funtzionatzeko beharrezko diren tresnak izangaiak berak ekarri beharko ditu. Halaber, gidoi bat ere erabil dezake izangaiak (ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa); proba amaitutakoan, epaimahaiari entregatu behar dio gidoia.

        2.3. Bigarren probaren garapena.

        Bigarren proba honek ordubete eta hamabost minutu iraungo du gehienez, eta honela banatuko da:

        Programazio didaktikoaren ahozko aurkezpena eta defentsa eta unitate didaktikoaren ahozko azalpena: ordu bat.

        Hasteko, aldez aurretik entregatutako programazio didaktikoa aurkeztu eta ahoz defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Horretarako, izangaiek gutxienez hogei minutu eta gehienez hogeita hamar minutu izango dituzte. Ondoren, epaimahai beraren aurrean, eta parte hartzeko gehieneko epea (ordubete) bete arte, unitate didaktikoaren ahozko azalpena egingo da.

        Izangaiaren parte-hartzea amaitutakoan, epaimahaiak galderak edo jarduketak egin ahal izango dizkio azalpenaren edukiari edo haren ariketa praktikoari buruz, eta eztabaida horrek ezin izango du hamabost minutu baino gehiago iraun.

        3. Hizkuntza modernoetako espezialitateen proba guztiak dagokion hizkuntzan egingo dira osorik.

  2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko oposizio-fasearen ezaugarriak (Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa).

    Proban, izangaiak gaiari buruz dituen ezagutzei eta haren baliabide didaktiko eta pedagogikoei erreparatuko zaie. Bi zatitan banatuko da:

    Lehenengo zatia: epaimahaiak, ausaz, zortzi gai aukeratuko ditu V. eranskinean adierazitako kidego eta espezialitateari dagokion gai-zerrendatik, eta izangaiak zortzi gai horietatik bat aukeratu eta ahoz azalduko du. Azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egingo du izangaiak, askatasunez aukeratuko duen ziklo edo maila zehatz bati buruz. Izangaiak daukan titulazio akademikoa eta bete nahi duen espezialitatea bat etorriz gero (IX. eranskinean adierazitakoaren arabera), epaimahaiak ausaz aukeratutako bederatzi gairen artean aukeratu beharko du bat izangaiak. Izangaiak daukan titulazioa ez badago Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan, izangaiak aurkeztu beharko du lehiaketa-aldiko merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko ezarritako epean eta eran (8. oinarria).

    Izangaiak daukan titulazio akademikoa ez bada agertzen aipatutako IX. eranskinean, bat datorren aztertu beharko da. Horretarako, aintzat hartuko dira izangaiak unibertsitate-karreran izan dituen ikasgaiak eta dagokion espezialitateko irakasle titularrek esleituta daukaten gai-curriculuma. Helburu horrekin, batzorde bat izendatuko da, eta honako hauek izango ditu kide:

    Burua: Langileak Kudeatzeko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

    Kideak:

    Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako ordezkari bat.

    Hezkuntzako ikuskatzaile bat.

    Izangai bakoitzak ordubeteko prestaketa-denbora izango du, eta azalpen horretarako lagungarri zaion material osagarria erabili ahal izango du. Material hori berak eraman beharko du (ordenagailu eramangarria, telefono mugikorra, etab.). Interneterako konexioa baimenduko da, baina probaren zati hau ondo funtzionatzeko beharrezko diren tresnak izangaiak berak ekarri beharko ditu. Halaber, gidoi bat ere erabil dezake izangaiak (ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa); proba amaitutakoan, epaimahaiari entregatu behar dio gidoia.

    Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.

    Bigarren zatia: ariketa praktiko bat izango da. Ariketa horrek 7.1.1.1. oinarrian txanda irekirako eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandarako deskribatu direnen ezaugarri berberak izango ditu.

    Hizkuntza modernoetako espezialitateen proba dagokion hizkuntzan egingo da osorik.

  3. Oposizio-fasearen egutegia eta garapena.

    1. Programazio didaktikoa entregatzea.

    2020ko apirilaren 29tik maiatzaren 11ra bitartean, hautaketa-prozedurarako onartuta dauden izangaiek, Agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), programazio didaktikoa entregatu beharko dute.

    Interneteko helbide hauetakoren batean entregatu beharko dira programazio didaktikoak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira). Bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har ezarritako bideren bat erabili beharko da, hargatik eragotzi gabe lege horren laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa.

    Programazio didaktikoak formatu elektroniko hauetako batean entregatu beharko dira:

    Microsoft Office 2019 edo aurrekoren bat.

    Libre Office 6 edo aurrekoren bat

    Portable Document Format (PDF).

    Programazio didaktikoa entregatu ondoren, frogagiria inprimatu beharko da, horixe izango baita dokumentua entregatu izana egiaztatzeko agiria. Frogagiri horretan, izangaiaren NANa eta izangaia identifikatzen duen eskabide-zenbakia agertuko dira, baita dokumentua zein data eta ordutan entregatu den ere.

    Espezialitate bererako programazio didaktiko bat baino gehiago entregatuz gero, aurkeztutako azkena besterik ez da kontuan hartuko. Erregistroan begiratuko dira entregen data eta orduak, azkena zein den zehazteko.

    Entregatutako programazio didaktikoa eskatutako betekizun formaletara ez egokitzearen ondorioa 7.4.1.2 oinarrian zehazten da, bigarren probaren kalifikazioari buruzkoan.

    Bestalde, programazio didaktikoa epe barruan entregatzen ez duten pertsonek galdu egingo dute hautaketa-prozeduran parte hartzen jarraitzeko eskubidea, eta baztertu egingo dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, programazio didaktikoa ez entregatzeagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den ikusgai zerrenda hori.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Aurkeztutako erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez onartu edo ezetsiko dira. Ebazpen horren bidez, programazio didaktikoa ez aurkezteagatik baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartutzat joko da. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote hautagaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarako adierazitako leku berberetan argitaratuko dira. Era berean, behin betiko ebazpena, xedapen-zatian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Oposizio-faseko probak egitera prozesuan onartuta jarraitzen dutenak joan ahal izango dira, programazio didaktikoa entregatu ondoren, bai eta, baztertutzat agertzen badira ere, deialdiko ekitaldian gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dutela egiaztatzen dutenak, ebazteko zain.

    2. Oposizio-faseko proben garapena.

    Oposizio-fasea 2020ko ekainetik aurrera hasiko da. Maiatzeko bigarren hamabostaldian, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira epaimahaien egoitzak, bai eta oposizio-fasea egiteko lekuak eta datak ere.

    Ariketa kolektiboetan parte hartzeko deialdia jaso duten pertsonak azterketa lekuan agertu beharko dira ezarritako data eta orduan. Banakako ariketen kasuan, egun bakoitzerako deialdia jaso duten pertsonak epaimahaiak ariketak hasteko ezarri duen orduan agertu beharko dira.

    Epaimahaiek banakako probak lehendabizi egin behar dituzten izangaien zitazioak iragarriko dituzte, eta egokitzat jotzen diren beste gai batzuk ere; iragarpen horiek probak egingo diren ikastetxeetako iragarki-tauletan jarriko dituzte. Era berean, informazio moduan, dagokion epaimahaiko «Iragarki-taulan» ere argitaratuko dira, Interneteko helbide honetan: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartuz) «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» (Kidegoa eta Espezialitatea aukeratu) «Epaimahaiak» «Oposiziogileari esleitutako epaimahai-zenbakia» klikatu «Iragarki-taula».

    Behin epaimahaien aurrean banakako jarduketak hasita, izangaientzako hurrengo deialdiak ere probak egingo diren ikastetxeetan iragarri beharko dira, hasi baino hogeita lau ordu lehenago, gutxienez. Era berean, informazio-ondorioetarako, Interneteko helbide horren bidez argitaratuko dira: http://www.irakasle.eus

    Izangaiek epaimahaien aurrean banakako probetan jarduteko ordena zehaztean, kontuan hartuko da zer prozeduratan eta zer txandatan hartzen duten parte. Hortaz, proba aurrena egingo dutenak izango dira goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartzen dutenak, eta, ondoren, txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzen duten izangaiek egingo dute proba azken bi txanda horietakoek batera egingo dute. Txanda horien barruko ordenari dagokionez, izangaien abizenen alfabeto-ordenari jarraituko zaio, L letratik hasitako abizena duen lehenengo pertsona izanik lehena, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara eman zen 2019-2020 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan -baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere- alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letra zozketaren emaitza.

    Izangaien lehenengo abizena aipatutako letraz hasten ez den kasuetan, hurrengo letrarekin edo letrekin hasiko dute epaimahaiek jarduketen ordena. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die izangaiei identifika daitezela; horretarako, izangaiek NANa edo jatorriko herrialdeko antzeko dokumentu bat, pasaportea edo titularraren argazkia duen gidabaimena aurkeztu beharko dute.

    3. Sindikatuei hautaketa-prozesuaren jarraipen egokia egiteko behar duten informazioa eta/edo dokumentazioa emango die Hezkuntza Sailak.

  4. Oposizio-fasearen kalifikazioa.

    Epaimahaiek, oposizio-faseko probak kalifikatzeko, VIII. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideak hartuko dituzte kontuan.

    Epaimahaikide guztien irizpideek bateratzeko eta ebaluazioa ahalik eta objektiboena izateko, behar diren errubrikak erabiliko dira ebaluatu beharreko konpetentzia bakoitzerako.

    1. Txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.

    1.1 Lehenengo proba (A eta B zatiak).

    Proba hau 0 eta 10 puntu artean baloratuko da; proba osatzen duten bi zatiei dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio hori. Probaren A zatia eta B zatia 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko dira, eta honela haztatuko dira:

    1. A zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,7 egingo da.

    2. B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,3 egingo da.

      Proba gainditzeko, zati bakoitzean lortutako puntuazioak horiei esleitutako puntuazioaren % 25ekoa edo gehiagokoa izan beharko du, eta guztizko puntuazioak (bi zatien puntuazio haztatuen baturak) bost puntu edo gehiagokoa izan beharko du.

      1.2. Bigarren proba.

      Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; proba osatzen duten bi zatiei (A eta B) dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio global hori, honela haztatuta:

    1. A zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,4 egingo da.

    2. B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,6 egingo da.

      Aukera-berdintasuna bermatze aldera, bigarren probako A zatiak 0 puntu izango ditu, baldin eta epaimahaiak ikusten badu programazio didaktikoa ez datorrela bat betekizun formal hauekin:

      40 orri gutxienez eta 60 gehienez.

      DIN-A4 formatua

      Alde bakarretik idatziak

      Gutxienez 9 unitate didaktiko

      Bigarren proba gainditzeko, izangaiek 5 puntu edo gehiagoko puntuazio global haztatua lortu beharko dute.

      1.3. Oposizio-faseari dagokion kalifikazioa fase hau osatzen duten bi zatietan lortutako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izango da, izangaiak bi zatiak gainditu dituenean.

      2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedura.

      Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; proba osatzen duten bi zatiei dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio global hori, honela haztatuta:

    1. Lehenengo zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da.

    2. Bigarren zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da

      Proba gainditzeko, izangaiek 5 puntu edo gehiagoko puntuazio global haztatua lortu beharko dute.

      Epaimahaiak, balorazioa egiteko, izangaiak gaiari buruz dituen ezagutzak, baliabide didaktikoak eta baliabide pedagogikoak hartuko ditu kontuan.

      3. Izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortutako puntuazioa epaimahaian dauden kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoaren bidez finkatuko da. Epaimahaian dauden kideek emandako puntuazioetan hiru puntu edo gehiagoko aldea badago, kalifikazio altuena eta baxuena ez dira kontuan hartuko, eta gainerako kalifikazioekin egingo da batezbestekoa.

  5. Oposizio-fasean lortutako kalifikazioak argitaratzea.

    Proba bakoitza amaitutakoan, jakinarazteari begira, epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean ipiniko dituzte epaimahaiek izangaiek lortutako kalifikazioen behin-behineko zerrendak. Halaber, dagokion epaimahaiko «Iragarki-taulan» kontsultatu ahal izango dira, Interneteko helbide honetan: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» (Kidegoa eta Espezialitatea aukeratu) «Epaimahaiak» «Oposiziogileari esleitutako epaimahai-zenbakia» klikatu «Iragarki-taula».

    Kalifikazio horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek dagokien epaimahaiari, bi egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazioak epaimahaiburuari bidaliko zaizkio, eta epaimahaiaren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute epaimahaiek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, epaimahaiek kalifikazioen behin betiko zerrendak jakinaraziko dituzte, aipatutako tokietan; puntuazioak aldatu ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.

    Ondoren, oposizio-fasean lortutako guztizko kalifikazioak argitaratuko dira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez. Kalifikazio horiek lortzeko, batezbesteko aritmetikoa egingo da fase hori osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioekin, proba guztiak gainditu direnean. Interneteko helbide honetan kontsultatu ahal izango dira: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» Kidegoa eta Espezialitatea adierazi behar dira «Emaitzak» «Oposizioko nota» «Alfabetikoa» / «Puntuz».

    Guztizko kalifikazio horien aurka ez dago errekurtsoa aurkezterik; interesdunek, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute deialdi honen 10.3.2 oinarrian aurreikusten den azken ebazpenaren aurka.

  6. Oposizio-fasea gainditu duten izangaiek lortutako puntuazioak jakinaraziko dizkiote epaimahaiek hautaketa-batzordeari, batzorde horrek lehiaketa-faseari dagozkion kalifikazioak batu ditzan, 9. oinarriak aipatzen duen puntuazio globala lortzearren.

  1. Dokumentuak entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.

  1. Lehiaketa-fasea I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduei puntuazioa esleitzean datza.

    2020ko apirilaren 29tik maiatzaren 11ra bitartean, hautaketa-prozeduran onartuta dauden izangaiek, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte (jatorrizkoak edo fotokopiak), oinarri honetan eta aipatutako eranskinetan aurreikusitakoaren arabera.

    Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko betekizun gisa alegatutako tituluaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratu ahal izateko, titulua atzerrian lortu duten izangaiek, merezimenduak aurkezteko epea agortu ondoren, beste hogei egun natural izango dituzte titulua eman zuen herrialdeko Hezkuntza Administrazioak karrera osoan lortutako kalifikazioen batez besteko notaren ziurtagiria eman dezan. Horrez gain, Espainiako kalifikazioekiko baliokideak zehazteko, atzerriko sistema akademiko horretan lor daitezkeen kalifikazio gorenak zein diren ere adierazi beharko du.

    Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte burututako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

    Izangai bakoitzak gehienez ere 10 puntu jaso ditzake lehiaketa-fasean bere merezimenduak baloratzean.

  2. Agindu honen I. eta II. eranskinetan merezimendu hauek daude: inola ere ez ofizioz zenbatesten direnak, bai eta ofizioz zenbatesten direnak ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan badaude (ofizioz zenbatesten direnean, dagokion merezimenduen ataletan espresuki adierazten da, aipatutako eranskinetan). Jasota dauden merezimenduak kontsultatu behar dira, horretarako, www.irakasle.eus helbidera jo behar da («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) «Espediente Pertsonala», atal hauetan:

    Zerbitzu-orria.

    Tituluak (atal honetan, espediente akademikoaren batez besteko nota ere agertu ahal izango da).

    PREST_GARA ikastaroen eta homologatuen ziurtagiriak lortzea.

    Zuzendaritza-karguak (goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedurarako).

    Halaber, ikastaroak ere kontsulta daitezke Interneteko helbide berean: «Administrazio-izapideak» atalean «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Norberari egokitutako kontsultak».

    www.irakasle.eus helbidera sartzeko erabili beharreko pasahitza izango da izangaiak beste prozesu batzuetan (ordezpenetarako izangaien zerrendak, etab.) parte-hartzeagatik daukana; edo, pasahitzik ez dutenentzat, eskabidea betetzerakoan sistemak berak sortu duena, 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

  3. Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

    Administrazioak eskubidea izango du edozein unetan behar diren azalpenak eta dokumentuak eskatzeko, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak edo erreklamazioak ebazteko.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

    Salbuespen gisa, hizkuntza modernoetako espezialitateetan, eta bakar-bakarrik ondoren adierazten diren merezimenduei dagokienez, dagokion hizkuntzan aurkez daitezke egiaztagiriak:

  1. Izangai bakoitzari dagokion puntuazioaren esleipena, epaimahaiek delegatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren Unitateek egingo dute, I. eranskineko III.1 eta III.2 ataletako eta II. eranskineko II, III.2.1, III.2.2 y III.2.3 ataletako merezimenduak izan ezik. Azken horiek batzorde barematzaileek baloratuko dituzte.

  2. Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioak argitaratzea.

    1. Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko I eta II atalak eta III.3 eta III.4 azpiatalak eta II. eranskineko I atala eta III.1 eta III.2.4 azpiatalak (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako unitateek barematuak).

    Espezialitate guztietako izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrenda 2020ko uztaileko lehenengo hamabostaldian argitaratuko da. Argitaratzeko data zehatza aldez aurretik iragarriko da Hezkuntza Sailaren web-orri hauetan: http://www.irakasle.eus eta http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/

    Lortutako puntuazioen behin-behineko zerrenda hemen argitaratuko da:

    http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira): «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» adierazi kidegoa eta espezialitatea «Emaitzak» «Lehiaketa-aldia Partziala».

    Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta lurralde historiko bakoitzeko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu beharko dira.

    Puntuazioen behin betiko zerrenda, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrenda bezala argitaratuko da.

    2. Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko III.1 eta III.2 azpiatalak eta II. eranskineko II atala eta III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 azpiatalak (batzorde barematzaileek barematuak).

    Espezialitate bakoitzeko izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrendak dagokion batzorde barematzaileak argitaratuko ditu 2020ko uztaileko lehenengo hamabostaldian; argitaratze-data zehatza espezialitate bakoitzean barematu behar diren izangai kopuruaren arabera eta, ondorioz, baremazio-lana amaituko den dataren arabera izango da.

    Behin-behineko zerrendak, lortutako puntuazioekin, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileak argitaratuko ditu bere "Iragarki-taulan":

    http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira): «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» adierazi kidegoa eta espezialitatea «Baremazio-Batzordeak» adierazi batzorde zk. «Iragarki-taula».

    Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrendak argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek dagokion espezialitateko batzorde barematzailearen buruari zuzenduko zaizkio, eta batzorde horren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute batzorde barematzaileek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.

    Puntuazioen behin betiko zerrendak, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrendentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.

    3. Behin betiko puntuazioen aurka, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu; hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute interesdunek 10.3.2 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

    4. Irakaskuntza-kidegora sartzeko prozeduran (txanda irekiko eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txanda), oposizio-faseko lehenengo proba gainditu duten izangaien merezimenduengatik esleitu zaizkien puntuazioak barematu eta argitaratuko dira. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduraren kasuan, izangai guztiei esleitutako puntuazioak barematu eta argitaratuko dira.

  3. Lehiaketa-fasean lortutako kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten izangaiei soilik aplikatuko zaie.

  4. Izangaiek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko III.1 atalean eta II. eranskineko III.2.1 atalean «Argitalpenak» barematzeko aurkeztu zituen dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, prozesua amaitu ondoren, betiere izangairen batek erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa. Dokumentuak epe horretan jasotzen ez badira, horiek berreskuratzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta jasotzeko eskubidea galduko da.

  1. Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.

    Puntuazio globala da oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen batura, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan sartzeko eta iristeko prozeduretarako aurreikusitako haztapena egin ostean.

    Horrela, sartzeari dagokionez, hau izango da puntuazio globala osatzeko haztapena: % 60 oposizio-faserako eta % 40 lehiaketa-faserako. Iristeari dagokionez, haztapena % 55ekoa izango da oposizio-faserako eta % 45ekoa lehiaketa-faserako.

  2. Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.

  1. Izangaiak ordenatzea.

    1. Fase bakoitzeko puntuazioak atera eta haztatu ondoren, hautaketa-batzordeek lehiaketa-faseko puntuazioak gehituko dizkiete oposizio-fasean lortutako puntuazioei azken fase horretan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaien kasuan, eta ordenatu egingo dituzte prozedura, txanda eta espezialitate bakoitzean, lortutako puntuazio globalaren arabera.

    2. Ordenatzean berdinketarik balego, hurrenez hurren ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira:

    2.1. Txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.

    1. Oposizio-fasean puntuazio handiagoa lortu izana.

    2. Oposizio-faseko ariketa bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, ariketak deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.

    3. Lehiaketa-faseko merezimenduen ataletan puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    4. Lehiaketa-faseko merezimenduen azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    5. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, gaitasun-proba osagarri bat egitea izango da azken irizpidea. Proba horretan, epaimahaiak planteatutako eta gai-zerrendarekin lotutako hainbat gairi erantzun beharko zaie.

      Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako proba egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, aipatutako gaitasun-proba osagarria egingo da.

      2.2. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozedura.

    1. Proban puntuazio handiagoa lortu izana.

    2. Merezimenduen baremoaren ataletako bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    3. Merezimenduen baremoaren azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdian agertzen diren ordenaren arabera.

    4. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, gaitasun-proba osagarri bat egitea izango da azken irizpidea. Proba horretan, epaimahaiak planteatutako eta gai-zerrendarekin lotutako hainbat gairi erantzun beharko zaie.

      Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako proba egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, aipatutako gaitasun-proba osagarria egingo da.

  2. Hautaketa-prozesua gainditzea.

    1. Praktika-fasera pasatzeko hautatuko dira izangaiak, baldin eta, dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izanik, edota aldi baterako hori egiaztatzetik salbuetsita izanik, eta gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba gaindituta, hala badagokio, aukeratutako prozeduran, txandan eta espezialitatean deitutako lanpostu-kopuru osoaren berdina edo txikiagoa den hurrenkera-zenbakia badute, puntuazio globalaren arabera ordenatu ondoren.

    2. Aipatutako jarduerak egin ondoren, hautaketa-batzordeek hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak osatuko dituzte. Zerrenda horietan, zeinak espezialitateen arabera bereiziko baitira, batetik, txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartu dutenak egongo dira (batera), eta, bestetik, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran parte hartu dutenak.

    Txanda irekian hautatutako pertsonen zerrendak eratzean, hautaketa-organoek hasieran txanda horri esleituta zeuden lanpostuei gehituko dizkiete desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan eta goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran bete gabe geratu diren lanpostu guztiak.

    Espezialitate bakoitzerako zenbat lanpostu eskaini diren, hautaketa-organoek inoiz ezin izango dute gainditutzat eman kopuru horretatik gorako izangai-kopurua hautaketa-prozesuan.

  3. Oposizio-lehiaketa gainditu duten hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

    1. Hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak argitaratzea, eta bertan adieraziko du zerrendak non egongo diren ikusgai.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrendak, interesdunei jakinarazteari begira, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, horietan egon litezkeen akatsak direla-eta.

    2. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin betiko zerrendak; zuzendariak ebazpena emango du, zerrenda horiek argitaratzea xedatzeko. Ebazpena eta hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere, interesdunei jakinarazteari begira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Zerrenda horien ale bat deialdia egiten duen organoari helaraziko zaio, eta prozesuaren garapenean sortutako gainerako dokumentazioa Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren zaintzapean geldituko da.

    3. Hautaketa-organoek, espezialitate bakoitzerako hautatu dituzten izangaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat ere prestatuko dute hautatutako izangai ordezkoekin, zerrendakide kopuru bera izango duena, hautatutako izangairen batek izaera hori galtzen badu honako arrazoiengatik:

    Hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egin izanagatik Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aurrean aurkeztuak 2020ko abuztuaren 13a baino lehen.

    Aurkez daitezkeen errekurtsoak baietsiz gero.

    Deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik, hautatutako izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak berrikusi ondoren, 11.1 oinarrian aurreikusita.

  1. Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.

  1. Dokumentuak aurkeztea.

    Hogei egun naturaleko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, pertsona horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte agiri hauek, «Hautatuek agiriak entregatzea» izeneko ereduarekin batera:

    1. Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gainditu dituela eta titulua emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.

      Atzerrian lortutako tituluen kasuan, Bigarren Hezkuntzako irakaslearen edo Lanbide Heziketako irakaslearen lanbide arautura iritsi eta lanbidean jardun ahal izateko lanbide-kualifikazioa aitortzen duen kredentziala edo dagokion homologazioa erantsi beharko dira, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

    2. Indarrean den Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, kasu honetan izan ezik: «Hautatuek agiriak entregatzea» ereduan esanbidezko adostasuna adieraztea Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsulta ditzan, nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bitartez.

      Espainian bizi diren atzerriko izangaiek aurkeztu beharko dituzte nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia, eta indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo horren senidearen txartelaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, indarrean den Europako Erkidegoko egoiliarraren edo langile mugakidearen aldi baterako txartelaren fotokopia konpultsatua.

      Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako bateko nazionalak diren izangaiek, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalak badira eta Espainian bizi ez badira, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi-araubidean daudelako, nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

      Izangaiak atzerritarrak izanik, Europar Batasuneko estatu kideren bateko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalen ezkontideak badira (baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude), eta euren edo ezkontidearen ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, mendekoak badira, hauek aurkeztu beharko dituzte: pasaportearen edo bisatuaren eta, hala behar izanez gero, dagokion txartela eskatu izanaren frogagiriaren edo bisatuaren eta txartel horren salbuespena eskatu izanaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua. Dokumentu horiek eskatu ez badira, agintari eskudunek emandako dokumentuak, ahaidetasuna frogatzen dutenak, aurkeztu beharko dituzte; aurkeztu beharko dituzte, halaber, Europar Batasuneko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio librea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalaren zeinarekin lotura hori duen zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non adieraziko baita ezkontidearengandik ez dagoela zuzenbidez bananduta eta, hala badagokio, izangaia horren pentzudan edo kargura bizi dela.

    3. Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, hauek adieraziz: diziplina-espediente baten ondorioz ez dutela baztertu inongo administrazio publikotatik, ez dutela funtzio publikoak egiteko desgaitu, eta ez dagoela sartuta Herri Administrazioetako Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezintasun eta bateraezintasunen inolako legezko kausatan.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, bestalde, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, hauek adieraziz: ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

    4. Desgaitasunen bat izan eta hori baliatu duen izangaiak foru-aldundiko, autonomia-erkidegoko, edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko du, non jasoko baita izangaiak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela; bestela, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena aurkeztu beharko du, zeinaren bidez ezintasun iraunkor osoa aitortzen baitzaio irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako. Bi kasuetan egiaztatu beharko du aukeratu dituen kidegoari eta espezialitateari dagozkien zereginak eta egitekoak burutzeko bateragarritasuna.

      Eskabideak aurkezteko hasierako epean aurkeztu badu, orain ez du aurkeztu behar.

    5. Deialdi honen 2.2.3 oinarrian aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea egiaztatzen duen ziurtagiri edo tituluaren fotokopia; edo, hala badagokio, betekizun horretatik salbuetsita daudela egiaztatzen duen tituluarena. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.

      Oinarri horrek aipatutako prestakuntzaren baliokidea dela aitortzen duen aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia egiaztatzeko, I. eranskineko I. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

    6. Epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik kondenatuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sartzen dira sexu-erasoak eta -abusuak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez, 3.1.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek honako hau ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute: jatorrizko herrialdeetan ez dutela kondenarik izan aipatutakoen izaera bereko delituei dagokienez.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

  3. Ezarritako epean dokumentazioa aurkezten ez dutenek ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo dokumentu horien azterketatik ondorioztatzen bada 2.1, 2.2, 2.3 eta 2.4 oinarrietan adierazitako betekizunen bat betetzen ez dutela, karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte, alde batera utzi gabe hasierako eskabidean faltsukeria egin izanagatik izan dezaketen erantzukizuna.

    Ezinbesteko kasuren batean dagoenak berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari, idatziz, aipatutako zuzendaritzak azter dezan.

    Kode Zibilaren 1105. artikuluaren arabera, ezinbesteko kasuak dira aurreikusi ezin diren gertaerak, edo, aurreikusita ere, saihetsezinak direnak.

  4. Atzerrian bizi diren hautatutako izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, Espainiaren ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dute, eta erakunde horiek organismo eskudunera igorriko dute dokumentazioa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Vitoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010). Toki horietan aurkezteko epea oro har 11.1 oinarrian adierazitakoa izango da.

  5. Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatutako izangaiek ez dituzte dokumentu bidez justifikatu beharko karrerako funtzionarioaren aurreko izendapena lortzeko dagoeneko egiaztatu zituzten baldintzak eta betekizunak; horrela, 11.1.a oinarrian ezarritako dokumentazioa bakarrik aurkeztu beharko dute.

  1. Praktiketako funtzionario izendatzea.

  1. Hezkuntzako sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatutako izangaiak, praktikak egiteko betebeharretatik salbuetsita ez badaude, edo, salbuetsita izanik ere, praktikak egitea erabaki baldin badute; kasu horretan, ez dituzte ebaluatuko.

  2. Praktika-fasetik salbuetsita egoteak edota praktikak egiteko atzerapena lortzeak ez du aldaketarik ekarriko gainerako izangaiei esleitutako lanpostuetan, ez eta hautatutako pertsonen zerrendan ere.

  3. Honako hauek ez dute praktika-faserik egin beharko:

    Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko prozeduran hautatutako pertsonak, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, egiaztatzen badute ikasturte batean gutxienez irakasle kidego bateko karrerako funtzionario gisa lan egin dutela.

    Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen kidego batera iristeko prozeduran hautatutako pertsonak.

    Kasu horietan, izangaiek aukeratu dezakete praktika-fasea egin (hori ez da ebaluatuko) edo, karrerako funtzionario izendatu arte, haien jatorrizko kidegoan jarraitu. Aukera hori idatziz egin beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzendutako eskabidearen bidez, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Praktika-fasea egiteko destinoen esleipena egingo da hautatuak izan diren espezialitatean eta hautaketa-prozeduran lortutako puntuazioaren arabera, parte hartzeko erabiltzen den txanda gorabehera, ikasturte akademikoaren hasierako esleipen-prozesuarekin bat etorrita, praktika-fasea egin behar dutenei dagokienez. Prozesu hori 2011ko uztailaren 15eko Aginduak arautzen du (uztailaren 29ko EHAA).

    Goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatuak izan diren eta praktikak egitea aukeratu duten pertsonek lehentasuna izango dute esleipen-prozesu horretan, destinoak lortzeari dagokionez, txanda irekiaren eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandaren bidez sartzen direnen aurrean.

  5. Praktika-fasea egiteko lortutako destinoak behin-behinekoak izango dira. Hautatutako pertsonek esleitu zaizkien destinoetan egin beharko dute praktika-fasea, eta, 2020-2021 ikasturtearen hasieran destino horietara agertzen ez badira, hautaketa-prozedurari uko egiten diotela ulertuko da, salbu eta praktika-fasea hastea atzeratzeko aukera eman bazaie edo, behar bezala egiaztatutako kausak direla-eta, destinoetara agertzea ezinezkoa izan bazaie.

    Praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiek eta, praktika-fasea egitetik salbuetsita izanik, jatorrizko euren kidegoetan jarraitu nahi izan duten izangaiek lanpostu-hornikuntzarako deituko diren hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeren batean eta hautatuak izan diren espezialitatean euren lehen behin betiko destinoa lortu arte.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran hautatutako pertsonek, Euskal Hezkuntza Administrazioan eskatutako kidego eta espezialitateko behin betiko lanpostuak betetzen ari badira, lanpostu horietan behin betiko jarraitzea erabaki ahal izango dute, karrerako funtzionario izendatu ondoren.

  1. Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.

  1. Praktika-fasearen xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna egiaztatzea. Praktika-faseak ikasturte bat iraungo du eta, oro har, amaitutzat joko da eta ebaluatu egin ahal izango da sei hilabetez irakaskutza zuzeneko egiazko zerbitzuak egin eta gero, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldiarekin.

    Salbuespen gisa, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun-egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoera batean badago, eta horrek praktikaldi horren ohiko garapena eragozten badio Kalifikazio Batzordeak baloratuko du, praktikaldia gutxienez hiru hilabetekoa eta egun bat jarraitukoa izan beharko da, eta eguneko lanaldia, gutxienez, 2/3koa. Hiru hilabete eta egun bateko epe horren barruan, ebaluazio bat berme egokiekin egin ahal izateko, gutxienez 60 eguneko irakaskuntza zuzeneko egiazko zerbitzuak eman beharko dira ikasgelan edo hezkuntza-testuinguruan. Kasu horietan, ikastetxeko ikuskatzailea bere irakaskuntza-jardunaren garapenaren saio batera joatea lehenetsiko da.

    Kasu horietan, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzendutako idazkia aurkeztu beharko da, bai eta dagozkion egiaztagiriak ere, eta hark praktikak ebaluatzeko eratuko den Kalifikazio Batzordeari helaraziko dio, batzorde horrek, praktikak ebaluatzeko eta zuzeneko egiazko irakaskuntzako gutxieneko zerbitzu-aldia betetzen dela kontrolatzeko orduan, azaldutako egoera kontuan har dezan, hala dagokionean.

    Beste alde batetik, praktika-fasean hastea atzeratu behar dutenek 13.1 oinarri honen bigarren paragrafoan adierazitako egoeraren batean daudelako eta horren ondorioz ezin dutelako praktika-fasea egin, atzerapen bakar bat eskatu dezakete, urtebeteko eperako. Horretarako idatziz eskatu beharko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Zuzendariak ebazpena emango du, eskabidea baiesteko edo ukatzeko. Atzerapena eman den ikasturtean, hautatutako pertsonak ez du inolako izendapenik edo loturarik izango Hezkuntza Sailarekin, eta praktiketako funtzionario izendatuko zaio hautatutako gainerako pertsonei egindako izendapena baino ikasturte bat geroago. Atzeratze-epea igaro eta gero praktika-fasea hasten ez duenak karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

    Praktikaldiaren garapena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez arautuko da, betiere Ikastetxeen Zuzendaritzak eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

    Fase hori 2020-2021 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko da.

  2. Kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle esperientziadunen tutoretzapean egingo da praktika-fasea. Batzorde horien osaera praktika-fasea arautuko duen ebazpenean xedatuko da.

  3. Praktika-fasean, lanpostuan sartzeko eta trebatzeko jarduerak, kalifikazio-batzordeek programatutakoak, egin ahal izango dira. Horrez gain, batzordeek izangaiei amaierako txostena egiteko eskatu ahal izango diete, topatutako zailtasunak eta jasotako laguntzak balora ditzaten.

    Praktika-fasean zehar, Kalifikazio Batzordeak proposatuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak praktiketako funtzionarioei azterketa medikoak egiteko eskatu ahal izango die, dagokion irakaskuntza-funtzioa behar bezala betetzeko beharrezkoak diren baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko.

  4. Praktika-fasea amaitzean, izangai guztiek «gai» edo «ez gai» kalifikazioa jasoko dute. Dagokion kalifikazio-batzordeak egingo du ebaluazioa, adierazitako ebazpenak ezarritako irizpideei jarraikiz. Betiere, ebaluazioa egitean, aintzat hartuko dira irakasle-tutoreak, praktikak egiteko erabili den ikastetxeko zuzendariak, programatutako trebakuntza-jardueren arduradunek eta Hezkuntza Ikuskaritzak egindako txostenak.

    Ez gai deklaratutako izangaia praktiketako funtzionario gisa sartu beharko da ez gai deklaratua izan den ikasturtearen hurrengo ikasturtean, eta praktika-fasea behin bakarrik errepikatu ahal izango du.

    Hurrengo urterako kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozesua deituta egongo balitz, hurrengo promozioko hautatuekin batera sartuko da lanera, eta, kasu horretan, sartutako promozioan, bere espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du.

    Lanera sartzen ez direnek edo bigarrenez ez gai kalifikazioa jasotzen dutenek karrerako funtzionarioaren izendapena lortzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Deialdia egin duen agintaritzak deklaratuko du eskubide horien galera, ebazpen ziodun baten bidez.

    1. Karrerako funtzionario izendatzea.

      Praktikaldia amaituta, eta egiaztatu ondoren praktika-fasean gai deklaratutako pertsonek, bai eta hori egitetik salbuetsita daudenek ere, deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintza orokorrak eta espezifikoak betetzen dituztela, Hezkuntzako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du izendapena karrerako funtzionario gisa. Praktika-fasea zer ikasturtetan gainditu duten, hurrengo ikasturtearen hasiera-egunetik aurrera izango ditu ondorioak izendapenak.

    1. Zerrendak irekitzea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan oposizio-fasea gainditu duten pertsonentzat.

      Oposizio-fasea gainditu duten baina hautatuak izan ez diren izangaiak irakasleen ordezpenetarako izangaien zerrendan sartu ahal izango dira, zeina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak arautzen baitu (2012ko abuztuaren 27ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena). Probak gainditu dituzten espezialitatearen zerrendan sartuko dira, betiere lehendik zerrenda horretan ez bazeuden.

      Ondorio horretarako, hautaketa-prozesutik datozen praktiketako funtzionarioen izendapenak argitaratu ostean, Langileak Kudeatzeko zuzendariak deialdi espezifiko bat egingo du, probak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren pertsonek sartzeko aukera balia dezaten. Deialdi hori Interneteko helbide hauetan argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ eta http://www.irakasle.eus.

      Pertsona horiek aurkeztu beharko dituzte hautaketa-prozesuan eskatutako betekizun orokorrak eta berariazko betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak (11.1 oinarria); horrez gain, honako hauek aukeratu beharko dituzte horretarako ezarriko den epean: zer lurraldetan eman nahi dituzten eskolak, lanaldi-mota eta eskolak emateko hizkuntza-eskakizuna.

      Aukera horretaz baliatzen direnek zerrenda ordenatu bat eratuko dute hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio globalaren arabera.

      Geroago, urtero egiten den ordezpenetarako izangaien zerrendaren birbaremazioan, zerrenda diferentziatuko pertsonak (hautaketa-prozesuaren bitartez sartu direnak) zerrenda orokorrean bateratuko dira.

    2. Puntuazioa ematea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko 2019tik aurrera deitutako hautaketa-prozesuetako oposizio-fasea gainditzen duten pertsonei, hautatuak izan gabe.

      2020-2021 ikasturtean egingo den hurrengo ikasturterako birbaremazio-prozesuan, ordezkogaien zerrendan dauden pertsonek eta aurreko oinarrian aurreikusitakoaren arabera integratuko direnek, deialdi honen xede den hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditu badute baina hautatuak izan ez badira, gainditze horrengatik lortuko dute ezarritako puntuazioa (6 puntu). Puntuazio hori, hain zuzen ere, ezarrita dago 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren I. eranskinean "Merezimenduen baremoa", horri Hezkuntzako sailburuaren 2019ko otsailaren 20ko Aginduak emandako idazketan (Agindu horren bidez, bosgarrenez aldatzen da honako agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen Agindua EHAA, 2019ko otsailaren 26koa).

      Adierazitako puntuazioa hautagaia sartuta dagoen espezialitateetako ordezkogaien zerrendetan aplikatuko da, oposizio-fasea gainditu den espezialitateari dagokion taldearen barruan.

    1. Datu orokorrak.

      Kapitulu honetan araututako prozeduraren bitartez, espezialitate hauek eskuratu ahal izango dira:

      Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa: Filosofia, Matematika, Hezkuntza-orientabidea, Enpresen administrazioa, Merkataritza-antolaketa eta -kudeaketa, Ibilgailuak mantentzeko antolakuntza eta prozesuak, Fabrikazio mekanikoko antolakuntza eta proiektuak, Sistema elektroteknikoak eta automatikoak, Ostalaritza eta Turismoa, Irudi pertsonalerako aholkularitza eta prozesuak, Analisi eta kimika industriala, Osasun-prozesuak eta Akuikultura prozesuak.

      Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa: Ibilgailuen mantentze lanak, Zurgintzako eta altzarien fabrikazioa eta instalazioa, Makinen mekanizazioa eta mantentzea, Soldadura, Estetika eta Ile-apainketa.

      Prozedura honi aplikatuko zaizkio agindu honetako 1.6 oinarrian jasotako xedapenak eta sartzeko eta iristeko prozedurako gainerako oinarriak, baldin eta prozedura honetarako xedatzen denari kontra egiten ez badiote.

      Espezialitate berriak eskuratzeko prozedura aipatutako espezialitateetara sartzeko eta iristeko hautaketa-prozedurarentzat adierazitako leku beretan egingo da.

    2. Betekizunak.

      Prozedura honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek betekizun hauek bete behar dituzte:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko karrerako funtzionario izatea, lortu nahi den espezialitatea zer kidegori dagokion oinarri hartuta, destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko kudeaketa-eremuan izatea.

      2. Eskuratu nahi den espezialitatean sarbide irekia izateko behar diren betekizunak izatea (2. oinarrian daude adierazita).

    3. Eskabideak.

    1. Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskabideak Interneteko helbide honetan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ 2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Espezialitate berriak eskuratzeko prozedura Onartzeko eskabidea.

  1. Epea.

    Deialdi honen 3.5 oinarrian ezarritakoa izango da.

  2. Tasak.

    Prozedura honen bidez parte hartzen duten izangaiek 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera ordainduko dute tasa.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrenden argitalpena deialdi-agindu honen 4. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriko da.

  2. Hautaketa-organoak.

    Hautaketa-organoak 5. oinarrian irakasleen kidegoetara sartzeko eta iristeko prozeduretarako aipatzen diren berdinak izango dira, eta prozedura honi buruz aipatutako oinarrian zerrendatzen diren egiteko berdinak beteko dituzte.

  3. Probaren hasiera eta garapena.

    Probaren hasiera eta garapena deialdi-agindu honen 7.3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera egingo dira.

    Epaimahaien aurreko proba egiteko hurrenkerari dagokionez, prozedura honetako izangaiak azkenak izango dira parte hartzen; hau da, goragoko maila batean sailkatuta dagoen irakasleen beste kidego batera iristeko prozeduran eta txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan parte hartzen dutenek amaitutakoan hartuko dute parte.

  4. Probaren ezaugarriak.

    Proban, kontuan hartuko dira izangaiak irakasgaiari buruz dituen ezagutzak, bai eta dituen baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere. Lortu nahi duen espezialitateko gai baten ahozko azalpena eman beharko du; epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik, izangaiak gai bat aukeratuko du. Gai-multzoaren kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

    1. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

    2. 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.

      Azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egingo du izangaiak, askatasunez aukeratuko duen ziklo edo maila zehatz bati buruz.

      Izangai bakoitzak ordubete izango du, gehienez, azalpena prestatzeko, eta azalpen horretarako lagungarri zaion material osagarria erabili ahal izango du. Material hori berak eraman beharko du (ordenagailu eramangarria, telefono mugikorra, etab.). Interneterako konexioa baimenduko da, baina probaren zati hau ondo funtzionatzeko beharrezko diren tresnak izangaiak berak ekarri beharko ditu. Halaber, gidoi bat ere erabil dezake izangaiak (ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa); proba amaitutakoan, epaimahaiari entregatu behar dio gidoia. Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.

  5. Kalifikazioa.

  1. Epaimahaiak aurreko oinarriak aipatzen duen probari «gai» edo «ez gai» kalifikazioa emango dio, eta espezialitate berria «gai» kalifikazioa lortu duten izangaiek eskuratuko dute soilik.

  2. Proba amaitu ostean, jakinarazteari begira, epaimahaiek ikusgai jarriko dituzte izangaiek lortutako kalifikazioen behin-behineko zerrendak, epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean; Halaber, dagokion epaimahaiko "Iragarki-taulan" kontsultatu ahal izango dira, Interneteko helbide honetan: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) «2020ko EPE. Espezialitate berriak eskuratzeko prozedura» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» (kidegoa eta espezialitatea aukeratu) «Epaimahaiak» «Oposiziogileari esleitutako epaimahai-zenbakia klikatu «Iragarki-taula».

    Kalifikazio horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek dagokien epaimahaiari, bi egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Erreklamazio horiek epaimahai bakoitzak egoitza duen ikastetxean aurkeztu beharko dira, 7.5 oinarrian jasotakoaren arabera.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, epaimahaiek kalifikazioen behin betiko zerrendak jakinaraziko dituzte, aipatutako tokietan; eta, puntuazioak aldatu ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.

    Behin betiko kalifikazioen aurka, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu; hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute interesdunek deialdi honetako 24.3 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

  3. Hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko diote «gai» kalifikazioa duten izangaien zerrenda. «Gai» kalifikazioa lortu duten izangaiek deialdi honetako 18. oinarrian eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, «gai» deklaratu diren pertsonen zerrenda argitaratuko da, eta zerrenda horretan adieraziko da zein den eskuratutako espezialitate berria.

    Ebazpena eta behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere, interesdunei jakinarazteari begira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira).

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Hogei egun naturaleko epean, espezialitate berria eskuratu duten izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, pertsona horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dute honako hau ziurtatzen duen agiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina: ez direla kondenatuak izan, epai irmoz, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik (horien artean dira sexu-erasoak, sexu-abusuak, sexu-jazarpenak, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea), ez eta gizakien salerosketagatik ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez, 3.1.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

  5. Prozedura honen bidez espezialitate berri bat eskuratzen dutenak praktika-fasetik salbuetsita geratuko dira.

  6. Espezialitate berri bat eskuratzeak ez du esan nahi ordura arte izandakoak galtzen direnik. Espezialitate bat baino gehiago eskuratuta dutenak horietako edozeini dagozkion lanpostuetara sartu ahal izango dira irakasle funtzionarioen lanpostuak betetzeko ezarritako mekanismoen bidez.

  1. Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura hauetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

    Prozedura honetan bildutako datu pertsonalak, arduradun gisa, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak tratatuko ditu, prozedura honen kudeaketaren ondoriozko administrazio-izapideak egiteko.

    Datuen tratamendua, hirugarrenei lagatzea eta datuok eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta transferitzeko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.).

    Tratamendu-jardueren erregistroaren erabilera eta funtzionamendua bat etorriko dira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (20)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.