Literatura Unibertsala»Literatura aroak
Greziako literatura klasikoa: antzerkia
Trajedia Eskilorengandik Euripidesenganaino
Aristotelesen iritziz, Atenasen egin ziren,
zenbait hamarralditan zehar -Tespisetik hasi
eta Friniko eta Eskilo arte-, trajediaren
lehenengo urratsak. Trajediaren bilakaera,
V. mendearen azken hiru laurdenetan, hiru
pertsonaia kementsuk gidatu zuten :
Eskilo, Sofokles eta Euripides. Hiru pertsonaia
horiek honela lotzen dira denboran
: 840. urte inguruan, Salaminako guduaren
biharamunean, zeinean Eskilo bera
egona baitzen borrokan, Sofoklesek, artean
nerabe aroan, guda osteko festako abestaldea
zuzendu zuen ; eta une horretan bertan,
Euripides jaio zen Salaminan.
Gaur egungo antzerkia Erdi Aroko zenbait
errito kristauetatik datorren bezalaxe, antzinako
antzerkiak greziarren zenbait adierazpen
erlijiosoetan du jatorria. Ikertzaileen
arabera, ditiranbotik -alegia, Dionisosen
edo Bakoren omenezko ereserkietatik-,
sortu zen trajedia. Jainko horren ohorezko
jaietan satiroz mozorrotutako nekazari talde
batek kantatzen zuen, eta zuzendariak
edo korifeoak horien kantuak eteten zituen
bere deiadarrekin eta komentarioekin. Dionisosen
abenturak, haren ibilerak munduan
zehar, zoritxarrak eta aldi berean haren
pozak azaltzea zen ereserki horien helburua
. Ereserki horietan nabarmenak ziren
mugimendua eta bizitasuna.
K.a. VII. mendean, Mitileneko Arionek ditiranbo
tradizionalari estilo jantzia eta pertsonala
eman zion Korinton. Baina horrek ez
zuen lirika koralaren izaera galdu, nahiz eta
ekintza dramatikorik gabea izan. Handik
mende batera, Tespisek berrikuntza bat
erantsi zion ditiranboari: beste aktore bat gehitu
zuen korifeoarekin aritzen zena, koroaren
aurrean. Horrela sortu zen drama. Bidea
zabalik zegoen, eta urrats horretatik Eskiloren
trajediara maila bat besterik ez zegoen.
534. urtean Pisistrato tiranoak Atenasko
Dionisoren omenezko jaietan antzezpen
dramatikoak egitea agindu zuen. Hiru trajediek eta pieza satiriko batek osatu behar
zituzten antzezpen horiek. Ikusleak harmaila
zirkulu-erdietan esertzen ziren (theatron),
Dionisoren tenpluaren parean ; orkhestra
izeneko zirkulu batean koroa jartzen zen,
eta atzean oihalezko denda moduko bat
egoten zen (eskene), eta handik sartzen eta
irteten zen aktorea. Aktoreak pertsonaia bat
baino gehiago antzezten zituenez gero, behin
baino gehiagotan aldatu behar izaten
zituen jantziak eta mozorroa. Abestaldea,
hasieran, hamabi aktorek osatzen zuten,
gero, berriz, hamabostek. Aktore haiek hiritar
aberats batek ordaintzen zituen.
Trajedia greziarren sormenezko lan berezi
eta trinkoenetako bat izan zen. Gaur
egun, balio literario handia ezagutzen zaio
Homeroren epopeiari, baina lan horietan
sortzen ziren arazoak urruti gelditu zaizkigu,
eta guretzat zaila da heroi haiek bizi
zituzten gorabeherak igartzea. Trajediak,
aldiz, gizakien grinetatik abiatzen diren
gatazkak azaltzen ditu, alegia, mendeetan
iraun duten eta gaur egun ere sor daitezkeen
gatazkak. Literaturaren historian
zehar, eta baita gaur egun ere, Greziako
trajediako gai nagusien bertsio berriak landu
dira, oinarrizko tramari eta gatazka
moralari leial. Aldiz, inori ez zaio bururatzen
Iliada-ren antzeko obrarik idaztea.
Greziako trajedia egileek irtenbiderik ez
zuten arazo moral edo jokabidezkoak
aurkezten zituzten. Gizakiaren eta arazo
konponezinaren arteko gatazka hori da,
hain zuzen, trajedia greziarraren oinarria,
eta Eskiloren eta Sofoklesen lanetan iristen
du goreneko maila. Euripidesek, aldiz,
ez du soluziorik gabeko arazo batean aurrera
egin nahi, eta jainko batengana jotzen
du arazoa konpon dezan ; hala, trajediaren
oinarria desagertu egiten da.
Eskiloren Pertsiarrak lana alde batera
utzita -garai hartako historiaren gai bat lantzen
baitu-, trajediak mitoetatik eta elezaharretatik hartzen ditu gaiak, oro har. Egile
trajikoak ez ziren ahalegintzen elezahar
osoa atal bakar batean, ezta trilogia batean
ere, azaltzen ; egileak elezaharraren pasarte
batean edo bat baino gehiagotan oinarritzen
zuen bere lana, eta tradizioak ematen
zizkion datuei buruz leiala izaten zen. Atenasko
ikusleak oso ondo ezagutzen zituenez
elezaharraren istorioa eta gorabeherak,
berehala ezagutzen eta kokatzen zuen begien
aurrean azaltzen zioten istorioa.
Eskilo
Eskilo K.a. 525. urtean jaio zen Eleusisen
(Atenas-tik hurbil). Laurogei lanetik gora
idatzi omen zituen, baina zazpi besterik ez
dira gaur egun arte iritsi. Maratoneko (490)
eta Salaminako (480) guduetan borrokatu
zen. Gazte-gaztetatik poeta trajikoen lehiaketetan
parte hartu zuen, eta 484an
eskuratu zuen lehenengo garaipena. Handik
aurrera beste hamabitan irten zen garaile
. Ospetsu zelarik, Hieron tiranoak
Sirakusako gortera deitu zuen, eta han
Pindarorekin egin zuen topo. Etnako hiriaren
sorreran ere biak batera aritu ziren :
Eskilok galdua den trajedia bat aurkeztu
zuen hartara eta Pindarok, berriz, lehenengo
Pitika. Eskilok lehiaketak eta ospea
irabazten jarraitu zuen, baina 468. urtean,
hasi berria zen Sofokles gazteak hartu zion
aurrea. Hala ere, urte hartaz geroztik Eskilok
trajedia berdingabeak osatu zituen,
besteak beste Orestia. 455. urtean hil zen
Sizilian, eta haren hilobia erromes gune
bihurtu zen garai hartako poetentzat.
Gaur egun arte iritsi den Eskiloren lan
antzinakoena Pertsiarrak trajedia da. Lan horretan
ez dago osagai mitologikorik eta ez
du loturarik elezaharrarekin, baina Atenasko
biztanleei aintzaz betetako gertaera bat,Eskilok berak ere parte hartu zuena, erakusten
die : Salaminako gudua (480. urtea).
Gainerako antzerki lanetan, Eskilok elezaharretatik
hartzen zituen gaiak eta elkarrekin
bikain lotutako hiru lanetan antolatzen zuen
gaia ; horien ondoren drama satiriko bat
idatzi ohi zuen. Mitoaren bidez, gai erlijiosoak,
moralak eta baita juridikoak ere lantzen
zituen Eskilok ; bestalde, ikusleek oso
ondo ezagutzen zituzten gertaerak, poeta
epikoek landua baitzuten behin baino gehiagotan
gai hori. Trilogia ezinbestekoa
zuen Eskilok, beretzat ez baitzen baliabide
tekniko bat bakarrik ; ekintza leinu baten
bizitzan zehar luzatzen da, eta horretarako
ezin hobeto datorkio obra hiru lanetan banatzea
. Aipatutako trilogiaz gainera, Eskilok
idatzi zituen, besteak beste, Zazpiak
Tebasen kontra eta Prometeo kateaturik.
Poema epikoetako eta elezaharretako
heroiak garrantzi handia dute Eskilorengan,
eta zentzu berri bat ematen die, izan ere,
Eskilok kontzientzia arazo bat edo zuzenbidezkoa
bihurtzen baitu fabula. Eskiloren
pertsonaiak gizakiak baino maila goragokoak
dira, baina gizakiaren irizpideen arabera
osatuak beti. Arte dramatikoan ohikoa
zen elkarrizketaren teknika hobetu egin zuen
Eskilok : bi pertsonaia gehiago jarri zituen
abestaldearen aurrean, eta ondoren,
Sofoklesek behartutako hirugarren pertsonaia
ere onartu zuen. Eskiloren trajediak,
bestalde, argumentu soila dute, haietan garrantzitsuena
ez baita gaia, ikasbide morala
baizik, eta gauza guztien gainetik, beharbada,
poesia.
Sofokles
Sofokles arrakasta handiko trajikoa izan
zen, eta bata bestearen atzetik izan zituen
arrakastak. Plutarko idazleak dioenez, Sofoklesek
hogeita zortzi urte zituela (K.a. 468)
trajikoen leihaketara aurkeztu zuen bere lehenengo
lana ; ikusleen artean eztabaida gogorra
izan ondoren, Eskilori irabazi omen
zion azkenean. Garaipen horren ondoren,
eta garai hartako idazle trajiko ospetsuena
gainditu ondoren, trajediak idatzi eta idatzi
aritu zen, eta sariak irabazi eta irabazi : hogei
aldiz izan zen garaile Atenasen, oso
gutxitan izan zen bigarren eta inoiz ez hirugarren
. Azkeneko lana, Edipo Kolonon,
laurogeita hamar urte zituela idatzi zuen.
Literatura karrera ospetsua izateaz gainera,
oso bizitza distiratsua izan zuen Sofoklesek
: goi mailako kargu publikoak izan
zituen eta estratega lanak ere egin zituen.
Ehun eta hogeita hamar trajedia inguru idatzi
zituen, eta gaur egun arte zazpi besterik
ez dira gorde ; horiez gainera, drama satiriko
bat eta hainbat lanen atalak gorde dira.
Sofoklesek Eskilok oinarri hartzen zituen
mito eta elezahar berdinak hartzen bazituenere, Sofoklesen trajedien bilbea trinkoagoa
eta aberatsagoa da. Hala, Sofoklesek
baztertu egin zuen trilogia, izan ere, nahiz
eta lehiaketetara hiru trajedia eta drama satiriko
bat aurkeztu behar izaten zen, erabateko
autonomia ematen zien obra horiei.
Sofokles saiatzen zen pertsonaiak pertsona
bezala eta ez jainko bezala aurkezten agertokian
. Bestalde, Sofoklesen estiloa Eskilorena
baino soilagoa eta argiagoa da,
baina beti mintzarazten die bere pertsonaiei
dotoretasunez, seriotasunez eta neurriz.
Sofoklesen lehenengo lana Ayante izan zen,
eta lan horretan nabarmena da, oraindik,
Eskiloren eragina. Beste lan aipagarriak dira :
Antigona, Trakiniarrak, Edipo errege, Elektra,
Edipo Kolonon.
Euripides
Euripides Salamina uhartean jaio zen
K.a. 484-480 urteen bitartean. Euripides ez
zen, Sofokles bezala, estatu kontuetan aritu,
eta bete-betean jardun zuen idazten.
Bere lehenengo lana, Peliadeak hain zuzen
ere, 455. urtean aurkeztu zuen antzerki leihaketa
batera. Euripidesen hirurogeita bost
lanen izenburuak eta atalak ezagutzen dira,
baina ez da gauza segurua horiek guztiak
berak idatzi zituenik, eta hemezortzi besterik
ez dira inolako zalantzarik gabe Euripidesek
idatziak. Euripides Eskilo hil eta
gutxira hasi zen idazten, Sofokles azken lanak
idazten ari zen garaian. Aristotelesek
honela dio : Sofoklesek gizakiak izan beharko
luketen bezala aurkezten zituela esaten
zuen, eta Euripidesek, berriz, diren bezala»
. Eskilok, Sofoklesek eta Euripidesek
gizon eta emakume berberak deskribatu
zituzten -Agamenon, Klitemnestra, Orestes,Ifigenia, Antigona-, eta egoera berdinen
aurrean jarri zituzten pertsonaia horiek, elezahar
eta mitoak errespetatu behar baitzituzten
. Eskilorengan gizaki horiek guztiak
mitikoak ziren eta errealitatetik urrun zeuden
. Sofloklesek, aldiz, gertaerak hurbildu
egiten zituen, eta haren obretako gertaerak
edozein gizakik egiteko moduko ekintzak
izan zitezkeen. Euripidesen antzerkian, berriz,
pertsonaiak gure oso antzekoak ikusten
dira, eta iraganetik ateratako pertsonaiak
baino gehiago garai hartan Atenasen bizi
ziren gizon-emakumeak erakusten ditu.
Euripidesek leial jarraitzen die elezaharrei,
baina bere lagunek baino era iraultzaile
eta pertsonalagoan lantzen ditu. Euripidesen
lanetan jainkoek eta heroiek gizakien
akats eta bertute berdinak dituzte, eta, aurkezpenaren
gehiegikeriaz, karikaturaren
mailara iristen dira zenbaitetan. Bestalde, haria
ez da jadanik soila eta zuzena, mugimendu
oldartsuz eta suspentsez betea baizik.
Zenbaitetan, irteerarik gabeko egoeretara
iristen da Euripides, eta orduan Olinpotik
jaisten den jainko batengana jotzen du, eta
hark konpontzen du korapiloa. Irtenbide
hori oso gustukoa izaten zuten atenastarrek.
Euripidesek trajediaren multzoan sartu zituen
pertsonaiek eta osagaiek komediara
hurbiltzen dute jenero hori.
Oso estilo zorrotza da Euripidesena ; esakuneak
bata bestearen atzetik pilatzen ditu
zenbait pertsonaiaren ahotan, eta irudiak eta
metaforak puztu egiten ditu, baita hain estilo
erretorikoa behar ez den uneetan ere.
Sofisten mundua, indar handikoa garai hartan
Atenasen, antzerkira hurbildu zuen eta
gai erlijioso edo teologikoek eguneroko filosofiari
uzten diote lekua. Trajedia ugari idatzi
zituen Euripidesek, besteak beste, Alzestis,
Medea (Euripidesen maisulana), Hipolito,
Hekuba, Troiarrak, Elektra, Orestes.