Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Luis de Gongora (1561-1627) Francisco de Quevedo (1580-1645)

Luis de Gongora

 

Luis de Gongora

XVII. mendeko espainiar poesiaren berritzaile jenialenetako bat eta "culteranismo" edo "gongorismo" deituriko poesia estiloaren sortzaile eta defendatzaile suharra izan zen Luis de Gongora. Poeta handi honen obra barrokoaren garaiko espainiar lirikaren gailurtzat jotzen dute literatur kritikariek .

Kordoban jaio zen Luis de Gongora y Argote, 156leko uztailaren lln, familia aristokratiko baten barnean. Aita, Francisco de Argote, epailea zuen, Salamancako unibertsitatean graduatua, Madrilen eta Jaenen epaile egona, harik eta bere jaioterrian, Kordoban, Inkisizioak bahitutako ondasunen epaile izendatu zuten arte. Zalduna eta aitoren semea zen, Andaluziako hiri hura berkonkistatu zutenen ondorengoa, eta liburuzale, humanista eta jakintsu handia.

Ama ere, Leonor de Gongora, Kordobako familia leinargi eta ezagun batekoa zuen.

Luisek, geroago, gortean zuen babesleak tituluak eskatzen zizkiolako, eta komenientzi ekonomikoak zirela-eta, trukatu egin zuen abizenen ordena eta amaren leinuko abizenarekin egin zen ospetsu letren munduan.

Esan bezala, familia ahaldunean hazi zen Gongora, eta heziketa intelektual jasoa eman zioten txiki-txikitatik (Kordobako jesuiten ikastetxean, beharbada). Nolanahi ere, gauza segurua da hizkuntza eta humanitate klasikoak sakon ezagutu zituela, idatzi zituen olerkietan argi eta garbi antzematen den bezala. Unibertsitateko ikasketak duintasunez egiteko behar zituen errentak izan zitzan, ama aldeko osabak, Francisco de Gongorak, gizon dirudun eta eskudunak, orduan Kordobako katedraleko "racionero" zenak, hiru eliz errenta eman zizkion, baina horretarako ordena txikiak hartu behar izan zituen. Orduan hartutako bide hark eramango zuen aurrerago (55 urterekin apaiztu zen, segur aski, batere bokaziorik gabe) elizgizon egitera. Errenta haiek ematen zioten segurtasunarekin, Salamancako unibertsitatera joan zen, hamabost urterekin, eta zuzenbidean matrikulatu zen, 1576an. Bost urtez ikasi zuen Salamancan, eta 1581ean, amaitutzat eman zituen ikasketak. Unibertsitatean zegoela, zuzenbidea ikasteko interes berezirik erakutsi ez bazuen ere, humanitateen eta literaturaren arloko kultura hobetzen saiatu zen. Berak aitortu zuenez, grekera, latina, italiera, portugesa, kosmografia eta astrologia ikasi zituen Salamancan, fakultatean zituen irakasgaiez gainera, eta aisialdietan, musikan eta esgriman aritzen zen. Berehalaxe ikusi zen, ordea, Gongoraren benetako bokazioa poesia zen bezala, bizio menderagaitz batek jaten ziola barrena, jokoak, alegia. Bizitza osoa emango zuen grina horren mendean, eta hala, zituen ondasun gehienak xahuturik, estutasun eta egoera premiatsu franko pasa behar izan zuen zahartzaroan .

1585ean, osabak Kordobako katedralean utzitako "racionero" kargua eskuratzeko -ekonomia egoera segurtatu nahian, batez ere- diakono ordenatzea erabaki zuen, eta hala, urte hartako otsailaren 21ean jabetu zen karguaz, katedraleko kapituluaren aurrean.

 

Gongoraren idazlanak

Luis de Gongoraren literaturgintza 1580 aldera hasi zen. Garaitsu hartan, artean ikasle zela, erromantze, soneto, eta abesti-letra arin asko idatzi zituen, orduko gusto poetikoen arabera. Eta hasierako lanak zirenarren, heldutasun handia eta forma-birtuosismo aparta erakutsi zituen egileak. Haren burlazko erromantzeek eta letra satirikoek fama eta ospea eman zioten berehala poeta gazteari. Lehen lan haien artean aipatzekoak dira, besteak beste, La mas bella niña (Neskato ederrena); Hermana Marica (Marica ahizpa); Mozuelas las de mi barrio (Neskatxak nire auzokoak); Hanme dicho, hermanas (Esan didate, arrebak) ; Lloraba la niña (Negar egiten zuen neskatoak) ; Amarrado al duro banco (Banku gogorrari loturik); Seruia en Orkn al Rey (Granen Erregeren zerbitzari); etab...

1612-13 inguruan idatzi zituen Fabula de Polifemo y Galatea (Polifemo eta Galatearen alegia) eta Soledades (Bakarraldiak) izeneko olerkiak, gerora, haren lan ospetsuenak bilakatuko zirenak. Bi lan horietan, bere obra guztian zehar sortzen eta garatzen joan zen poesia estilo berri baten gailurra harrapatu zuen Gongorak.

"Culteranismo" edo "gongorismo" deitu zitzaion estilo hartako olerkigintzak, klasikoei buruzko jakintza ikaragarri sakona eskatzen zuen : antzinako mitologiako eta klasiko greko-latinoei buruzko aipamenez josia zegoen, literaturan eta liburuetan inspiratzen zen, eta aurreko eredu batzuek kondentsatuz eta birlanduz sortua zen, irudi eta metafora zoragarri eta harrigarriak sarturik.

Gongoraren ordu arteko olerkigintzak ia aho bateko onarpena eta txaloa izan zuten bezala, Polifemo eta Bakarraldiak argitaratu zirenean, poema horien kontzeptu iluntasunak eta estilo/sintaxiaren ikuspegitik zuten zailtasunak aurkakotasun eta zentsura zorrotzak sorrarazi zituzten irakurle eta kritikari askorengan.

Une horretatik aurrera literatur polemika guztiz gordina piztu zen estilo haren aldekoen eta aurkakoen artean, Espainiako barrokoan izan zen gogorrena, seguru asko.

Aurkakoen artean -"Conceptismoaren" aldekoak, alegia- Lope de Vega, Jauregi eta Quevedo izan ziren garrantzizkoenak, eta apologisten artean -"Culteranismoaren" aldezleak-, Gongora bera alde bat utzita, Villamedianako Kondea, Gracian eta Calderon dira aipagarrienak.

Gongoraren gaztetako olerki "herrikoien" eta azken aldera idatzitakoen arteko desberdintasunak zirela-eta, kritikari askok uste izan dute hi aldi desberdin izan zirela poetaren produkzioan : bakuna eta gardena, bata ; iluna eta korapilatsua, hestea.

Baina, 1927tik aurrera, batez ere, Damaso Alonsok egindako lanek eta azterketek erakutsi dute hasierako konposizioetan ere bazirela gerora hainbeste nabarmenduko ziren estilo elementuak, eta beraz, bi aldi desberdin ez baino, estilo bakarraren bilakaeran kokatu beharreko aldiak izan zirela.

Gongoraren literatur ekarpena, azkenik, zori eskaseko bi komediarekin eta Panegfrico al duque de Lerma (1617an hasi eta amaitu gabe geratua ; Lermako dukeari gorazarrea) izeneko poema luzearekin osatzen da. Nahiz eta, 1617an, Felipe III.aren kapilau izendatu zuten Madrilen, diru premia larriak izan zituen azken urteetan. Luis de Gongora Kordoban hil zen 1627ko maiatzaren 23an.

 

Francisco de Quevedo

"Conceptismo" deituriko Espainiako barroko aroko literatur mugimenduaren maisu eta gidaritzat hartu izan da Francisco de Quevedo. Nolanahi ere, Quevedoren obraren handitasuna eta aberastasuna -nola hizkuntzaren, hala ideien arloan- sailkatze ahalegin orotik kanpo geratzen da, eta berorretan laburbildurik azaltzen dira XVII.. endeko Espainia dekadente hartako kontraesan ideologiko guztiak.

Francisco Gomez de Quevedo y Villegas Madrilen jaio zen 1580ko irailaren 17an.

Aita erregeren jauregiko enplegatua zuen, eta Francisco txikiak sei urte zituela hil zitzaion . Hezkuntza zaindua eman zioten gaztetxotan Madrilgo Ikastetxe Inperialean, eta 1596tik 1606ra bitartean, teologia, filosofia eta hizkuntza klasikoak ikasi zituen Alcala de Henareseko eta Valladolideko unibertsitateetan . Azkeneko data horren inguruan idatzi zuen haren idazlan ospetsuenetako bat izango zena : La vida del buscon llamado don Pahlos (1626, Don Pablos izeneko litxarraren bizitza) eleberri pikareskoa. Garai hartako gizartearen ikuspegi zorrotz eta gupidagabea islatzen da lan horretan, eta eleberriko iseka eta trufa gehienak giro marjinaletan kokatzen badira ere, oso ongi adierazi zuen aro hartako balio sistemaren krisi orokorra. Lorpen horretarako funtsezko elementua izan zen Quevedoren miragarrizko estiloa, eta Gongoraren "culteranismoari" aurka gogor egin zion arren, artifiziotsua eta edukirik gabea jotzen zuelako, haren antzeko birtuosismo-mailaraino jaso zuen bere idazkera.

Ikasketak amaitu eta Madrilera itzuli zenerako Quevedo nahiko ospetsua zen idatzirik zituen burlazko olerkiak zirela bide, satira gozakaitzak idatzen baitzizkien bere literatur arerioei, baina hauek ere ez zioten barkatzen, eta hamaika trufa idatzi zuten Quevedo jaiotzatik herrena zela-eta. Horrela bada, Quevedo, hildua zuen famaz baliaturik, politika karrera egiten ahalegindu zen Felipe III.aren gorteko zirkuluetan. 1613an, Italiara joan zen itzal handiko Osunako dukearen idazkari gisa, haina honek erregearen begikotasuna galdu zuenean, Quevedok ere behera egin zuen eta, hala, 1618an, Ciudad Realgo Torre de Juan Abad-en zuen etxaldera desterratu zuten idazlea. Han idatzi zuen Politica de Dios, gobierno de Cristo y tirania de Satanas (1626, Jainkoaren politika, Kristoren gobernua eta Satanen tirania) tratatua, non bere ideal politikoaren herri ematen baitzuen : moraltasun zorrotz batean oinarritutako monarkia katolikoa.

1624an, Epistola satirica y censoria sohre las costumbres presentes de los castellanos(Gaztelauen egungo ohiturei buruzko satirazko eta zentsurazko epistola) ospetsua idatzi zion Olivares-eko konde-dukeari, Felipe IV.a errege berriaren balidoari, eta idatzi horri esker, erregearen idazkari izendatu zuten.

1627an iritsi zen Quevedo bere famaren gailurrera, Sueños (Ametsak) argitaratu zuenean . Idazlan hori elkarrizketa bilduma bat da, non, Luziano greziar klasikoarenetan bezala, hildakoak diren hitz egiten dutenak, espainiar gizartearen ustelkeria eta gainbehera gai hartuta, intentzio etiko nabarmeneko satirazko elkarrizketa zorrotzetan. Artean kritika gogorragoak idatzi zituen madrildar poetak isilpean argitaratu eta banatu ziren poema batzuetan, eta hori zela-eta, 1628an, galdu egin zuen gortean zuen postua, baina ez zioten eragozpenik jarri bere literatur jardueretan ari zedin Madrilen.

Handik aurrerako urteetan idatzi zituen Quevedok bere olerki lan gehienak, nahiz eta autorea hil ostean argitaratuko ziren, bi libunikitan, El Parnaso español (1649, 1670, FspainiarParnasoa) izenburupean. Liburu horietan islatu zen, gardentasun osoz, Quevedoren jeinu forma-anitza. Izan ere, haren pieza satiriko paregabeen alboan, amodiozko olerki apartak -Amor constante mas allk de la muerte (Maitasun atergabea heriotzaz haraindi)-, politikazkoak eta erlijiosoak utzi baitzituen espainiar literaturaren aintzarako. Horien arteko soneto batzuk denboraren iragan geldiezinari buruz egindako gogoeta metafisiko eta existentzial sakonen fruitu dira.

1634an ezkondu zen, baina hiru hilabete inguru baizik ez zuen iraun haren ezkon bizitzak . 1639an, bat-batean eta zakarki amaitu zen Quevedoren politika karrera. Urte hartan, A si-r catolica, sacra y real majestad izenburuko idazki izenpetu gabea zuzendu zion. Berorretan, salaketa guztiz gogorrak egiten ziren erregearen eta batidoaren bidegabekerien aurka, herritarrak miseria gorrian utzi zituztelako. Berehalaxe ezagutu zuten Quevedok idatzia zela eta lau urte pasa behar izan zituen Leongo San Markoseko komentuan espetxeraturik. Han idatzi zituen bere tratatu garrantzizkoenetako batzuk, hala nola, Providencia de Dios (1641 Jainkoaren probidentzia), Vida de San Pablo (1644, San Pauloren bizitza), eta Vida de Marco Bruto (1644 ; Marko Brutoren bizitza -Ylutarkoren testu baten itzulpena eta iruzkina-).

Idazlan horietan azaldu zituen ideal politikoek eta sinesmen kristauek adierazten dute etika estoikoak eragin handia izan zuela Quevedoren pentsamoldean, eta filosofia hori zuela ipar eta erreferentzia nagusi.

1643ko ekainean libre geratu ondoren, Torre de Juan Abaden eta Villanueva de los Infantesen bizi izan zen azken urteetan, eta azkeneko herri horretan hil zen 1645eko irailaren 8an.