Helburu taldeak
Euskadiko Arreta Soziosanitarioa, osasun zerbitzuak eta zerbitzu sozialak eskaintzen dituzten erakunde guztiak elkartuko dituen koordinazio-espazio eta bilgune izango den espazio baten eratzea proposatzen duen sistema konplexua da. Pertsonen inguruan antolatuta dago, arrazoi ezberdin eta konplexuak direla eta zerbitzu hauen erabiltzaile edo hartzaile diren pertsonen inguruan bereziki. Antolaketa hau da soziosanitarioari zentzua ematen diona.
Buru-nahasmendua duten pertsonak
Gaixotasun psikiatrikoek eta horrelakoak dituzten pertsonek berezitasun zehatz batzuk dituzte osasuna/gaixotasuna dialektika ohikoaren barruan. Alde batetik, estigma soziala dago; hots, buru-nahasmendua dutenei diskriminazio efektibo eta afektiboa eragiterainokoak diren apriorismo indibidual eta sozialak. Estigma sozial horrek gaixotasun moralen inguru okerrekoan kokatzen ditu gaixotasun psikiatrikoak. Egoera hori, historikoki, gaixotasuna tratatzeko berariazko instalazioen bidez (ospitale psikiatriko edo eroetxeen bidez) eta gaixotasun psikiatrikoak zituztenak urrunduz bideratu da, eta kolektibo horrekiko beldur eta baztertzailea zen kultura sozial bat ekarri du horrek. Gaur egun, normalizazioa lortzeko ahalegin handia egin den arren, estigmak hor dirau, eta hori oraindik ere faktore erabakigarria da buru-osasunaren arloan eta oro har osasungintzan erabakiak hartu behar direnean. Bestalde, buru-nahasmendu larriek bilakaera kronikoa izan ohi dute. Horrelako gaixotasunak dituzten pertsonek desgaitasun funtzional handi samarra izaten dute, eta berariazko baliabide eta bitartekoak behar izaten dituzte. Erabat justifikatuta dago, beraz, horrelako gaixotasunak dituztenei ikuspegi indibidualizatu eta osotasunezko batetik laguntzea.
Adikziozko nahasmenduek ere, azken batean buru-nahasmenduak baitira, estigmatizazio, kronikotasun eta berariazkotasun hori dute, eta arazo berberak izanik, buru-osasunaren arloko premia soziosanitarioen eremuan kokatzen dira.
Baztertuta eta babesik gabe geratzeko arriskuan dauden pertsonak
Gizarte-bazterkeria prozesuetan integrazioa galdu egiten da, baina ez soilik diru-sarreren faltarengatik eta lan-merkatutik urruntzeagatik. Izan ere, gizarte-loturak ahuldu egiten dira, gizarte-parte hartzeak ere behera egiten du eta, hartara, gizarte eskubideak ere galtzen dira. Bazterketa-egoera continuum bat da: arriskuko testuinguruetatik bazterketa handiko inguruabarretara; hain zuzen ere, azken horien ezaugarria muturreko hainbat errealitate dira, adibidez etxerik gabeko pertsonen egoerak.
Egoera hori osasunaren baldintzatzaile garrantzitsua da, eta arazoari ikuspegi soziosanitariotik ekitean kontuan hartu beharreko faktorea izan behar da.
Babesgabetasuna funtsean zaurgarritasun bereziko egoerekin lotzen da; halako egoerak modu koiunturalean agertzen dira, bazterketa-egoeren kasuan gertatzen denez, edo egiturazko edo bilakaerazko egoerak izan daitezke, mendekotasun, ezintasun eta abarreko egoeretan gertatzen denez.
Beraz, pertsonen funtsezko eskubideak ez errespetatzeko zorian dauden egoera horiek identifikatzea zeregin garrantzitsua izango da. Esplizituki, pertsona horiek ezaugarri nabarmenak dauzkaten taldeetan egon ohi dira, hau da, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, haurrak eta adinekoak. Horiek guztiak kontuan hartzen ditugunean, laguntza arloko ikuspegi soziosanitario osoa eta indibidualizatua hartu behar da.
Ezintasunen bat dutenei eta/edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonak
Ezintasunei buruzko zerbitzuak ematerakoan, ahalik eta gehien bultzatu behar da pertsonen autonomia, bai gaitasunak mantendu eta garatzeari dagokionez, bai norberaren bizitza ahalik eta gehien kontrolatzeari dagokionez.
Halaber, ahalegina egin behar da normaltzat jotzen diren gaitasunen eta gaitasun anitzen arteko distantzia ezartzen duten mota guztietako oztopoak kentzeko. Oztopo fisikoak kentzea, estigmaren aurka borrokatzea, laneratzea eta abar, laguntza soziosanitarioa formulatzean kontuan hartu beharreko alderdiak dira
Mendekotasuna, hainbat dimentsio ukitzen dituen fenomeno dinamiko eta aldakorra da, eta mota askotako faktoreen elkarreraginaren ondorio: fisikoak, emozionalak, intelektualak, harremanei lotutakoak, sozialak juridikoak, ekonomikoak eta bestelakoak.
Horregatik mendekotasun-egoeran dagoen biztanleriaren barruan aniztasun eta heterogeneotasun handia dago adinari, egoeraren kausei, ahalmenei edo laguntza-premiei dagokienez.
Elementu horietan oinarrituta, beharrezkoa da laguntza-arloko ikuspegi oso bat, mendekotasunari eragiten dioten egoerarik behinenak kontuan hartuko dituena, adibidez gaixotasun neurodegeneratiboak. Horrekin batera, mendekotasun egoeran dauden pertsonei prestazioak eta zerbitzuak ematearekin zerikusia duten elementuak ere kontuan hartuko ditu, arretaren aldiberekotasuneko, koordinazioko, egonkortasuneko eta jarraitutasuneko irizpide soziosanitarioen arabera.
Premia bereziak dituzten haurrak
Haur-garapena prozesu dinamiko oso konplexua da, eta bertan, oinarri genetiko jakin baten gain, faktore biologiko, psikologikoak eta sozial ugarik jarduten dute. Haurren garapenean izaten diren arazo edo nahasmenduek ere alderdi asko izaten dituzte, beraz, eta horregatik, behar-beharrezkoa da horrelakoei heltzeko abiapuntua diziplinartekotasuna izatea, osasun, gizarte eta hezkuntza arloen artean koordinatua.
Beste kolektibo batzuk
Talde jakin batzuei arreta berezia eman ahal zaie talde horiek ez direlako agerikoak, beste hainbat ezaugarriren artean gizarte osoan ordezkaritza kuantitatibo eskasa daukatelako; hori dela-eta botere publikoen aurrean ordezkaritza ia-ia indibiduala izaten dute, eta normalean emaitza eskasekin.
Horregatik guztiarengatik sentsibilitate berezia behar da gutxiengo ordezkaritza duten taldeentzat, adibidez “Gaixotasun arraroen” kasuan. Bide horretatik, osorik artatu beharko dira haien arazoak; arazo konplexuak eta askotarikoak dira, normalean kronikoak, eta sarritan kontuan hartzen ez diren beharrizan soziosanitarioak sortzen zaizkie.
Bizitzaren amaieran egotea garrantzi handiko gertakaria da norberaren bizitzan; horregatik, laguntza-aparatu konplexu batean kokatzen da, funtsean osasun arlokoa den aparatu batean, eta aparatu horren asmoa pertsonaren duintasuna eta bizi-kalitatea iraunaraztea da. Hala ere, bizitzaren amaierari ikuspegi soziosanitariotik ekitean, gizarte- eta gogo-euskarriko beste elementu batzuk ere hartu behar dira osagarri gisa.
Azken aldaketako data: