Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Berpizkundea

Liburuak erretzen Pedro Berrugueteren koadro batean.<br><br>

 

Berpizkundearen espiritua: denborak eta lekuak

Letren historia egiterakoan, baldin eta Berpizkunde izenaz Erdi Aroaren eta barrokoaren arteko garaia izendatzen bada, hau da, Europako arteen aldi bat, 1450-1570 urte artean ipini daitezke gutxi gorabehera mugak, alegia, Basileako Kontzilioaren amaieratik (1443) Trentoko Kontzilioaren amaiera arte (1563), eta orobat inprimeriaren lehen urratsetatik, Kontraerreformaren hasieraraino.

1450. urte inguruan, bada gertaera sail bat mugarritzat erabil daitekeena : Ehun Urteko gerraren amaieraz eta Konstantinoplaren konkistaz gainera, urte horietan iritsi zen Nikolas V.a aita santutzara, eta bukatu zen Zisma Handia. Baina hori guztia baino erabakigarriagoa izan zen inprimeriaren zabalkundea : bereziki garrantzitsuak dira 1465-1480 urteak, teknika berria Europako mendebaldeko herri nagusietan sartu baitzen.

1570. urte inguruan, kulturaren historian inprimeriak adinako garrantzia izan zuen beste aldaketa bat gertatu zen, garbi-garbi hamar bat urte geroago antzemango zena : ia aldi berean Karlos V.a, Maria Tudor, Henrike II.a, Paulo IV.a tronutik eraitsi zituzten, Italiako gerrak eta Trentoko Kontzilioa amaitu ziren, Inkisizioa eta Indexa berrantolatu, jesuiten eragina zabaldu eta Oratorioa sortu zen (Felipe Neri santuak 1575ean Erroman fundatu zuen kongregazioa) . Beharrezkoa dirudienez gero, ipini genitzake Europako Berpizkundearen mugak, alde batetik Tassoren Jerusalem aske eta Camoensen Luisiadak obretan, eta, bestetik, Lyly-ren Euphues poemetan eta Montaigneren lanean. Leidengo Unibertsitatearen fundazioa ere (1575), aski adierazgarria da denboren aldaketa honi dagokionez.

Mugako belaunaldikoentzat berriz, hau da,1550 inguruan jaio ziren haientzat, esangura bikoitza zuen data horrek: Tasso batek Berpizkundearen amaiera edo gailurra adierazten du, baina garai berri baten iragarlea ere bada : Cervantes, Spenser, d'Aubigne sortuko diren garaiarena hain zuzen.

Erreferentzia gisako balioa baino ez dute noski data hauek. Ez Erdi Aroa, ez Berpizkundea, ez ziren inoiz "bukatu". Baina, nahiz eta datak sailkapenaren erosotasunerako erabiltzen ditugun, esan beharra dago erreferentzia horiek ez dutela zentzurik ez bada Europako kulturaren historia orokorraren baitan. Italiako literaturaren historian -eta "Berpizkunde" esapideaz antzinako letren berpiztea ulertzen bada batez ere-, XIV. mendean kokatu behar da Berpizkundea, Petrarcaren garaian; XVI. mendetik XV.. endera, 1400. urte inguruan jaiotako idazleek, Albertik edota Vallak, jarraitu zuten Petrarcaren lana. Eta hori guztia, ia Europa osoan Erdi Aroa zen garaietan. Ingalaterrak, beste muturrean, Elisabet erreginaren garaian, hau da, Europa jadanik barrokoa zen denboran, izan zuen bere "Berpizkundea", hau da, bere nazio literaturaren loratzea.

 

Berdintasunak eta desberdintasunak

Muga horien baitan, harrigarriak gertatzen dira herri batetik bestera gertatzen diren aldeak.

Sarritan berdindu izan dira Berpizkundea eta monarkia handien sorrera. Monarkia horiek aldi berean indartu ziren, egia da, Frantzian, Ingalaterran eta Espainian, baina ez Italian (eta huraxe izan zen Berpizkundearen aberria), ez Alemanian (Erreformaren lurretan) : ez Italia, ez Alemania, garai honetan ez ziren nazio moduan egituratu, aldiz, hirietan zeuden antolatuak, eta haiek ziren aginpidearen guneak.Eredu greko-latindarrak imitatu ziren Berpizkundean ; baina auzi hau ere ez zen leku guztietan modu berean gertatu. Kosmopolitismo itxura orokor baten eta konkista irrikaren azpian, Erdi Aroko usadioei leial jarraitu zuten herri askok. Latindarrengan bere zuzeneko arbasoak ikusten zituen Italiak, heredentziaz iritsiak ; gainerako herriek berriz, atzerritar ereduak inportatu behar izan zituzten. Antzinakoak imitatzeko, Erdi Aroko ohiturak gorde besterik ez zuen egin behar Italiak ; izan ziren, hala ere, gatazkak eta konponbideak Erdi Aroko usadioen eta inspirazio klasikoaren artean.

Frantziak oro har harrera ona egin zien atzerriko berrikuntzei, baina Ingalaterrak askoz ere kontserbadoreago jokatu zuen.

Berpizkundea esplikatzeko garrantzi handia eman izan zaio erlijio krisiari : hein batean, antzinako paganismoa eta Erreforma izan ziren krisi horren protagonistak, haiek kutsatu baitzuten tradiziozko kristautasuna.

Egia da Erreformak ia osorik agertzen duela Berpizkundeko alemaniar literatura ; baina Portugalen, adibidez, ez. Italia eta Frantzia tradizio paganoa eta kristautasuna lotzen saiatu ziren, beste herriak baino gehiago ; baina tradizio nazionaleko mistizismoak elikatu zuen espainiar espiritualtasuna. Herria bakartzera jo zuen berriz Ingalaterrako Erreformaren nolakotasun politikoak.

Azkenik, hizkuntza modernoko nazio literaturen sorrera ikusi ohi da Berpizkundean . Baina Ingalaterran askoz handiagoa izan zen Elisabet I.aren erreinaldiaren aintza (1558-1603) Henrike VIII.arena baino (1509-1547) ; Italian moda aurreratu egin zen Dante, Petrarca eta Bocacciorekin. Alemaniak, literatura "herritar" baten fundazioan, Erreformaren ideia zuen gogoan, baina Frantzian oroz gainetik artearen adierazmolde jakin bat bilatzen zen.Desberdintasun horien guztien gainetik, bada europar Berpizkundearen batasun bat, aldi bezala hartzen bada. Batasun horren euskarriak izan ziren hein handi batean Ingalaterrako Henrike VIII.aren, Frantziako Frantzisko I.aren, Karlos V.aren (Espainia eta Alemaniako enperadore aldi berean) erreinaldi gutxi-asko aldi berekoak. Italiako gerren gainetik (banatu bezainbeste bateratu egin zutenak, zeren harremanak ziurtatzen eta diplomazia lanak bultzatzen baitzituzten), zabaldua zegoen printze kristauen batasunaren ideia : fedegabearen kontrakotasunak definitzen zuen ideia hori, izan fedegabea arabiarra, herri "barbaroetako" indigena, edota, ororen gainetik, Europara zetorren turkiar mehatxatzailea, eta behin baino gehiagotan ekarri zuen gurutzada berri baten burutapena.

Badira hirei gertaera Berpizkundearen sorreran eta zabalkundean garrantzi berezia izan zutenak.

1. Inprimeriaren asmakuntzarekin berehala ugaritu ziren nazioarteko trukeak ; aldi berean, finkatzen hasi ziren nazio hizkuntzak, eta oinarri sendoagoen gainean eraiki zitzaketen lehen liburu handiak.

2. Matxinada higikunde aski orokor bat izan zen (eta horretan ere oso garrantzitsua izan zen inprimeria), Erdi Aroko usadioen kontra : eskolastikaren zurruntasunaren kontra, fraide ezjakinen kontra, apaizen edota aita santuen ustelkeriaren kontra ; herri batzuetan, Alemanian adibidez, erreakzio nazional bat zabaldu zen elizaren alor laikoko eskubideen kontra ; baina leku guztietan antzematen zen, indar handiagoz edo gutxiagoz, Erroma ikur bihurtu zen ustelkeriaren aurkako sentimendua. Azken finean, Erreforma, luteranoa aurrena eta kalbinista gero, europar fenomenoa da : iritziak nahastuz, herrien araberako desberdintasunen gainetik,fedearen ondoren zetorren bereizketa bat ezarri zuen.

3. Baina propaganda gutxiago izan zuten aurrekarietan oinarritzen zen Erreformaren arrakasta : Erasmoren eta haren jarraitzaileen bidaiei esker, haren idatzien zabalkundearekin, Mendebaldeko Europa osoa argitu zuen Ebanjelio erasmistak. Eragin guztiz zabala izan zuen, zaletasunak nonahi kutsatu zituen, eta, baita gatazketan ere, kezka herak zabaldu zituen : hortxe dago Berpizkundearen arima.

 

Hedapen bideak eta harremanak

Berpizkundea, hitzaren zentzurik estuenean, ideien mugimendua da, trukeen bitartez definitzen dena. Eraginak, hasteko, bidaiekin zabaldu ziren : bidaiariak izan ziren garai honetako gizon nagusiak. Grekoek eta italiarrek zuten halere protagonismoa : grekoaren ikasketa, aldi honen ezaugarri nagusietakoa, XV. mendearen bukaeran hasi zen Italian, eta zerikusi handia izan zuen grekoen Italiaratzearekin (Joan Laskaris, Manilo) ; antzera gertatu zen Frantzian, hara iritsi baitziren, grekoez gainera, italiar helenistak . Alderantziz, ikasleak, politikariak, oldeka joan ziren Italiako kultura guneetara . Azkenik, Europa osoan barrena mugitu ziren humanistak : Juan Luis Vives adibidez, jaiotzaz espainiarra zena, Parisen, Lovainan, Bruggen, Oxforden aritu zen lanean.

Gizonak bezala, eta gehiago, idatziak zabaltzen ziren. Nazioartekoak ziren idazle nagusien gutunak, baita humanista eta erreformatzaileenak ere -Erasmorenak eta Kalbinorenak famatuenak baino ez dira-, eta herrien arteko loturak sendotu zituzten.Erabakiorra izan zen noski hedapen tipografikoa . Inprimatzaile familia handiak izan ziren (Venezian, Anberesen, Basilean, Lyonen, Parisen, Geneban) Berpizkundeko maisu eskulangileak. Denek baliatzen dute inprimeria, aurren-aurrenik, zapalkuntzarako bitarteko denean : Frantzisko Lak, sentitu zuen unean bere kristau ahalmena mehatxatua, liburuak inprimatzea debekatu zuen, eta Erroman herriz Indexa antolatu zen (Index librorum prohibitorum).

Inprimeriak funtsezko berrikuntzak ekarri zituen. Nazioartean zuen oihartzunaren arabera neurtzen zen Berpizkundeko obra baten balioa. Ramus frantsesa Alemanian izan zuen ospeak famatu zuen ; ezin ulertu da Rojas espainiarraren La Celestina baldin eta Europan izan zuen eragina kontuan hartzen ez bada. Baina, batez ere, italiar idazleen lanak zabaldu ziren. Italiaren eraginak markatu zituen gehiago edo gutxiago, Frantzia, Espainia eta Ingalaterra ez ezik, baita Hungaria eta Polonia ere. Europar eleberria, alderdi psikologikoari dagokionez, osorik dator ia Boccaciorengandik (Fiammettatik), komedia "klasikoa" Ariostorengandik eta trajedia Trissinorengandik etorri ziren bezala.

 

Antzinakoen ondorena

Berrikuntza guztiak ez datoz noski antzinakoen testuen aurkikuntzatik. Erdi Aroak, gainera, ez zuen ahaztua antzinaroa.

Alabaina, inprimeriari esker, haustura baten tankera hartu zuen oraingoan iragan klasikoaren aurkezpenak.

Gauza argia da antzinako testuen ezagutzak oso bide luzea egin zuela XV. eta XVI. mendeetan. Eskuizkribuak aurkitu eta moldatu ziren, testuen azterketa kritikoa egin zen, hausnarketak eta iraizkinak zabaldu ziren. Inprimeriak, berriz ere, behar zuten garrantzia eman zien obra horiei guztiei . Baina, hau guztia dela-eta, grekoak izan zuen lehentasuna azpimarratu behar da.

Konstantinoplako jakintsuen etorrerak, Italiara edo beste lekuetara, ez du dena esplikatzen ; ezta helenisten propagandak ere.

Latina ez zen baztertu, eta grekoa ez zen izan landu zen hizkuntza bakarra : hebrear hizkuntzaren ikasketa ere orduan zabaldu zen, eta, hortaz, hizkuntzari zegokionez, oinarri hirukoitza hartu zuen kulturak : hebreera, latina, grekoa. Nolanahi ere, adierazgarria da grekoari eman zitzaion autoritatea . Debekatu ez bazuen ere, Elizak ez zuen oso hegi onez ikusten garrantzi hori.

Izan ere. helenistak ez zeuden susmo txarretatik guztiz libre ; eta pertsona bat susmagarria zenean, kontrako argudioa izango zuen beti helenista izatea.

 

Imitazioak eta erreibindikazioak

Literatura generoen errepertorioan, nabarmena da nolako leialtasunaz gorde zituen Berpizkundeak Erdi Aroko generoak, batez ere antzerkiaren eta eleberriaren alorrean . Italian, Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, misterioak eta doktrina antzertiak antzezten ziren, beti bezala. Berritu egin ziren ordea. Dotrina antzertiak, bere horretan iraun ez ezik, garai honetako genero adierazgarrienetako bat ere bihurtu ziren, erlijio eztabaidaren zerbitzura ipiniz alegoria ; eta behin baino gehiagotan agertuko zuen egia esetsiaren eztabaida. Antzera jarraitzen zuen, bestalde, zalduneriako liburuen arrakastak. Sortu zenetik bertatik, eliz liburuak adina ia, abenturazko kontakizunak zabaldu zituen inprimeriak, aurreko obren egokitzapenak batez ere. Amadisak, Espainian idatziak, Europa osoan egin ziren ospetsuak. Eleberri hauek ez zuten ospea galduko XVII. mendearen hasiera arte, hots, haien moraltasun falta eta gezurra salatu ziren arte ; baina Berpizkundean sekulako arrakasta izan zuten. Lirikari dagokionez, gorteko poesia lantzen jarraitu zuten Portugalen, Espainian Erdi Aroko erromantzeak argitaratzen ziren, eta, herri baladekin batera, Petrarcaren preziosismoak segitzen zuen nagusi Italian.

Erresistentzia gogorra zegoen modu zallarrak desagertaraztearen kontra. Baina aldi berean oso bizia zen antzinakoak imitatzeko zaletasuna. Miresmenetik imitaziora, berez egiten da bidea. Lehenengo ondorioa : latin hizkuntzaren erabilera zabala.

Latina zen humanistaren hizkuntza, hizkuntza unibertsal baten erosotasuna eskaintzen baitzuen. Moda izan zen. Latinez ari zenean, humanistak izena bera ere aldatzen zuen : Visagier frantsesak bere liburuak ez zituen Vulteius izenaz baino sinatzen. Latinez egiten zen ia osorik literatura serioa ; herri hizkuntza birsorkuntzako liburuetan bakarrik erabiltzen zen. Rabelaisek latinez idazten zituen jakintzazko testuak, baina frantsesez idatzi zuen Pantagruel.

Arriskutsua zen hori ordea. Latinak eta grekoak latinez imitatzeak, hasteko, leialtasunaren aitzakian, esklabotasunera iristeko arriskua zekarren. Literatura neo-latindarrean, berezko interesa gorabehera, aipamen zehatzegiek testua puzten dute : Virgilioren irudiek edo egiturek, adibidez, formula erosoegiak eta errepikatuegiak ekarri zituzten. Hizkuntzan bertan, purismo latindarrak, arte zehatzaren itxuraren azpitik, zurruntasuna ekarri zuen.

Bigarren arriskua : latinaren erabilerak nazio hizkuntzen aurreramendua oztopatzen zuen. Alabaina, norbere hizkuntzaren eskubideak aldarrikatu ziren. Egoera politikoalagungarria izan zen : Espainia bateratu ondoren gailendu zitzaien gaztelania gainerako erromantzeei. Inprimeriak testuak -eta hizkuntzak- finkatzen zituen. Berpizkundea, eta hau da garrantzitsuena, Mendebaldeko kultura hizkuntza handiak finkatu ziren garaia da : italieraren atzetik, ez bakarrik frantsesa, baita gaztelania eta portugesa, ingelesa eta alemana ere. Latinaren nagusitasunaren kontra, nazio hizkuntzaren "defentsa eta ilustrazioaren" alde altxatzen dira ahotsak herrialde guztietan. Herriarengana iritsi beharrez, oso eginkizun garrantzitsua bete zuen honetan Erreformak, erabakigarria zenbaitetan. Herri hizkuntza erabili zuen Luterok bere polemiketan.

Kalbinok, latinezko testuaren ondoan, frantsesezkoa eman zuen ; Danimarkan eta Suedian, nazio literaturak Erreformarekin jaio zirela esan daiteke.

Latin hizkuntza bigarren mailan jartzeak ez du esan nahi uko egin zitzaionik antzinako literatura formak latinez imitatzeari.

Hemen ere, herrialdeen arabera, desberdinak izan ziren moduak. Antzinako moduko trajedia eta komedia agertu zirenean, klasizismo mota bat sortu zen, batez ere Italian eta Frantzian. Berpizkundean nagusi izan ziren poesia generoen artean, bakarra izan zen greko-latindarragandik hartu gabea : sonetoa, Italian sortua. Baina, nazio tradizioen eta antzinaroaren eraginaren arteko gatazkan, zabalik egon zen beti eztabaida, eta herriek zeinek bere modura bideratu zuten.

 

Gizona munduan

Ez itsas bidaia handiek, ez Kopernikoren aurkikuntzek, ez zituzten irauli gizonak espazioan betetzen duen lekuari buruzko ideia zaharrak. Humanistak aski zuen, oro har, Ptolomeoren geografia, Lurra munduaren ardatz egiten duen sistema kosmologikoa . Hala ere, gauza asko jarri zen auzitan . Ikuspuntu honetatik, trantsizio garaia da Berpizkundea.

Gizonak unibertsoan duen lekua delaeta, gatazkak sumatzen dira misterioaren zentzuaren eta arrazoiaren artean, datuen edota autoritatearen errespetuan. Hala gertatu zen giza gorputzaren ezagutzan : guztiz berriztatu ez bazen ere, aurreramendu handiak egin ziren alor honetan. Disekzioa izan zen berrikuntza handienetako bat ; askoren eskandalurako, Galenoren iritzi batzuk baliogabetu zituen Vesale flandriar anatomistak bere De humani corporis fahrica obran (1543).

Bazen beste arazo bat, gizonak animalien sailean duen lekuari buruzkoa hain zuzen, eta arazo honek hausnarketa nahasiak eta biziak eragin zituen. Bi puntu aipa daitezke : alde batetik, animalien eta gizonaren arteko kidetasuna : garai hartako eztabaidagaia da "animalia arrazoidunei" buruzkoa ; bestalde, Pico della Mirandolaren hitzaldi baten titulua da "gizonaren duintasun nagusia". Bat egin zuten jakinmin zientifikoak eta asmo moralak, eta bi joera horiek antzematen dira Berpizkundeko izadiaren interpretazioan, inguratzen gaituen paisaiarenean.

Izadiaren interpretazio literarioari dagokionez ere, bikoitza da joera : edertasunaren bilaketa, ardura morala. Animalia baten aurkezpenak sarritan du aldamenean glosa sinboliko bat, haren usadioetatik jokamolde ikaspen bat ateratzen duena, edo, bestela, egia kristauari buruzko iruzkinak : hala gertatzen da adibidez Emblemata liburuetan (irudia eta testua bateratzen ziren haietan), eta sekulako ospea izan zuen genero horrek. Horrek ez du esan nahi humanistek izadiaren berezko edertasuna eta paisaien emozioa mespretxatzen zutenik ; ez mendi garaietako paisaiak, ez itsas handikoak, ez zitzaizkion askorik axola literatura honi (salbuespen bikainak badiren arren) ; normalean bukolikoa izaten zen gertalekua.

Horren agergarria da artzain giroko literaturak izan zuen arrakasta izugarria : hasi Mantouan-en Bukolikoak obratik (1498), eta Guarini-ren Il pastorfido-ra(1590). Antzerkia, eleberria, poema : genero guztiak ziren pastoralarentzat egokiak. Sannazaro-ren Arkadia Virgiliozaleak (1501), Montemayor-en Diana Petrarcazaleak (1550), eta, azkenik, Tassoren Amintak (1573) zedarritzen dute mendea. Eta, jakina, jaungoikoa baita artzaina, eta maitasun garbia zabaltzeko lekua baita zelaietako bakea, artzainen literatura hau guztiz egokia zen jai kristauetarako: hortik sortzen dira Eguberrietako eglogak, bai Espainian bai Espainiatik kanpora.

Pastoralaren moda izan zen Berpizkundeko Europan zalduneriako liburuen zaletasunak izan zuen lehiakide serio bakarra.

 

Gizona eta gizonak

Berpizkundeko liburuak egiara heltzeko asmoa du beti : arte hutsik ez dago garai honetan. Egia berez maite denean ere, ez da inoiz ahanzten bere inguruan eta bere garaian txertatzeko ardura. Inguruaren aipamenak, nola edo hala, beti ageri dira obra hauetan. Thomas Morek bere diskurtsuari utopia baten tankera eman zionean ere, ez zituen gizonak ideia baten mesedetan ahantzi, aitzitik, gizonak eta ideiak elkarrekin lotzen saiatu zen.

Gizonak gizonentzat lan egiten du. Ez da erraza Platon eta Ebanjelioa bateratzea ; haina erreformatzaileak herriarentzat idazten zuen, humanistak gustura hartu zuen emakumeak eta neskatxak, baita zerbitzariak eta gelazainak ere, hezteko ardura.

Idazlea ez zen egile bakartia, besteen gidaria zen.

Bidaiarien esperientziak argigarriak gertatu zitzaizkion jakintsuari gizonen arteko harremanak eta elkarrekiko betebeharrak aztertzeko. Urruneko gizonei eta ohitura guztiz desberdinei buruzko kontakizunak izan ziren kultura erlatibotasunaren lehen irakaspena. Inperioen konkistatzaileen jarrerak arazo orokorrago bat ekarri zuen : gizon batek bestelako gizonekiko izan dezakeen portaera. Eta zapalkuntzaren sena izan bazen ere gehienetan garaile, asko izan zirenkonkistatzaileen gogorkeriaren kontrako protestak. Era guztietako errealitatearen gaineko kontzientzia ahalik eta argiena bultzatuz, kontzientziaren apologia egin zuen Berpizkundeak.

 

Gizona Jainkoaren aurrean

XVI. mendeko erlijioari begiratu arin bat eginez, hasteko, iraultzaile batzuk, Torquemada batzuk gogoratzen dira. Izan zen halakorik, baina garrantzitsuagoa da gainerakoa . Jende gehienarentzat, eztabaida areago izango zen erlijioari buruzkoa fedeari buruzkoa baino, diziplinari buruzkoa dogma nagusiari buruzkoa baino. Eliz hierarkiaren ideia ukatu gabe, barkamenen salerosketa kondenatu zen, eta elizgizonen portaera desegokia ; bihotzaren atxikipen sakonagoa, pertsonalagoa eskatzen zen, eta aldi berean Eskrituraren azterketa zehatzagoa.

Jainko agintariaren errespetua ez zen ia inoiz auzitan jarri. Izan ere, giza mendekotasunari buruzkoak izan ziren meditazio nagusiak . Bi izan ziren horren ondorio garrantzitsuenak : mutur batean, Erreformarena, predestinazioaren doktrina zorrotzenari lotu zitzaionekoa. Ez zen hori izan ordea humanisten irtenbidea : hautamen librearen alde egin zuen Erasmok bere polemiketan. Humanistek, praktika zuzendu ondoren, jainkoaren horondatearen mendekotasuna onartzearen alde egin zuten.

Humanista guztiak ez ziren mistikoak izan, Santa Teresa eta San Joan Gurutzekoa bezala, baina maitasunean ikusten zuten Jainkoarenganako biderik egokiena.

Maitasunaren dotrina platonikoa, Florentzian sortua, Europa osora zabaldu zen, eta Jainkoarenganako maitasuna laster bihurtu zen haren haurrenganakoa. Hortik dator Berpizkundearen sinkretismoa : Maisu nagusiarenganako maitasun eta errespetu mugarik gabea, eta gizakien artean lan egin beharra. Gizonaren espiritua eta gorputza, jakiteko irrika eta edertasunaren desira, biak behar baitziren landu.

 

Gizona eta jakintza

Liburua eskura baitzegoen, dena nahi zen ikasi. Jakintzaren alor guztiak menderatzen zituen jakintsu bat, Leonardo da Vinci, izan zen humanismoaren ikurrik beteena . Entziklopedikoa zen kultura, eta nazioartekoa . Laster, estiloaren dotoretasunaren kezka zabaldu zen : artea eta filologia, morala eta jakintza bateratu ziren, humanista aldi berean aritzen baitzen alor guztietan.

Geroago etorriko zen jakintsuen eta letra gizonen arteko haustura.

Obraren edertasuna haren sakontasuna bezain garrantzitsua bihurtu zen. Eta hortxe agertu zen letra gizonaren harrotasuna.

Erdi Aroko obra anonimoa izaten zen maiz ; orain herriz liburua sinatu egiten da, eta argitaratu. Idazle izatea ez da oraindik ogibidea ; bigarren ogibidea izaten zen sarritan.

Berpizkundekoa da, halaber, generoen sailkapenari buruzko aurreneko kezka, antzinakoen arte berriztatua, klasizismoa ekarriko duen hura, arautu beharra.

Humanisten liburuek, jakintsuek pentsatuak eta idatziak izan arren, ez zuten bizitzarekiko harremana galdu, ezta herriarekikoa ere : jakintsuen maximak argitaratzen ziren bezala, herri askotan kaleratzen ziren esaera zaharren bildumak ere. Era berean, ez zen galdu beste arteekiko harremana : poesiaren eta musikaren arteko lotura gai garrantzitsua izan zen Berpizkundean. Eguneroko errealitatearekiko harremanak ere bizirik iraun zuen : mistiko eta eruditoen aldi honek fundatu zuen 1554. urtean, Tormesko itsumutila-rekin, eleberria.

Pedagogiaren ardura zegoen humanistaren bokazioaren oinarrian. Gozatu eta irakatsi, hori zen Erasmoren asmoa, bere Elkarrizketak obran adibidez. Kezka horrexetatik dator elkarrizketaren generoak Berpizkundean izan zuen arrakasta. Giza eredua ez zen jada, Erdi Aroan bezala, apaiza eta zalduna : loriazko eta zintzotasunezko eredua nagusitzen da oraingoan. Arimaren indarrak, ausardiak, dakar loria hori. Itsas bidaldi handietako protagonistak, erlijio gerretakoak dira heroiak. Heroismoak eta zintzotasunak adierazten baitute, azken finean, Berpizkundearen espiritua.