Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Giovanni Boccaccio (1313-1375)

Zoritxarrez, Giovanni Boccaccioren bizitza ezagutzeko oinarrizko iturria ez dira dokumentuak, Boccaccio beraren idazlanak baizik.

Dirudienez, sasikoa zen ; 1313an jaio zen Certaldon (ez Florentzian edo Parisen) eta Florentzian eman zuen haurtzaroa. 1327an, Giovanniren aita, merkataria, Napolin jarri zen bizitzen. Han, merkataritzan aritu zen Giovanni, gizarte harremanez jositako bizitza zeraman bitartean, eta hala ezagutu zuen Maria d'Aquino (Fiammetta), Anjouko Roberto erregearen sasiko alaba. Ez da ahaztu behar Boccaccioren obretako pertsonaietako bat dela Fiammetta, nahiz eta haren irudia zehaztasun handirik gabe ematen den, hartaraino, non, zalantzan jarri baita benetako pertsona edota senhal* bat ote zen. Napolin, zuzenbide kanonikoa ikasten hasi zen eta lau obra txiki idatzi zituen.

1340an Florentziara itzuli zen bizitzera.

Hiru gertaera nabarmenduko ditugu Boccaccioren Florentziako egonalditik : ? 1348ko Izurri Beltza, esparru horretan kokatuko baitzen Il Decamerone; ? Petrarcarekiko adiskidantza, Boccaccioren orientazio pre-humanistaren jatorria ; ? Jarrera aldaketa garrantzizko bat bizitzaren aurrean, zeinak Il Corbaccio idaztera eta, horrekin batera, sorkuntzako lanak baztertzera eta mitologia edo dantismoaren gisako gai jasoak tratatzera eramango baitzuen.

Urte horietakoak dira, orobat, zenbait jaun eta aita santuren artean egin zituen bitartekaritza diplomatikoak (Mendebaldeko zisma 1375ean amaitu zen, ordurako Boccaccio hilda zela). Tarte hartan hartu zituen lehen ordenak ere.

Berak utzi zuen idatzita bere epitafioa : studium fuit alma poesis ("saiatzea izan zen poesiaren arima").*senhal : Poesia proventzalean, trobadoreak dama maiteari edo bertsoak eskaintzen zizkionari ematen zion izen fikziozkoa.

 

Boccaccioren nortasuna

Literatura salbuetsita -eta ezin esan gutxi denik- ez dago ezer apartekorik Boccacciorengan . Giovanniren nortasuna ez zen Petrarcarena bezain aberatsa, ez eta Danterena bezain "jite bakarrekoa" ere. Ez zuen ideal etengabe bat izan, Dantek bezala, eta ez zen Petrarca bezain egozentrikoa, eta azkeneko hau ez bezala, gauza izan zen grinaren eta bizitza moralaren arteko auzia ebazteko (erraztasun handiz ala txikiagoz?).

Boccaccioren heziketa autodidakta izan zen oinarrian. Lehen ikasketek lorratz ahula utzi zioten, baina gero kultura zabala -eta gai batzuetan sakona- osatzen jakin izan zuen, nahiz eta hutsune nabarmenak izan : Erdi Aroan asko bezala, biziki interesatu zen astrologiaz ; klasikoak ongi ezagutu zituen -latinoak batez ere, baina, denborarekin, grekoak ere irakurri zituen- ; eta batez ere, literatura erromaniko "modernoa" onartu zuen, eta horrek bultzatu zuen herritarren hizkera eta "estrofismoa" imitatzera (adibidez, zortzikoak erabiliz). Hori guztia frogatzera dator Danteren eta Petrarcaren lanei zien miresmena eta eman zien zabalkundea .

Boccaccioren pentsaera eklektikoa da.

Politikan ez zuen aukerarik egin aita santuaren eta inperioaren artean ; italiarra izan zen baina toki jakin batera lotu gabe. Erlijioari dagokionez, lehen ordenak hartu zituen ; fededuna zen, baina ez zen erlijioaz biziro kezkatzen, eta praktikotasunez ebatzi zituen moral arazoak. Estetikaren alorrean, poesiaren aldezle sutsua izan zen (berdin latinez edota herri hizkeran egina izan), anima mundi edo munduaren arimatzat baitzeukan ; nahiz eta teoriaz Erdi Aroko arauaren jarraitzailea zen (egia sub velamento, erabilgarritasuna, arkitektura), bere garaikoei zien miresmenak bultzatuta, teoria horiek alde batera utzi zituen eta, gaztetan ustel ateratako ahaleginen ondoren, ez zen ez alegorikoa, ez erabilgarria eta ez doktrinala izaten saiatu.

Laburbilduz, Boccaccio Erdi Aroko eta humanista (edo pre-humanista) izan zen, aldi berean. Bi nortasun izan zituen, bata, artistikoa, gaur egun kontuan hartzen den bakarra, eta bestea jakintsu gisa izan zuena, bere garaian eta ondorengo mendeetan izan zuen ospearen eta arrakastaren arrazoi nagusi izan zena.

 

Boccaccioren obra

Boccaccioren jarduerak bi isuralde oso argi izan zituen, bi aldi definituren ezaugarri izan zirenak : 1345 artekoa bata, eta urte hartaz geroztikoa, bestea. Sorkuntza artistikoen aldia izan zen lehenengoa, eta jakintza arloko kezkena, bigarrena. Lehenengoak baliagarri dira literaturarako ; bigarrenak, berriz, kulturaren edo ideien mundurako ; estreinakoak toscaneraz idatzi zituen, eta bigarren aldikoak latinez, Danteri buruzkoak salbuetsita.

 

Toskanerazko literatura lanak

Boccacciok toscaneraz idatzi zituen literatura lanak artea dira, sorkuntza, fantasia . Amodioa du gai nagusi, maitasunak betetzen baitzuen Giovanniren ordu arteko bizitza eta esperientzia, hala teorian nola praktikan, eta ez amodio platonikoa, baizik eta guztiz gizatiarra, haragiaren errealitatean oinarritzen zena, gorputza eta arima hartzen zituena ; adimena akuilatzen zuena, desiratzen zen xedea erdietsi ahal izateko, horrek, askotan, drama edo trajedia girora eramaten bazuen ere.

Boccaccioren lanak hi talde handitan sailkatzen dira, olerkiak (mitologikoa : Caccia di Diana ; zaldunena : Filostrato ; epikoa : Teseida ; alegorikoa : Amorosa visione; pastorala : Ninfale fiolesano) eta eleberriak (abenturazkoak : Filocolo ; pastoral alegorikoa : Ninfale d Ameto; "autobiografikoa" : Elegia di Madonna Fiammetta), ia txandaka idatziak. Kronologia ordenan irakurriz gero antzematen da "perfekzio bidearen" bila ibili zela (zalantzak, aurrerakadak, atzerakadak eta tupusteko aldaketak tartean zirela), gune sendoena bilatzen zuela bai forman eta bai edukian. Batzuetan autobiografia nagusitzen zen (edo sasiautobiografia), besteetan erretorika ; neurtitzez eta prosaz baliatzen zen ; batzuetan "latindu" egiten zuen hizkera, besteetanherritartu ; nahiak eta grinak adierazten zituen beti, eta munduko gaiak tratatzen zituen harik eta (oharkabean, beharbada) irakurle burgesarentzat egokitzen zituen arte. Horrek guztiak Il Decamerone-ko prosan jo zuen gailurra.

 

Jakintza arloko idazlanak

1354. urteaz geroztik, Il Decamerone eta Il Corbaccio idatzi eta gero, herri hizkeran eta amodioaren gainean idatzitako bere lan guztiak erdeinatu edo arbuiatu egin zituen ; erdeinua, ordea, itxura hutsezkoa zen, garai hartan kopiatu baitzuen kodize oso bat, bere eskuz, Il Decamerone-tik. Hala ere, data hartatik aurrera, prosa hutsean idatzi zuen eta gaiok landu zituen : alegia klasikoen berrinterpretazioak, egia kristauen moral alegorikoaren ikuspegitik (De genealogiis deorum gentilium) ; antzinako literaturako toponimoen entziklopedia edo zerrenda alfabetiko bat (De montibus, silvis, fontibus, lacubus, etab.) ; pertsonaia handien biografiak edo bizitzako pasadizoak (De casibus virorum illustrium) ; eta baita emakume ospetsuenak ere (De mulieribus claris).Boccaccioren bizitzaren azkenaldera, Danteri zion miresmena izan zen idaztera bultzatu zuen arrazoi nagusia : haren biografia espiritual bat idatzi zuen (Trattatello in laude di Dante) eta baita haren obraren iruzkin bat ere (Esposizioni sopra la Commedia di Dante). Hain zuzen ere, Boccaccio izan zen Danteren Comedia "jainkotar" deklaratu zuen lehena, nahiz eta izenlagun hori azalpenean erabili zuen, eta ez izenburuan . Esan behar da, hala ere, aho batez eta betiko onartu zela Boccaccioren iradokizuna .

 

Il Decamerone

Il Decamerone ez da Boccaccioren obra bakarra, baina bai ezagunena, bikainena eta interesgarriena. Izugarrizko garrantzia izan du literaturan, bai Italiakoan eta bai gainerako guztietan. Obraren izenburua -hamar egunak" esan nahi du- Kreazioko sei egunak gaitzat harturik Erdi Aroan idatzitako tratatuetatik dator (jatorri berbera izan zuten beste hainbatek ere, Margarita Nafarroakoaren Heptameron izenekoak, esate baterako). Prosagatik, egintzaren esparnragatik, eta tratatzen diren gaiengatik da ospetsua, baina, batez ere, gaien gordinkeriagatik . Baina Il Decamerone ez da lizunkeria jostagarri soila -beharbada, adibiderik lizunena Lisaren Pietro di Raona-ganako (Pietro Handia) maitasunaren deskripzioa da (X :7)-, edo behintzat, lizunkeria jostagarri bat baino askoz gehiago da, elementu asko eta era askotakoak dituen arte lan oso bat baita. Ikuspegi hau, hala ere, ez da aspaldikoa : mende bat inguru baino gehiago ez du, garai hartan hasi baitziren erromantizismoa eta positibismoa Erdi Aroko trabetatik askatzen zen gizonaren bizipoza ikusten eta balioesten, Boccaccioren obran.

Gaur egun, Il Decamerone, Erdi Aroko nobelagintzaren eta bizitza burgesaren summa-tzat hartzen da. Egia da Erdi Aroko teknikaz eta fantasiaz josita dagoela, baina ez dira ahaztuta uztekoak humanismoaren eremuko (nolabait esatearren) elementuak ere. Ez da antzematen moralizatzeko edo etsenplu emateko asmorik, baizik eta e- gintzen zergatikoak bereizi nahi dira, juzgatzeko intentziorik gabe, bizitzako maila guztiak onartuz eta adimena goretsiz, satiritzatu gabe.

Obra errealista da, baina ez errealista soilik. Balio idealak goraipatzen ditu, amodioaren eta bertutearen idealak (Machiavelliren zentzuan), hau da, eskuzabaltasuna, altruismoa eta buru-azkartasuna. Esan liteke, zentzu batean, zaldunen mundua hartzen duela ispilu. Horregatik klase aristokratikoaren ideala bere egin eta hirietako giro burgesean txertatu zuen (merkataritza eta eskulangintza munduan, zehatzago esanda).Esan izan da inrdimenaren eta gudari distiratsuen mundua bertan behera utzi zuela.

Boccaccioren pertsonaiak ez dira, izan ere, gerrako zaldun, bizitzako zaldun baizik.

Era askotako gaiak erabiltzen ditu. Idazleak interes handiagoa eskaini zien gizakiei, gertaerei baino -horrela ulertzen da abentura askoren ahultasuna-. Badira kontakizun luzeak eta badira laburrak. Sintesi gisa, bi norabide nagusitzen dira : bata, maitasunaren inguruko gaiak, eta bestea, adimenaren gurtza.

Amodio gaietara etorrita, Boccacciok ez du lizunkerian atsegin hartzen (jende guztiak horixe ikusten badu ere), baizik eta pertsonaren senen eta sentimenduen jokoa deskribatu nahi du : berak izandako esperientzia pertsonala arrazoiaren galbahetik iragazten saiatzen da.

Adimenaren gurtza, berriz, ez da gurtza abstraktua, aldiz, guztiz gizatiarra da. Gaizkilearen maltzurkeriatik hasi eta zaldunaren duintasunean adierazten deneraino. Tentela eta "axkar" lotsagabea batera azaltzen dira, eta ia beti lotsagabeak irabazten du.

Hiru izan dira Il Decamerone-ren arrakastaren arrazoi nagusiak : prosa, gaiak eta esparrua. Prosak Italia soilik txunditu zuen, gaiek eta esparruak mundu guztia.

Italian irakurle, miresle eta imitatzaile asko izan ditu. Azken hauen artean aipatzekoak dira autore ezezaguneko Pecorone, Masuccio Salemitano-ren Novellino (XV. mendekoa) eta XVI. mendeko beste hainbat.

Italiatik kanpo ere luzea da imitatzaileen zerrenda, baina, beharbada, Chauceren ipuinetan eta Shakespeare-ren obra batzuetan antzematen dira gehien Boccaccioren eraginaren aztarnak.